148. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

22/2001 FORU LEGEA, azaroaren 27koa, Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 273. artikulua aldatzeari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, LURRALDEAREN ANTOLAMENDUARI ETA HIRIGINTZARI BURUZKO UZTAILAREN 4KO 10/1994 FORU LEGEAREN 273. ARTIKULUA ALDATZEARI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Lurzoruaren araubideari eta hirigintza-antolamenduari buruzko 1956ko maiatzaren 12ko Legeak lurzoruaren udal-ondarea era zedila xedatu zuen, "herriguneen zabalkundeari aurrea hartu eta hori teknikoki eta ekonomikoki garatu eta bideratzeko". Besterentzeetarako, oro har, enkante publikoa ezarri zuen, baina salbuespenak ere egin zituen, zuzeneko, doako edo prezio baxuago baten trukeko lagapena baimentzeko zenbait kasutan, hala nola helburu kultural publikoetarako, etxebizitza ultraekonomikoetarako edo enkanteetan lizitaziorik ez dagoenerako (153 eta 154. artikuluak).

Enkante bidezko besterentze-modu horri eutsi egin zion Lurzoruaren araubideari eta hirigintza antolamenduari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen apirilaren 9ko 1346/1976 Errege Dekretuko 168. artikuluak. 1986ko apirilaren 18ko Toki araubideari buruzko Legeko xedapenek arautzen zuten enkante hori; zehazki, ondare-izaerako ondasunak besterentzean enkantea erabil zedila ezarri zuen, arau orokor gisa, 80. artikuluak.

Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak ezarri zuen, 133. artikuluan, enkantea izanen zela toki entitateen ondasunak besterentzeko prozedura orokorra, trukearen eta salbuespen gisako zuzeneko besterentzearen kasuetan izan ezik.

Enkante bidezko besterentzearen tradizio hori ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuak hautsi zuen; horren bidez, Lurzoruaren araubideari eta hirigintza antolamenduari buruzko Legearen testu bategina onetsi zen, eta haren 284. artikuluak arautu zituen babes publikoko araubideren bati loturiko etxebizitzak eraikitzeko edo interes sozialeko beste erabilera batzuetarako lurzoruaren udal-ondarearen ordainduzko besterentzeak. Lehiaketa-sistemaren bidez arautu zituen, eta, xedatuaren arabera, prezioa ez zen izanen zegokien egiazko aprobetxamenduaren hirigintza-balioa baino baxuagoa. Lehiaketatik kanpo utzi ziren babes publikoko etxebizitzak sustatzen dituzten ongintzako edo izaera sozialeko erakundeentzako lagapenak. Uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 274. artikulua eta hango xedapen gehienak ere ekainaren 20ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuak ezarritako edukiaren eta araubidearen ildoari jarraitu zitzaizkion.

Konstituzio Auzitegiaren martxoaren 20ko 61/1997 epaiak lurzoruaren udal ondarea besterentzeko araudi osoan izan zuen eragina; hain zuzen ere, konstituziokontrako eta deusez deklaratu zuen, besteak beste, ekainaren 20ko 1/1992 Legegintzako Errege Dekretuko 284. artikulu jadanik aipatua. Xedapen indargabetzaile bakarreko lehen idatz-zatia deusezteak, apirilaren 9ko 1346/1976 Errege Dekretuari dagokionez -hain zuzen ere, horren bidez onetsi zen Lurzoruaren araubideari eta hirigintza antolamenduari buruzko Legearen testu bategina-, hark indarra berreskuratzea ekarri zuen; horrela, bada, Lurzoruaren udal ondareaz denaz bezainbatean, haren 168. artikuluak ere indarra berreskuratzea ahalbidetu zuen. Xedapen horren arabera, "Toki Entitateen lursailak besterentzeko enkante publikoa egin beharko da". Hala ere, xedapen horrek ez zuen indarrik izan Nafarroako Foru Komunitatean, bertan arau berekia baitzegoen: uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea.

