148. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

23/2001 Foru Legea, azaroaren 27koa, saltoki handietarako zerga bat sortzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, SALTOKI HANDIETARAKO ZERGA BAT SORTZEKOA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako hiri-ereduaren ezaugarri historikoetako bat merkataritza-jarduera garrantzitsua edukitzea da. Merkataritza-jarduera hori hiriko bizitza dinamizatzeko eta lurzoru nahiz eraikuntzaren erabilera ezberdinak orekatzeko elementu garrantzitsuenetarikotzat jotzen da, halako heinean non beheko solairuan saltokiak egoteak Mediterranioko eremuan berezko hirigintza-eredua sortu baitu. Eredu horretan, merkataritzak jarduera ekonomikoari eusten laguntzen du, biziaren beharrei erantzuten die, eta topagune nahiz harremangune bilakatzen da. Familia-enpresa txikiz osaturiko enpresa-jarduera bat da, eta lanpostu egonkorrak sortzen ditu; jarduera ekonomikoaren esparruan garrantzi handia dauka.

Azkenaldi honetan, banaketa- eta salmenta-enpresa handien etorreraren ondorioz, gure hirietako merkataritza-eredua aldaketa funtsezkoa pairatzen ari da. Enpresa horiek penetrazio ekonomikorako ahalmen handia daukate, eta merkataritzaren arloko ohiturak eta egitura, batetik, eta lurralde-antolamenduko eredua, bestetik, haien eragina jasaten ari dira. Izan ere, merkataritza-jarduera hirigunetik kanpoaldera bultzatzen ari dira, eta horrek hiriguneko eremuak pixkanaka narriatzea ekartzen du -horiek leheneratzeko, inbertsio publiko handia behar da-. Saltoki handi horiek kokatzeko, urbanizaturiko eremu berrietako lurzorua behar izaten da, eta komunikazio-azpiegiturak ere bai, ibilgailuen joan-etorriak posible egiteko. Halaber, ingurumena kaltetzen da, eta euren inguruan hirigintza-igurikapenak sorrarazten dituzte.

Instalazio horiekin izandako esperientziak erakusten du berehalako trafiko-gorakada handiak izan ohi direla, errepideak gainezka egotea, errepideak neurri handian hobetu beharra, era guztietako inmisioen ondoriozko kutsadura, errepide-sareak egokitu eta mantentzeko inbertsio publikoko beharrizan berriak, eta kostu sozial eta ekonomikoak, ingurumenak eta hiriaren zentroko merkataritza-jarduerak pairatzen duten kaltearen ondoriozkoak. Hori guztia dela-eta, administrazio publikoak inbertsio handiak egitera behartuta egoten dira; izan ere, jarduera ekonomiko horrek, erosketa-ohiturak ez ezik, bizimoduak, hiriaren kalitatea eta bertako zerbitzuen antolaketa ere aldatzen ditu, eta hortik zenbait gizarte-kostu eratortzen dira.

Gizarte guztiari hain ondorio eta kostu sozial eta ekonomiko handiak ekartzen dizkion ekonomia jarduera mota horri zerga bat ezartzea zilegi da. Ezin da onartu jarduera horretatik etekinak lortzen dituztenak euren jardueraren kostuak ingurumenari, lurraldearen antolamenduari, azpiegiturari eta hiriko bizitzarari jasanarazten saiatzea. Kanpo-eragin horien ordez, kostuen barnekotasuna lortu behar da. "Fiskalitate berde" deritzonaren ildoan, xedea hauxe da: merkataritza-eremu handiek kokaleku eta etekin handien iturri daukaten erkidegoari ordain bat ematea, hain zuzen ere, azpiegiturek, ingurumenak, lurralde-antolamenduak, hirigune tradizionalek eta horien bizitzak eta jarduera ekonomikoak haien ondorioz jasaten dituzten eraginen ondoriozko kostu ekonomiko eta sozialen truke. Hirigune tradizionalei dagokienez, pixkanaka hondatzen ari dira. Merkataritza-jarduera menpean daukatela, gizarteak azpiegitura eta zerbitzuetarako eginiko inbertsio handiez baliatzen da euren lehiakortasuna; hori dela- eta, zentroaren eta kanpoaldearen arteko lurralde-orekari lagundu behar diote, hiriguneetako barnealdeko eta kanpoaldeko merkataritza-jardueren artekoari.

