121. ALDIZKARIA - 2001eko urriaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

Obanosko, Utergako, Legardako, Adiosko, Enerizko, Muruzabalgo, Ukarko eta Tirapuko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatea

Mankomunitatearen estatutuak

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 50. artikuluko 6. puntuan xedatutakoa betez, erregelemenduaren ariora onetsi dituzte Udalek, bakoitzak bere osoko bilkuran, Obanosko, Utergako, Legardako, Adiosko, Enerizko, Muruzabalgo, Ukarko eta Tirapuko Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak. Haien edukia osorik argitaratzen da.

Obanosen, bi mila eta bateko abuztuaren hogeita hamaikan. Alkate udalburua, Fernando Lana.

MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Eraketa, izena eta helbidea

1. artikulua. Obanosko, Utergako, Legardako, Adiosko, Enerizko, Muruzabalgo, Ukarko eta Tirapuko udalerriek Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatea (aurrerantzean Mankomunitatea) eratu dute, Estatutu hauen II. kapituluan agertzen diren beren eskumeneko zerbitzuak elkarrekin antolatu eta emateko.

Mankomunitate honen antolakuntza eta funtzionamendua Estatutu hauek xedatzen dutenari lotuko zaizkio, eta horien ordez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari eta Nafarroako Toki Entitateei aplikatzen ahal zaizkien gainerako arauei.

2. art. Nortasun juridikoa eta jardun esparrua. Mankomunitate honek badu nortasun juridiko berezkoa, hura osatzen duten udalerrien nortasunaz bertzelakoa. Horrenbertzez, gaitasun juridiko osoa izanen du bere helburu berariazkoak betetzearren egin beharreko egintza juridikoetarako.

Mankomunitatearen jardun esparruak hura osatzen duten toki erakundeen mugapeak hartuko ditu.

3. art. Mankomunitateak Obanosko udalerrian izanen du bere egoitza, eta zehaztuko den lokalean ezarriko da hura osatzen duten udalerrien zerbitzu tekniko eta administratiboen gunea. Mankomunitateko organo kolegiatuen bilkurak ere hantxe eginen dira.

Nolanahi ere, behar bezala justifikaturiko kasuetan, hura osatzen duten udalerrietan egiten ahalko dira. Halakoetan, Udalek Mankomunitateari beren egoitzak erabiltzeko baimena eman beharko diote bere organo kolegiatuen bilkurak egin ahal izateko.

II. TITULUA

Mankomunitatearen xedea, eskumenak eta ahalmenak

4. art. Mankomunitatearen xedea da bera osatzen duten udalerrien zerbitzu administratiboak batera ematea eta haiei eustea. Horiek idazkaritza, kontu hartzailetza eta diruzaintza arlokoak dira, baita beroriei sostengu emateko langilearenak eta aholkularitza teknikoa eman beharrez Mankomunitateko kideek erabakitzen dituzten gainerako zerbitzuak ere.

Horretarako, udalerri bakoitzeko idazkaritza, kontu hartzailetza eta diruzaintza lanetako funtzio publiko eta beharrezkoak Mankomunitatearen plantilla organikoan horretarako agertzen diren lanpostuak betetzen dituztenei esleituko zaizkie.

Orobat, Mankomunitateak udalerri elkartuei idazkaritza, kontu hartzailetza eta diruzaintza lanetako funtzio publikoetatik heldu diren zerbitzu administratiboak emateaz gain, puntualki eta berrikusteko moduan, bere egoitzetako langile administratiboak atxikiko ditu, udalerri bakoitzak, eraketa dela eta, galdatu duen moduan eta denboran. Erran nahi baita:

-Obanosen, astegun guztiz, lanaldi osoan.

-Utergan, 7 ordu, aste osoan banatzekoak.

-Legardan, 4 ordu, aste osoan banatzekoak.

-Muruzabalen, 14 ordu, aste osoan banatzekoak.

-Eneritzen, 14 ordu, aste osoan banatzekoak.

-Ukarren, 7 ordu, aste osoan banatzekoak.

-Adiosen, 7 ordu, aste osoan banatzekoak.

-Tirapun, 7 ordu, aste osoan banatzekoak.

Hasieran ezarritakoa ukatu gabe, Mankomunitateak konpromisoa hartzen du udalerri bakoitza hark eskatutako langileez hornitzeko, galdatutako ordutegitik goiti, eta haren bizkar. Atxikipena, eskatutakoaren eta horren ondoriozko kontratazioaren legezko estalduraren arteko koherentziaren araberakoa izanen da betiere.