Toki entitateen ondasunak besterentzeko prozedura orokorra enkantea zenez, arau horiek salbuespen bat egiten zuten lurzoruaren udal ondarekoak izanik babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko edo interes sozialeko beste xede batzuetarako erabiltzekoak zirenekin. Horrela, ordenamenduaren interpretazio sistematiko eta koherente baten bitartez, posible zen ondorioztatzea ezen, aipaturiko ondasunak xede horietarako erabiltzen ez zirenean, besterentzea enkante publikoaren prozedura orokorraren bitartez egin behar zela, eta ez salbuespenekoaren bitartez, zeina legez ezarritako kasuetara mugatu behar baitzen. Arauari buruzko ikusmolde horixe bera ondoriozta daiteke, 271. artikuluko 2. idatz-zatiaren edukitik, "hirigintza-planeamenduaren arabera babes publikoko araubideren bati edo interes sozialeko beste erabilera batzuei loturiko etxebizitzak" eraikitzeko xedeekin bateraezina den hirigintza-sailkapena daukaten lursailak besterentzeari dagokionez; izan ere, kasu horretan arauak lehiaketaren eta enkantearen artean aukera egiten uzten du. Beraz, lehiaketaren metodoa, salbuespen gisakoa, kasu horietarako baizik ez bada, enkanteak izan beharko luke besterentzea egiteko modua kasu horiek gertatzen ez direnean, hau da, babes publikoko etxebizitzak edo interes sozialeko erabilerak ez direnean; izan ere, kalifikazio hori ez dagokio planeamenduaren edozein xederi.

Administrazioak, besterentze-prozeduren objektibazioaren aurrean betiere bere erabaki-ahalmena eta irizpen-askatasuna areagotzen duten formulen aldekoa izaki, helarazi zituen interpretazio-zalantzak ikusirik, Nafarroako Parlamentuak lursail publikoen besterentze-araubidearen esparruan ekarpen garrantzitsua egin zuen, hirigintza-planeamenduak ematen dien erabileraren araberakoa. Sarrigurengo udalez gaindiko planeamendu sektorialak ukituriko eremua besterentzeko prozesua arautzen duen abenduaren 29ko 14/2000 Foru Legeak lursailen erabileraren arabera bereizi ditu besterentze-prozedurak. Etxebizitzetarako ondasunak lehiaketa publiko, lehiaketa-enkante, enkante, zuzeneko lagapen, Administrazioen arteko lagapen edo trukatze bidez besterentzea arautzen da. Etxebizitza librearen araubideko etxebizitza-erabilerarako edo jarduera ekonomiko edo aukerakoetarako egiten diren besterentzeak enkante bidez eginen dira betiere.

Lurralde-aplikazioari dagokionez, araubide berri hori Sarrigurengo udalez gaindiko planeamendu sektorialak ukituriko eremura mugatzen da, eta kontraesanean dago Foru Komunitate osoan indarra duen 10/1994 Foru Legeko 273. artikuluak xedaturikoarekin. Ondorioz, sistemaren zehaztasun eta bermerik handienak Nafarroako Gobernua eta Eguesibarko udal-dermioaren zati batera mugaturiko esparru bat ukitzen dituzte. Alabaina, udal-dermioaren gainerakoan eta beste edozein udaletan diskrezionalagoak eta objektibotasun gutxiagokoak diren irizpideak aplikatuz jardun dezakete, askoz ere balio ekonomiko handiagoa daukaten lursailen gain. Hori guztia dela-eta, beharrezkoa da bi araubideen arteko egokitzapena, toki entitateek lurzoruaren udal ondareko lursailak besterentzean Parlamentuak Nafarroako Gobernuarentzat ezarri dituen baldintza beretan jardun dezaten. Horretarako, etxebizitza libreak eraikitzeko edo edozein motatako jarduera ekonomikoak instalatzeko izateagatik ondare-balio handiagoa daukaten lursailak besterentzeko, enkante publikoa berreskuratu behar da.

Artikulu bakarra.-Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 273. artikulua honela idatzita geratuko da:

"273. artikulua. Lagapenak.

1. Udalaren lurzoru-ondareko terrenoak besterentzeko honako arau hauek beteko dira:

a) Hirigintza-planeamenduaren arabera etxebizitzetarakoak diren ondasunak besterentzeko honako prozedura hauetako bat jarraituko da:

1go. Lehiaketa publikoa edo enkantea.

2gn. Zuzenean, Foru Komunitateko titulartasun publikoko sozietate instrumentalei.

