146. ALDIZKARIA - 2001eko abenduaren 3a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

BERRAGU LIBURUTEGI ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Berragu Liburutegi Zerbitzuen Mankomunitatearen Estatutuak

I. TITULUA

Osaketa, izendapena eta helbidea

1. artikulua. Aria, Artzibar, Auritz, Erroibar, Garralda, Luzaide, Orbaitzeta, Orbara eta Oroz-Beteluko Udalek "Berragu" Liburutegi Zerbitzuen Mankomunitatea osatu dute (aurrerantzean Mankomunitatea), estatutu hauen II Tituluan adierazten diren bere eskumeneko zerbitzuak elkarren artean antolatu eta emateko.

Mankomunitate honen antolaketa eta funtzionamendua estatutu hauetan eta Nafarroako Toki Administrazioko 6/1990 Foru Legean, uztailaren 2koa, adierazten denari eta Nafarroako Toki Entitateei aplika liezazkioken gainontzeko arauei egokituko dira.

2. art. Mankomunitatearen nortasun juridikoak ez du zerikusirik izanen mankomunitatea osatzen duten udalen nortasunarekin. Honen ondorioz, izate juridiko nahikoa dauka bere helburu zehatzak betetzeko beharrezkoak diren jarduera juridiko guztiak aurrera eramateko.

Mankomunitatearen jarduera eremua goian aipatutako udalena izanen da.

3. art. Mankomunitatearen egoitza Aurizberriko Kontzejuko Herri Liburutegian dago. Hala eta guztiz ere, Mankomunitatearen organoen bilerak entitatea osatzen duten edozein udalerrian egin ahalko dira.

Mankomunitatea osatzen duten udalak bere udaletxeetako bulegoak erabiltzen uztera behartuta daude, mankomunitatea osatzen duten organoek bilkurak egin ditzaten.

II. TITULUA

Helburuak, eskumenak eta prestazioak

4. art. Mankomunitatearen helburua da bere eremuko udalerrietan liburutegi zerbitzuak ematea eta legegintza sektorialak gai honetan Toki Entitateei ematen dizkien eskumenak bere gain hartuko ditu.

Hauek dira, zehazki, Mankomunitatearen eginkizunak:

a) Bere jarduera eremuko bizilagunei eta giza eta kultur erakundeei liburutegi zerbitzuen gaineko eskubide, betebehar eta baliabideei buruzko informazioa ematea.

b) Liburutegi zerbitzuen sustapena eta garapena, bizilagunei informazioa eta ezagutza, prestakuntza eta autoikaskuntza eta sormen-aisialdiaren esparruetan zerbitzuak eskaintzeko.

c) Mankomunitatearen jarduera eremuan sor daitezken izaera publikoko kultur ekimenen garapenean laguntza ematea.

d) Mankomunitatearen jarduera eremuan informazio eta komunikazio teknologien ezarpena bultzatzea, informazioa eta kultura zabaldu asmoz.

e) Mankomunitatearen jarduera eremuan dauden behar eta baliabide material eta gizatiarrak antzematea, liburutegi zerbitzuen gestioa eraginkorra eta kalitatezkoa izan dadin.

f) Mankomunitatearen jarduera eremuan irakurketa eta liburutegi publikoa sustatzeko beharrezkoak diren programa zehatzak gestionatzea.

5. art. Bere eskumenen esparruaren barne, Mankomunitateak toki erregimeneko legegintzak Toki Entitateei onartzen dizkien ahalmen berberak ditu, ondoko bereizitasunak barne:

a) Zergak kobratzeko ahalmena, tasak edo prezio publikoak eta zerga bereziak ezartzeko bakarrik erabiliko da.

b) Desjabetzeko ahalmena derrigorrez okupatuak izan behar duten ondasunen udalerriko Toki Entitateari dagokio eta ondasun horiek udalerri bat baino gehiagotan baldin badaude Nafarroako Foru Komunitateari dagokio; azken honek Mankomunitateak eskatuta edo honen onurarako ahalmen hori erabiliko du.

III. TITULUA

Iraupen epea

6. art. Mankomunitate honen iraupen epea mugagabea izanen da eta bere funtzionamendua estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnean hasiko da, Nafarroako Toki Administrazioaren 6/1990 Foru Legeak, uztailaren 2koa, ezarritakoaren arabera.

IV. TITULUA

Gobernu organoen antolaketa

I KAPITULUA

Xedapen orokorra

7. art. Mankomunitatearen gobernu eta administrazioa organo hauei dagozkie:

a) Zuzendaritza Batzordea, ondoko kideez osatua: Presidentea, Presediente-ordea eta Idazkari/Diruzaina. Aurizberriko Kontzejuko Presidenteari hiru kargu hauetatik ezta bat ere ez egokituko ez balitzaio, Zuzendaritza Batzordeko kide izendatu beharko litzateke automatikoki.

b) Batzar Orokorra

II. KAPITULUA

Batzar Orokorra

8. art. Mankomunitatearen Batzar Orokorrak kide diren Toki entitateak ordezkatzen ditu eta udal horietako kideez osatua dago. Kide horiek toki Entitate bakoitzeko osoko bilkurak izendatuko ditu.

