III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
I R U Ñ A
Nafarroako Biltzar Jauregi eta Kultur Auditorioak hartuko duen lurzatiaren doako lagapena, Nafarroako Gobernuaren alde
Iruñeko Udalak, 2001eko urriaren 4an egin osoko bilkuran, honako erabakia hartu zuen:
"Ikusirik espedientean dagoen dokumentazioa, Nafarroako Biltzar Jauregi eta Kultur Auditorioak hartuko duen lurzatiaren jabetza eskualdatzeari buruzkoa eta, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak delako jauregia eraikitzeko sinatu zuten hitzarmena betetzearren; eta 2001-08-02ko osoko bilkuran hartu erabakia (9/CU) Iruñeko Udalaren iragarki oholean jendaurrean jarri eta ez zenez alegaziorik jaso; eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onetsi zuen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 133, 124, 134, 135, 136 eta 140. artikuluei jarraikiz, ondokoa erabaki da
1. Ondotik zehazten den lurzatiaren jabetza Nafarroako Gobernuari doan lagatzea:
"17.482 metro karratuko lurzatia, ondoko mugak dituena: iparralde eta ekialdean, jatorrizko finkaren gainerakoa, alegia, Dueroko markesa eta Moriones jenerala izenez ezagutzen ziren koartelek hartzen zutena; hegoaldea, Dueroko markesa eta Moriones jenerala izenez ezagunak ziren koartelek hartzen zuten jatorrizko finkaren gainerakoa eta Armadaren etorbidea; mendebaldean, Chinchilla jenerala kalea eta Armadaren etorbidea. Lurzati hau ondotik aipatzen direnak batuz sortu zen:
1. Lurzati bat, Dueroko markesa eta Moriones jenerala izeneko bi koartel biltzen zituen lurzatiaren zati dena, 16.763 metro karratukoa eta ondoko mugak dituena: iparralde eta ekialdean, segregatzen den finka; hegoaldean, jatorrizko finka eta Armadaren etorbidea; mendebaldean, Chinchilla jenerala kalea eta Armadaren etorbidea.
2. Eite hirukiarreko lurzatia, Armadaren etorbideko zati dena. 15 metro karratuko azalera du, honako mugekin: ekialdean, Chinchilla jenerala kalea; mendebaldean, jatorrizko finkaren gainerakoa eta hegoaldean, orubea, zeinetan eraikiko den Nafarroako Biltzar Jauregi eta Kultur Auditorioa.
3. Armadaren etorbideko zati den lurzatia. Azalera 222 metro karratukoa eta mugak, honakoak: ekialdean, jatorrizko finkaren gainerakoa eta Dueroko markesa eta Moriones jeneralaren finkatik segregatu zen finka eta orubea, zeinetan eraikiko den Nafarroako Biltzar Jauregi eta Kultur Auditorioa; eta iparraldean, hegoaldean eta mendebaldean, jatorrizko finkaren gainerakoa.
4. Chinchilla jenerala kalearen puska den lurzatia, 47 metro karratukoa, honako mugekin: iparralde, hegoalde eta mendebaldean, jatorrizko finkaren gainerakoa eta, ekialdean, orubea, zeinetan eraikiko den Nafarroako Bltzar Jauregi eta Kultur Auditorioa.
5. Chinchilla jenerala kalearen puska den lurzatia, 435 metro karratukoa, honako mugekin: iparralde eta mendebaldean, jatorrizko finkaren gainerakoa; hegoaldean, Armadaren etorbidea eta, ekialdean, orubea, zeinetan eraikiko den Nafarroako Biltzar Jauregi eta Kultur Auditorioa.
Hori guztia ebazpen honi atxikia doan planoan agertzen den moduan.
2. Erabaki honen idazpuruan aipatzen den hitzarmenean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Biltzar Jauregia eta Kultur Auditorioa eraikitzeko lagatzen diren lurrak karga guztietatik libre egonen dira, hirigintzako planeamenduaren determinazioek urbanizatzeko ezartzen dituzten betebeharrak betetzea ez bada, eta baldintza hauek izanen dituzte:
Lehenbizikoa.-Planeamenduak Yanguas y Miranda kalean aurreikusten duen aparkalekuko sarrera-irteerak lotura izan beharko du Intendentziako orubean aurreikusita dagoen eraikinarekin, honek erabili ahal dezan. Betebehar hori lurraren jabearena da, eta baldintzak hauek izanen dira:
a) Bi eraikinetako sotoen lotura hasiera batean aurreikusitako auditorioaren -2 sotoan egin beharko da, 2. eta 3. eranskinetako planoetan zehazten den -7,65 metroko kotan.
b) Bi sotoak lotzeko tunelaren eraikuntza Intendentziako orubearen esleipen hartzailearen gain baizik ez da izanen. Tunela Nafarroako Gobernuak komenigarri juzgatzen dituen datan eta moduan eginen da, Iruñeko Udalari eta Intendentziako orubearen esleipen hartzaileari galdea egin ondotik, Auditorioko garajearen eraikuntzari eta funtzionamenduari eta Auditorioari ahalik eta traba gutien egitearren.
c) Intendentziako orubearen esleipen hartzaileak Auditorioa eta haren aparkalekua eraikitzean sorrarazten diren gastu guztiak hartuko ditu bere gain, bi sotoen arteko lotunea egiteagatik, baita delako tunela eraikitzeko bidea emanen dutenak, lau milioi pezeta eginen baitu.
