140. ALDIZKARIA - 2001eko azaroaren 19a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

ERDIALDEA GARATZEKO PARTZUERGOA

E D I K T U A

Erdialdea Garatzeko Partzuergoko lehendakariak, María Carmen Ochoa Canela andreak, datako egunean ondoko probidentzia eman zuen:

Batzarre Orokorrak bi mila eta bateko urriaren hogeita lauan hartu erabakiaren bidez, Nafarroako Erdialdeko Toki Ekintza Taldearen eraketa onetsi da. Taldeak ondoko estatutuak izanen ditu arau:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izena eta izaera juridikoa.

Nafarroako Erdialdeko toki ekintza taldea izaera administratiboko erakunde autonomoa da, Erdialdea Garatzeko Partzuergoak eratua.

Nafarroako Erdialdeko toki ekintza taldeak berezko nortasun juridikoa izanen du eta bere helburuak lortzeko ahalmen osoa, eta bertan ondoko artikuluetan xedatutakoa izanen da arau: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 192 eta 196. artikuluetan xedatutakoa eta Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/85 Legearen 85. artikulua.

2. art. Erakunde autonomoaren egoitza.

Erakunde autonomoak Erriberriko Rua Romana kaleko 5ean du egoitza.

3. art. Helburua eta xedea.

Erakunde Autonomoaren helburua da erdialdeko garapena sustatzea, eta horren barnean, administrazioetatik etorritako laguntzak eta elkartearen ekimen propioak bideratu nahiz kudeatzea.

4. art. Eskurantzak.

Erakunde Autonomoak, bere xedeak betetzearren, ondoko eskurantzak ditu:

a) Toki, herrialde eta nazio mailako entitate publikoei nahiz Europako Batasunekoei dirulaguntzak eta bertzelako laguntzak eskatzea eta horiek kudeatzea.

b) Udalei nahiz gainerako entitateei kuoten ordainketa eskatzea.

c) Bere eskumenen esparruan entitate pribatuen laguntzak edo dirulaguntzak kudeatzea.

d) Banku eta aurrezki kutxei kredituak eta maileguak eskatzea.

e) Hitzarmenak eta obra edo zerbitzu kontratuak sinatzea, baita bere funtzionamendurako behar diren gainerako egintza guztiak ere.

f) Behar diren zerbitzuak antolatzea.

g) Langileak kontratatzea.

h) Entitatearen funtzionamendua bermatzeko behar diren inbertsioak egitea.

i) Laguntzak eta dirulaguntzak ematea.

4. art. Erakunde Autonomoaren indarraldia eta iraupena

Erakunde Autonomoa denbora mugarik gabe ezarri da.

II. KAPITULUA

Antolaketa

6. art. Erakunde Autonomoaren organoak.

Honako hauek dira Erakunde Autonomoaren gobernu organoak:

-Batzarre Orokorra.

-Batzorde Betearazlea.

-Lehendakaria.

-Diruzaina.

-Idazkaria.

7. art. Batzarre Orokorra.

1. Batzarre Orokorra Erakunde Autonomoko gorengo organoa da eta bertan erakundeko entitate guztiak daude ordezkaturik.

Entitateek aukeratuko dituzte Batzarre Orokorreko ordezkariak, zeinek bereak. Ordezkarioi behar bezalako egiaztagutuna emanen zaie.

2. Erdialdea Garatzeko Partzuergoko Batzarre Orokorreko hamaika kideak izanen dira Erdialdea Garatzeko Partzuergoko ordezkariak.

3. Elkarte, erakunde eta bestelako entitateek aukeratuko dituzte beren ordezkariak, zeinek bere estatutuen arabera.

Elkarte, erakunde edo entitate bakoitzak titular bana aukeratuko du eta ordezko bana, zer gerta ere.

4. Batzarre Orokorrak ondoko eskurantzak ditu:

a) Berrikuntza programa ezartzeko prozesua bultzatzea, baita eskualdearen garapenerako bertze edozein estrategia ere.

b) Jarduketa programak onestea.

c) Erakunde Autonomoko aurrekontu arrunt nahiz bereziak eta kontu orokorrak onestea.

d) Batzorde Betearazleak azterzeko ematen dizkion gaiei buruzko iritziak emanen ditu.

e) Diruzaina hautatzea.

f) Erakunde Autonomoan bertze entitate edo elkarteen sarrera onestea.

g) Estatutuak, Barne Araubiderako Erregelamendua eta garrantziko bertzelako agiri organikoak onetsi eta aldatzea.

