143. ALDIZKARIA - 2001eko azaroaren 26a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

Z I Z U R

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Zizur Zendeako Udalak, 2001eko maiatzaren 10ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udalaren frontoi-kiroldegiaren eta igerilekuen erabilera arautzen duen ordenantza.

Jendaurreko aldiaren iragarkia 2001eko 85. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 13an; alegaziorik aurkeztu ez zelarik, Udalaren osoko bilkurak ordenantza hori behin betikoz onestea erabaki zuen irailaren 6an egin bilkuran, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedatuarekin bat.

Foru Lege horretako 326. artikuluan xedatua aplikatuz, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da osorik.

Gazolatzen, bi mila eta bateko urriaren hamaikan. Alkate udalburua, José Ricardo Pérez Torrano.

UDALAREN FRONTOI-KIROLDEGI ESTALIAREN ETA IGERILEKUEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. art. Udalaren frontoi-kiroldegi estalia eta igerilekuak jabari publikoko ondasunak dira. Zerbitzu publiko horiek katastroko 282 eta 283. lurzatietan (Asterain) daude kokatuta, 11. poligonoan, eta kirol, kultur eta gizarte alorretako helburuak dituzte.

2. art. Ordenantza honen xedea da frontoi-kiroldegiaren eta igerilekuen barruan kirol, kultur, gizarte eta atseden alorretako jarduerak arautzea, onura hauek lortzearren:

Instalazioak era egokian eta ordenatuan baliatzea, herritar guztiek haiek erabiltzeko aukera berak izan ditzaten.

Baliabide material eta giza-baliabide guztiak erabat aprobetxatzea.

Ahaleginak eta jarduerak koordinatzea.

Jarduerak erraz kontrolatzea.

3. art. Jarduera edonolakoa dela ere, Zizur Zendeako Udalak betiere eskuhartze administratiboa, kontrola eta zainketa eginen ditu, baita agintaritzari dagozkion eginkizun guztiak ere, baldin eta bere eskumenekoak badira.

4. art. Udaleko osoko bilkurari dagokio:

a) Ordenantza hau onetsi, aldatu edo baliogabetzea.

b) Udalerrian kirol jarduerak sustatzea, ikuspegi zabal batekin egiten diren ahalegin eta ekimen guztiak koordinatuz, beste erakunde batzuei dagozkien eskumenak deusetan ukatu gabe.

c) Eskolako kirola eta kirolzaleena bideratu eta bultzatzea.

d) Udalaren frontoi-kiroldegian eta igerilekuetan behar diren langile tekniko eta administratiboak kontratatzea.

e) Inbertsio planetatik sortutako obligazioei eta instalazioen gastu arruntei aurre egiteko, urtero behar diren kredituak zehaztea.

f) Erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezio publikoak eta tasak finkatzea.

g) Nafarroako Gobernuari, erakunde publikoei, enpresa pribatuei eta partikularrei dirulaguntzak eta bestelako laguntzak eskatzea eta haiek emandakoak onartzea.

h) Ordenantza hau interpretatzea eta sortzen diren zalantzak argitzea.

5. art. Alkateari edo honek eskuordeturiko pertsonari dagozkio honakook:

a) Instalazioak zuzendu eta zaintzea, eta zerbitzuak antolatzea.

b) Instalazioen erabilera, eta kirol eta kultur jardueren programak koordinatzea. Horretarako, besteak beste, instalazioak erabiltzeko baimenak emanen dizkie kirol, kultur, eskola eta gizarte alorretako entitateei.

c) Instalazioak erabiltzeko ordutegia eta oporrak edo konponketak direla-eta egiten diren itxialdiak finkatzea, arrazoiturik. Bandoen bidez jakinaraziko da hori guztia, deusetan ukatu gabe ohiko erabiltzaileei banan banako jakinarazpena egitea.

d) Gastuak xedatzea, bere eskumenaren mugak eta aurrekontuko kredituak gainditu gabe.

e) Legez ezartzen diren tasak eta prezio publikoak jasotzeko baimena ematea.

f) Jarduerak ikuskatzea, ordenantza honen aurkako arau-hausteak zehatuz.

g) Legeek berari ematen dizkioten gainerako ahalmenak, bai eta Udalari eman eta espresuki osoko bilkuraren esku uzten ez diren gainerakoak ere.

