121. ALDIZKARIA - 2001eko urriaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

304/2001 FORU AGINDUA, irailaren 24koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko lanpostuak betetzeko aldi baterako langileak hautatzeko oinarriak ezartzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak 455. artikuluan ezartzen duenez, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langile guztiei -aurreko artikuluan sartutakoei- buruzko eskumenak Justizia Ministerioari edo, hala denean, Autonomi Erkidegoei dagozkie, beren Estatutuko eta araubide juridikoko arlo guztietan, barne direla hautapena, hasierako eta etengabeko prestakuntza, destinoa hartzea, igoerak, egoera administratiboak, lanaldia, lan ordutegia eta diziplina araubidea.

Kontuan harturik Nafarroako Foru Komunitateak Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen arloko eskumenak jaso dituela, Nafarroako Foru Komunitateko Adminstrazioari dagokio Nafarroako Justizia Administrazioko organo judizial eta fiskalen zerbitzuko lanpostuak beteko dituzten aldi baterako langileei buruzko arauak eman eta izendapena egitea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak zehazten dituen apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, Auzitegiko Medikuen Kidegoko Erregelamendu Organikoa onesten duen otsailaren 23ko 296/1996 Errege Dekretuaren 29. artikuluan ezarritakoari jarraikiz eta Justizia Administrazioko Ofizialen, Laguntzaileen eta Agenteen Kidegoetako Erregelamendu Organikoa onesten duen otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuko 59. artikuluari ere jarraikiz, eta aldez aurretik Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari entzunaldia emanda, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 108. artikuluan ezarritakoaren arabera.

AGINDU DUT:

1. artikulua. Eskumena eta kasuak.

1. Nafarroan Organo Judizialen, Fiskaltzaren eta Justizia Administrazioaren zerbitzuak ezin direnean bete Auzitegiko Medikuen, Justiziako Ofizialen, Justiziako Laguntzaileen eta Agente Judizialen Kidegoetako funtzionarioen bitartez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak aldi baterako izendatu ahalko ditu horretarako hautatzen diren pertsonak.

2. Izendapen hori egin ahalko da, oro har, lanpostutik kanpo -erregelamenduaren arabera- hilabete baino gehiago egon behar denean, plantillako lanpostu hutsak lanpostuak betetzeko arauzko sistemaren arabera bete bitartean eta errefortzu neurriei erantzuteko aparteko beharra dagoenean.

2. artikulua. Izangaien zerrendak. Ezaugarri orokorrak.

1. Aurreko artikuluan ezarritakoa bete dadin, eta berdintasun, merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioei jarraikiz, izangaien zerrenda hauek eginen dira:

a) Auzitegiko medikuak.

b) Justizia Administrazioko ofizialak.

c) Justizia Administrazioko laguntzaileak.

d) Justizia Administrazioko agenteak.

2. Izangaien zerrenda horiek ondoko lurralde eremuen arabera antolatuko dira:

a) Iruña eta Agoizko barruti judizialak.

b) Iruña eta Lizarrako barruti judizialak.

c) Iruña eta Tafallako barruti judizialak.

d) Iruña eta Tuterako barruti judizialak.

e) Tutera eta Tafallako barruti judizialak.

f) Barruti judizial guztiak.

Interesatuek eskabidean adierazi beharko dituzte hautatzen duten lurralde eremua edo eremuak.

3. Zerrendek urtebetez izanen dute indarra, eta luzatu ahalko dira, Justizia Administrazioko funtzionarioen sindikatuekin negoziazioa egin eta gero.

3. artikulua. Izangaien zerrendak osatzeko deialdia.

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari dagokio izangaien zerrendak osatzea; horretarako deialdia Ebazpen bidez eginen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Deialdia Auzitegi Nagusira, Entzutegi Probintzialera, Fiskaltzara, Dekanotzetara eta Nafarroako Medikuntza Legaleko Institutura ere igorriko da, jendaurrean jar dezaten.

4. artikulua. Parte hartzeko baldintzak.

1. Zerrendetan parte hartzeko, interesatuek hurrengo ataletan azaltzen diren baldintzak bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Baldintza horiek bitarteko funtzionario gisa jabetza hartzen denean ere bete behar dira.

