156. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

LEHENDAKARITZA DEPARTAMENTUA. Jakinarazpen ediktua.

Ezinezkoa izan da Nafarroako Gobernuak 2001eko abuztuaren 27an hartutako erabakiaren jakinarazpena egitea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko abenduaren 26ko 30/1992 Legearen 59.1 eta 2. eta 135. artikuluek agintzen duten bezala. Beraz, agiri honen bidez beteko da Administrazio Prozedurari buruzko lege indardunaren 59.4 artikuluan xedatua:

"ERABAKIA, Nafarroako Gobernuarena, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak maiatzaren 22ko 108/2001 Foru Aginduaz ezarritako zehapenaren aurka Blue Jack Bar, S.L. sozietateak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

Blue Jack Bar, S.L.k gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu du sozietate horri, "Medianoche" izeneko establezimenduko titularra baita, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak maiatzaren 22ko 108/2001 Foru Aginduaz ezarritako 3.000.000 (hiru milioi) pezetako isun- zehapenaren aurka; isun hori ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko arauen aurkako bost arau-hausterengatik ezarri zitzaion.

Egitatezko aurrekariak:

1. Iruñeko Udalak, Hiritarren Babeserako zinegotzi delegatuaren 2000ko urriaren 27ko eta 2000ko azaroaren 2ko erabakien bitartez, udaltzaingoaren 2000ko urriaren 21, 22 eta 28ko salaketak igorri zituen, hain zuzen ere Blue Jack Bar, S.L. titularra den "Medianoche" izeneko ostalaritza establezimenduaren aurkako salaketak, lokalaren aforo gisa ezarritako pertsonen kopurua gainditzeagatik.

Aipatu salaketetan ondoko egitateen berri ematen zen:

2000ko urriaren 21ean, 04:10ak inguruan, "Medianoche" izeneko establezimenduan, musika zegoen, jan-edatekoak zerbitzatzen ari ziren eta jendeari sartzeko aukera ematen zitzaion. Une hartan 190 pertsona inguru zeuden lokalaren barruan; lokalaren aforoa, berriz, 99 pertsonakoa da.

2000ko urriaren 22an, 04:45ean, aipatu establezimenduan, musika zegoen, jan-edatekoak zerbitzatzen ari ziren eta jendeari sartzeko aukera ematen zitzaion. Une hartan 200 pertsona inguru zeuden lokalaren barruan, betiere lokalaren aforoa erruz gaindituz.

2000ko urriaren 28an, 04:35ak inguruan, aipatu establezimendua irekita zegoen, musika jotzen ari zen, jan-edatekoak zerbitzatzen ari ziren eta jendeari sartzeko aukera ematen zitzaion. Une hartan 141 pertsona zeuden lokalaren barruan.

2. Espedientea aplikatzekoak diren arauetan ezarritakoaren arabera tramitaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren maiatzaren 22ko 108/2001 Foru Agindua eman zen. Haren indarrez, zehapen bat, hain zuzen ere 3.000.000 (hiru milioi) pezetako isuna, ezarri zitzaion Blue Jack Bar, S.L. sozietateari, "Medianoche" izeneko establezimenduaren titularra baita, ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko arauen aurkako hiru arau-hausterengatik; hain zuzen ere, ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeko 22.7 artikuluan ezarritakoen arau-hausteak dira.

3. Blue Jack Bar, S.L.k gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren maiatzaren 22ko 108/2001 Foru Aginduaren aurka, ondoko arrazoiengatik:

-Ez da behar bezala kreditatu salaketetan adierazitako egunetan ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legeko 22.7 artikuluak hautsi zenik.

-Zalantzan jarritako egitate horiek egiazkoak izanda ere, ondorioa da ez dela bidezkoa inongo zehapenik ezartzea oso larritzat jotako arau-hauste horiengatik, ez baita demostratu lokalean zeuden pertsonen kopuruak lokalaren segurtasun baldintzak gutxitzen zituenik.

-Establezimenduaren jendea kanporatzeko ateei buruz Foruzaingoari eskatutako txostenari dagokionez, esan beharra dago froga hori adostu izanaren berri eduki gabe egin zela, eta horrek indefentsioa dakarkiola interesdunari.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Errekurtso hau ebazteko eskumena duen organoa Nafarroako Gobernua da, hala ezartzen baitute Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 23.1.b) artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernua arautzen duen Foru Legearen 52.2. artikuluak eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluak.

2. Aurkapenaren arrazoi nagusia da egotzitako egitateei buruzko frogarik ez izatea da. Horri dagokionez, espedientean jasotako frogak daudela adierazi behar da, hain zuzen ere Iruñeko Udaltzaingoaren salaketak, haien berrespenak, Nafarroako Gobernuaren Babes Zibileko Zerbitzuaren txosten teknikoa, jende gehiegi egoteak lokalaren segurtasun baldintzak gutxitzeko izan zuen eraginari buruzkoa, Foruzaingoaren Joko eta Ikuskizunen Atalaren txostena, establezimenduak daukan tamainari eta husteko ateei buruzkoa.

