140. ALDIZKARIA - 2001eko azaroaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

302/2001 FORU DEKRETUA, urriaren 15ekoa, Tuterako Udalaren herrilurreko 18.037 metro koadroren desafektazioa onesten duena, ondoren haien erabilera lagatzeko.

Tuterako Udalak 18.037 metro koadroko herrilurra desafektatzeko onespena eskatu dio Nafarroako Gobernuari, gero haren erabilera lagatzeko. 3. poligonoko 1827. lurzatiren zati bat da, "San Julián" izeneko parajean.

Proposatutako desafektazioaren xedea da aipatu lurrak Nafarroako Foru Komunitateari lagatzea Eskola Tekniko Industriala martxan dagoen bitartean, handitu ahal izan dezaten.

Tuterako Udalak zorrotz bete du espediente honen xede den arloaren gainean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak dioena, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa ere (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko urriaren hamabosteko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Tuterako Udalaren herrilurreko 18.037 metro koadroren desafektazioa onestea. 3. poligonoko 1827. lurzatiaren zati bat da, "San Julián" izeneko parajean.

2. artikulua. Baimena ematen zaio Tuterako Udalari desafektatutako lurrak Nafarroako Foru Komunitateari lagatzeko, Eskola Tekniko Industriala martxan dagoen bitartean, handitu ahal izan dezaten.

3. artikulua. Desafektazioaren onespena Tuterako Udalak onetsi zuen baldintza plegua betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinean adierazten baita herrilur hura herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertu edo betetzen ez badira.

4. artikulua. Tuterako Udalak espediente honen xede diren lurren mugak jarri behar ditu.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urriaren hamabostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0111070