148. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 7a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIA

Deialdia, Aezkoako Batzarre Nagusiko administrari laguntzaile lanpostu bat, lanaldi erdikoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

1.-Arau orokorrak.

Deialdi honen bidez oposizio-lehiaketa bidez bete nahi da administrari laguntzaile lanpostu bat, lan araubidean eta lanaldi erdikoa (luzeagoa izan daitekeena, zerbitzuko beharren arabera), Aezkoako Batzarre Nagusian aritzeko.

Deialdi honen ondorioz izendatzen dena lan-kontratudun finkoa izanen da eta Gizarte Segurantzan afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio.

Lanpostuaren urteko ordainsari gordina D mailakoa izanen da, Funtzio Publikoaren Estatutuari jarraikiz.

Lanaldia, ordutegia, oporrak eta gainerakoak aplikatu behar zaion araudi orokorraren araberakoak izanen dira. Lanaldi erdia luzatzen ahalko da, Aezkoako Batzarre Nagusiaren beharren arabera.

Lanpostuaz jabetzen denak, administrari-laguntzailearen lanpostuari dagozkion eginkizunez gain, Batzarreko langileen burutzak espresuki esleitzen dizkionak ere bete beharko ditu.

2.-Izangaien betebeharrak

2.1. Deialdi honetara onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den edozein estatutako nazionalitatea edukitzea eta adinez nagusi izatea.

b) Gutxienez ere Eskola Graduatuaren titulua, Lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea edukitzea.

c) Bere eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko zein psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, ez eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ere.

2.2. Aipaturiko baldintzak eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako eduki behar dira, eta haien jabe izan oposizio-lehiaketak irauten duen bitartean, izendapena egin arte.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Aezkoako Batzarre Nagusiko idazkaritzan aurkeztu beharko dira, goizeko bederatzietatik arratsaldeko ordu biak arte, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio.

3.2. Eskabidearekin batera, izangaiek baremorako alegatu diren merezimendu guztien egiaztagiriak aurkeztuko dituzte, eta horiek jatorrizkoak edo notario nahiz administrazio bidez kautotuak izanen dira.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Aezkoako Batzarre Nagusiko buruak onartu eta baztertuen behin- behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.2. Izangai baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean, edo, eskabidean nahiz aurkeztutako agirietan formazko okerrik izan bada, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazio epea iraganik eta aurkeztu direnak ebatzitakoan, Aezkoako Batzarre Nagusiko buruak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta, probak hasteko egunarekin batera, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

5.-Epaimahaia.

5.1. Honako hauek dira epaimahaiko kideak:

-Mahaiburua: Martín Aróstegui Inda jauna, Aezkoako Batzarre Nagusiko burua.

Ordezkoa: Nicolás Remondegui Bastero jauna, Aezkoako Batzarre Nagusiko buruordea.

-Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatu beharreko teknikari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak izendatu beharreko teknikari bat.

-Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharreko teknikari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharreko teknikari bat.

-Mahaikidea: Fernando Isasi Ortiz de Barrón jauna, Batzarrearen aholkulari juridikoa

Ordezkoa: Eduardo Ruiz de Erenchun Arteche jauna.

-Mahaikide idazkaria: Esther Urtasun Fuertes andrea, Aezkoako Batzarre Nagusiko idazkaria.

Ordezkoa: Javier Sagaseta de Ilurdoz Uranga, Garralda eta Ariako udaletako idazkaria.

5.2. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko kontu guztiak.

5.3. Epaimahaiak proba guztietan nahiz batzuetan aholkulari adituak ekar ditzake. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko.

6.-Oposizio-lehiaketa nola egin.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi partetan eginen da, lehiaketaldia lehenbiziko eta oposizioaldia gero.

6.2. Oposizio-lehiaketa hasteko eguna izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratzearekin finkatuko da.

7.-Lehiaketaldia.

7.1. Izangaiek alegaturiko merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, ondoko baremoari jarraikiz. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

7.2. Merezimenduak.

a) Lanbide Heziketako II. mailako titulua, administrazio adarrekoa, 5 puntu.

b) Lanbide Heziketako I. mailako titulua, administrazio adarrekoa, lanpostuaz jabetzeko ezinbestez eduki beharreko titulua ez denean, 2,5 puntu.

c) Administrazioan edo enpresa pribatuetan, administrari laguntzaile lanetan izandako esperientzia: puntu 1 lan egindako 3 urteko, eta gehienez ere 5 puntu (zatiki bakoitzeko, gutxienez ere urte 1 izanik, proportzioz dagokiona).

a), b) eta c) ataletako puntuazioa, guztira, ezin izanen da 10 puntu baino gehiagokoa izan.

-Euskaraz jakitea. Jakituria hori egiaztatu beharko da Hizkuntza Eskola Ofizialen batek emandako Gaitasun Agiriaren bidez, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat aurkeztuz edo, bestela, maila hori frogatzeko eginen den proba bat gaindituz. Gehieneko puntuazioa, guztira, 10 puntukoa izanen da, baina ez da baztertzailea izanen.

