156. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 26a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

D O R R E

Lizentziak emateko eta hirigintzako beste jarduketetarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskala Behin betiko onespena

Dorre-Elortzibarko Kontzejuak, 2001eko abuztuaren 23an egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen Lizentziak emateko eta hirigintzako beste jarduketetarako tasak arautzen dituen ordenantza fiskala, jendaurreko aldian ez baitzen haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Dorren, bi mila eta bateko irailaren hogeita lauan. Alkatea, sinadura ulertezina.

LIZENTZIAK EMATEKO ETA HIRIGINTZAKO BESTE JARDUKETETARAKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

Zergagaia

2. art. Zergagaia hirigintza jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko edo administratiboak ematean datza, etxegintzari eta lurzoruaren erabilerari buruzko egintzak indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei egokitu ahal izateko.

3. art. Tasa hauei loturiko ekintza hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:

a) Honako obra lizentzia hauek izapidatzea: etxe berriak egitekoak, etxeak eraberritzekoak, etxeak mantentzekoak eta obra eta eraikuntza ttikietakoak.

b) Eraikinak bota eta husteko lizentziak izapidatzea.

c) Lurrak mugitu, zelaitu eta lurrerauzteko lizentziak izapidatzea.

d) Lurrak zatitzeko eta bereizteko lizentziak izapidatzea.

Ordaindu beharra

4. art. Orokorrean, ordaindu beharra lizentzia ematen den unean hasten da. Uko egiten bazaio, ordaintzeko obligazioa lizentzia eskatzen den unean hasten da.

Subjektu pasiboa

5. art. Zerbitzuak edo lizentziak eskatzen dituzten pertsona natural edo juridikoak daude tasa hauek ordaintzera behartuak.

Tarifak eta karga tasak

6. art. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga- oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa arauak

7. art. Planeamendurako espedienteak eta lizentziak izapidatzeko ardura duten egoitzatik, udal teknikariek adostasun txostena eman eta Udalaren organo eskudunak lizentzia onartu eta gero, kontu hartzaileari igorriko zaizkio espedienteak. Kontu hartzaileak, berriz, likidazioari ekinen dio eta bertan subjektu pasiboaren izen-deiturak, tasaren kontzeptua, tarifa eta zenbatekoa zehaztuko ditu.

8. art. Urbanizazio proiektuak, plan partzial edo bereziak, xehetasun azterlanak edo birzatiketak izapidatzean, proiektua onesterakoan likidatuko dira tasak.

9. art. Ordenantza honetan ezarritako sailkapenaren ariora kontzeptu bati baino gehiagori dagozkion obrak badira proiektu berean, tasaren zenbatekoa tarifetan zehazten diren portzentajeak edo zenbatekoak aplikatu ondoko batura izanen da.

10. art. Lizentziak emateko tasak likidatuko dira behin- behinekoz, eta horretarako zerga-oinarria dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsitako aurrekontuaren edo udal teknikarien ustez exekuzio proiektuak duen kostuaren ariora zehaztuko da.

Behar den lizentzia emanda hasierako proiektua aldatzen bada, lizentzia aldatzeko eskabidea aurkeztu beharko da aurrekontu berriarekin batean, behin-behineko bertze likidazio bat egin ahal izateko aldatutako aurrekontuaren ariora eta, lehenbizikotik zer alde dagoen, horren heinean.

Aipatu kostua nola eman den, udal teknikariek frogatuko dute eta errealitateari ez zaiola egokitzen ikusten badute, hartara egokituko dute. Behin betiko likidazioa eginen da eta onesteko aurkeztu.

Partikularraren aldekorik gertatuko balitz, itzuliko litzaioke; Udalaren aldekoa bada, berriz, hura ordaintzeko hilabeteko epea emanen zaio. Ordaintzen ez badu premiamendu bidez kobratuko da, bertzerik gabe.

11. art. Ezarpen oinarrian ez dira sartuko altzariak eta obra proiektuan funtsezkoak ez diren gaiak.

Ordenantza honen eranskinean esaten denaz gain, tasaren ezarpen oinarriaren zatitzat hartuko da barne urbanizazioaren proiektuaren zenbatekoa, aurrekontu eguneratua izanen duena.

12. art. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesatuari emanen zaio horren berri, erregelamenduzko epean ordain ditzan.

Arau-hausteak eta zehapenak

13. art. Ordenantza honetako arau-hauste bereziak dira:

A) Arau-hauste soila.

Lizentziaren onarpena jaso gabe obrak hastea, nahiz eta ordenantzetan eta gainerako xedapenetan agintzen diren betebehar guztiak beteta eskatua izan.

B) Arau-hauste larria.

Udal administrazioari ez jakinaraztea egindako lanek balio handiagoa dutela, edo hartan edo haien aurrekontuetan aldaketak egin direla.

Obrak egin edo hastea udal lizentziarik gabe.

Karga-oinarria zehazteko aitorpenean funtsezko inguruabarrak faltsutzea.

14. art. Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokien orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 98. artikuluan xedatutakoari eginen zaio men.

Hirigintzako txostenak

15. art. Partikularrek egindako obra eskabideak direla eta, dagokion organismoaren iduriz, fakultatiboen txostenik eskatu behar baldin bada, behar den ordain-saria kobratuko da.

Fidantza, zerbitzuak paratzeagatik

16. art. Zerbitzu publikoak paratzeko edozein obra, hala nola, argindarra, saneamendua, ur-hartunea, etab. paratzea, enpresa partikularren esku uzten bada, fidantza bat pausatu beharko dute eta haren zenbatekoa udal zerbitzu teknikoek zehaztu beharko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko 12. kapituluko 3. atalak aipatzen dituen erregelamenduzko izapideak betetakoan.

Bigarrena.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea eta Ordenantza Fiskal Orokorra aplikatuko dira.

TARIFEN ERANSKINA

1.-3. artikuluko a), b) eta c) ataletan aipatutako jarduerek obra gauzatzeko aurrekontuaren % 1aren pareko tarifa izanen dute, profesionalen ordainsariak barne eta BEZa kenduta.

Aitzinekoagatik ere, lizentzia bakoitza izapidatzeko guttieneko tarifa ezarri da, 2.000 pezetakoa.

2.-3. artikuluko d) atala.

Espediente bakoitzaren lizentzia emateari dagozkion tasak, zatitu, birzatitu edo batuko den finkaren azaleraren ariora likidatuko dira, ondoko tarifen arabera:

a) 5.000 metro karratu bitarteko lurzatiak: 5.000 pezeta.

b) 5.000 metro karratu baino gehiagoko lurzatiak: 7.000 pezeta.

3.-Etxebizitza partikularretako fatxadetako argiteri instalazioak desmuntatu eta atzera muntatzea: 1.800 pezeta metro linealeko.

Iragarkiaren kodea: A0112715