Erabateko gehiengoa beharko da gai horiek onesteko, a), c) eta e) ataletako gaietarako izan ezik. Batzarre Orokorrak Batzorde Betearazlearen esku utz dezake a) ataleko eginkizuna.

5. Batzarre Orokorreko bozketa sistemari doakionean, ordezkaritza taldeak ezarri dira sektoreka, eta entitateen ordezkariek botorako eskubidea izanen dute portzentaje jakin baten arabera. Hona hemen aipatu taldeak eta bakoitzaren boto portzentajea:

-Erdialdea Garatzeko Partzuergoa: 100 boto.

-Langileen sindikatuak: 20 boto.

-Enpresaburuen elkarteak: 20 boto.

-Nekazaritza erakundeak: 20 boto.

-Koopetaratiben elkarteak: 20 boto.

-Bertzelako elkarteak: 20 boto.

Gisa horretan, Erdialdea Garatzeko Partzuergoko ordezkariek Batzarre Orokorraren botoen ehuneko 50 izanen dute.

Elkarteko kide bakoitzaren boto kopurua izanen da nork bere sektorean duen portzentajeari dagokiona.

8. art. Batzorde Betearazlea.

1. Batzorde Betearazlea Erakunde Autonomoko agintaritza, kudeaketa eta administrazio organo kolegiatua da.

Lehendakariak, lehendakariordeak, diruzainak eta zortzi mahaikidek osatzen dute.

-Lehendakaria: Erdialdea Garatzeko Partzuergokoa.

-Lehendakariordea: Erdialdea Garatzeko Partzuergokoa.

-Hiru mahaikide: Erdialdea Garatzeko Partzuergoa ordezkatzen duten kideak.

-Bost mahaikide: sektoreetako ordezkaritza duten taldeen ordezkari bana.

Diruzain kargua betetzeko Batzorde Betearazleko kideen artean hautatuko da norbait, udal entitateetakoak ez direnen artean.

2. Batzorde Betearazlean parte hartzen duten entitateetako ordezkariak lau urterako hautatuko dira. Toki hauteskudeak egiten direnean berrituko dira Erdialdea Garatzeko Partzuergoko ordezkariak, eta gainerakoak, berriz, hauteskundeak egin eta bi urteetara.

3. Batzorde Betearazlearen eskumenak dira Erakunde Autonomoaren kudeaketa, gobernua, administrazioa eta ordezkaritza egiteari dagozkionak, eta bereziki ondokoak:

a) Batzarre Orokorrak harturiko erabakiak betearaztea.

b) Partzuergoaren xedeak erdiesteko eta, orokorrean, horrek behar bezala funtzionatzeko behar diren neurriak hartzea.

c) Urteko txosten ekonomikoa, aurrekontua, memoria eta jarduera plana eta komenigarri juzgatzen dituen txosten guztiak prestatzea, Batzarre Orokorrari aurkezteko.

d) Estatutuko eta elkartearen gainerako agirietako aginduen edukia aplikatzea.

e) Sartzeko sariaren zenbatekoa eta kide-sari aldizkako nahiz berezien zenbatekoa proposatzea, baita ordaintzeko modua ere.

f) Estatutuen aldaketa proposatzea eta elkartearen bertzelako araudia, nahitaez bete beharrekoa, prestatzea.

g) Partzuergoaren estatutuei eta agiriei jarraikiz, kideen onarpenari, zehapenari eta botatzeari dagozkionak Batzarre Orokorrari jakinaraztea, horren gaineko ebazpena eman dezan.

h) Lehendakariak uko eginez gero, Batzarre Orokorrerako deia egitea.

i) Zorrak eta obligazioak onartzea eta, Batzarre Orokorraren erabakien ondorioz, elkartearen helburuak betetzeko beharrezkoak diren agiri publiko nahiz pribatuak ematea erabakitzea.

j) Egoki juzgatzen dituen lan batzordeak eta haiek jarduteko araudia sortzea.

k) Lege, estatutu eta elkartearen agirien ondoriozko bertzelako betekizun guztiak, Partzuergoaren xedearekin bat datozenak eta entitatearen jarduera onerako beharrezkoak direnak, baldin eta bertze organoen esku ez badaude.

9. art. Lehendakaria.