5. art. Mankomunitateari dagozkio, betiere bere eskumenen barnean, toki araubideari buruzko legeriak udalerrien esku uzten dituen ahalmen hauek:

a) Arauak eta barne antolaketa egitea.

b) Finantza eta zerga arloan bere eskumenak erabiltzerakoan bere jardueratik heldu dena.

c) Bere egintzen legitimotasun eta exekutibitatearen ustea.

d) Derrigorrezko dirubilketa eta zehapenak jartzea.

e) Bere egintzak ofizioz berrikustea.

III. TITULUA

Indarraldia

6. art. Mankomunitate honen iraupena edo indarraldia mugagabea izanen da eta Estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnean hasiko da haren jardunbidea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

IV. TITULUA

Gobernu organoen antolamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorra

7. art. Mankomunitatearen gobernua eta administrazioa organo hauen esku daude:

a) Batzarre Orokorra.

b) Mankomunitateburua.

c) Mankomunitateburuordea.

II. KAPITULUA

Batzarre orokorra

8. art. Mankomunitateko batzarre orokorrak Mankomunitateko udalerriak ordezkatzen ditu eta Udal bakoitzak osoko bilkuran izendatuko dituen hautetsiek osatuko dute.

Batzarre orokorra jendaurreko bilkuran eratuko da, udal hauteskundeak egin eta hiru hilabeteko epearen barnean. Hala ere, lehen aldiz eraketarako epea hamabortz egunekoa izanen da bere behin betiko estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnetik.

Behar den lanpostua betetzen ez den bitartean, Batzarre Orokorrak, bere lehen eraketan, Obanosko idazkariaren laguntza jasoko du, hantxe izanen baitu Mankomunitateak bere egoitza.

9. art. Mankomunitatea zenbat udalerrik osatzen duten, hainbertze izanen da batzarkide kopurua. Bakoitzak boto ponderatua izanen du bere biztanleriaren ariora. Hura Estatistikaren Institu Nazionalak onesten dituen azken datu ofizialei dagokiena izanen da beti.

Hala ere, udalerri bakoitzak ordezkari titular bat izendatzen ahalko du eta bertze bat haren ordezko. Biek dagokien ordezkaritza izanen dute beren gain, boto bakar baten bidez baizik ez.

10. art. Mankomunitateko batzarkideek, orokorrean, beren kargua utziko dute honelakoetan:

a) Beren udalbatzako kide izateagatik zuten agintaldia betetzean. Horrela izanez gero, Batzarre Orokorreko kide diren aldetik lanean jarraituko dute beren ondorengoak karguaz jabetu arte. Dena dela, bakarrik administrazio arruntaz arduratuko dira eta bitarteko epe horretan ez da erabakirik hartzen ahalko gehiengo kualifikatua behar bada horretarako.

b) Epai judizial irmoagatik, heriotzagatik, ezgaitasunagatik, Udaleko zinegotzi edo Mankomunitateko Batzarre Orokorreko kide izateko karguari uko egiteagatik. Horrelakoetan, kasuan kasuko Udalak kide berria izendatuko du osoko bilkuran batzartuta.

11. art. Batzarreari eskurantza hauek dagozkio:

a) Mankomunitateburua hautatu eta kargutik kentzea.

b) Mankomunitateburuaren jarduna kontrolatu eta fiskalizatzea.

c) Erregelamendu organikoa onestea eta baita Mankomunitatearen eskumenen barnean dauden bertzelako xedapen orokorrak ere.

d) Zerga bidezko baliabide berezkoak zehaztea, aurrekontuak onetsi eta aldatzea, bere eskumenen barneko arloei dagozkien gastuak xedatzea eta kontuak onestea.

e) Plantilla organikoa, lanpostuen zerrenda, lan eskaintza eta langileak hautatzeko probetarako oinarriak onestea, baita funtzionarioak zerbitzutik kentzeko erabakia hartu eta lan araubideko langileak botatzeko berrespena ematea ere.

f) Kreditu edo bermeei buruzko erabakiak hartzea, kita eta itxoiteak ematea, mankomunitateburuari dagokionean izan ezik.

g) Ondasunak eskuratu eta besterentzea, mankomunitateburuari dagokionean izan ezik.

h) Obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatzea, mankomunitateburuari dagokionean izan ezik.

i) Bere zerbitzuak kudeatzeko modua onestea.

j) Egintza administratibo eta judizialak burutzea.

k) Bertze administrazio publikoekin elkarlanean eta lankidetzan aritzeko hitzarmenak onestea.

l) Legeek espreski haren gain uzten dituen gainerakoak.