Kargu-frogarik egoteari dagokionez, hori planteatu baita espedientearen tramitazioan, eta prozedurazko bidean ebatzi da, bidezkoa da errekurtsoaren bidean errekurtsoaren bidean erabilitako argudioak. Izan ere, agintaritzaren agenteak aipaturiko establezimendura joan ziren eta salaketetan jasotako egitateak egiazko pertzepzio baten fruitu dira, hain zuzen ere pertzepzio zuzen eta objektibo bat; horrenbestez, ezin da esan uste subjektibo bat izan zenik, haien karguko funtzio publikoetan aritzearen emaitza baita.

Horri dagokionez, aipatzekoa da Auzitegi Gorenaren Jurisprudentziak agintaritzaren agenteei eta haien menpeko langile administratiboei egiazkotasun printzipioa eta froga indarra ematen dizkiela, agente horiek zuzenean antzemandako errealitate bati dagozkiolako, betiere aurkako frogarik aurkezten ez bada. Horri buruz, 1979ko martxoaren 5eko Auzitegi Gorenaren epaiak, irizpide horri buruz hitz egiterakoan, ondokoa esan zuen: "Salaketa zerbitzuaren ardura berariaz duen agintaritzaren agente batek egiten badu, organo administratiboen jardutearekin -eta are beren agenteen jardutearekin ere- batera doazen legezkotasun eta egiazkotasun ustea bide administratiboan eta administrazioarekiko auzien bidean bete eta defendatu beharreko printzipio bat da, ekintza administratibo eraginkor baten bermea baita".

Aurrekoa finkaturik eta ikusita 2000ko urriaren 21, 22 eta 28an aurkezturiko salaketek Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 137.3 artikuluan eta abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako baldintza intrintseko eta kanpotiko guztiak betetzen dituztela, bidezkoa da haiei froga-balioa ematea, eta urraturik geratzen da errekurtsogileak alegaturiko ustezko errugabetasuna.

Aztergai dugun kasuan, berebiziko garrantzia hartzen dute hartan eragiten duten alderdi teknikoek; arau-hausteen kalifikazioan determinantea da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Babes Zibileko Zerbitzuak emaniko txostena; haren hitzetan argi eta garbi dago taberna moduan diharduten establezimenduetan zein eragin duen jende pila handiak egoteak; oinarrizko irizpide gisa hartzen da lokalean ehun pertsona baino gehiago egon eta lokalak kanpora ateratzeko ate bakarra edukitzea. Aztergai dugun kasuan, horiek kreditaturik geratu dira udaltzaingoaren salaketen bitartez eta Foruzaingoko Joko eta Ikuskizunen Atalak eginiko ikuskapen-txostenaren bitartez.

Blue Jack Bar, S.L.ri sortu omen zaion indefentsioari dagokionez, Foruzaingoaren Joko eta Ikuskizunen Atalak establezimendua husteko ateei buruz eginiko txostena eskatzeagatik, esan behar da Administrazio publikoen zehapen-ahalmenaren gauzatzeari buruzko erregelamendua onetsi zuen abuztuaren 4ko 1398/1993 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, instrukzioko fasean Administrazioaren arioz egitateak aztertzeko behar diren jarduketa guztiak egin behar dira, egoki diren datu eta informazioak biltzeko. Horrenbestez, ezin da esan eskari horrek inongo indefentsiorik ekarri zionik espedientatuari; aldiz, txostena eskatuta -haren emaitza ebazpen proposamenean azaldu zen-, objektiboki egiaztatu zen lokalaren egoera, eta gogorarazi behar da establezimendu publikoa izaki behar diren ikuskapen guztiak egin daitezkeela bertan.

Azken batez, bidezkoa da aurkaturiko foru aginduak jasotako guztiak berrestea, egindako arau-hausteak, espedientatuari egotz dakizkiokeenak, zuzenbidearen araberakoak direla frogatu baita.

Legezko manuak eta aplikatzekoak diren gainerakoak ikusirik, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Ezestea Blue Jack Bar, S.L.ek Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emaniko maiatzaren 22ko 108/2001 Foru Aginduaren aurka aurkezturiko gora jotzeko errekurtsoa; foru agindu haren bidez, zehapen bat, hain zuzen ere 3.000.000 (hiru milioi) pezetako isuna, ezarri zitzaion "Medianoche" izeneko establezimenduaren titularrari ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko arauen aurkako hiru arau-hausterengatik, aurretik azaldutakoak direla eta.

2. Erabaki hau Blue Jack Bar, S.L.ri jakinaraztea, eta azken horri aditzera ematea Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal duela, hain zuzen ere erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Iruñean, bi mila eta bateko abuztuaren hogeita zazpian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin".

Iragarkiaren kodea: A0111909