Helburu horiek lortzeko bitarteko bat fiskalitateaz kanpoko tributu bat eratzea da. Xede jakin bati loturikoa litzateke, haren bidez lorturiko baliabideak aipatu diren jardueretarako (lurraldea eta sektorea berriro orekatzea) aplikatuko bailirateke. Nafarroako Foru Komunitateak badauka horrelako tributu bat sortzeko eskumena, tributu-autonomia erabatekoa baitauka, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 45. artikuluak ezarritakoaren arabera. Halaber, lurralde-antolamenduaren (44.1 artikulua), ingurumenaren (57. artikulua) eta barne-merkataritzaren (56.1.d artikulua) arloetan ere eskumena dauka.

Legeak hamar kapitulu, hamazazpi artikulu, xedapen gehigarri bat eta azkeneko bi xedapen ditu. Lehen kapituluan ezartzen dira legearen xedea eta aplikazio-eremua, eta adierazten da dirusarrerak helburu zehatzei loturik egonen direla, merkataritzako eremu eta saltoki handien jarduerak lurralde antolamenduan, ingurumenean, azpiegituretan eta hiri-zentroetako jardueran dauzkan eragin negatiboak ordaintzeko. Bigarren kapituluak zergagaia, horren salbuespenak eta subjektu pasiboa arautzen ditu. Zerga-oinarria, likidazio-oinarria, tasa eta tributu-tasa hirugarren kapituluan zehazten dira. Laugarren kapituluak zergaldia arautzen du, eta, bosgarrenak, zergaren kudeaketa eta zergadunen erroldaren ezarpena. Kudeaketa-, ikuskapen- eta dirubilketa-egintzen berrikuspena eta araubide juridikoa seigarren eta zazpigarren kapituluetan arautzen dira.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Legearen xedea eta aplikazio-eremua.

Lege honen xedea saltoki handien gaineko zerga bat sortzea da. Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ezarritako guztiei aplikatuko zaie zerga hori.

2. artikulua. Zergaren xedea.

Merkataritza-eremu eta saltoki handien ahalmen ekonomikoari ezartzen zaio zerga; izan ere, horiek kanpo-eragin negatiboak sortzen dituzte, ez dutelako euren gain hartzen gizartearen bizitzari eragiten dioten kostu ekonomiko eta sozialak ordaindu beharra; batez ere, honako esparru hauetakoak: hiriguneetako egituraketa eta jarduerak, lurralde-antolamendua, ingurumena eta azpiegiturak.

3. artikulua. Baliabideen lotura.

Zerga honen bidez lorturiko dirusarrerak lotuak egonen dira hiriguneak birgaitzea, horietan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzea eta ingurumena nahiz azpiegitura-sareak hobetzea xedetzat duten jarduketa-programen prestaketa eta exekuzioa ordaintzera.

II. KAPITULUA

Zergagaia, salbuespenak eta subjektu pasiboa

4. artikulua. Zergagaia.

1. Zergagaia txikizkako salmentan diharduten eta behar den merkataritza-baimena duten saltoki eta merkataritza-eremu handi eta indibidualen jarduera eta funtzionamendua da; hain zuzen ere, hiriguneetan eta bertako jardueretan, lurralde-antolamenduan, ingurumenean eta azpiegituretan eragiten dutelako.

2. Saltoki indibidual handiak dira halakotzat jarduteko baimena jaso dutenak, salmentarako eta produktu eta zerbitzuen erakusketarako 2.500 metro koadro baino gehiago izateagatik, Iruñean eta Iruñerrian eta 12.000 biztanle baino gehiagoko udaletan baldin badaude, edo 1.500 metro koadro baino gehiago izateagatik, Nafarroako Foru Komunitateko gainerako udaletan baldin badaude.

5. artikulua. Salbuespenak.

