140. ALDIZKARIA - 2001eko azaroaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

303/2001 FORU DEKRETUA, urriaren 22koa, "Asteraingo transformazio zentroa elikatzen duen 13.2 Kv-ko goi tentsioko linea elektrikoa aldatzeko proiektuko" lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzapenaren ondorioetarako, presakoa dela deklaratzen duena.

Zizurko Udalak, 2001eko uztailaren 3an hartutako Erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zuen aipatu proiektua, eta hasiera eman zion lan horiek ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozedurari. Espedientea jendaurrean egoteko hamabost eguneko epea ezarri zen.

Jendaurrean egoteko epea amaiturik, Zizurko Udalak, 2001eko irailaren 6an egindako osoko bilkuran, proiektua behin betikoz onetsi zuen, eta erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presako deklaratzeko, nahitaezko desjabetzapenaren ondorioetarako.

Lanen garrantzia eta presa abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren ondorio dira, espresuki debekatzen baitu kirol zelaietan linea elektrikoen bide zorra jartzea. Beraz, futbol zelaia moldatzeko obrak urrian bukatzekoak direnez, aurreko artikuluak agindutakoari jarraikiz linea elektrikoa lehenbailehen aldatzen ez bada, ezin izanen da futbol zelaia erabili.

Nafarroako Gobernuak, Zizurko Udalak alegatutako arrazoiak ikusirik, bidezkotzat jo du desjabetzapenak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko urriaren hogeita bian egindako bilkuran hartu zuen erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, "Asteraingo transformazio zentroa elikatzen duen 13.2 Kv-ko goi tentsioko linea elektrikoa aldatzeko proiektuko" lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urriaren hogeita bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0111313