2. Baldintza orokorrak.

a) Auzitegiko medikuen, ofizialen eta laguntzaileen zerrendetarako izangaien kasuan, espainiarra izatea edo Europako Batasuneko Estatu bateko nazionalitatea edo Noruegako Erreinukoa edo Islandiako Errepublikakoa.

Parte hartu ahalko dute, halaber, espainiarren eta Europako Batasuneko Estatu bateko, Noruegako edo Islandiako nazionalitatea dutenen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, haien kontura bizi diren adin nagusikoak.

Agenteen zerrendetan sartu nahi duten izangaiek nazionalitate espainiarra izan beharko dute.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Doluzko delitu batengatik kondenatua ez izana eta horregatik prozesatua edo erruduntzat joa ez izatea, non eta ez den errehabilitazioa lortu edo auzian artxibatze autoa izan.

d) Funtzio publikoetan aritzeko ezgaitua ez egotea.

e) Diziplina prozeduraren bidez Estatuko, Autonomi Erkidegoetako edo Toki Administrazioetako Kidego batetik bereizia ez izana, ez eta diziplina bidez edo bide judizialez eginkizun publikoetarako gabetua ere, ez bada behintzat behar bezala errehabilitatu.

f) Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek egiaztatu beharko dute, halaber, beren Estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplinazko zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

g) Lanpostua betetzeko ezgaitzen dituen akats fisikorik edo eritasunik ez izatea.

3. Kidego bakoitzean sartzeko titulazioaren jabe izatea edo lortzeko baldintzak betetzea eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen. Horrela:

a) Auzitegiko medikuek: Medikuntzako lizentziatura.

b) Ofizialek: Batxilergoko titulua edo baliokidea.

c) Laguntzaileek: Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua edo baliokidea.

d) Agenteek: eskola ziurtagiria edo baliokidea.

4. Baldintza horiez gain, izangaien zerrenda bakoitzean sartzeko honako hau eskatuko da:

a) Kasuan kasuko izangai zerrendari dagokion Kidegoan sartzeko azkenik egindako oposizioko lehenengo ariketaren kalifikazioan 0 puntu baino gehiago lortu izana.

b) Laguntzaileen zerrendan sartu nahi dutenek mekanografia badakitela egiaztatu beharko dute, azken bost urteetan lortutako diploma edo ziurtagiriaren bidez. Horretarako balioa izanen du azken bost urteetan oposizio batean mekanografiako proba gainditu izana frogatzeko Administrazio Publiko batek emandako ziurtagiriak. Mekanografiako esperientzia egiaztatu beharretik salbuetsita daude Justizia Administrazioan bitarteko laguntzaile gisa edo edozein Administrazio Publikotan laguntzaile gisa azken bost urteetan aritu izana egiaztatzen dutenek.

5. artikulua. Eskabideak eta agiriak.

Izangaien zerrendetan parte hartu nahi eta aurreko artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztenek eskabidea aurkeztu beharko dute, deialdiko ereduaren araberakoa, honako agiri hauekin batera:

a) NANaren fotokopia.

b) Kidego bakoitzean sartzeko eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.

c) Baldintza eta merezimenduen egiaztagiriak, deialdian ezarritakoaren arabera.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan izangaien zerrenda bereko lanpostu batean lanean ari badira, ez dute aurkeztu beharko ez eskabide orria ez eta agiririk ere, lanpostua uzten dutenean Foru Agindu honen lehenbiziko xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera sartuko baitira.

6. artikulua. Merezimenduak.

Izangaien zerrendako lehentasun ordena ondoko merezimenduen arabera dagokien puntuazio osoak zehaztuko du:

Oposizioko ariketa bakoitzean lortu ahalko dira ariketan lortutako puntuazioa 40ez biderkatuta ateratzen den zenbatekoa ariketan lor daitekeen gehieneko puntuazioaz zatituta ateratzen diren puntuak.

40 X Ariketan lortutako puntuazioa

Ariketan lor daitekeen gehieneko puntuazioa

2. Lanbide merezimenduak:

a) Justizia Administrazioan, helburu den izangai zerrendari dagokion Kidegoan bitarteko funtzionario gisa egindako zerbitzuak: 0,25 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko.

b) Justizia Administrazioan beste edozein Kidegotan bitarteko funtzionario gisa egindako zerbitzuak: 0,15 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko.

c) Edozein Administrazio Publikotan mediku, administrari, laguntzaile edo menpeko lanpostuetan egindako zerbitzuak, horietarako kasuan kasuko izangai zerrendarako eskatzen den titulazio bera eskatu bada: 0,10 puntu zerbitzuko hilabete oso bakoitzeko.