Zergaren aplikaziotik salbuetsirik egonen dira lorezaintzan eta ibilgailuen, eraikuntza-materialen, makineriaren eta industri horniduren salmentan diharduten merkataritza-eremu edo saltoki indibidual handiak.

6. artikulua. Subjektu pasiboa.

Zergaren subjektu pasiboa 4. artikuluak definituriko saltoki edo merkataritza-eremu indibidual handiaren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa da, kontuan izan gabe saltoki kolektibo handi batean kokaturik dagoen ala ez.

III. KAPITULUA

Zerga-oinarria, likidazio-oinarria, karga-tasa eta kuota

7. artikulua. Zerga-oinarria.

Zerga-oinarria saltoki handi indibidualaren guztizko azalera da, metro koadrotan adierazia. Azalera hori honako kontzeptuek osatua izanen da:

a) Merkataritza-ekipamenduei buruzko berariazko legediaren araberako salmenta-azalera, azalera salbuetsiko 2.499 metro koadrotan murriztua, Iruñean eta Iruñerrian eta 12.000 biztanle baino gehiagoko udaletan baldin badaude, edo 1.499 metro koadrotan, Nafarroako Foru Komunitateko gainerako udaletan baldin badaude, salbu eta 12.000 biztanletik gorako hirigune batetik 10 kilometro baino gutxiagora dagoen herri batean dauden saltokiak, horiei 2.499 metro koadroko azalera salbuetsia aplikatuko baitzaie.

b) Biltegi, tailer, labe eta produkzio-eremuetarako azalera, salmenta-azalera murriztuaren eta salmenta-azalera egiazkoaren artean dagoen erlazioaren proportzioan murriztua.

c) Salmenta-azalera murriztuari honako irizpide hauen arabera aplikatzekoa den koefiziente biderkatzailea aplikatzearen ondoriozko aparkaleku-azalera:

-Aparkalekua erabiltzaileari fakturatzen dioten saltokiak: 1.

-Fakturatu ezean, salmenta-azalerako metro koadroak zati aparkaleku-azalerako metro koadroak egitetik ateratzen den koefizientea aplikatuko da.

-Saltoki espezializatu guztiei 0,5eko koefizientea aplikatuko zaie orobat.

Koefizientea aplikatzeari dagokionez, saltoki espezializatutzat jotzen dira noizean behin kontsumitzen diren produktu-multzo jakin batzuk nagusiki saltzen dituztenak; zehazki, honako hauek: altzariak eta etxeko gauzak, ekipamendu pertsonala, brikolajea, jostailuak, kirolak eta aisialdia.

8. artikulua. Likidazio-oinarria.

1. Likidazio-oinarria zerga-oinarriari 2. idatz-zatiak ezarritako koefizientea eta 3. idatz-zatiak ezarritako murrizketa, egoki bada, aplikatzearen ondoriozko emaitza izanen da.

2. Saltokiaren proiekzio horizontalak hartzen duen lurzoru-azaleraren arabera, honako koefiziente hauek aplikatuko dira:

-2.500 m2 baino gutxiago: 0,5

-2.501etik 5000ra bitartean: 0,7

-5.001etik aurrera: 1.

3. Altzari-salmentaren, saneamendu-produktuen, eraikuntzako arotzeriaren eta brikolajearen arloetan diharduten subjektu pasiboen likidazio-oinarria 2. idatz-zatia aplikatuz lorturiko emaitzaren gain ehuneko 60ko murrizketa aplikatuz lortuko da.

9. artikulua. Karga-tasa.

Karga-tasa metro koadro bakoitzeko 12 eurokoa (1.997 pezeta) izanen da.

10. artikulua. Tributu-kuota.

8. artikuluaren arabera kalkulaturiko likidazio-oinarriari aurreko artikuluko karga-tasa aplikatuz lortzen den emaitza izanen da zergaren tributu-kuota.

IV. KAPITULUA

Zergaldia

11. artikulua. Zergaldia

Zergaldia urte naturala izanen da. Irekitzeko edo handiagotzeko baimena urtarrilaren bata baino beranduago ematen bada, zergaldia kontatuko da baimen horren egunetik urtearen azken egunera arte. Saltokia itxi egiten bada, zergaldia urtearen lehen egunetik itxiera-egunera artekoa izanen da.

