140. ALDIZKARIA - 2001eko azaroaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

1527/2001 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Industri zuzendari nagusiak emana, Fustiñanan etxe, denda eta industrietarako gas naturalaren sarea egin eta ustiatzeko administrazio baimena Gas Navarra S.A.ri ematen diona, instalazioak baimentzen dituena eta haren onura publikoa aitortzen duena.

Gas Navarra S.A. enpresak administrazio baimena eskatu du, Fustiñanan, instalazioen proiektuan zehazten den hiriguneko aldean, etxe, denda eta industrietarako gas naturalaren sarea egin eta ustiatzeko; eskatu du, halaber, instalazioak baimen daitezela eta haren onura publikoa aitor dadila.

Hauek dira, funtsean, instalazioen ezaugarriak:

Fustiñanako banaketa sarea hornituko da Ribaforada- Fustiñana-Cabanillas gasbideko V-63 erpinetik heldu den A motako presio handiko altzairuzko adarretik, 2" DN-ko balbula baten bitartez, non adar hori hasten baita; horretatik abiatuta, 2" DN-ko altzairuzko hodi baten bidez Erregulazio armairu batera iristen da (A presio handia/A presio ertaina), herriaren mendebaldean Guardia Zibilaren kuartelaren inguruan dagoen herri lurzati batera hain zuzen, han jarriko baita armairua; horrekin batera, erregulazio linea oso bat eta erreserbarako bigarren mailako beste bat, bakoitza 1000 Nm.3/h-koa. Erregulazio armairuko irteera (altzairuzkoa, 6" DN) banaketa sarearen hasieran lotuko da (polietilenoz, 200 mm-ko DN), 6x8"-ko murrizketa baten bidez eta 6 metroko altzairuzko hodi baten bidez (8" DN), altzairuzko/polietilenozko trantsizio balbula bateraino, non 200 mm-ko DNari lotuko zaion. A motako presio ertaineko banaketa sarea PE-100 erako polietilenoz eginen da, diametro nominalak 200, 160, 110 eta 63 mm-koak izanen dira, guztira 13.592 m.l., hirigunea hartuko du eta etorkizuneko industrialdera eta hirigune berrietara zabaltzeko bidea utziko da.

Horretarako irekitako espedientean arauzko tramiteak beterik, eta Industri Segurtasunerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusi ondoren, Nafarroari buruzko Foru Legearen 36-2.b artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, abuztuaren 1eko 1774/1985 Errege Dekretuaren bidez Foru Komunitateari transferitutako zerbitzu eta eginkizunak Industri, Merkataritza eta Turismo Departamentuari esleitzen dizkion urriaren 9ko 189/1985 Foru Dekretuak emandako ahalmenak eta irailaren 30eko 363/1991 Foru Dekretuarenak ere erabiliz,

Horrenbestez, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak urriaren 14an eman eta 99-10-25eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (133. zk.) argitaratu zen 572/1999 Foru Aginduaren bidez eskuordetu dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Gas Navarra S.A. enpresari administrazio baimena ematea Fustiñanako herrigunean etxe, denda eta industrietarako gas naturalaren sarea egin eta ustiatzeko, Fustiñanan gas naturala banatzeko sarearen instalazioetarako administrazio baimena eskatzeko proiektuan azaldu bezala.

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehenbizikoa.-Gas Navarra S.A.k bi hilabeteko epean, 2.117.190 pezetako (12.724,57 euroko) bermea jarri beharko du, espedientean ageri diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbideak beteko dituela bermatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, Nafarroako Gobernuaren Industri zuzendari nagusiaren eskura, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Berme hori instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Instalazioetan eta beren muntaketan, Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da. Erregelamendu hori Industri Ministerioak 1974ko azaroaren 18an emandako Agindu baten bitartez onetsi zuen, eta Industri eta Energi Ministerioak aldatu 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Bigarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena.-Gas Navarra S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez, Gas Natural SDG S.A. beharturik dago, baimen honek agindu bezala, baimen horren esparruan zerbitzua eskatzen duen edozein gasez hornitzera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Laugarrena.-Gas Navarra S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du eskubide esklusiborik ematen eta ez da monopolio araubidean eskaintzen.

Seigarrena.-Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen ote diren begiratuko du.

Instalazioak eraikita daudenean, Zerbitzu horrek ikuskatuko ditu burutu diren lan eta muntatzeak eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra-bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du eta gero Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko izaera orokor nahiz partzialeko ikuskapen, saio eta proben berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio- hartzaileak haien exekuzio-plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak.

a) Bermea adieraziriko era eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak Ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

Zortzigarrena.-Ezarri behar diren instalazioek orokorrean aplikatzekoak diren xedapen eta arau teknikoak beteko dituzte, eta, batez ere, 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsi eta 1983ko urriaren 26ko (83-11- 08ko "EAO"), 1984ko uztailaren 6ko (84-07-23ko "EAO"), 1994ko martxoaren 9ko (94-03-21eko "EAO") eta 1998ko maiatzaren 29ko (98-06-11ko "EAO") Aginduen bidez aldatu zen Gas Erregaien Sare eta Hartunei buruzko Erregelamendua.

Bederatzigarrena.-Baimen hau ematen da gas instalazioetako lanak egiteko behar diren udal edo probintzia mailako eskumeneko edo beste maila batzuetako baimen eta lizentziak galarazi gabe eta haiekin zerikusirik izan gabe. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Aurkezturiko instalazio proiektua onestea eta haren eraikuntza baimentzea, proiektuari lotuz burutu beharko dena, indarra duen legeria betez, hiru urteko epean. Eskariaren arabera luzatzen ahalko da. Proiektu horrek Fustiñanako hiriguneko hornidura sarearen eraikuntza biltzen du. Alderdi horretan edo udalerriko beste edozein alderditan hornidura sarea egiteko instalazio baimena beharko da.

3. Instalazio horren onura publikoa aitortzea. Horrek berarekin dakar ukituriko ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52 eta 53. artikuluen ondorioetarako, presaz okupatzera behartzen du, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko IV. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluekin bat.

Baimen hau ematen da aplikatzekoak diren bestelako xedapenekin bat beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa deusetan galarazi gabe.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

Ebazpen hau Gas Navarra S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, bi mila eta bateko urriaren hogeita hamarrean.-Industri zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: a0111362