12. art. Batzarreak bere edozein ahalmenetarako eskuordetzen ahal du, osorik nahiz partez, mankomunitateburua, toki araubidearen legeriaren ariora eskuordetu ezin direnak salbu.

13. art. Nafarroako toki entitateen erabakien araubidearen ariora hartuko dira erabakiak. Erabakiak bertan diren kideen gehiengo soilez hartzea izanen da arau orokorra, ezarritako boto ponderatua kontuan hartuta. Gehiengo kualifikatuaren botoa beharrezkoa izanen da, ordea, legeak horrela eskatzen duenean.

Azaroaren 26ko 30/92 Legearen 23. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, mankomunitateburuari dagokio bere botoaren bidez trenkatzea batzarrearen eskumeneko erabakietan izan daitezkeen berdinketak.

Batzarreak bilkura arruntak izanen ditu aldez aurretik ezarritako aldikotasunez, eta bilkura bereziak ere bai, gainera presakoak izan daitezkeenak. Gutienez ere, hiru hilabetetik behin eginen da bilkura arrunta.

Mankomunitateburuak eginen du batzarre orokorrerako deia eta bilkuraren gai zerrenda finkatuko du. Deia garaiz eginen da, ordezkari guztiek denbora aski izan dezaten garatuko diren gaiak aztertzeko.

Deia jakinaraziko da bilkura ordua baino gutienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago, aski arrazoituriko presakoetan salbu.

Deialditik aitzina, kideek beren esku izanen dituzte espedienteak eta landu beharreko gaiak, horretarako toki egoki batean.

Deietan bilkura zer egunetan, ordutan eta tokitan eginen den adieraziko da.

III. KAPITULUA

Mankomunitateburua

14. art. Udaletako ordezkari guztiak izanen dira, txandaka eta bi urtetik behin, mankomunitateburu. Hartara, Mankomunitateak bere egoitza zer udalerritan duen, hantxeko udalerrikoa hasiko da eta epe hori iraganda bere agintaldia bukatzen duenean, horren ondotik alfabetoz heldu den udalerrikoa izanen da eta horrela segiturik, ordezkapen bakoitza zer legegintzaditan egiten den kontuan hartu gabe.

Nolanahi ere, mankomunitateburutza dagokion udalerri elkartu bakoitzak, bere ordezkariaren bitartez, uko egiten ahalko dio karguari. Halakoetan, alfabetoz horren ondotik heldu den udalerriko ordezkariak hartuko du, eta horrela betiere hurrengo kasuetan ere.

Batzarreko gainerako ordezkariek ere, baita lehenago mankomunitateburu ibilitakoak ere, uko egiten badiote mankomunitateburutzari, nahitaez hartu beharko du bere gain mankomunitateburutza azkenekoz izan duenaren ondoko udalerriko ordezkariak, alfabetozko segidari jarraikiz.

15. art. Mankomunitateburuak eskurantza hauek ditu:

a) Mankomunitatearen gobernua eta administrazioa zuzentzea.

b) Mankomunitatearen ordezkari izatea.

c) Batzarre Orokorraren bilkuretarako deialdia egin eta haietan buru izatea.

d) Obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatzea, zenbatekoak aurrekontuaren baliabide arrunten % 5etik goiti edo zuzeneko kontrataziorako ezarrita dagoen muga orokorraren % 50etik goiti egiten ez duen bitartean, eta, nahiz eta zenbateko hori gainditu, urtebetetik goitiko iraunaldia ez izan eta urteko aurrekontuan kontsignatutakoa baino kreditu handiagorik behar ez duten bitartean.

e) Ekintza judizial nahiz administratiboak egitea presarik izanez gero.

f) Aurrekontuen proiektuak gauzatzea, gastuak xedatu bere eskumenen mugen barnean eta ordaintzeko agindua eman, dirusarreren formalizazioa dakarten agiriak baimendu eta kontuak aurkeztea. Garapena eta kudeaketa ekonomikoa, onetsitako aurrekontuari jarraikiz.

g) Mankomunitatearen interesetarako arrisku larria dagoenean, bere erantzukizunpean, behar diren neurri egokiak hartu eta haien berri ematea berehala Batzarreari.

