I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
197/2001 EBAZPENA, urriaren 19koa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, maiatzaren 25eko 102/2001 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez unibertsitateko garraiorako laguntzen 2001-2002 ikasturterako deialdia eta zerbitzu horren Hitzarmena onetsi ziren.
Unibertsitateko Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak eta La Burundesa S.A., La Estellesa S.A. eta La Tafallesa S.A garraio enpresen ordezkariek, irailaren 10ean, Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan, hartutako erabakiei buruzkoa. Hona hemen hartutako erabakiak: batetik, merkatzearen portzentajea aldatzea, 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera % 10ekoa izanen baita; bestetik, 2001eko urriaren 1etik hasita 2002ko ekainera bitarteko fakturen ordainketa banan-banan eta hilean behin egitea, Hitzarmenari lotutako garraio enpresek fakturak aurkezten dituztenean. Halaber, erabaki zen aldaketa horiek jasotzea, bai unibertsitateko garraiorako 2001/02 ikasturterako deialdian, bai ikasturte horretarako unibertsitateko garraioaren adjudikazioa arautzen duen Hitzarmenaren baldintzen pleguan.
Kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoa.
Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren ekainaren 29ko 255/2000 Foru Aginduak ematen dizkidan ahalmenak eta eskuordeturik ditudan eskurantzak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Unibertsitateko garraiorako laguntzen 2001-2002 ikasturterako deialdia eta zerbitzu horren Hitzarmena onesten duen maiatzaren 25eko 102/2001 Ebazpena aldatzea.
2. Unibertsitateko garraio horretarako baimen administratiboa duten enpresekin sinatu beharreko hitzarmenei buruzko baldintza plegua, aurreko erabakietan aldatutakoa, onestea.
3. Deialdi honen finantzazioa indarra duen Hezkuntza eta Kultura Departamentuko gastuen aurrekontuko "Nafarroako goi mailako ikastetxeetako eskola garraioa" izeneko 43100-4800-422403 kontusailaren kargura eginen da, bai eta 2002ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako gaitzen den lerroaren kargura ere.
4. Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari agintzea unibertsitateko garraioaren kudeaketak dakartzan faktura eta gastuak ordain ditzala, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak adostasun txostena eman ondoren. 2001eko abenduaren 31 bitarteko gastuak "Nafarroako goi mailako ikastetxeetako eskola garraioa" izeneko 43100- 4800-422403 kontusailaren kargura izanen dira, eta 2002ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartekoak 2002ko Aurrekontuetan horretarako gaitzen den lerroaren kargura.
5. Ebazpen hau eta laguntzak arautzen dituen 2001/02ko deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.
6. Ebazpen honen berri ematea Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, garraio enpresa interesatuei, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuari, Goi mailako Ikasketen Atalari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Goi mailako Ikasketen Bulegoari, Administrazio Orokorraren Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, bi mila eta bateko urriaren hemeretzian.-Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.
Iragarkiaren kodea: A0111199