Gehienez ere bost urte konputatuko dira.

3. Informatika jakitea: gehienez ere 3 puntu lortu ahalko dira orotara, Administrazio Publiko batek homologatutako ikastaroengatik. Honela baloratuko dira:

a) 20 ordutik 40ra bitarteko ikastaroak: 0,5 puntu.

b) 41 ordutik 80ra bitarteko ikastaroak: puntu 1.

c) 81 ordutik 100era bitarteko ikastaroak: 2 puntu.

d) 100 ordutik gorako ikastaroak: 3 puntu.

4. Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak jakitea (frantsesa, ingelesa edo alemana): 2 puntu gehienez bakoitzagatik.

5. Aurreko zenbakietako merezimenduak batuta ateratzen den puntuazioarekin izangaien zerrenda bat osatuko da. Zerrenda hori erabiliko da eremu ez euskalduneko lanpostuetan aldi baterako langileak behar direnean.

6. Euskara jakitea:

Bi zerrenda eginen dira: bat eremu mistorako eta bestea eremu euskaldunerako. Aldi baterako langileekin bete beharreko lanpostua zein eremutan dagoen, eremu horri dagokion zerrenda erabiliko da.

Zerrenda horiek osatzeko, aurreko zenbakian azaldutakoaren arabera lortutako puntuazioari euskara jakiteagatik ondoren zehazten diren puntuak gehituko zaizkio:

a) Eremu mistoan, euskara jakiteagatik gehienez ere 2,10 puntu emanen dira.

b) Eremu euskaldunean, euskara jakiteagatik gehienez ere 2,20 puntu emanen dira.

7. Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidea den titulazioa izanez gero, hizkuntza bakoitzerako aurreko zenbakietan ezarritako gehieneko balorazioa emanen da.

Titulazio hori ez bada, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako kurtso bakoitza gehieneko puntuazioaren 1/5 baloratuko da eta, euskarari dagokionez, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan "urrats" bakoitza 1/12 baloratuko da.

7. artikulua. Merezimenduak egiaztatu eta ebaluatzea:

1. Deialdian zehaztuko dira organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu behar diren merezimenduak.

Berdinketak hausteko, baremoko atal bakoitzean lortutako puntuazioa izanen da kontuan, lehen ataletik hasita betiere. Hala ere berdinketa hausten ez bada, eskatzaile zaharrenak izanen du lehentasuna.

Izangaien zerrendak onesten dituen behin-behineko Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, eta Auzitegi Nagusira, Entzutegi Probintzialera, Fiskaltzara, Dekanotzetara eta Nafarroako Medikuntza Legalaren Institutura igorriko, jendaurrean jar dezaten.

Interesatuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, organo eskudunaren aurrean erreklamazioak egiteko. Erreklamazioak ebatzitakoan, behin betiko Ebazpena argitaratuko da prozedura berari jarraikiz.

2. Ezin izanen da aldi berean egon kidego ezberdinetako izangaien zerrenda batean baino gehiagotan, ofizialen eta laguntzaileen kidegoetako zerrendetan izan ezik.

Bai ofizialen bai laguntzaileen kidegoetan eskabideak aldi berean aurkezten dituzten izangaiei eskabide bakoitzean alegatutako baldintza eta merezimenduak baloratuko zaizkie, kidego bakoitzerako eskatzen denaren arabera. Horretarako, bi kidegoetako edozeinetan egindako zerbitzuak baloratuko zaizkie, bereizketarik gabe, nahiz eta aldi berean egindako zerbitzuak behin bakarrik konputatuko diren.

Aurreko lerroaldeko ezaugarriak dituzten izangaiek agenteen zerrendan parte hartzeko eskabideak ere aurkezten dituztenean, erreklamazioak egiteko epean hautatu beharko dute agenteen izangaien zerrendan ala laguntzaileen eta ofizialen zerrendetan parte hartu nahi duten. Epe horretan hauturik egiten ez badute, puntuazio txikiena duten zerrendetatik ofizioz aterako dira.