h) Ondasunak kostu bidez eskuratzea, zenbatekoak aurrekontuaren baliabide arrunten % 5etik goiti eta zuzeneko kontratazioari aplikatzen zaion % 50eko muga orokorretik goiti egiten ez badu.

i) Ondasunak doan eskuratzea, eskuratze horrek kostu bidezko baldintza edo modalitateren bat dakarrenean salbu, kasu horretan batzarrearen eskumena izanen baita hori egitea.

j) Ondasunak, higigarriak nahiz higiezinak, bertzerentzea, zenbatekoak baliabide arrunten %5 etik goiti eta zuzeneko kontratazioari aplikatzen zaion % 50eko muga orokorretik goiti egiten ez badu.

k) Legeak espreski aitortzen dizkion gainerakoak.

l) Zerbitzu administratiboen arloan legeriak udalerriei ematen dizkien eskumenak, bertze organoren bati espreski ematen ez bazaizkio.

16. art. Mankomunitateburuak eskuordetze generiko nahiz berariazkoak egin ditzake Batzarreko bertze edozein kideren alde, legeak eskuordeezintzat jotzen dituen eskumenak izan ezik.

IV. KAPITULUA

Mankomunitateko buruordea

17. art. Mankomunitateburuak mankomunitateburuordea izendatu eta kargugabetuko du libreki, batzarre orokorreko kideen artean.

Mankomunitateburuordeari dagokio mankomunitateburua haren eginkizun guztietan ordezkatzea, hura kanpoan bada, eri edo bere eginkizunetan aritzeko ezindurik dagoenean, baita mankomunitateburua hautaturik ez dagoenean ere, mankomunitateburua izendatzen den arte.

V. KAPITULUA

Idazkaria

18. art. Idazkariak bilkura bakoitzeko aktak eginen ditu, eta funtzio publiko hori egiteko izendatu edo kontratatu den pertsonak eginen ditu eginkizun horiek, hura izaten ahal dena aldi baterako gaitzeko legezko ahalbidea ukatu gabe.

IV. TITULUA

Ondasunak eta zerbitzuak

I. KAPITULUA

Ondasunak

19. art. Mankomunitatearen ondarea osatuko dute bereak dituen jabari publikoko edo ondareko ondasun, eskubide eta akzio guztiek.

20. art. Mankomunitateko jabari publikoko ondasunak dira erabilera edo zerbitzu publikorako diren higiezinak eta baita legez izaera hori dutenak ere.

21. art. Udalerriek, Mankomunitatean sartzen direnean, dohainik emanen dizkiote Mankomunitatearen titulartasunaren menpe gelditzen diren zerbitzu guzti- guztiei atxikitako aktibo material eta inmaterialak, subrogazioa eginez udal kargetan.

22. art. Mankomunitateak, bere ondasunei dagokienez, legeriak Udalerriendako onartzen dituen eskubide guztiak ditu, bai ondasun horiek babesteko bai berreskuratzeko.

II. KAPITULUA

Zerbitzuak

23. art. Bere xede diren zerbitzuak emateko, Mankomunitateak edozein kudeaketa bide hauta dezake legeak ezartzen dituenen artean.

V. TITULUA

Ogasuna

24. art. Baliabide hauek osatuko dute Mankomunitatearen ogasuna:

a) Zuzenbide pribatuko dirusarrerak edo berekiak.

b) Isunak.

c) Mankomunitatean sartzen diren udalerrien ekarpenak.

d) Dirulaguntzak eta zuzenbide publikoko bertzelako dirusarrerak.

e) Kreditu eragiketetatik heldu direnak.

f) Tasak, zerbitzuak edo jarduketak egitearen truke.

Udalerri elkartuen ekarpenak eginen dira:

1. Udalerri bakoitzeko biztanle kopuraren ariora (urte bakoitzeko urtarrilaren lehenari dagokionez), Mankomunitatea ezartzeko gastuak nahiz behar diren funtzio publikoak egiteko langileenak finantzatu beharrez.

2. Oso-osorik eta bakoitzari berea, Udalerri elkartu bakoitzerako eskatzen diren gainerako zerbitzuetan erabiltzen diren baliabideen ariora.

25. art. Mankomunitatearen dirusarrerak halako zerbitzu edo jarduera baten ondoriozko eginbeharrak betetzeko izanen dira, haiek finantzatzeko ezarri edo bildu baitira.