3gn. Lehiaketa bidez irabazi-asmorik izan gabe babes publikoko araubideren bati loturiko etxebizitzen eraikuntza sustatu eta sustapenaren bideragarritasuna bermatzeko bitartekoak eta esperientzia dauzkatela frogatzen duten laguntza-, gizarte- edo sindikatu-izaerako erakunde diren eskatzaileei. Kasu horretan, behar diren neurriak hartuko dira babes publikoko araubideari loturiko etxebizitzen azken hartzaileek etxebizitza horiek eskuratu ahal izateko baldintzak betetzen dituztela bermatzeko.

4gn. Administrazioen arteko lagapenak, hurrengo artikuluan arautuak.

Besterentzearen baldintzetan galdatuko da hura zilegitzen duten helburuak eta etxebizitza eskuratzeko eskatutako betebeharrak bete daitezela; haien artean, itzulketa, lehentasunez erosteko eskubidea eta atzera-eskuratzeko eskubidea ezarri ahalko dira.

b) Planeamenduan industrien erabileretarako ezarritako lurrak besterentzeko enkante publikoari emanen zaio lehentasuna, toki entitateei aplikatzekoa den araubideari jarraituz.

Enkantea esleitu gabe amaitzen bada, berriro ekinen zaio besterentzeari. Bigarren enkante horretan esleipen-hartzailerik ez badago, besterentzea zuzenean egin ahalko da, lizitazioko prezio tipoaz, eta eraikina sei hilabeteko epean hasi eta bere ezaugarrien araberako epean, inoiz ez bi urte baino gehiagotan, bukatzeko betebeharra ezarriz.

Aparteko kasuetan, letra honetan aipatzen den lurra interes publikoko erabilera edo proiektuetarako erabili nahi denean, udalek, beren eskumenak erabiliz, aipatu lurrak besterendu ahal izanen dituzte aurreko a) letran ezarritako bestelako prozedurei jarraituz.

c) Ekipamendu eta zerbitzu publikoetarako terrenoak zuzenean eta dohainik laga ahalko zaizkie instalazioen eraikuntza eta kasuan kasuko zerbitzua ematea euren gain hartzen duten erakunde ofizialei.

Partikularrek irabazi-asmorik gabe eman ditzaketen zerbitzuak eta ekipamenduak baldin badira, besterentzea egin ahalko da zuzenean eta dohainik, eta itzulketa-klausula izanen du bost urteko epean instalazioa ez egitearen edo hurrengo hogei urteetan zehar hura ez mantentzearen kasurako.

2. Erabilera industrialetarako Foru Administrazioaren lur publikoak besterentzeko enkante publikoari emanen zaio lehentasuna.

3. Erabilera merkataritzazkorako edo etxebizitza libreak eraikitzeko Nafarroako Administrazio Publikoen lur publikoak besterentzea enkante publikoaren bidez eginen da.

4. Besterentzeen prezioak ezin izanen dira izan besterentzen den aprobetxamenduaren hirigintza-balioa baino baxuagoak.

Enkante bidezko besterentzeetan, hasierako prezioa gutxienez hirigintza-balioa izanen da, eta horri gehituko zaizkio planeamendu, urbanizazio eta kudeaketaren ondoriozko kostu proportzionalak, eta egokitzerako beharrezkoak diren ekintza administratibo eta materialetatik eratortzen diren guztiak, eraiki zen urtetik iragandako urteen arabera dagokion balio-galeran gutxituz; betiere, teknikari aditu baten balorazioaren bitartez egin ahal izanen da.

5. Etxebizitzetarako terrenoak besterentzeko baldintza-orrietan zehaztuko dira urbanizazio eta eraikuntza obrak egiteko gehieneko epeak, etxebizitza eta lokalak saldu edo alokatzeko prezio eta baldintzak, etxebizitzak eskuratuko dituztenen ezaugarri sozioekonomikoak, etxebizitzen kalitatea arkitekturaren eta zerbitzuen ikuspegitik, eta proposamenen bideragarritasuna bermatzeko bitarteko tekniko eta ekonomikoen ezaugarriak".

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditu dira foru lege honen kontra doazen maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 271. artikuluaren bigarren lerroadea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Esku ematen zaie Nafarroako Gobernuari eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari Foru Lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzaten.

Bigarrena.-Foru Lege honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0112441