147. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

145/2001 FORU AGINDUA, azaroaren 22koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntzak egiteko langile teknikoak prestatu eta gaitzeko laguntzetarako dei egiten duena.

Maiatzaren 23ko 208/1991 Foru Dekretuak Nafarroako enpresen lehiakortasuna sustatzeko laguntza batzuk ezarri zituen. Bere 4. artikuluan xedatu zuen Foru Dekretua garatzen duten Foru Aginduen bidez erabakiko zela 3. artikuluan aipatzen den programa eta jarduera bakoitzerako laguntzaren norainokoa.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

Lehena.-2001. ekitaldirako ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntzak egiteko langile teknikoak prestatu eta gaitzeko laguntzetarako deialdia onestea.

Deialdi honen gastua 2001erako gastu aurrekontuko "Biltzarretara joateko dirulaguntzak" izeneko 840001-81200- 4809-542400 kontusailetik pagatuko da, 1.500.000 pezeta, hain zuzen ere. Aurrekontuetatik dirurik sobran bada zenbateko hori handitzen ahalko da.

Bigarrena.-Hona hemen deialdiaren

O I N A R R I A K

-Lehena: Xedea:

Laguntzen xedea da 2001ean teknikariak prestatu eta gaitzeko jarduera hauek hein batean finantzatzea:

a) Espainiako eta atzerriko zentroetan egin beharreko egonaldi laburrak, lan laburrak egiteko, teknika berriak ikasteko eta abarretarako, beti ere kasuan kasuko alorrean behar bezain akreditaturiko zentro edo enpresetan.

b) Biltzar edo konbentzio zientifiko eta teknikoetara joatea.

c) Prestakuntza, espezializazio eta teknologia eta ikerketa ikastaroak, baita garapen teknologikoari zuzenean edo zeharka loturiko produktuen garapenerako ikastaroak ere.

-Bigarrena: zenbatekoa.

Laguntzak jardueraren kostuaren % 100 egiten ahalko du.

-Hirugarrena: onuradunak eta betebeharrak.

Nafarroako enpresa eta zentroak izaten ahal dira deialdi honetako laguntzen onuradun, baita bertan diharduten teknikari, ikertzaile eta irakasleak ere, betebehar hauek betetzen badituzte:

"Espainiako edo atzerriko zentroetan egin beharreko egonaldi laburrak" izeneko a) motako jarduerak. Egonaldiek gehienez ere hiru hilabete iraunen dute eta epe hori luzaezina izanen da.

b)"Biltzar edo kongreso zientifiko eta teknikoak" izeneko b) motako jarduerak. Biltzar edo Konbentzioaren batzorde antolatzaileak ponentzia edo komunikazioak onartu dituela frogatzen duen agiria aurkeztea ezinbesteko baldintza izanen da.

-Laugarrena: eskabideak.

Eskabideak aurkezteko epea Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamargarren egun naturalean bukatuko da.

Zentroek, enpresek eta interesatuek berek aurkezten ahalko dute laguntzen eskabidea.

Eskabidea Industria eta Teknolgia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuaren izenean aurkeztuko da, bertako Erregistroan (Iruñeko Tomás Caballeko parkeko 1ean), edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen den beste edozein tokitan.

Eskabideak agiri hauek edukiko ditu:

I) Norberaren datuak.

II) Gaur egungo lanpostua eta eginkizunak.

III) Enpresa edo zentroaren datuak: zertan diharduen, tamaina, historial berritzailea, etab.

IV) Jardueraen berariazko datuak

a) motako jarduerak:

Egonaldia non eginen den, bertako zentro edo enpresaren deskripzioa eta balorazioa.

Berrikuntzetarako egonaldiak duen interesa frogatzen duen txosten labur bat.

b) motako jarduerak:

Biltzar edo Konbentzioaren erakunde antolatzailea, tokia, programa, iraupena, etab.

Edukiaren deskripzio laburra eta eduki horrek norberaren ikerketarako duen interesa.

Aurkezturiko ponentzia, komunikazio, eta abarren kopia, eta Batzorde Antolatzaileak onartu duela frogatzen duten agiriak.

c) motako jarduerak

Ikastaroa ematen duen zentro, enpresa edo erakundearen deskripzioa, tokia.

Edukiaren laburpena eta ikastaro edo programaren interesa.

V) Gastuen aurrekontua: bidaiak, egonaldia, izen-ematea, etab.

-Bosgarrena: ebaluazioa.

Berrikuntza eta Teknologia Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak eta horrek berak bidaliko dio proposamena Industria zuzendari nagusiari.

Eskatzailearen gorabeherak kontuan hartuko dira, hala nola, haren gaitasuna, eginkizun berritzaileetan emaniko denbora, baita dihardueneko zentro edo enpresaren maila teknologikoa eta historial berritzailea ere.

Berrikuntza eta Teknologia Zerbitzuak bidezkotzat jotzen dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu. Eskabidea baloratzeko kanpoko aholkuak ere eskatzen ahalko ditu.

-Seigarrena: ebazpena.

Industria zuzendari nagusiak eman edo ukatuko ditu laguntzak, Ebazpenen bidez.

Eskabideak noiz aurkeztu eta horrela emanen dira laguntzak, aurrekontuetan dirurik dagoeino.

-Zazpigarrena: ebatzi eta ordaintzeko epea.

Eskabideak ebazteko epea 2001eko abenduaren 15ean bukatuko da.

Epe horretan ebazpenik ematen ez bada esan nahi da ezetsi egin dela.

-Zortzigarrena: onuradunen eginbeharrak.

Onuradunek, 2001eko abenduaren 31 baino lehen, hau dena aurkeztu beharko dute:

Gastuen zerrenda eta horien frogak.

Dirulaguntzaren xede zen jarduera egin egin dela (eta aprobetxatu ere bai, hala bada) frogatzen duten agiriak.

Bestela, laguntza hartzeko eskubidea galdu eginen da.

-Bederatzigarrena: laguntzaren ordainketa.

Berrikuntza eta Teknologia Zerbitzuak laguntzen xede ziren jarduerei buruz txostena eman eta gero pagatuko dira, onuradunak jarduera bukatu eta gastuen frogak aurkeztu ondoren.

Laguntza kentzen ahalko da, arauak ez betetzeagatik, datu faltsuak emateagatik edo dirulaguntzei buruzko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluan aipatzen den beste edozein gertaera gertatzeagatik.

-Hamargarrena: laguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitzen ahalko da onuradunak jarduera berarako bestelako laguntzarik har badeza beste Administrazio Publiko batzuen aldetik.

Betiere, enpresek harturiko laguntzaren zenbatekoa bat etorriko da Estatuek enpresei eman diezaiketen "de minimis" laguntza motari buruzko Europako Batasuneko zuzentarauekin.

-Hamaikagarrena.

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

-Hamabigarrena.

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hirugarrena.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita bian.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0112218