Batzar Orokorra udal hauteskundeak egin eta hiru hilabeteko epean eratuko da bilkura publikoan.

9. art. Batzar Orokorra osatuko duten kideen zenbatekoa arau hauek jarraikiz erabakiko da:

a) Mankomunitateko udal bakoitzari kide bana dagokio

b) Toki Entitate bakoitzari 500 biztanleko kide bat gehiago dagokio. Erroibarko Udalaren kasuan bigarren kidea Aurizberriko Kontzejuko presidentea izanen da. Aezkoa osatzen duten bederatzi udalek elkartu eta biztanle kopuruaren arabera dagozkien kide kopurua aurkeztu dezakete, kide horiek Aezkoako Batzarre Nagusiko kideak izan daitezkeelarik.

10. art. Batzar Orokorraren kideek, orokorrean, ondoko kasuetan utz dezakete bere kargua:

a) Kide den udalaren agintaritza bukatzen denean. Kasu honetan Batzar Orokorraren kidea izanen da ondorengoak kargua hartu arte, baina bakarrik administrazio arrunta aurrera eramateko. Denboraldi horretan ezinen dira gehiengo kualifikatua behar duten erabakirik hartu.

b) Epai irmoa, heriotza, Toki Entitatearen zinegotzi kargua edo Mankomunitatearen Batzar Orokorraren kide kargua betetzeko ezintasuna edukitzea edo hari uko egitea. Horrelakoetan Toki Entitate horrek kide berria izendatu beharko du.

11. art. Hauek dira Batzar Orokorraren eginkizunak:

1. Presidentea, Presidente-ordea eta Idazkari/Diruzainaren hautaketa eta kargugabetzea.

2. Presidentearen jarduna kontrolatu eta fiskalizatzea

3. Arautegi Organikoa onestea, hala nola Mankomunitatearen eskumenekoak diren gainontzeko xedapen orokorrak.

4. Zerga izaera duten baliabideak zehaztea, aurrekontuak aldatzea, bere eskumeneko gastuak xedatzea eta kontuak onestea.

5. Plantila organikoa, lanpostuak, lan eskaintza, langileak hautatzeko proben oinarriak, huts egite larri edo arinengatik jarri beharreko zigorrak, zerbitzutik apartatzea eta Mankomunitateko plantilan dauden langileen kaleratzearen berrespena onestea.

6. Kreditu edo garantia eragiketak erabakitzea eta kitaketak eta itxaronaldiak ematea horien zenbatekoa aurrekontuaren baliabide arruntetatik %50 baino gehiago ez denean, eta kredituen judizioz kanpoko ikuskapena, aurrekontuan aurreikusiak ez daudenean.

7. Ondasunen erosketa eta besterentzea, Presidenteari ez dagokionean.

8. Obra, zerbitzu eta horniduren kontratazioa, Presidenteari ez dagokionean.

9. Zerbitzuen kudeaketa eta udalekotzeko espedienteen onespena

10. Egintza administratibo eta judizialak aurrera eramatea

11. Bertze Administrazio Publikoekin batera koordinazio edo elkarlaneko hitzarmenak onestea

12. Batzar Orokorrari dagozkion bertze eginkizun batzuk horien onespenak gehiengo berezia behar dutenean eta legeek zehazki ematen dizkioten gainontzekoak

12. art. Batzar Orokorrak bere eginkizunetako edozein, Presidentearen esku utz dezake, toki erregimeneko legegintzan eskuordezinak direla aurreikusiak direnak izan ezik.

13. art. Erabakiak Nafarroako Toki entitateen erabakien erregimenaren arautegiaren arabera hartuko dira. Arau orokor bezala, erabakiak bertaratutako mankomunitatekideen gehiengo sinpleak hartuko ditu. Legeak hala xedatzen duenean gehiengo kualifikatuaren aldeko botua beharrezkoa izanen da.

Batzar Orokorrak bilkura arruntak eginen ditu aurrez ezarritako aldizkakotasunez. Bilkura bereziak ere eginen ditu, premiazkoak izan daitezkeenak. Bilkura arrunta urtero behin gutxienez eginen da.