-Frantses, ingeles edo alemanez jakitea. Jakituria hori egiaztatu beharko da Hizkuntza Eskola Ofizialen batek emandako Gaitasun Agiriaren bidez, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat aurkeztuz edo, bestela, maila hori frogatzeko eginen den proba bat gaindituz. Gehieneko puntuazioa, guztira, 10 puntukoa izanen da, baina ez da baztertzailea izanen.

7.3. Epaimahaiak argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu noiznahi, lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gainean.

7.4. Lehiaketaldia bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, iragarki oholean, izangai guztien zerrenda, bakoitzak lortu duen puntuazioarekin.

8.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira: p.a) Lehenbiziko zatia. 0tik 30era bitarteko puntuazioa du. II. eranskineko gaiei buruzko 10 galdera erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere ordu bat eta hogeita hamar minutuan. Proba honetan puntuazioaren erdia (15 puntu) ateratzen ez dituztenak bazterturik geldituko dira.

b) Bigarren zatia. Ordenagailuaren erabilera neurtzeko proba izanen da, gehienez ere 30 puntu izanen dituena. Ariketa honen gaineko xehetasunak III. eranskinean daude. Puntuazioaren erdia (15 puntu) ateratzen ez dituztenak bazterturik geldituko dira.

c) Elkarrizketa bat epaimahaiarekin, lanpostuarekin zerikusia duten gaiei buruz. Gehienez ere 10 puntu emanen dira.

8.2. Proba bakoitza non eginen den, aurreko proba egin den lekuan adieraziko da, iragarki bat jarriz, gutxienez 48 orduko tartea utzita. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira.

9.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa emanda, epaimahaiak azterketa gainditu dutenen zerrenda iragarki oholean paratuko du, lortutako puntuazioaren arabera antolatua, eta izendapen proposamena eginen du puntu gehien erdietsi duen izangaiaren alde.

9.2. Aezkoako Batzarre Nagusiak epaimahaiak proposatutako izangaia izendatuko du eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko. Izendapena jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean, delako izangaiak lan-kontratua sinatu beharko du, eta horretarako ondoko agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Osasun ziurtagiri ofiziala, karguan aritzeko galarazten ahal dion inolako eritasunik edota akats fisikorik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez dela izan dioena.

9.3. Ezarri epearen barrenean, eta behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, proposatutako izangaiak agiri horiek aurkezten ez baditu, ezin izanen da kontratua formalizatu eta baliorik gabe geldituko dira jarduketa guztiak, hasierako eskabidean faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

9.4. Aurreko 9.3. atalean adierazitakoa gertatuz gero, Batzarreak hutsunea beteko du 9.1. ataleko zerrendako hurrengo lekuetan dauden pertsonekin.

10.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

10.1. Hautapen prozesua bukaturik, Aezkoako Batzarre Nagusiak lan-kontratudun finko izendatuko du proposatutako pertsona.

10.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

10.3. Izangai izendatuak hilabetea izanen du, izendapena jakinarazten denetik, lanpostuaren jabetza hartzeko. Aipatu epean eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu Aezkoako Batzarre Nagusiko lan-kontratudun finko izateko, eta aurreko oinarrian esan bezala jokatuko da.

11.-Errekurtsoak.

11.1. Deialdi honen aurka, baita bere oinarri eta egintzen aurka ere, Nafarroako Toki Entitateendako legerian egun indarrean dauden errekurtsoak aurkez daitezke.

I. ERANSKINA

Izena: .........................., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia: ....... jaioteguna: ............, jaioterria: ..........(.....); helbidea (herria, karrika, zenbakia eta posta kodea): ................................ .............................., telefonoa: ............, gidatzeko karneta non-noiz luzatua:...................., lanpostuko egitekoetarako duen ibilgailuaren matrikula: .......

Zure aurrean agertzen naiz eta azaltzen dut:

Administrari laguntzaile lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onar nazatela eskatzen dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezgaitasun bakarra ere ez dudala.

Ez naizela diziplinazko espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan, eta eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua ez nagoela.

Deialdian eskatzen den titulazioa badudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez,

Eskatzen dizut eskabide hau ontzat eman eta, hortaz, administrari laguntzaile lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdira onar nazazula.

(Data eta sinadura)

II. ERANSKINA

1.-Nafarroako Administrazio Publikoetako langileak. Funtzionarioak, kontratudunak eta behin-behineko langileak: haien araubide juridikoari buruzko oinarrizko ezagupenak.

2.-Aezkoako Batzarre Nagusia: araubide juridikoa.

3.-Administrazio prozedura: 30/1992 Legea, Guztientzako Administrazio Prozedurari eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzkoa, eta legeria osagarria.

III. ERANSKINA

Ordenagailuko proba

Proba honen bidez neurtu nahi da ordenagailuak erabiltzean izangai bakoitzak duen trebezia. Testu lanketako programak (Word) eta kalkulu-orrikoak (Excel) aztertuko dira bereziki.

Iragarkiaren kodea: A0111527