26. art. Mankomunitateak ahalmena du Nafarroako Gobernuari eskatzeko hura osatzen duten udalerriek berarekin dituzten zorrak ordaintzeko, udalerri zordunari Transferentzia Arrunten Fondoan duen partaidetzatik behar diren diru-kopuruak kenduz.

VI. TITULUA

Langileak

27. art. Mankomunitatearen zerbitzuko langileak funtzionarioak, kontratudun finkoak edo aldi baterakoak eta behin-behinekoak izanen dira, legerian eta plantilla organikoan xedatutakoarekin bat.

Entitate berrian eta honek dirauen bitartean sartzen diren udalerrietako administrazioko funtzionarioen kasuak aparte utzirik, idazkaritza, kontu hartzailetza eta diruzaintzako funtzio publikoak egiteko ezartzen diren langileak baizik ez dira izanen funtzionario, eta horrela agertuko da Mankomunitatearen plantillan. Hala ere, lehenagotik horrelakorik ez bada, eta lanpostu horiek funtzionarioekin behin betikoz betetzen ez diren bitartean, administrazio kontratuak eginen zaizkie.

Behin-behineko langileak ez diren gainerakoak, administraziokoak nahiz laguntzarako teknikariak izan, lan- kontratudunak izanen dira.

VII. TITULUA

Aldaketa eta desegitea

28. art. Estatutuak eta, beraz, Mankomunitatea aldatzeko arrazoiak izanen dira bere jardun esparrua aldatzeagatik (udalerri batzuk sartu eta/edo atera) eta/edo eskumen gehiago bereganatzeagatik.

Kasu batean nahiz bertzean, bidea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 50.3 artikuluan ezarritakoa izanen da.

29. art. Udalerriren bat Mankomunitatean sartzeko bide hauetariko bat erabiliko da:

a) Interesa duen Udalerriaren eskaera.

b) Batzarre orokorraren adostasun txostena; horretarako erabakia hartuko da gehiengo osoaren botoaz.

c) Jendaurreko epea, hilabetekoa.

d) Epe hori alegaziorik gabe iraganez gero, atxikipena behin betikotzat hartuko da. Bertzenaz, batzarreak aurkezturiko erreklamazio edo iradokizunak ebatziko ditu eta behin betiko erabakia hartuko, horretarako ere gehiengo osoaren botoa beharko delarik.

e) Udalerri sartu berriak, zenbat biztanle dituen, horren araberako ekarpena egin beharko du Mankomunitatearen aktiboan, sartzeko momentuan egiten den balorazioaren ariora. Nolanahi ere, kide berriak ekarpen hori saihesten ahal du, Nafarroako Gobernuak udal mapa arrazionalizatzeko eta haren administrazioa berrantolatzeko ezartzen dituen sustapen neurrien bidez ordaina hartuta.

30. art. 1. Mankomunitateko kideren bat handik aterako da, baldin eta egiaztatzen bada lege estaldura eta kaudimen ekonomikoa Mankomunitatearen xede den zerbitzua berak bakarrik emateko ahalmena duela, eta lau urte iragan badira Mankomunitatea eratu denetik, eta honako arrazoiak direla bide ematen ahal da:

a) Udalerriak berak eskaturik.

b) Udalerriak Mankomunitearekin dituen obligazioak behin eta berriz ez betetzeagatik. Ateratzeko arrazoia azken hori bada, Mankomunitateak berak hartuko du erabakia, aurreko artikuluaren b), c) eta d) ataletan ezarritako prozedurei jarraikiz.

2. Nola nahi den ere, Mankomunitateak eta delako Udalerriak elkarrekiko dituzten obligazioak eta eskubideak nola likidatu erabakiko dute.

3. Udalerri batek edo batzuek Mankomunitatea utzi dutelako zenbait lanpostu beharrezkoak suertatzen ez badira, bi aukera hauek egonen dira: Udalak bere plantilla organikoan sar ditzake langile horiek edo, bertzenaz, Mankomunitateak kontratu horiek iraungitzeatik sortutako ondorio ekonomikoak bere kontura har ditzake.

4. Mankomunitatea eratu baino lehen legez eraturiko idazkarien batasun batekoa izanik, Mankomunitatetik lekutu nahi duen udalerriak hasiera batean elkarturik zegoen gainerako udalerriekin batera egin beharko du. Gainera, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko du horretarako.