Ikusleen eskubideak eta eginbeharrak

6. art. Instalazioetan antolatzen diren kirol, kultur eta gizarte egintzetako sarrera dohakoa izanen da.

Sarrera ordaindu beharra dakarren edozein jarduera antolatzeko, Alkatetzak emandako baimen idatzia beharko da.

7. art. Instalazioetan ez da animaliarik sartuko.

Itsuaurreko txakurrak sartzen ahal dira, baldin eta identifikatuta badaude, beren lana egiten badihardute, eta higiene eta osasungarritasun baldintzak betetzen badituzte, Ikusmen urriko pertsonak itsuaurreko txakurrekin tokietan sartzeari buruzko urriaren 8ko 10/1993 Legearen arabera.

8. art. Toki batzuetan espresuki adierazita dago erre daitekeela; leku horietatik kanpo ezin da.

9. art. Toki batzuetan espresuki adierazita dago jan eta edan daitekeela; leku horietatik kanpo ezin da.

10. art. Kirol, kultur edo eskola jarduera batean parte hartzen dutenak bakarrik sartzen ahal dira pistetan eta aldageletan, beste inor ez, nahiz eta kirolarien edo ikasleen lagunak edo familiakoak izan.

Debeku honetatik aske daude 16 urte baino gutxiago edo elbarritasunen bat duten kirolarien edo ikasleen ordezkaria edo familiakoa. Hau aldageletan sartzen ahalko da, eta berari dagokio ordenantza honetatik hura ukitzen duten arauak betearaztea eta betetzearen ardura izatea.

Instalazioen erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

11. art. Erabiltzaileek instalazioak erabiltzen ahal dituzte, haien izaera, baimendutako jarduerak, federazio arauak eta ordenantza honek erabilera horri buruz ezarritako arauak kontuan izanik.

12. art. Edozein erabiltzailek dauka eskubidea bidezko juzgatzen dituen erreklamazioak eta iradokizunak aurkezteko atezainari edo, idatziz, Alkatetzari.

13. art. Instalazioak kirola eta, inoiz, beste jardueraren bat egiteko erabiltzen dituzten entitateak, elkarteak eta partikularrak, honela sailkatzen dira:

Ohikoak: beren jarduna programatua dutenez, instalazioak aldizka edo sarri erabiltzen dituztenak. Abonodunek bakarrik egin ditzakete honelako erreserbak.

Noizean behinekoak.

14. art. Debeku da kiroletakoak ez diren oinetakoekin pistan sartzea.

15. art. Instalazioetako ondasun higigarri eta higiezin guztiak errespetatzeko konpromisoa hartzen dute erabiltzaileek. Ondasun horietan egin kalteak egileak berak edo haren ordezkari legalak ordainduko ditu. Udalak auzibidera jo dezake kalteak eta kalteordainak erreklamatzeko.

Erabiliko duten materiala erabiltzaileek paratu eta kendu beharko dute, arduradunari horren berri emanda.

16. art. Ordenantza honetako arauen aurkako jokabidea duten erabiltzaileei zein ikusleei, edo une horretan instalazioan dauden pertsona edo gauzak errespetatzen ez dituztenei instalaziotik ateratzeko aginduko zaie.

Jardueretarako baimenak eta jardueren koordinazioa

17. art. Noizean behineko erreserbak instalazioetan eginen dira edo telefono honetara ..... deituta; arduradunekin hitz egin beharko da, eta eguna, ordua eta erabiltzailearen izena adieraziko zaizkie.

Ohiko erabiltzaileek alkatearen baimen idatzia eskuratuko dute, aldez aurretik, eta ez da urtebete baino luzeagoa izanen, deusetan ukatu gabe bidezko diren luzapenak.

