143. ALDIZKARIA - 2001eko azaroaren 26a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L E K U N B E R R I

Bikote egonkorren ordenantza

Lekunberriko Udalak Bikote egonkorren ordenantza onetsi zuen, hasiera batean, 2001eko maiatzaren 29ko bilkuran. Abuztuaren 15ean 2001eko 99. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen eta Udalaren iragarki oholean jarri zen ikusgai, jendaurrean egon den bitartean inork erreklamaziorik aurkeztu gabe. Hortaz, Udalak behin betikoz onetsi du ordenantza hori, 2001eko urriaren 5ean egin bilkura berezian. Haren testu osoa ondotik ematen da.

Aditzera ematen da orok jakin dezan.

Aditzera ematen da orok jakin dezan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 326. artikuluak hala agintzen baitu.

Lekunberrin, bi mila eta bateko ekainaren hemeretzian. Alkate udalburua, José María Aierdi Fernández de Barrena.

BIKOTE EGONKORREN UDAL ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Lekunberriko Udalaren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. art. Hau da ezkontzaz kanpoko elkartzea: elkartze libre eta publikoa, adin nagusiko bi lagunek edo adingabeko bi emantzipatuk osatzen dutena, zein den ere haien sexu orientazioa, senar-emazteen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago beste bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

3. art. Elkartzea egonkortzat hartuko da bikotekideak urtebete jarraian senar-emazteen gisa bizi izan badira. Halaber, bien arteko seme-alabarik dagoenean, orduan elkarrekin bizitzea nahikoa izanen baita, edo bikote egonkorra osatzeko nahia agiri publiko batean agertu badute.

4. art. Bikoteek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Erregistratu ahal izateko, elkartze egonkorra izan beharko du, hirugarren artikuluan xedatu bezala.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Lekunberriko udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako, eta auzotartasun zibil nafarraren jabe izan.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ez ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren beste erregistroren batean.

5. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikotekideek beren arteko elkartzeari buruz adierazten dituen argitasun guztiak agertarazi ahalko dituzte. Hitzez hitz idatzi ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aitzineko lerrokadan aipatutako edukiak geroago ere inskribatu ahalko dira bikoteko biak bertara azaldurik.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. art. Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak Bikote Egonkorren Udal Erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

8. art. Kasu hauetan, bikote egonkorra iraungitzat hartuko da:

-Kide bat ezkontzen denean.

-Bien artean hala erabakita.

-Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahita, beste kideari modu frogagarrian jakinarazita.

-Urtebetetik gora elkarrekin bizitzeari utzita.

-Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuak Bikote Egonkorren Udal Erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea iraungitzeko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

9. art. Erregistroa Udaleko Idazkaritza Orokorrean izanen da.

10. art. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

11. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den beste edozein idazpen agertaraziko da.

12. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

13. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko, ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta erregistroaren ardura duen funtzionarioak egiten dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondoren.

14. art. Doakoak izanen dira, erabat, bai inskripzioak bai egiten diren ziurtagiriak.

15. art. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasuneko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Lekunberriko Udalean.

I. ERANSKINA

Lekunberriko Udaletxean, halako egunean: ......, honako hauek agertu gara:

Izena: .........., jaioterria: ........, helbidea (erroldakoa): ............, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) N.A.N. zenbakia: ......., eta

Izena: ............., jaioterria: ............., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) N.A.N. zenbakia: .........

Eta honako hau azaldu nahi dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honetako erregistroan inskribatu gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Deklaratzen dugu:

Lehendabizi.-Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............ (gogorarazi behar zaio .......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian.)

Bigarren.-Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarren.-Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunik ere.

Laugarren.-Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Bosgarren.-Ez dugula nahi/nahi dugula gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarren.-Baimena ematen dugula Lekunberriko Udal Erroldan honako datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua maila eta xede bereko inongo erregistroan ere.

Horrenbestez,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Lekunberriko Udaleko erregistroan inskribatu gaitzatela eskatzen dugu.

Sin.: .......... Sin.: ...........

II. ERANSKINA

Lekunberriko Udalean, halako egunean ............ honako hauek agertu gara:

Izen-abizenak: ............., N.A.N.: ......, eta izen-abizenak: ............., N.A.N.: ......

Eta ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dut asmoa dudala bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udalaren erregistroan.

Horiek horrela, eskatzen dut bukatutzat edo iraungitzat eman dezazuela elkartzearen inskripzioa.

Iragarkiaren kodea: A0111536