135. ALDIZKARIA - 2001eko azaroaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

336/2001 FORU AGINDUA, urriaren 10ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emandako azaroaren 8ko 231/2000 Foru Agindua aldatzen duena. Foru Agindu haren bidez, bake epaitegietako funtzionamendu gastuak finantzatzeko, udalendako dirulaguntzak arautu ziren.

Epaitegi Barrutien Mugaketa eta Egiturari buruzko abenduaren 28ko 38/1998 Legeak, 51.3 eta 52. artikuluetan, ezartzen du, batetik, udalen eskumena dela euren mugapean dauden bake epaitegiak instalazioez eta gauzazko baliabideez hornitzea eta, bestetik, Justizia Ministerioa edo, bestela, justizia administrazioko eskumena duen erkidegoa beharturik dagoela udalei bake epaitegien finantzazioan laguntzera, dirulaguntzen bitartez, tokian tokiko biztanle kopuruaren arabera.

Aipatu aginduetan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak justizia administrazioko eskumenak bereganaturik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak azaroaren 8ko 231/2000 Foru Agindua eman zuen dirulaguntza horiek arautzeko, aipatu Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoari egokiturik.

Oraingo arauetan, dirulaguntza horien zenbatekoa kasuan kasuko herriko biztanle kopuruaren araberakoa da; horretarako, biztanle tarteak ezarri dira eta modulu finko bat eta biztanleko modulu aldakor bat aplikatzen zaizkie.

Hala ere, oraingo sistema tarte bakoitzean biztanle gutxien duten herrientzat ez dela zuzena ikusi da; horregatik, berriz aztertu behar dira biztanle tarte bakoitzari esleitutako moduluak, bereziki modulu aldakorra, dirulaguntzak zuzenago banatu ahal izateko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Azaroaren 8ko 231/2000 Foru Aginduaren 3. artikulua honela idatzita agertuko da aurrerantzean:

"3. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa kasuan kasuko herriko biztanle kopuruaren araberakoa izanen da, honako tarte hauen arabera:

BIZTANLE MODULU MOD. ALDAK.

1 1etik 499ra 66.000 0

2 500etik 999ra 123.000 25

3 1.000tik 2.999ra 230.000 15

4 3.000tik 4.999ra 328.000 12

5 5.000tik 6.999ra 402.000 8

6 7.000 edo gehiago 462.000 4

2001ez geroko ekitaldietarako moduluak, finkoak zein aldakorrak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru aginduaren bidez ezarriko dira urtero, aurrekontuetan horretarako aurreikusten den diruaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Agindu honen ondorio ekonomikoek 2001eko urtarrilaren 1ean izanen dute hasiera.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urriaren hamarrean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: a0110648