156. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 26a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T U T E R A

Tuterako Udaleko igeltserotzako ofizial izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia

Oinarriak, Alkatetzaren 2001eko azaroaren 16ko 99-P ebazpenaren bidez onetsiak.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Udaleko igeltserotzako ofizial izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzea, ondoko txanda hauetan banaturik:

-Lanpostu bat txanda irekian.

-Bi lanpostu igoera txandan.

1.2. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe gelditzen bada, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxienekoa lortzen ez dutelako, txanda irekiari gehituko zaio.

Orobat, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

1.3. Lanpostuak, D mailakoak baitira, maila horri dagozkion lansariez hornituko dira, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta gainerako xedapen aplikagarrietan xedatutakoari jarraituz. Horrez gain, hartan aritzeko izendatzen denak Tuterako Udaleko langileei eta plantilla organikoari buruz egungo xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu.

1.4. Izendatzen den izangaiak Tuterako Udal mugapean bizi beharko du, eta hortaz, bertan izanen du benetan bizilekua.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara moldatuko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatu ahalko dute.

1.6. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatua, lanpostuaz jabetzen denetik eta ondorio guztietarako. Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta bertan alta hartuko, abenduaren 13/1993 Foru Legeak ezarri bezala.

Eskubide pasiboen erregimenean eta osasun nahiz gizarte laguntzan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliaturiko funtzionarioek, deialdiko lanpostuetarako izendatuak suertatzen badira, bertan segitu ahalko dute edo Gizarte Segurantzan afiliatu.

2.-Bete beharreko eginkizunak.

-Zerbitzu anitzak, obra-lantaldeak berezko dituen jarduerekin ikusteko dutenak, igeltserotzakoak bereziki.

-Ibilgailuak eta makineria gidatzea eta maneiatzea (furgoneta, dumperra, konpresorea).

-Hiri altzariak jarri eta artatzea: zutoinak, seinaleak, farolak, jarlekuak, iturriak, eta abarrak.

-Bideko zuloak bete eta bideak, espaloiak, estolderiak, e.a. konpontzea.

-Apaindurak, horma-iduriak eta gainerako apaingarriak jartzea.

-Altzariak eta tresnak tokiz aldatzen laguntzea.

-Eszenategiak, hesiak eta jaietako nahiz ekitaldi publikoetako gainerako zerak jartzen laguntzea.

-Bere maila eta kategoriaren barnean manatzen zaizkion gainerako guztiak.

3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak:

3.1. Izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

a) Nazionalitatez espainiarra izatea edo Europako Batasuneko beste edozein Estatutakoa, edo Europako Batasunak egin eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera izaten ahal diren Estatuetakoa.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokideren bat izatea, edo hura lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

d) Eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez egotea, ez eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ere.

f) B kategoriako gidabaimena.

3.2. 4. oinarrian xedatutakoa salbu, probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek egiaztatu beharko dituzte aurreko beharkizunak, deialdiko 10. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako betetzen dituztela ulertuko da, baita oposizioaldian zehar eta izendapenak egin arte ere.

4.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4 artikuluak aurreikusitako bideetarik edozein erabiliz, eta horretarako hogeita hamar egun naturaleko epea izanen dute, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdiko I. eranskineko ereduari lotu behar zaizkio, eta bertan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean. Eskabideotan izangaiek adierazi beharko dute beharkizun guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den azken egunerako.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Izangai minusbaliatuek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskatzea, eta hartarako, eskabidean adierazi beharko dute nolako minusbalioa duten eta zer egokitzapen eskatzen duten, eta minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, erakunde eskudunek emana.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun baliodunen barruan, erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte eta egindako akatsak zuzendu.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta erreklamazioak ebatzita, alkateak ebazpena emanen du onartu-baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

6.-Epaimahaia.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Luis Casado Oliver jauna, Hiri Antolamendu eta Ingurumen alorreko zinegotzi eskuordea.

Ordezkoa: María Victoria Castillo Floristán andrea, Langileen zinegotzi eskuordea.

Mahaikidea: Juan Pablo Galán García jauna, udal arkitektoa.

Ordezkoa: Ignacio López Burgaleta jauna, udal arkitekto teknikoa.

Mahaikidea: Jesús Tobajas Láinez jauna, Udaleko obra- lantaldeko kapataza.

Ordezkoa: Jesús Enciso Zardoya jauna, igeltserotzako 1. mailako ofiziala.

Mahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Ordezkoa: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

Mahaikide-idazkaria: Inmaculada Sanz Sopeña andrea, administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Santiago Lázaro Antón jauna, administrari- ofiziala.

Epaimahaiak hautapen probak baino lehen eratuta egon beharko du.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa, behintzat, biltzen ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, bai eta gutxienez kideen erdiek ere.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

6.4. Epaimahaiak zilegi izanen du proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari adituei dei egitea. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta epaimahaiari haietan soilik emanen diote laguntza.

7.-Oposizioa nola eginen.

7.1. Oposizioa martxoan hasiko da, betiere deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bi hilabete igaro badira ordurako.

7.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioa non, noiz eta zer ordutan hasiko den.

Ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, egoki denean jarri ere, gainerako proben iragarkiak, betiere erregelamenduaren arabera.

7.3. Oposzioko balorazio osoa 100 puntukoa izanen da.

8.-Oposizioa.

8.1. Oposizioaldian ondoko ariketak egin beharko dira:

-Lehen ariketa.

Eraikuntzarekin zerikusia duten kontzeptuen definizioei buruzko hainbat galdera erantzun beharko da idatziz. Epaimahaiak prestatuko ditu.

Proba gehienez ere ordubetean eginen da.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere, 25 puntukoa izanen da eta 12,5 puntu beharko dira gainditzeko.

-Bigarren ariketa.

Igeltserotzarekin zerikusia duten hainbat kasuren eta hipotesiren gaineko azalpenak eta konponbideak eman beharko dira. Epaimahaiak eginen du planteamendua.

Eraikuntzako proiektuak burutzeko xehetasun planoak irakurri eta azaltzea.

Ariketa osoa ahozkoa izanen da.

Probaren iraupena: 30 minutu oposiziogile bakoitzarendako.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere, 25 puntukoa izanen da eta 12,5 puntu beharko dira gainditzeko

-Hirugarren ariketa.

Praktikoa, ariketa bat edo gehiago egin beharko dira, igeltserotzako lanak egiteko izangaiek duten jakinduria eta trebezia neurtzeko.

Ariketaren iraupena: oposiziogile bakoitzak ez ditu lau ordu baino gehiago emanen.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere, 50 puntukoa izanen da eta 25 puntu beharko dira gainditzeko

8.2. Epaimahaikide bakoitzak banaka puntuatuko ditu ariketak eta kalifikazio guztien bataz-besteko aritmetikoa izanen da kasuko ariketaren emaitza.

8.3. Ariketa bakoitza amaiturik eta hamar eguneko epean, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Tuterako Udaleko iragarki oholean, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.4. Probak plika itxien sistema erabiliz eginen dira eta bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute probetara. Azaltzen ez diren izangaiak oposiziotik kanpo geldituko dira.

9.-Gainditu dutenen zerrenda.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Tuterako Udaleko iragarki oholean eta azken ariketa egin den lekuan, izangai onartuen zerrenda, kalifikazioak batuta eta puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

9.2. Epaimahaiak puntuazio altuena lortzen duten izangaien aldeko izendapen proposamena igorriko dio Alkatetzari. Proposamen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak Udaleko Langileen Departamantuan ondoko agiriok aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) 3. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua luzatzeko eskubideen ordainagiria.

c) Osasun txostena, lanpostuan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko-psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituela.

9.3.1. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatu baldin badu, minusbaliotasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu behar du, balorazio eta orientabiderako talde eskudunek luzatua.

9.3.2. Ezarritako epean, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, interesatuak aipatu agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen da bere izendapena egin eta bere egintza guztiak deuseztuko dira, hasierako eskaeran egindako iruzurragatiko erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

9.4. Aurreko lerroaldean aurreikusitako kasuan, alkateak puntuazioen zerrendan, 9.1. atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta honekin aurreko atalean adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

10.1. Alkateak, ebazpen bidez, aurreko idatz-zatian ezarritakoa betetzen duten izangaiak Tuterako Udaleko igeltserotzako ofizial izendatuko ditu.

10.2. Izendapenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

10.3. Izendatutako izangaiek lanpostuen jabetza hartu beharko dute hilabeteko epean, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Tuterako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri eta aplikazio egintzen kontra errekurtso hauetakoren bat jarri ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, organo egileari berari zuzendua, jakinarazpenaren edo argitalpenaren biharamunetik hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean.

Epaimahaikoen egintzen aurka, berriz, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi eta hilabeteko epean.

Argitara ematen da, behar diren ondorioetarako.

Tuteran, bi mila eta bateko azaroaren hogeita batean. Alkatea, José Luis Campoy Zueco.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ............. adin nagusikoa. NAN zenbakia: ..... jaioteguna eta tokia:............. Helbidea: ............ Kalea: ................... Zk.: ....... Solairua: .......... Posta-kodea: ............. Telefonoa: .............

Honako hau diot:

Tuterako Udaleko igeltserotzako ofizial izateko hiru lanpostu funtzionarioen araubidekoak, oposizioz betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala, ondoko txandan:

f Txanda irekia.

f Igoera txanda

(X batez zehaztu).

Karguan aritzea galarazten didan eritasun nahiz akats fisiko nahiz psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiaren 2. oinarrian aipatzen den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Badudala minusbaliotasuna, eta horregatik eskatzen dudala ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik (beste orrialde batean zehaztuko dira minusbaliotasunaren nondik norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak)

f Ez dudala minusbaliotasunik

(X bat jarri behar den laukitxoan).

Horiek horrela:

Eskabide hau ontzat hartu eta Tuterako Udaleko igeltserotzako ofizial izateko hiru lanpostu, funtzionarioen araubidekoak, oposizioz betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Tuteran, 2001eko ........aren ....(e)an.

(Sinadura)

Tuterako Udaleko Alkate Udalburua.

Iragarkiaren kodea: A0112576