Kirol, kultur eta eskola entitateek idatziz jakinaraziko diote Udalari, denboraldiaren hasieran eta betiere hamabost egun lehenagotik, jarduera, entrenamendu eta saioen egutegia; baimen eskaera horretan, jarduera edo kirol mota, eguna eta ordua aipatuko dituzte, koordinazioa egiteko, instalazioak era egoki eta ordenatuan erabili, eta hobeto aprobetxatzeko.

18. art. Egun eta ordu berak eskatzen badira, alkateak entitateen arduradunak deituko ditu arazoari irtenbidea emateko. Alkateari dagokio, interesatuei entzun ondoren, ebaztea eta baimenak ematea.

19. art. Eskola orduetan, ikastetxe publiko honek izanen du lehentasuna: ...

Eskola orduetatik kanpo, Udalerriko kirol eta kultur entitate eta elkarteek izanen dute lehentasuna.

20. art. Jarduera baterako zehaztutako eta baimendutako denbora igarotzen denean, protagonistek pistatik alde egin beharko dute, bereziki ondoren beste jarduera bat badago.

21. art. Jarduera egin duten taldeek erabiliko dituzte aldagelak, ez beste inork, eta gehienez ere ordu erdi egonen dira, jarduera bukatu ondoren.

22. art. Aldegeletako giltzak arduradunak emanen ditu, eta hari zaizkio itzuliko, bukatutakoan.

23. art. Kasu berezietan, alkateak badu eskubidea ordu batean edo gehiagotan erabilera baimena baliorik gabe uzteko, baldin eta eskaera berezi bati erantzun beharra suertatu edo Udalak antolatu egintzak gauzatu nahi badira. Betiere, ukitutakoek horren berri izanen dute, gutxienez 10 egun lehenagotik eta, posible bada, erabiltzeko baimena beste egun edo ordu batera aldatuko da.

24. art. Instalazioak erabiltzeko baimena izateko, aldez aurretik tasa edo prezio publikoa ordainduko da.

Behin baimena lortutakoan, instalazioak ez erabilita ere, tasa edo prezio publikoa ordaindu egin beharko da, deusetan ukatu gabe baimena kentzea, erreserbatutako orduetan behin eta berriz ez erabiltzeagatik.

Instalazioak mantendu eta zaintzea

25. art. Instalazioen segurtasuna, osasungarritasuna eta apaintasun publikoa zainduko dira.

26. art. Instalazioen arduradunek ematen dituzten jarraipideak eta aginduak beteko dira, betiere.

Instalazioen arduradunari jakinarazi eginen zaio baldin eta anomaliaren bat ikusten bada edo jardueretan era normalean arituta kalteren bat egiten bada.

27. art. Udalak ez du inoiz ere erantzukizunik izanen aldageletan eta armairuen barruan utzitako gauzen gainean.

28. art. Instalazioetan publizitate finkoa ezartzeko, mezua gauzatzeko edozein euskarri erabiltzen dela ere, aldez aurretik baimena lortu eta dagokion tasa edo prezio publikoa ordaindu beharko da.

Ezin izanen da publizitate finkorik ezarri instalazioen kanpoko aldeko paretetan; ezta barruan ere baldin eta euskarriak duen forma, kolore, marrazki edo hitzengatik bertako seinaleekin nahas badaiteke, ikustea eragotz badezake edo ikusleen nahiz erabiltzaileen segurtasunari kalte egin badiezaioke.

Arau-hausteak eta zehapenak

29. art. Ordenantza honen aurkako arau-haustea da bertan ezarritako betebeharrak edo debekuak ez betetzea.

30. art. Zehapen prozedura instruitzeko organo eskuduna lehen alkateordea da, eta hastea eta ebaztea alkatearen esku daude.

31. art. Ordenantza honen aurkako arau-hausteak alkateak zehatuko ditu, ezarri behar dituen zehapenak mailakatzean bereziki irizpide hauek izanik kontuan:

Egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

Kalteak nolakoak diren.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek 31 artikulu eta azken xedapen bat ditu eta indarra hartuko du Udalak behin betikoz onetsi, testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluak zehazturiko epea igarotakoan.

Iragarkiaren kodea: A0111296