III. KAPITULUA

Presidentea

14. art. Mankomunitatearen presidentea Batzar Orokorra eratzen denean hautatuko da, honako prozedurari jarraikiz:

a) Kandidatura aurkezten duen mankomunitatekide bakoitza hautagai izanen da

b) Hautagaietako batek kideen botuen gehiengo absolutoa lortuko balu presidente izendatuko lukete.

c) Ez badago gehiengo absolutoa lortu duen hautagairik, bigarren bozketa eginen da eta botuen gehiengo sinplea lortzen duena izanen da presidentea

d) Berdinketa suertatzen bada, berdinketa lortu duten izangaien artean biztanle gehien duen Toki Entitatearen ordezkaria izanen da presidentea

e) Berdinketa lortu duten kideek toki Entitate berbera ordezkatzen dutenean, kargua adinez nagusiena denarendako izanen da

f) Kandidaturarik aurkeztu ezean, kide guztiak hautagaiak izanen dira automatikoki.

15. art. Batzar Orkorrak Presidenteordea eta Idazkari/Diruzaina libreki izendatu eta kargutik kendu ahalko ditu.

Presidentea falta denean, gaixorik dagoenean edo bere eginkizunak aurrera eramateko eragozpenak dituenean, presidente-ordeak bere funtzioak beteko ditueta presidente kargua hutsik gelditzen denean bera izanen da ordezkoa presidente berria izendatu artean.

16. art. Hauek dira presidentearen eginkizunak:

1. Mankomunitatearen gobernua eta administrazioa zuzentzea

2. Mankomunitatea ordezkatzea

3. Batzar Orkorraren bilerak deitu eta hauen buru izatea.

4. Obrak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzea, ondoan aipatzen diren baldintzak betetzen direnean: Zenbatekoa aurrekontuaren baliabide arrunten %5 baino gehiago ez izatea; Zenbatekoa kontratazio zuzena egiteko ezarritako muga orokorraren %50 baino gehiago ez izatea; Zenbatekoa goian aipatutakoa baino gehiago denean urte bat baino gehiago iraun behar badute eta urteko aurrekontuan ezarritako kreditua baino altuagokoa eskatzen ez badute

5. Premia dagoenean, egintza judizial eta administratiboak aurrera eramatea

6. Aurrekontuen proiektuak prestatzea, bere eskumenen barnean gastuak xedatzea eta ordainketak agintzea, dirusarrerak gauzatuko dituzten dokumentuak baimentzea eta horien berri ematea. Kudeaketa eta garapen ekonomikoa, . onartutako aurrekontuaren arabera.

7. Mankomunitatearen interesak arriskuan daudenean neurri egokiak hartzea bere ardurapean, eta Batzar Orokorrari horien berri ematea lehen baino lehen.

8. Ondasun higigarriak eta higiezinak erostea, horien kostua aurrekontuaren baliabide arrunten %5 baino gehiago ez denean, ez eta kontratazio zuzenari ezarritako muga orokorraren %50 baino gehiago.

9. Ondasunak dohainik lortzea, erosketak atxekirik daraman baldintza edo modalitatea kostu handikoa den kasuetan izan ezik, kasu horretan eskumena Batzar Orokorrarena izanen baita.

10. Ondasun higigarri eta higiezinen besterentzea, horien kostua aurrekontuaren baliabide arrunten %5 baino gehiago ez denean eta kontratazio zuzenari ezarritako muga orokorraren %50 baino gehiago ez denean.

11. Mankomunitatearen langileei huts egite arinengatik zigorrak jartzea

12. Legeak espreski ematen dizkion gainontzeko eskumenak

13. Legeak liburutegi zerbitzuen aferetan udalei aitortzen dizkien eskumenak , bertzelako organoei expreski aitortzen ez badizkie.

17. art. Presidenteak bere eginkizun orokor zein zehatzak Zuzendaritza Batzordeko edozein kideren esku utz ditzake, Legeak eskuordezinak direla dioenak izan ezik.

Idazkari/Diruzainak bere karguari dagozkion eginkizunak beteko ditu.

V. TITULUA

Ondasunak eta Zerbitzuak

I. KAPITULUA

Ondasunak

18. art. Mankomunitatearen ondarea bereak diren izaera publikoko edo ondare ondasunez, eskubideez eta akzioz osatua dago.

19. art. Mankomunitatearen izaera publikoko ondasunak zerbitzu edo erabilera publikoa duten ondasun higiezinak dira, hala nola legeak izaera hori onartzen dizkien gainontzekoak.

20. art. Toki Entitateek Mankomunitateak bere gain hartzen dituen zerbitzuek atxekirik daramaten aktibo material eta inmaterialak utz diezaiokete Mankomunitateari dohainik eta hau udal kargetan subrogatuko da.

21. art. Mankomunitateak legegintzak Udalei bere ondasunen defentsan eta horien berreskurapenean ezagutzen dizkien eskubide berberak izanen ditu.