31. art. Mankomunitatea desegiteko, toki araubideko legerian Estatutuak aldatzeko ezarri tramite berberak egin beharko dira.

Mankomunitatea desegindakoan, udalerriak izanen dira hark hartutako obligazioen erantzule, haren gastu bakoitza finantzatzeko ezarritako irizpideei jarraikiz.

Era berean, irizpide horixe bera erabiliko da Udalerri bakoitzak Mankomunitateko ondasun eta eskubideetan duen partaidetza zehazteko.

Mankomunitateko kide diren udalerriek aukera izanen dute toki entitate horren langileetan funtzionario ez direnak Udal batek berak bakarrik hartzeko edo, bertzenaz, lan kontratuak iraungitzeagatik heldu diratekeen ondorio ekonomikoen erantzukizuna hartzeko, bakoitzaren atxikipen denboraren ariora. Hala ere, funtzionario ez diren langileak Mankomunitatean sartu badira Mankomunitateko udalerriren batekin lehenagotik kontratua izateagatik, jatorrizko administraziora itzuliko dira, eta horrek nahi bezala hautatuko du aipatu diren bi aukera horien artean.

Mankomunitateko funtzionarioek, hura desegitean, bere egoera administratiboaren arabera aukera hauek izanen ditu:

-Hasierako administraziora itzultzea, Mankomunitateko langile horiek hartan sartu badira, abuztuaren 30eko 251/93 Legegintzako Foru Dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz.

-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen VII. tituluko II. kapituluko 1., 2. eta 3. sekzioetan aurreikusten diren merezimendu lehiaketetan parte hartzea.

Mankomunitatea desegitetik funtzionariek bere lanpostu berrien jabetza hartzen duten arte, Mankomunitateko kideek haien lansariak ordaindu beharko dituzte, bakoitzak bere heinean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Mankomunitateak bere gain hartzen ditu Mankomunitateko Udalek dituzten eskubide eta obligazio guztiak administrazio zerbitzuak emateko hemendik aurrera Mankomunitatea osatuko duten udalerrietan, salbu eta elkarte berrian bertzerik gabe sartzen ahal ez diren langileekin kontratuak izateagatik zituzten konpromisoetatik etorritako obligazioak.

Mankomunitateko udalerrietako funtzionarioak, estatutu hauek indarra hartzen duten unean haren zerbitzu eta eginkizunetan ari zirenak, sortutako entitate berriaren funtzio publikoaren antolaketan sartuko dira, abuztuaren 30eko 251/93 Legegintzako Foru Dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz.

Orobat, Mankomunitateko udalerrien funtzionario ez diren langileei dagokienez, aukera izanen da elkarte berrian beren borondatez sartzeko jatorrizko administrazioan zuten kontratuaren eduki bera izanik, edo bertzenaz, bakoitzak bere udalerriarekin zuen kontratua deseginik.

Bigarrena.-Estatutu hauek indarra hartzen dutenetik hamabortz eguneko epean, Mankomunitateko udalerri guztien ordezkariei dei eginen zaie Batzarre Orokorra eratzeko bilkurara etor daitezen. 8. artikuluko azken lerroaldeak aurreikusitakoari jarraikiz idazkaritza lanak nori dagozkion, harexek eginen du delako bilkuraren deialdia, eta hartan mankomunitateburua hautatuko da.

Horrez gain, batzarrearen aburuz presakoak diren gaiak eztabaidatzen ahalko dira.

Hirugarrena.-Mankomunitateak indarra hartzetik plantilla organikoan sarturiko lanpostu bakoitza kontratatu eta/edo izendatzeko hautapen prozedurak prest egon arte luzatuko da mankomunitatearen xede diren zerbitzu administratiboak ematea.

Bitarte horretan, kontrakoa erabaki ezik, indarra izanen dute beti Mankomunitateko udalerriek lehenagotik itxuratutako lanpostuen jabetza zuten langileekin funtzionari izan ala lan-kontratudun izan zeuzkaten ardurek, administrazio zerbitzu horiek emateko.Epe hori amaitzen denean iraungi eta/edo deseginen dira denak batera.

Orobat, Mankomunitateak behar dituen funtzio publikoak Obanos udalerriko idazkariak beteko ditu bitarte horretan, hura baita Mankomunitatearen egoitza. Hala ere, ez da ukatzen horretarako baldintzak betetzen dituenak lehenagoko arrazoiengatik egin ahal izatea.

Iragarkiaren kodea: A0109790