Aldi berean ofizialen eta laguntzaileen kidegoetako izangaien zerrendan egonez gero, interesatuari laguntzaile edo ofizial baten lanpostua betetzeko aukera ematen bazaio, lanpostua onartu eta izendapena egindakoan aldi baterako baja emanen zaio eskainitako lanpostuari ez dagokion kidegoko zerrendan. Hori hala izanik ere, bitarteko laguntzaile edo ofizial lanpostua uzten duenean berriz sartuko da laguntzaileen kidegoko eta ofizialen kidegoko zerrendan.

Interesatuak eskaintzen zaion lanpostua onartzen ez badu, lanpostu horri dagokion kidegoko izangaien zerrendaren azken tokian jarriko da, non eta ez duen alegatu eta frogatzen Foru Agindu honen arabera uko egiteko zilegi den arrazoiren bat.

8. artikulua. Eskabidea eta bitarteko funtzionario gisa izendatzea:

1.2 artikuluan aipatu arrazoietako batengatik lanpostu bat bete behar denean, organo judizialak, Fiskaltzak edo Justizia Administrazioko zerbitzuak eskaera eginen dio, arrazoia egiaztatuta, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, I. eranskineko eredua erabilita. Orduan behar den prozedura hasiko da izangai bat hautatu eta izendatzeko, izangaien zerrendetako ordenari jarraikiz beti, Foru Agindu honen 15. artikuluan aipatu salbuespena barne.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, aurrekontuan behar beste diru bada, errefortzuzko bitarteko funtzionario izendatu ahalko du baten bat, zenbait organo judizialetan egoeraren araberako beharrei erantzuteko, ofizioz edo kasuan kasuko organo judizial edo fiskalek behar bezala frogatutako eskaria egiten badute.

Errefortzuzko bitarteko funtzionario izateko egiten diren izendapenak oro har sei hilabetetarako izanen dira gehienez, baina sei hilabeteko aldietarako luzatu ahalko dira, guztira bi urte egin arte.

9. artikulua. Lanpostu bat uztea.

Bitarteko funtzionarioak ondoko kasuetakoren batean automatikoki utziko du lanpostua:

a) Lanpostua dagokion funtzionario titularrak edo karrerako funtzionario batek betetzen duenean. Horri loturik, bitarteko funtzionario izendatzeko Ebazpenean lanpostuaren zenbakia eta izendapenaren arrazoia azalduko dira.

b) Izendapenaren epea bukatzen denean.

c) Betetzen ari den lanpostuari uko egiten badio.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak bitarteko funtzionarioa lanpostutik kenduko du egoera hauetakoren bat izaten denean:

a) Izangaien zerrendan sartzeko baldintzetakoren bat falta bada edo baldintzetakoren batean edo alegatutako egoeretan hasieran edo gerora datu faltsuak ematen badira.

b) Hutsegite oso larriari dagokion zehapen irmoa dagoenean, kidego bakoitzeko Erregelamendu Organikoaren arabera.

c) Betetzen duen lanpostuko eginkizunetan gaitasun edo errendimendurik ez duela nabarmen ikusten denean. Organoko titularrak lanpostutik kentzeko proposamena egin ahalko dio Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, proposamena arrazoituta eta interesatuak egindako alegazioak (frogak barne) aurkeztuta. Sindikatuei hori guztia igorriko zaie eta alegazioak egin ahalko dituzte. Beharrezko tramiteak egindakoan, hamar eguneko epean ebatziko da.

d) Bitarteko funtzionario bat hartzeko arrazoi izan ziren zerbitzu beharrak bukatzen direnean.

e) Lanpostua desagertzen denean.

f) Botere Judizialari buruzko 467. artikuluan ezarritako adina betetzen denean.

10. artikulua. Lanpostua uztearen ondorioak.

1. Oro har, 9.1 artikuluko a) eta b) ataletan eta 9.2 artikuluko d) eta e) ataletan aipatu arrazoietakoren batengatik lanpostua uzten denean, bakoitzari dagokion izangaien zerrendara itzuliko da interesatua, baina azkeneko tokira. Interesatuak ez badu nahi dagokion zerrendan berriz sartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari horren berri eman beharko dio.