II. KAPITULUA

Zerbitzuak

22. art. Bere zerbitzuak eskaintzeko Mankomunitateak legalki ezarrita dagoen edozein kudeaketa-baliabide erabil dezake.

VI. TITULUA

Ogasuna

23. art. Mankomunitatearen Ogasuna honako baliabideez hornituko da:

a) Eskubide pribatuko dirusarrerak

b) Eskubide publikoko dirulaguntzak eta bertzelako dirusarrerak

c) Zerbitzuak emateagatik edo bere eskumenekoak diren jarduerak antolatzeagatik ezarritako tasak

d) Obrak egin edo bere eskukmeneko zerbitzuak ezarri, zabaldu edo hobetzeko zerga bereziak

e) Kreditu eragiketetatik ateratako dirusarrerak

f) Mankomunitatea osatzen duten Toki Entitateek jarritako dirusarrerak, zuzenbideko biztanleen araberakoak

g) Isuna eta zigorrak jartzean ateratako dirusarrerak

24. art. Mankomunitatearen diru-iturriak Mankomunitateak eman behar dituen zerbitzu edo jarduerak aurrera eramateko bakarrik erabiliko dira.

25. art. Mankomunitateak ahalmena du Nafarroako Gobernuari eskatzeko Toki entitateek Mankomunitaterekin dituzten zorrak ordaintzeko, Transferentzia Arrunten Fondotik Toki Entitate bakoitzari dagokion partaidetzatik beharrezkoak diren kantitateak kenduz.

VII. TITULUA

Langileak

26. art. Mankomunitatearen langilegoa funtzionarioak, behin betiko edo behin behineko lan-kontratudunak eta behin behineko langileez osatuko da, legeak eta plantila organikoak ezarritakoaren arabera.

VIII. TITULUA

Mankomunitateko kideen onarpena eta kide izateari uztea

27 .art. Udal-kide berrien onarpenak ondoko prozedura jarraitu beharko du:

a) Mankomunitatean sartu nahi duen Udalak eskaera eginen du

b) Batzar Orokorraren aldeko informea ikusi eta kideen gehinego absolutoak aldeko botua eman ondoren, erabakia hartuko da.

c) Iragarkia jendaurren egon beharko du hilabeteko epean

d) Hilabete horretan zehar alegaziorik aurkeztuko ez balitz onespena behin betikotzat emanen da. Kontrako kasuan Batzar Orokorrak aurkeztu diren erreklamazioak edo iradokizunak erantzun beharko ditu eta behin betiko erabakia hartu beharko du, horretarako gehinego absolutoaren aldeko botua beharrezkoa izanen delarik.

28. art. Mankomunitatearen kideek Mankomunitatetik ateratzeko honako arrazoiak

a) Udalaren eskaera, borondatezkoa

b) Udalak Mankomunitatearekiko dituen eginbeharrak behin eta berriro ez betetzea. Kasu honetan Mankomunitateak erabakia hartu beharko luke, aurreko artikuluaren b), c) eta d) idatz-zatietan ezarritako prozedurari jarraikiz.

Edozein kasutan ere Mankomunitateak eta Udalak elkarrekiko dituzten betebehar eta eskubideen likidazioa adostu beharko lukete.

Udal batek edo gehiagok Mankomunitatetik aterako balira eta horrek plantila organikoaren lanposturen bat edo gehiago kendu beharra ekarriko balu, udal hori edo horiek langileak bere plantila organikoetara pasatzea edo Mankomunitateak kontratoak bertan behera utzi beharko balitu sortutako ondorio ekonomikoak bere gain hartu beharko lituzkete.

29. art. Mankomunitatearen erabateko deuseztapenak Estatutuak aldatzeko toki erregimeneko legegintzak ezarriak dituen tramiteak egitea dakar.

Mankomunitatea deuseztatu ondoren, toki entitateek mankomunitateak dituen betebeharrak bere gain hartu beharko dituzte, zuzenbideko biztanleen araberako proportzioan. Modu berean Toki Entitate bakoitzak Mankomunitatearen ondasun eta eskubideetan izanen duen partaidetza irizpide berberaren arabera kalkulatuko da.

Mankomunitatea osatzen duten Toki Entitateek bi aukera izanen dute: bata Mankomunitatearen langileak bere gain hartzea eta bigarrena, lan kontratoak bertan behera uzteak dakarren ondorio ekonomikoak zuzenbideko biztanleen arabera udalen artean banatzea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Estatutu hauek indarrean jarri ondoko egunetik hilabeteko epearen barnean Toki Entitateen ordezkari guztiei Batzar Orokorra osatzeko bilkurara deituko zaie. Bilkura horretan Mankomunitatearen presidentea hautatuko da. Modu berean, Batzar Orokorraren iritziz premiazkoak diren bertzelako gaietaz ere mintzatu ahalko da.

Iragarkiaren kodea: A0111978