1. Erdialdea Garatzeko Partzuergoko lehendakaria da Erakunde Autonomoko lehendakaria.

2. Lehendakaria Erakunde Autonomoko organo betearazlea da eta haren legezko ordezkaria, Batzarre Orokorraren nahiz Batzorde Betearazlearen bilkuretarako deia egiten du eta bertan bera da buru, eta bertan hartu erabakiak betearazten ditu.

3. Lehendakariari ondoko ahalmenak dagozkio:

a) Batzarre Orokorraren nahiz Batzorde Betearazlearen bilkuretarako deia egitea eta bertan buru egitea, ezatabaidak zuzentzea eta bilkurak amaitzea.

b) Batzorde Betearazleko berdinketak ebaztea, kalitatezko botoaren bidez.

c) Modu baliozkoan erabakitako ordainketak agintzea.

d) Erakunde Autonomoa ordezkatzeko eginkizunak izatea.

e) Batzarre Orokorrean nahiz Batzorde Betearazlean hartu erabakiak betetzen direla begiratzea.

f) Orotariko kontratazioak eta kontzesioak, betiere zenbatekoa ez bada aurrekontuko baliabide arrunten ehuneko 10ekoa edo milioi bat pezetakoa baino handiagoa.

g) Legeriak, elkarteko organoek eta Estatutuek ematen dizkioten gainerako eginkizunak.

Lehendakaria bertan ez bada, huts egiten badu edo eri badago, lehendakariordeak ordezkatuko du.

4. Lehendakariak bere kargua utziko du baldin eta:

a) Agintaldia betetzen badu.

b) Gorputzez edo adimenez gai ez bada.

c) Bere karguarekin bateraezinak diren jarduerak burutzen baditu.

d) Kargua betetzean legea hausteagatik zigor-epai irmo baten bidez kondenatua bada.

e) Bere kargua uzten badu.

f) Hiltzen bada.

10. Batzorde Betearazleko bertze kide batzuk

1. Lehendakaria bertan ez bada edo eri badago, lehendakariordeak ordezkatuko du. Hura izanen da jarduneko lehendakaria lehendakaritza hutsik badago.

2. Diruzainaren eginkizunak hauek dira:

a) Erakunde Autonomoko diruak bildu eta gordetzea.

b) Kontabilitatea zuzentzea.

c) Elkarteko dirusarreren kontu-hartzailetza egitea.

d) Lehendakariak ematen dituen ordain aginduak betearaztea.

e) Jite ekonomikoko eragiketa guztien kontuhartzailetza egitea.

f) Memoria, aurrekontua eta balantzea aitzinaraztea, Batzorde Betearazleari eta Batzarre Orokorrari aurkezteko.

11. art. Idazkaria.

Erdialdea Garatzeko Partzuergoko idazkaria izanen da Erakunde Autonomoko idazkaria. Karguari dagozkion eginkizunak beteteko ditu, toki araubidearen gaineko legeari jarraikiz.

12. art. Kontratazio araubidea eta langileen atxikipena.

Lan araubidean kontratatu ahalko dira Erakunde Autonomoaren zerbitzuko langileak, toki entitateei aplikatzekoa zaien araudiaren arabera. Erdialdea Garatzeko Partzuergoak Erakunde Automora atxikitzen ahal ditu bere langileak. Halakoetan, jarduneko zerbitzuan jarraituko dute.

III. KAPITULUA

Araubide juridikoa eta funtzionamendu araubidea

13. art. Araubide juridikoa.

Estatutu hauetan aurreikusten ez den orotan, Administrazio Publikoen araubide jurdidikoari eta administrazio prozedurari buruzko legeak aplikatuko dira, Nafarroako toki entitateendako indarra dutenak betiere.

14. art. Bilkurak.

1. Urtean behin eginen da, guttienez ere, Batzarre Orokorrerako dei arrunta, eta gainerako deiak oro bereziak izanen dira. Honakoetan eginen da Batzarre Orokorraren bilkura berezirako deia: lehendakariak edo Batzorde Betearazleak egoki juzgatzen dutenean, edo guttienez partzuergokideen bortzenek eskatzen dutenean, betiere, guttienez Batzarreko boto eskubideen % 20 ordezkatzen badute. Azken kasu horretan, eskaera idatziz aurkeztuko da, eskatzaileen sinadurek egiaztaturik egon beharko dutelarik. Eskatzaileek eztabaidagai proposaturiko arloak zehaztuko dituzte. Arlo horiek Batzarre Orokorraren bilkurako gai-zerrendan sartu, eta beranduenez ere eskaera egin eta hilabete baten buruan gauzatuko da bilkura. Epe hori iragan, eta deirik izan ezean, talde eskatzaileak, berak, egin ahal izanen du Batzarrerako deia.