Lanpostua utzi beharra izendapenaren ondoko urtea amaitu baino lehen gertatzen bada, izendapena egitean izangaien zerrendan izangai bakoitzak zuen ordena zenbakia errespetatuko da, lanean aritutako aldiek gutxienez urtea osatu arte.

Lekualdatze lehiaketa baten behin betiko ebazpenaren ondorioz bitarteko batzuek lanpostua utzi behar badute, denak, aurreko lerroaldean ezarritakoa salbu, dagokien zerrendako azken tokian jarriko dira automatikoki data berarekin, hots, aipatu Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen deneko data; izangaien zerrendak egin zirenean lortu zuten puntuazioaren arabera ordenatuko dira. Bitarteko horiei ez zaie aplikatuko Foru Agindu honen 15. artikuluan ageri den salbuespena.

2. 9.1 artikuluko c) atalean eta 9.2 artikuluko a), b), c) eta f) ataletan aipatu arrazoietakoren batengatik utzi behar badute lanpostua, izangaien zerrendatik kanpora automatikoki geldituko dira.

11. artikulua. Izangaien zerrendan azken tokian jartzea:

Izangaien zerrendako azken tokian jarriko da:

a) Justifikatutako arrazoirik izan gabe izendapena onartzen ez duena.

b) Deialdian jabetza hartzeko eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituena.

c) Jabetza hartzera justifikatu gabeko arrazoiren batengatik agertzen ez dena.

12. artikulua. Bitarteko langileak birbanatzea zerbitzu komunak sortzearen ondorioz.

Justizia Zuzendaritza Nagusiak, zerbitzu komunak sortzearen ondoriozko berregituraketan organo judizialek funtzionamendu egokia izaten jarraituko dutela bermatzearren, zerbitzu komun horiek sortzeagatik organo judizial bateko lanpostua utzi behar izan duten bitartekoak esleitu ahalko ditu organo horien beharrei erantzuteko, izendatuta zeuden kidego berean.

13. artikulua. Uko egite justifikatua.

Lanposturako izendapenari uko egin eta izangaien zerrendako ordena ez galtzeko arrazoi justifikatuak honako hauek izanen dira:

a) Eritasun arrunt baten edo lanekoa ez den istripu baten ondorioz aldi baterako ezgaitasuna izatea.

b) Laneko istripu baten edo lanbideari lotutako eritasun baten ondorioz aldi baterako ezgaitasuna izatea.

c) Amatasuna amaren kasuan, haurdunaldiaren zazpigarren hilabetearen eta erditzearen ondoko hamaseigarren astearen artean egiten bazaio lanpostuari uko; erdialdi berean ume bat baino gehiago izanez gero beste bi aste bigarrenetik aurrerako ume bakoitzeko.

Aitak zilegi izanen du amaren ordez hartzea lizentzia, osorik edo lizentziatik geratzen den zatia, ama hiltzen bada.

Aurrekoa gorabehera, eta erditu ondoan amaren atsedenerako nahitaez sei aste hartu beharra galarazi gabe, bai aitak eta bai amak lan egiten badute eta amak amatasun baimenaren epea hastean hautatzen badu umea izan ondoko baimenaren denborako zati jakin eta jarraitu bat aitak hartzea, bai amarenaren aldi berean bai ondoren, aitak uko egin ahalko dio eskaintzen zaion lanpostuari denbora horretarako.

Sei urte arteko umeak adoptatu edo familian hartzen direnean (aurreadopzio gisa nahiz era iraunkorrean), baimenak hamasei aste jarraitu iraunen du eta, ume bat baino gehiagoren kasuetan, beste bi aste bigarrenetik aurrerako ume bakoitzeko. Aste horiek hautatuak berak erabakiko du noiztik kontatu, dela familian hartzeko administrazio edo epaile erabakia ematen denetik, dela adopzioa eratzen duen epaile erabakia ematen denetik. Baimenak hamasei aste iraunen du sei urtetik gorako haurrak adoptatu edo familian hartzen direnean, haurrak ezgaituak edo minusbaliatuak badira edo zailtasun berezia badute gizartean eta familia batean integratzeko, gizarte zerbitzu eskudunek inguruabar horiek behar adina frogaturik.