V. KAPITULUA

Zergaren kudeaketa eta zergadunen errolda

12. artikulua. Zergadunen errolda.

Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak urtero zergako subjektu pasiboen errolda bat egin eta argitaratuko du Foru Komunitateko Aldizkari Ofizialean, zergaren aplikaziorako beharrezkoak diren haien datuekin, zeinak prestatuko baitira horiek aitortu ondoren administrazioak behar bezala egiaztatu eta gero.

Errolda horretan bilduko dira subjektu pasiboaren merkataritza-identifikazioko datuak, eta baita sozietate-kapitalaren osaera eta titulartasunari buruzkoak, merkataritza-banaketaren sektorean Foru Komunitatean eta Foru Komunitatetik kanpo daukan partaidetza-kuotari buruzkoak, eta saltoki handien jarduera arautzen duen foru legeak eskatzen dituen guztiak ere.

13. artikulua. Aitorpena.

1. Zerga hau aplikatzen zaien saltokiak ireki baino lehen, horren subjektu pasiboek aitorpen bat aurkeztu beharko dute Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan. Aitorpen horretan, zerga aplikatzeko beharrezkoak diren datu guztiak, zeinak erregelamendu bidez zehaztuko baitira, bilduko dira.

2. Subjektu pasiboek jakinarazi eginen diote aipaturiko departamentuari gertatzen diren eta zergako elementuetan eragiten duten aldaketa guztiak, halako moldez non, egiaztatuak izan ondoren, kudeaketa-prozesuetan sar daitezen, eta likidazioan aldaketak eragin ditzakete, haien araberakoa ez bada. Likidazio gehigarri bat egin behar izanen balitz, subjektu pasiboari jakinaraziko zaio, eta erregelamenduak ezarritako epean ordaindu beharko du.

3. Saltokia ixten bada, aldez aurretik Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakinarazi beharko zaio, behar den likidazioa egin dezan. Likidazio hori subjektu pasiboari jakinaraziko zaio.

14. artikulua. Ordainketa.

1. Erregelamenduz ezarritako baldintzetan ordainduko da zerga.

2. Irekiera-urteari dagokion zerga-kuota kuotaren urte osoko kuota hura amaitu arte geratzen diren egunen kopuruaren arabera hainbanatuz lorturiko emaitza izanen da.

3. Itxiera-urteari dagokion zerga-kuota urte osoko kuota zergaldiaren hasieratik itxiera-egunera arte igarotako egunen kopuruaren arabera hainbanatuz lorturiko emaitza izanen da.

4. Tributu-zorra geroratu eta zatikatu ahalko da, Nafarroako Ogasuna titular deneko tributu-kredituetarako ezarritako izaera orokorreko baldintzetan.

15. artikulua. Kudeaketa eta ikuskapena.

1. Zerga kudeatu eta ikuskatzea Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokio.

2. Nafarroako Gobernuaren Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak eta Nafarroako udal eta gainontzeko toki erakundeek laguntza emanen dute, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari berehala eta inolako eskakizunik behar izanik gabe zerga kudeatu eta ikuskatzeko beharrezkoak diren datu, baimen eta informazio guztiak helaraziz.

VI. KAPITULUA

Zehapen-araubidea

16. artikulua. Arau-hausteak, zehapenak eta preskripzioa.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezarritako araubide orokorra aplikatuko da.

VII. KAPITULUA

Araubide juridikoa

17. artikulua. Egintzak inpugnatu eta berrikustea.

Zerga kudeatu, ikuskatu eta biltzeko egintzak eta, halaber, horien inpugnazioa eta berrikuspena, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrak ezarritako printzipioen eta araubidearen araberakoak izanen dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lege hau aplikatzekoa suertatzen zaien saltoki irekietako titularrek legeak indarra hartzen duenetik hilabeteko epean aurkeztu beharko dute hasierako datu-aitorpena, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuak zergadunen errolda eta urteko epearen hainbanatzeari dagokion likidazioa egin ditzan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Bigarrena.-Nafarroako Gobernuari eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariari esku ematen zaie foru lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0112380