d) Bide-zor iraunkorra ezarri da, Auditorioko orubea bide-emaile delarik eta Intendentziako orubea bide-hartzaile, horren bidez erabiltzen ahalko dira, batetik Yanguas y Miranda kalean egonen den Auditorioko sarrera-irteerarako arrapala Auditorioko -2 sotoraino, eta bertzetik aipatu lotunera joateko maniobra eremua. Nafarroako Gobernuari dagokio, Iruñeko Udalari galdea egin ondoan, zorra erabat itxuratzeko gainerako edukiak zehaztea, ondotik aipatzen direnak ukatu gabe.
e) Intendentziako orubearen esleipen hartzaileak bere gain hartu beharko ditu sarrerako arrapala, Yanguas y Miranda kaletik -2 sotoraino, eta aipatu lotunea berak erabiltzeak dakartzan gastu osagarriak, hala nola: mantentze lan orokorrak, zainketa, argindarra, garbiketa, konponketak, aseguruak, etab. Nafarroako Gobernuak edo honek eskuordetzen duen pertsona fisiko nahiz juridikoak urtero jarriko dizkie zenbakiak kontzeptu horiei, eta zinpeko kontu hartzaile batek bere ikus-onetsia eman beharko dio.
f) Intendentziako orubean eraikiko den eraikinetarako salgaiak ekarri eta eramaten dituzten ibilgailuek baizik ez dute bide-zorra erabiliko. Nafarroako Gobernuak baimena eman ezik, espreski debeku da ibilgailu partikularrek erabiltzea, baita salgaien joan-etorrietarako ere, haren osagaien, ezaugarrien edo zenbatekoaren aldetik ADR araudiaren (Salgai Arriskutsuen Errepideko Garraioari buruzko Europako Erabakia) barrenean badaude. Ez da erabiltzen ahalko bi sotoak lotzeko tunela eraikitzeko obretan ere. Ez da baimenik emanen hondakin organikoak garraiatzeko ibilgailuen joan-etorrietarako, baina bai ibilgailuak hondakin ez organikoak eramaten badituzte, hala nola enbalajeak, kartoiak, etab. Gehieneko pisu baimendua bortz ardatzetan banaturik 40.000 kg baino gehiago duten ibilgailuek ere ezin izanen dute inola ere bide-zorra erabili, hura baita Auditorioko arrapalen eta eraikinaren egiturak uzten ahal duen gehienekoa.
g) Bide-zor hori erabiltzeko ordutegia bertzerik ez bada gauekoa izanen da, egunero goizaldeko ordu batetik zazpiak arte, baina aldatzen ahalko da Nafarroako Gobernua edo Auditorioko aparkalekua ustiatzen duen entitatea eta Intendentziako orubearen esleipen hartzailea ados jarrita, eta aldez aurretik Iruñeko udalari galde egin ondoan. Betiere ordutegi horrek ez dio trabarik eginen Auditorioaren eta haren lurpeko aparkalekuaren funtzionamendu arruntari.
h) Arestian aipatu bide-zorra borondatezkoa da eta baldintza izanen du Intendentziako orubearen esleipen hartzaileak betiere eta garaiz ordaintzea Auditorioko sotoaren titularrari lehenagotik dauden baldintzak aplikatuz dagozkion diru zenbatekoak.
i) Delako bide-zorra erabiltzeko arestian aipatu diren baldintza guztiak bilduko dira Intendentziako orubea eskualdatzeko oinarritako balioko duen baldintza pleguan.
Bigarrena.-Gainera, Nafarroako Biltzar Jauregia eta Kultur Auditorioa eraikiko diren lurren jabeak Armada etorbidea egokitu beharko du, 4. eranskineko planoan grafiatu den tarteunean, Jauregi horretatik aipatu etorbidera sarrera-irteeretarako eginen diren arrapalak egitearen ondorioz beharrezko den guztian, eta aipatu dokumentua oinarritzat harturik.
Hirugarrena.-Halaber, lagatzen diren lurretan sestraren gainean eraikuntzak okupatzen ez duen atala erabilera publikokoa izanen da eta ibilgailuen zirkulazioa jasan beharko du. Betiere, Udalaren jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziari dagokion araubide juridikoa aplikatuko da lur horietan. Udalak konpromisoa hartzen du, nahasmenduak eragotzi beharrez, Auditorioko emankizunen programazioa kontuan hartzeko, aipatu lurretan edozein egintza baimendu aitzin. Horretarako, Auditorioa ustiatzen duen entitateak Udalari jakinaraziko dio aldian behin eta behar bezain goiz, programazio horren gaineko informazioa.
3. Doako lagapen hau eskritura publikoan gauzatu beharko da. Hartan Nafarroako Gobernuaren onarpena jasoko da, eta Jabetza Erregistroan inskribatu beharko da. Horri guztiari dagozkion gastuak eta zergak lagapen-hartzailearen kontura izanen dira.
4. Lagapen honetarako baldintza izanen da Nafarroako Biltzar Jauregi eta Kultur Auditorioa eraikitzeko izatea, eta xede hori aldatzeko Iruñeko Udalaren baimena beharko da espreski eta idatziz. Baldintza hori betetzen ez bada, Udalaren eskuetara itzuliko da berriz.
5. Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 140. artikuluari jarraikiz, doako lagapen honen berri ematea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari."
Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) atalean (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen bertze interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.
Iruñean, bi mila eta bateko urriaren bederatzian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.
Iragarkiaren kodea: A0110730