Nazioarteko adopzioa egiten denean, gurasoek aurretiaz haurraren jatorriko herrira joan behar dutenean, zilegi izanen da kasu bakoitzerako aurreikusten den ukoa adopzioa eratzen duen ebazpena baino lau aste lehenago izatea.

d) Urtebeterako, gehienez, seme-alaba bakoitza zaintzeko, naturalak zein adoptatuak, hala nola adoptatu aurreko harrera-fasean daudenak eta babespean betiko hartzen direnak ere. Urte hori haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko da. Sortuko den eskubide bakarra izangaien zerrendan jarraitzea izanen da.

e) Urtebeterako, gehienez, bere kargura dagoen odoleko edo ezkontza bidezko ahaideren bat zaintzeko, bigarren gradu artekoa -hori barne-, baldin eta adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez bada eta lansaridun jarduerarik egiten ez badu.

f) Ume bat jaiotzen denean eta odoleko edo ezkontza bideko edo antzeko bizikidetzako ahaide bat -bigarren gradu artekoa- hiltzen denean edo eritasun larria duenean; ukoak bi eguneko muga izanen du gertaera herrian bertan denean, eta lau egunekoa beste herri batean izaten denean.

g) Ezkontza, ukoa ospakizunaren aurreko edo ondoko 15 egun naturalen barnean izaten bada.

h) Soldadutza edo ordezko zerbitzu soziala egitea.

i) Lanaldi osoa edo parte bat betetzea eragozten duen kargu publiko batean aritzea.

j) Pertsona interesatuaren borondatetik kanpoko beste edozein arrazoi, behar bezala egiaztatua.

Uko egiteko arrazoi horietakoren bat alegatzen duenak behar diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu, eta artikulu honen a eta b ataletan azaltzen diren kasuetan medikuaren alta jakinarazi, alta hartu eta hiru egun naturaleko epean.

14. artikulua. Izangaia aurkitzeko datuak aldatzea.

Izangaien zerrendetan daudenek aurkitzeko datuak aldatzen badituzte (helbidea eta/edo telefonoa), Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinarazi beharko diote, 15 eguneko epean.

Baldintza hori ez betetzeagatik lanpostu bat bete behar dutenean ezin badira aurkitu, izangaien zerrendako azken tokira jaitsiko dira.

15. artikulua. Izangaien zerrendako ordena mantentzearen salbuespena.

Bitarteko funtzionario batek organo judizial bateko lanpostua uzten duenean, eta sei hilabeteko epean beste lanpostu bat eskatzen badu organo berean, pertsona bera izendatu ahalko da, behin bakarrik, baldin eta une horretan izangaien zerrendan horretarako moduan badago eta organoko titularrak idatziz eskatzen badu.

16. artikulua. Ofizialen lanpostu hutsak betetzea.

Justizia Administrazioko ofizial lanpostu bat hilabetez baino denbora gehiagoz bete behar denean, fiskalburuak edo organo judizialeko idazkariak proposatu beharko du organo judizial bereko laguntzaile titular batek bete dezala.

Ordezkapen horretarako interesa laguntzaile batek baino gehiagok baldin badu, idazkari judizialak izangaien balorazioa eginen du Kidegoan duten antzinatasuna kontuan hartuta. Horren arabera, 0,15 puntu emanen dira hilabete osoko, eta gehienez ere bederatzi puntu.

Puntuazio berdina lortzen badute, goi batxilergoko titulua duenak izanen du lehentasuna. Hala ere berdinketa hausten ez bada, laguntzaileen kidegoko eskalafoira joko da.

Balorazioa egindakoan, idazkari judizialak ordezkapenaren proposamena eginen du Agindu honen II. eranskineko eredua erabiliz. Gero Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura igorriko du eta hark baimena emanen du aldi baterako hutsik dagoen lanpostua betetzeko.

Ordezkapena egiten duenak indarra duen araudian finkatutako osagarria jasoko du, eta denbora hori ere igoerarako kontuan hartuko da.

Ordezkapena egiteko interesa duen laguntzailerik ez badago, ofizialen zerrendako norbaitekin beteko da lanpostu hutsa.

Ofizial baten eginkizunak betetzen ari den laguntzaileak aldi baterako hutsik uzten duen lanpostua laguntzaileen zerrendako bitarteko funtzionario bat izendatuz bete ahalko da.

17. artikulua. Izendapenen aldi baterako eraginkortasuna.

