156. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 26a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

G A L B A R R A

Ordenantzaren hasierako onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, argitara ematen da ondotik aipatzen den ordenantzaren testu osoa, Udalak 2001eko irailaren 13an egin osoko bilkuran erabakita onetsi zena. Legearekin bat eta iragarki oholean eta, urriaren 17an, 2001eko 126. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan, inoren erreklamaziorik jaso ez denez haren kontra, onespena behin betikotzat jo da.

Galbarran, bi mila eta bateko azaroaren hogeita hiruan. Alkatea, Miguel Angel Landa Cayetano.

KONTRIBUZIO BEREZIEN ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluaren 8. atalean xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

Zergagaia

2. art. Kontribuzio berezien zergagaia zera da: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea Udal honek toki entitatearen mailako herrilanak egitearen ondorioz edo bere esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

3. art. Honako hauek hartuko dira toki entitatearen mailako herrilan eta zerbitzutzat:

a) Toki entitate honek bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe den aldetik egiten dituenak.

b) Toki entitate honek bertze entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartu dituen zerbitzuak.

c) Toki entitate honek diru laguntza emanik, bertze entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.

4. art. 1. Aurreko zenbakiko a) letran sartzen direnak toki entitatearen esparruko lan edo zerbitzutzat joko dira beti, nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik toki entitatearena duten erakunde autonomo edo merkataritza sozietateak, edo toki entitateak diru laguntza emandako kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.

2. Kontribuzio bereziengatik likidatutako eskubideek, zer obra edo zerbitzuren aldera eskatu ziren, harexen gastuak berdintzea, bertze helbururik ez dute izaten ahal.

5. art. 1. Obren kostu osoak jabeen bizkar izan behar duenetan izan ezik, toki entitate honek kontribuzio bereziak eskatzen ahal ditu ondoko obra eta zerbitzuengatik, beti ere betetzen badira ordenantza honetako 7. artikuluan ezarritako baldintzak:

a) Karrika eta plazak irekitzea, lehendik irekitako karrika eta plazak zabaldu eta haietan lerrokadura berriak egitea.

b) Hiriko eremu publikoetako galtzada, espaloi, isurbide eta ureztaketa ahoak lehen aldiz eraiki edo aldatzea.

c) Hondakin uren estolderia eta hustubide sareak egin eta berritzea.

d) Argindarra banatzeko sareak paratzea eta herriko argiak ezarri, aldatu edo hobetzea.

e) Ur-hornidura sareak paratu, aldatu eta hobetzea, eta sektore baten intereserako beharrezko bada, ur biltegiak handiagotzea hornidura hobetzeko.

f) Su-itzaltze zerbitzuak jarri eta hobetzea.

g) Ura hartu, urtegiratu, biltegiratu, bideratu eta arazteko lanak, ur hornidurarako.

h) Hondakin uren araztegiak eta kolektore nagusiak, biztanleria guztiarendako ez badira.

i) Karrika eta plazetan arbolak aldatzea, parkeak eta lorategiak eraiki eta hobetzea, halako sektore batendako interesa badute.

j) Lurrerauzketak, betelanak eta eustormak egitea.

k) Lehortze eta saneamendu lanak, lurrak uberroen eta uholdeen kontrako babestekoak, baita ur-tirak erregulatu eta desbideratzekoak.

l) Lurpeko galeriak egitea, ura, gasa, argindarra eta bertzelako isurkiak banatzeko sareak eta hodiak paratzeko, eta komunikazio eta informazio zerbitzuetarako.

m) Toki entitatearen bertzelako herrilan edo zerbitzu publikoak egin, ezarri edo handitzea.

Salbuespenak

6. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarriaren ondorioz, mankomunitateak eta batasunak, baita beraiek beren xedeak garatzeko sortutako entitate juridikoak eta administrazio barrutiak ere, kontribuzio berezietatik salbuetsirik egonen dira.

Subjektu pasiboa

7. art. 1. Kontribuzio berezien subjektu pasiboak pertsona fisikoak nahiz juridikoak dira, baita unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten nortasun juridikorik gabeko entitateak ere, baldin eta onura berezia hartzen badute toki entitatearen esparruan kontribuzioa ordaintzeko betebeharra sortzen duten herrilanak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik.

