156. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

983/2001 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "Ezkabako tunelen bidez Iruñeko ipar sarbide berria egiteko proiektuaren" jendaurreko aldia ebatzi eta proiektua behin betikoz onesten duena.

"Ezkabako tunelen bidez Iruñeko ipar sarbide berria egiteko proiektuari" onespen teknikoa eman zitzaion eta jendaurrean jarri ekainaren 8ko 508/2001 Ebazpenaren bitartez. 2001eko ekainaren 27ko 78. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Ebazpen haren bidez hasiera eman zitzaion ukituriko ondasun eta eskubideen desjabetzapen espedienteari, eta proiektua jendaurrean jarri zen, bidezko ohar eta alegazioak aurkez zitezen.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak aditzera eman du alegazio epea bukatu eta alegazio hauek jaso direla:

1. alegazioa. Francisco Roda Abaurrea jaunak aurkeztua, Promotora Versátil, S.A. ordezkatuz. Honako hau alegatu du:

1. Ukituriko ondasun eta eskubideen zerrendako OR- 16, 19, 26, 27, 28, 29, 30, 31, 32, 35, 36 eta 37. finken jabea dela.

2. Proiektuan ez direla kontuan hartu AR-ORI-1 unitaterako ezarritako mugak, ondokoaren arabera: Ezkabarteko Arau Subsidiarioen proiektu aldatua, Orikaingo industrialdearen handitzea, Ezkabarteko Udalak 2001eko ekainaren 28an behin-behinekoz onetsia, eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren 2001eko ekainaren 18ko adostasun txostena duena. Eskatu du industrialdearen proiektuan industrialderako ezarri mugak daudenean utzi eta desjabetzapenetik ken daitezela.

2001eko abuztuaren 28an, Francisco María Roda jaunak idazki bat aurkeztu zuen alegatutakoa argitzeko: 4. azalpenean ondokoa proposatu zuen: "Dena den, badirudienez ipar sarbideko proiektuaren exekuzioa eta horrek dakarren okupazioa industri sektorea garatu aurretik gauzatuko dela, alegazioaren xedea honako hau da, eta ez besterik: okupazioaren aitzineko aktan zuzenean, edo desjabetzapen Hitzarmenaren bitartez, ipar sarbideko proiektuak ukituriko lurrak okupatu ahal izatea eta Foru Administrazioa haien titular egitea jabeei balio justua ordaindu gabe, zeren eta Foru Administrazioak uko eginen bailieke lurren industria arloko hirigintza aprobetxamenduei, eta oraingo jabeen esku geldituko bailirateke. Hala, ipar sarbidearen eraginez lurren zati bat okupaturik ere, hirigintza arrazoiengatik soilik betiere, birzatitze proiektuan, jabeek Sektorean sartutako hasiera bateko azaleren % 100 izaten segituko lukete".

Erantzuna:

1. Alegaziogileak, okupazioaren aitzineko aktak egiten direnean, eskuratutako lurren titulartasunaren egiaztapena osatu beharko du.

2. Bideragarritzat jotzen da 4. azalpenean adierazitakoa. Desjabetzapen espedientean proiektuaren arabera okupatuko dira lurrak, eta balio justuaren fasean, berriz, horien ordain gisa erabakitzen ahalko da jabeak dagozkion hirigintza aprobetxamenduak izaten segitzea.

Bi jarduketen interferentzia eremuetan (aparkalekuak, lorategiak, e.a.), poligonoan aurreikusitako obrak errepide berria bukatutakoan egin beharko dira, eta sustatzaileak bere gain hartu beharko ditu sortzen diren jarduketa osagarriak.

2. alegazioa. Carlos, Joaquín eta Nieves Eugui López jaun-andreak, proiektuak ukituriko Ezkabako 6. poligonoko 1.934. lurzatiaren jabeak. Honako hau alegatu dute:

1. Iruñeko Udalak eta/edo Nafarroako Gobernuak adieraz dezala Iruñeko 6. poligonoko 1.934. lurzatiari dagokion lurzoruaren kategoria, desjabetzapen espedienteari hasiera ematen zaionean (Ezkabako tunelen bidez Iruñeko ipar sarbide berria egiteko proiektuaren barrenean).

2. Erakunde eskudunak desjabetu behar den lurzoruaren kalifikazio eta kategoriaren ziurtagiria emandakoan, Desjabetzapenen Epaimahaiak adostasun prezioa baloratu beharko du lurzoru horri aplikatu beharreko metodologiarekin, hots, hirigintza aprobetxamendua kontuan hartuta.

3. Lurzati horien jabeei egiten diren tramiteen berri ematea, babesik eza saihestu eta kontraesan- printzipioa bete dadin.

Erantzuna:

1. Proiektuan lurzatiari emandako kategoria katastroko datuetatik hartu zen. Argi dago eskatu den lurzoru kategoriaren ziurtagiria alegaziogileak lortu behar duela Iruñeko Udalean, eta okupazioaren aitzineko aktak egiten direnean aurkeztu.

2. Ukituriko lurzatiaren balorazioa desjabetzapen espedienteko une egoki batean eginen da, egiaztatzen den hirigintza kalifikazioa kontuan harturik.

3. Administrazio prozeduretan egin ohi den moduan, alegaziogileari alde interesatu gisa dagozkion administrazio egintza guztien berri emanen zaio.