Nafarroako Gobernuak bitarteko funtzionarioekin duen lotura juridiko eta ekonomikoa izendapena egin eta ondoren jabetza hartzean hasten da.

Lanpostu bat betetzeko deitzen diren pertsonek 8 egun naturaleko epean hartu beharko dute jabetza, dei egiten zaien egunetik hasita.

Jabetza hartzeko epea 4 egun naturaletara murriztu ahalko da, behar bezala justifikatutako presako arrazoiak daudenean. Hautatuari arrazoi horien berri emanen zaio dei egiten zaionean.

Proposatzen diren pertsonek ezin izanen dute jabetza hartu edo lanpostuaren eginkizunak bete, harik eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak izendapena jakinarazten ez dien bitartean.

Nafarroako Gobernuak bitarteko funtzionarioekin duen lotura juridiko eta ekonomikoa bukatuko da lanpostua 9. artikuluan aipatzen diren arrazoietakoren batengatik uzten denean.

18. artikulua. Parte-hartzea eta argibideak.

Maiatzaren 14ko 812/1999 Errege Dekretuan aipatu eskualdatzeek ukituriko langileen ordezkari diren sindikatuek hautapen prozesuan eta izangaien zerrenden eraketan parte hartuko dute, eta unean uneko egoeraren kopia emanen zaie eskatzen dutenean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Izangaien zerrendek indarra duten denboran zerbitzu beharrengatik lanpostu hutsak berehala bete behar badira eta zerrendak agortuta badaude, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, ordezkaritza duten sindikatuei kontsulta egin ondoren, komenigarriena iruditzen zaion prozeduraren bidez izendatu ahalko ditu bitarteko funtzionarioak, betiere berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraikiz.

Bigarrena.-Beste autonomi erkidego edo kudeatzailetza bateko lan zerrendetan dauden bitartekoek Foru Agindu honetan arautzen diren izangai zerrendetan sartzeko eskaera egin ahalko dute; frogatzen dituzten merezimenduen baremoaren arabera dagokien postuan jarriko dira, betiere izangaien zerrendetan sartzeko oinarri hauek ezartzen dituzten baldintzak betetzen badituzte.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.-Foru Agindu honi dagozkion eskabideak aurkezteko epean Justizia Administrazioan bitarteko funtzionario gisa zerbitzuan ari denari jakinaraziko zaio duen lanpostuaren zenbakia aipatu epea bukatzen den egunean, lanpostua uztearen ondorioetarako, oinarri hauetan ezarritakoaren arabera; Foru Agindu hau aplikaturik eratzen diren izangai zerrendetako batean sartzeko beste lanpostua uzten duenean, jarduketa hauek egin beharko ditu:

a) Dagokion izangai zerrendan sartzeko eskaria egitea, betiere Foru Agindu honetako baldintzak betetzen baditu.

b) Dituen merezimenduen -Foru Agindu honetan baloratzen direnen- frogagiriak aurkeztea. Horretarako, deialdian zehaztuko dira organo eskudunaren ziurtagiri bidez egiaztatu behar diren merezimenduak.

Interesatuak alegatu merezimenduak barematutakoan, interesatua izangaien zerrendan sartuko da egokitzen zaion tokian, lortutako puntu guztien arabera. Berdinketa izanez gero, baremoko atal bakoitzean lortutako puntuazioa izanen da kontuan, lehen ataletik hasita. Hala ere berdinketa hausten ez bada, eskatzaile zaharrenak izanen du lehentasuna.

Pertsona bat izangai zerrenda batean baino gehiagotan sar badaiteke, Foru Agindu honen 7.2 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Bigarrena.-Izangaien zerrenda berrien eraketa onetsi bitartean 1996ko martxoaren 1eko Aginduaren bidez Nafarroarako eratutakoek jarraituko dute indarra izaten. Agindu hori Justizia Administrazioaren zerbitzuko Auzitegiko Medikuen, Ofizialen, Laguntzaileen eta Agenteen Kidegoetako lanpostu hutsak betetzeko bitarteko funtzionarioak hautatu, proposatu eta izendatzeari buruzkoa da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu da Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak maiatzaren 29an emandako 116/2001 Foru Agindua, Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko lanpostuak betetzeko aldi baterako langileak hautatzeko oinarriak ezartzen dituena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko irailaren hogeita lauan.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0109951