I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
EBAZPENA, 2001eko urriaren 22koa, Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusiak emana, Nekazaritzako Elikagaien Artisautza erregulatzen duten arauak aldatu eta beste batzuk onesten dituena.
Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusiak, 2000ko maiatzaren 29ko Ebazpenaren bidez, Nekazaritzako Elikagaien Artisautza erregulatzen duten arauak onetsi zituen, Lanbideen Zerrendan ageri diren lanbide batzuei dagokienez. Arau hauek, lanbide bateko eta besteko artisauen esperientziaren ondorio, aldatu egin daitezke komeni bada, horrela nekazaritzako elikagaien artisautza produktuen kalitatea eta benetakotasuna handitzeko hobekuntzak egin daitezen.
Alde horretatik, Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordeak ondokoei buruzko arauak aldatzea proposatu du: sagardo naturala, gaztanbera, hartzidura naturaleko ardo aparduna, txokolatea eta bonboiak.
Halaber, Batzordeak ondokoei buruzko arau berriak onestea proposatu du: zenbera freskoa eta ondua eta gozoak.
Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien Zerbitzuaren aldeko txostena ikusirik, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1999ko irailaren 13ko Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nekazaritzako Elikagaien Artisautza erregulatzen duten arauak aldatzea, ondokoei dagokienez: sagardo naturala, gaztanbera, hartzidura naturaleko ardo aparduna, txokolatea eta bonboiak. Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordeak 2001eko urriaren 16an egindako bilkuraren aktan bildu da eduki berria.
2. Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordeari ahalmena ematea indarra duten arauak aldatzeko aurrerantzean. Batzordeak Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien Zuzendaritza Nagusiari onesten dituen aldaketen berri emanen dio.
3. Nekazaritzako Elikagaien Artisautza erregulatzen duten arauak onestea ondokoei dagokienez: zenbera freskoa eta ondua eta gozoak.
4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen arabera (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).
5. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritzako Elikagaien Artisautza Batzordeari eta Instituto de Calidad Agroalimentaria de Navarra S.A.ri, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, bi mila eta bateko urriaren hogeita bian.- Nekazaritzako Egitura eta Elikagai Industrien zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.
Iragarkiaren kodea: a0111368