2. Onura bereziaren hartzailetzat hauek hartuko dira:

a) Kontribuzio berezia sortzen bada ondasun higiezinak ukitzen dituzten herrilanak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ondasun higiezin horien jabeak.

b) Kontribuzio berezia sortzen bada enpresa ustiapenen ondoriozko herrilanak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ustiategiaren jabe diren pertsona edo entitate titularrak.

c) Kontribuzio berezia sortzen bada su itzaltze zerbitzua ezartzetik edo handitzetik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo hartan lanean aritzen diren aseguru konpainiak, udal mugapearen barnean.

d) Kontribuzio berezia sortzen bada lurpeko galeriak egitetik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

Zerga-oinarria

8. art. 1. Gehienez ere, lanak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik toki entitateak jasaten duen kostuaren ehuneko 90ek osatuko du kontribuzio berezien zerga oinarria.

2. Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:

a) Peritu lan, proiektu idazte eta lan zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.

b) Egin beharreko lanen edo zerbitzu ezartze edo handitzearen zenbatekoa.

c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo toki entitateari dohainik eta nahitaez emandako lurrak edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak delako toki entitateari emandako eraikinak.

d) Eraikinak eraitsi eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalteordainak, baita suntsitu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta herrilanetan inbertitu den kapitalaren korritua, toki entitateak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo berdinduta ere kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

9. art. Herrilan edo zerbitzuetarako aurrekontuan jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

10. art. Herrilan edo zerbitzuak direlarik ordenantza honetako 3.c) artikuluak aipatzen dituenetakoak, edo ordenantza honetako 4. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen dituenetakoak, toki entitateak diru laguntza emanda kontzesiodunek egindakoak alegia, kontribuzio berezien zerga oinarria finkatzeko, diru laguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez du galarazten bertze administrazio publikoek herrilan edo zerbitzu horrexentzat bertze kontribuzio batzuk ezartzerik. Dena dela, ordenantza honetako 8. artikuluko 1 zenbakiak aipatzen duen muga begiratuko da, ehuneko 90 alegia.

11. art. 1. Zerga oinarria finkatzeko, hauxe ulertuko da toki entitateak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zifrari toki entitateak edozein pertsona edo entitate publiko nahiz pribatutik erdiesten dituen diru laguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

2. Diru laguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Diru laguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, bertze subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.

Kuotak

12. art. Subjektu pasibo bakoitzari ondoko artikulura bildutako banaketa-irizpideei jarraikiz zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko magnitudea da kontribuzio berezien kuota.

13. art. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, herrilan eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:

a) Oro har, batera aplikatuko dira, banaketa moduluen gisara, higiezinen fatxadako metro linealak, eta herrilurraren gaineko kontribuzioari begira katastroan duten balioa. Irizpide horiek hainbana hartuko dira, tributuaren zenbateko osoa ordaintzeko.

b) Kuota hainbana banatzen ahalko da onuradunen artean, onura berdina baldin bada subjektu pasibo bakoitzarendako.

c) Su itzaltze zerbitzua ezarri edo handitzeko bada, eta, jabeekin batean, udal mugapeko ondasunen arriskua estaltzen duten aseguru entitateak aurkezten badira, denak subjektu pasibo gisa, entitate horiei dagokien kuota atala beraien artean banatzen ahalko da, aurre-aurreko urtean bildutako aseguru- sarien zenbatekoaren heinean.

d) Subjektu pasibo bakoitzari eskatzen ahal zaion kuota berak bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren ehuneko 5 baino handiagoa bada, gaindikina hurrengo ekitaldietara atzeratuko da harik eta erabat amortizatu arte.

e) Ordenantza honetako 7. artikuluko 2.d) atalak aipatzen dituen lanen kasuetan, kontribuzio bereziaren zenbateko osoa obra hori erabiliko duten konpainia edo enpresen artean banatuko da, bakoitzarendako gordetako tokiaren arabera edo bakoitzak duen atal osoaren arabera, nahiz eta berehalakoan ez erabili.

14. art. Ordaindu beharreko kuota zehaztutakoan, toki entitateak, subjektu pasiboak eskaturik, kuota horren ordainketa zatitzea edo atzeratzea onar dezake, gehienez era bortz urtetarako.

Sortzapena

15. art. 1. Kontribuzio berezien sortzapena lanak egiten diren momentuan berean gertatzen da, edo zerbitzua ematen hasten denean.

Lanak zatikagarriak baldin badira, lanaren tarte edo zati bakoitzari dagozkionak bukatu ondoan gertatuko da sortzapena.