Lehendakariari dagokio Batzarre Orokorraren bilkura arrunt nahiz berezirako deia egitea, partzuergokideen eskariz egiten den kasuetarako aurreikusitakoa deusetan ukatu gabe. Bilkura egin baino guttienez hiru egun natural lehenago jakinaraziko zaie partzuergokideei, idatziz jakinarazi ere. Abisuan, guttienez ere, bilkura noiz, non eta zer ordutan eginen den adieraziko da, baita gai-zerrenda ere.

Deia egiten denetik bilkura arteko epean, kideen eskura egonen dira, elkartearen egoitzan egon ere, gai-zerrendan sartutako gaiei buruzko agiriak.

Lehenbiziko deialdian Batzarre Orokorra modu baliozkoan eratuko da baldin eta batzarkideen erdiak gehi bat bertaratzen badira. Bigarren deialdian, berriz, modu baliozkoan eratuko da bertaratutakoak zenbat diren kontuan hartu gabe, baina, betiere, kideen bortzena edo gehiago badira. Lehenbiziko deialdirako ezarri ordua baino ordu erdi beranduago eginen da bigarren deialdia.

Batzarre Orokorreko erabakiak kideen botoen gehiengo soilaz hartuko dira, quorum handiagoa behar duten kasuetan izan ezik.

2. Lehendakariak eginen ditu Batzorde Betearazlearen bilkuretarako deiak. Kideei gutxienez ere bi egun lehenago jakinaraziko zaie, presako kasuetan izan ezik.

Jakinarazpen hori idatziz eginen da eta bertan adieraziko dira bilkuraren tokia, eguna eta ordua, eta baita gai-zerrenda ere.

Batzorde Betearazleko bortz kidek, guttienez, bilkura egiteko eskatzen dutenean halako gai bat eztabaidatzeko, lehendakariak bilkurarako deia egin beharko du eskaera egiten denetik zortzi eguneko epean.

Lehendakariak deia eginen ez balu, eskaeraren sinatzaileek berek deituko dituzte gainerako batzordekideak bilkurara, hala egiteko behar diren betekizunak betez.

Lehendabiziko deian Batzorde Betearazlearen bilkura modu baliozkoan eratuko da, baldin eta kide gehienak bertaratzen badira. Bigarren deian, berriz, lehendakaria eta kideen bortzenak bertaraturik.

Erabakiak bertaratutako gehiengoaz hartuko dira.

3. Lehendakariak norbaiten agerpena eskatzen badu haren gorabehera profesionalak direla eta, pertsona horrek badu bilkuretara etortzeko eskubidea. Haietan hizpidea izanen du baina ez boto eskubiderik.

IV. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

15. art. Aurrekontua.

Batzorde Betearazleak urtero onetsiko du Erakunde Autonomoaren aurrekontua. Aurrekotua Erdialdea Garatzeko Partzuergoari helaraziko zaio, Partzuergoko aurrekontuarekin bateratzearren.

16. art. Ondarea.

Ondoko dirusarreren bidez finantzatuko dira Erakunde Autonomoaren aurrekontuak:

1.-Kide diren udal eta bestelako elkarte nahiz entitateen ekarpenak.

2.-Administrazio publikoetatik eskuratzen diren dirulaguntzak.

3.-Bertzelako erakunde publiko nahiz pribatuetatik eskuratzen diren dirulaguntzak.

4.-Erakunde Autonomoak izaten ahal dituen gainerako baliabide guztiak.

Entitateen ekarpenak duten partaidetza sariaren araberakoak izanen dira.

V. KAPITULUA

Erakunde Autonomoaren desegitea

Erakunde Autonomoa desegiten ahalko da Erdialdea garatzeko Partzuergoko Batzarre Orokorrak horretarako espresuki deitutako bilkuran horrela erabakitzen badu.

Erakunde Autonomoa desegiten bada, bere ondasun, eskubide eta obligazioak Erdialdea Garatzeko Partzuergoaren ondarera bilduko dira.

Estatutuak jendaurrean egonen dira hogeita hamar egun naturaletan, hala nahi dutenek bidezko alegazioak aurkez ditzaten.

Erriberrin, bi mila eta bateko urriaren hogeita lauan. Lehendakaria, María Carmen Ochoa Canela.

Iragarkiaren kodea: A0111250