3. alegazioa. María Juana Guerendiain Pabollet andrea, Iruñeko 6. poligonoko 1.928 lurzatiaren jabea. Honako hau alegatu du:

1. Proiektua hirigintza jarduketa bat dela, eta indarra duen legeriaren arabera "zuzena eta koherentea aurreikusi den sistema orokorra banaketa-eremu bati atxikitzea izanen litzatekeela, batik bat gaur egun inguru berean garapen prozesuan dauden eremuak daudelako, eta horri esker Administrazioak desjabetzapen prozedurarik gabe eskuratu ahalko lituzkeelako eta, beraz, eskubide, karga eta obligazioak zuzenbidean eta berdintasunez banaturik errespetu handiagoz jokatuko litzatekeelako".

2. Finka lurzoru urbanizagarri ez-programatua dela eta V/S-1 sektorean sartuta dagoela. Ondokoa argudiatu du: Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioari buruzko apirilaren 13ko 6/1998 Legean ezarritakoaren arabera, ..."Lege horren ondorioak kontuan harturik, hirilurraren edo lur urbanizaezinaren kategoria lortzen ez duen lurzorua lurzoru urbanizagarritzat joko da, eta eraldatzen ahalko da hirigintzako legerian eta dagokion planeamenduan ezarritako moduan". Horretaz gainera eskatu du balora daitezela Errepideak Babesteko Legeak ukipen eremuetan ezartzen dituen mugak, nahiz eta zuzenean ez ukitu.

3. Sertecnak eta Eyserrek osatu UTEaren "Aukeren azterlana" zela eta, finka aldi baterako okupatu eta pista bat egin zela, eta jabeari ez zitzaiola kalte-ordainik eman eta finka ez zela leheneratu.

4. Euri uren kolektore berria Burlatako udalerriaren mugaraino alda dadila, ukipena ahalik eta txikiena izan dadin. Eskatu du kanalizazioak, oro har, mugetan barrena egin daitezela.

Erantzuna:

1. Adierazitakoa egin daitekeen arren, ez da Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren lana hirigintza jarduketak sustatzea, baizik eta bide azpiegiturak sustatzea. Hori guztia jarduketek ukituriko finken jabeen eskubideak kaltetu gabe, indarra duen legerian ezarritakoaren arabera ebaluatu eta ordainduko baitira.

2. Jabeak, okupazioaren aitzineko akta egiten denean, ukituriko lurzatiaren hirigintza kalifikazioa aurkeztu beharko du, Udalaren ziurtagiaren bidez. Lurzatiaren balorazioa, finkaren gainerakoan ukitzen diren eskubideak barne, dagokion unean eginen da, sailkapena kontuan hartuta, horretarako ezarritako legezko metodologiari jarraikiz.

3. Sertectak eta Eyserrek osatu UTEaren jarduketen aurrean egindako erreklamazioari dagokionez (proiektuaren erredakzio fasean), uste da hori ez dela, hertsiki, jendaurreko aldiaren tramite honen xede.

Hori hala izanik ere, aplikatu beharreko araudiarekin bat, behar den espedientea irekiko da aipatu kalteak eta dagokien erantzunkizuna zehazteko.

4. Alegazioa onartu da euri uren kolektoreari dagokionez; lurzatiaren mugaraino aldatuko da trazaduraren baldintza teknikoek uzten duen neurrian. Baldintza horiek erakusten dute gainerako kondukzioetarako eskatutakoa ezin dela bete.

4. alegazioa. José Luis Cía Mercabide jauna, Burlatako 32. poligonoko 17. lurzatia. Honako hau alegatu du:

Burlatako 32. poligonoko 17. lurzatiaren 462 m2ko azalera erreklamatzen du, Iruñeko iparraldeko saihesbiderako desjabetzapena jasan ondoren. Argitzeko eskatu du eta, hala bada, falta zaion lurra itzultzeko. Bere erreklamazioa argudiatzeko, jatorrizko lurzatiaren jabetza titulua eta ondoren egindako transakzioak aurkeztu ditu.

Erantzuna:

Aurkeztutako dokumentazioa eta iparraldeko saihesbideko desjabetzapen espedientea aztertuta, lurzatia katastroan oker sartuta egon daitekeela ikusi da, eta horixe jakinarazten ahalko du Burlatako Udalaren dagokion zerbitzuan.

Honako proiektuak ukituriko lurrari dagokionez, egindako azterketan kalkulatu da lurraren ukipena 588 m2-koa dela, eta ez jendaurreko informazioko 509 m2-ak.

Lurzatien zerrenda aldatu egin da aurkeztutako alegazioen ondorioz

aldaketek ukituriko lurzatia hau da:

-Burlatako 32. poligonoko 17. lurzatia, orain 1. poligonoa, 1315. lurzatia, José Luis Cía Mercabide jaunarena; jendaurreko informazioan 509 m2 desjabetu ziren, 79 m2 gehiago desjabetuko dira, guztira 588 m2

Horiek horrela, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak adierazi eta proposaturikoarekin bat, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7ko 3912/1999 Foru Aginduaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan adierazitakoari jarraikiz, Zuzendaritza Nagusi honek

EBATZI DU:

1. "Ezkabako tunelen bidez Iruñeko ipar sarbide berria egiteko proiektuaren" jendaurreko aldia ebaztea, aurkezturiko alegazioen ondorioz, Ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan.

2. "Ezkabako tunelen bidez Iruñeko ipar sarbide berria egiteko proiektua" eta aipatu den lurzati aldaketa behin betikoz onestea. Kontrata bidez egiteko aurrekontua 4.045.674.242 pezetakoa da (24.314.991,90 euro).

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroako Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Desjabetzapen Atalari eta Iruña, Burlata, Atarrabia eta Ezkabarteko udalei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita zazpian.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: a0112888