2. Aitzineko zenbakian xedatutakoa ukatu gabe, toki entitateak eskatzen ahal du, aldez aurretik eta ezartze eta agintze erabaki zehatza onetsitakoan, kontribuzio berezien ordainketa, hurrengo urterako aurreikusitako gastuen zenbatekoaren arabera. Aurrerakin horiek premiamendu bidez eska daitezke.

3. Ez da bertze urte bateko aurrerarikinik eskatzen ahal, lehenago zein lanetarako eskatu zen aurrerakina, horiexek jadanik burutu ez badira.

Dirubilketa

16. art. 1. Ordenantza hau aplikatzearen ondoriozko tributu-zorrak kitatzeari doakionean, toki entitate honen Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoa aplikatzen ahal da epeez, errekarguez eta gainerakoez den bezainbatean. Delako Ordenantza fiskal orokorrean jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da.

2. Kontribuzio bereziengatik likidatzen diren eskubideak, zer herrilan edo zerbitzutarako eskatu diren, horiexen gastuak ordaintzeko baizik ez dira erabiliko.

Kudeaketa arauak

17. art. Kontribuzio bereziak ordainarazteko, aurretik kasuan kasuko ezarpen erabakia hartu beharko da.

18. art. Kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko herrilanen bat egin edo zerbitzuren bat ezarri edo handitzeko erabakia betearazi aitzin, beharrezkoa izanen da lehenbizi horien egiteko agindua onestea.

19. art. 1. Lanak osoki nahiz partez burututakoan, edo zerbitzu egiten hasitakoan, subjektu pasiboak, oinarria eta bakoitzaren behin betiko kuotak zehaztuko dira. Orduan, bidezko diren likidazioak igorpenduko dira eta, ordainketa aurreraturik egin baldin bada, horiek berdinduko dira konturako entregatzat hartuz.

2. Ordainketa aurreratuak ordainarazpenaren sortzapenaren egunean subjektu pasibo ez den jendeak egin baditu, edo bakoitzari dagokion behin betiko kuota baino gehiago badira, toki entitateak behar den dirua itzuliko du, ofizioz itzuli ere.

20. art. Behin kontribuzio bereziak agintzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak zehaztu, subjektu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek baldin subjektua edo haren helbidea ezaguna bada, eta bertzenaz ediktu bidez.

Interesatuek zilegi izanen dute errekurtsoa paratzea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluak aurreikusten duen bezala.

21. art. 1. Toki entitate batek bere eskumeneko herrilanak edo zerbitzuak egiteko bertze toki entitate baten laguntza ekonomikoa erabiltzen badu, beti ere ordenantza honetan xedatutakoaren arabera kontribuzio bereziak ezartzen badira, lanak egitea edo zerbitzua ezarri edo handitzea bere esku hartzen duen entitatea arduratuko da kudeaketaz eta bilketaz, baina, hori hala izanik ere, entitate bakoitzak bere eskumenari eutsiko dio, ezartze eta agintze erabakiei dagokienez.

2. Entitate horietako batek agintzeko erabaki zehatza onesten ez badu, jarduketa unitatea indarrik gabe geldituko da eta bakoitzak bere kasa hartuko ditu bidezkoak diren erabakiak.

Herritarren lankidetza

22. art. 1. Obrek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute eta toki entitateak herrilanak egin edo zerbitzuak ezarri edo handitu ditzan bultzatu, toki entitatearen finantza egoerak horretarako aukerarik ematen ez badio, horri dagokion partea, bere gain hartzeko hitza emanez, obra nahiz zerbitzuaren nolakoa, horren ariora beraiei dagokienez gainera.

2. Halaberean, toki entitateak sustatutako herrilan edo zerbitzuak egin, ezarri edo handitzearen ondorioz ukituak gertatzen diren jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute kontribuzio bereziak agintzeko erabakia jendaurrean egon bitartean, Udalak erabakitako herrilan edo zerbitzuan laguntza emanik parte hartu ahal izateko.

23. art. Zergadunen elkarteen jardunbideaz, eskumenez, estatutuen onespenaz eta kontratazioaz den bezainbatean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari eginen zaio men.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza fiskal honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.

Ordenantza hau bi mila eta bateko irailaren hamahiruan egin osoko bilkuran onetsi zuen, hasiera batean, Galbarrako Kontzejuak. Alkate kontzejuburua, sinadura ulertezina. Idazkaria, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: a0112649