121. ALDIZKARIA - 2001eko urriaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

MIRANDA-ARGA

Eraikinak edertzeari buruzko ordenantza. Behin betiko onespena

Miranda-Argako Udalak, 2001eko otsailaren 9an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eraikin eta etxebizitzak edertu eta apaintzeko sariak emateari buruzko ordenantza. Hasiera bateko onespenaren iragarkia 2001eko 46. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, apirilaren 13an argitaratu ondoren, jendaurreko epean ez zen erreklamazio, kexa edo oharrik jaso, eta, beraz, behin betiko onetsita gelditu zen 2001eko ekainaren 29ko bilkuran. Hortaz, ordenantza hori osorik argitaratzen da.

Miranda-Argan, bi mila eta bateko abuztuaren bian. Alkatea, María Teresa Iradiel Ibáñez.

ERAIKIN ETA ETXEBIZITZAK EDERTU ETA APAINTZEKO SARIAK EMATEARI BURUZKO ORDENANTZA

Zioen azalpena

Miranda-Argako Udalaren nahia da herriko arau subsidiarioetako I. eremu homogeneoaren barruan (hirigune historikoa) sartzen diren etxebizitza eta eraikinak, bai eta eremu horretatik kanpo egonagatik arauetan katalogatuta daudenak ere, kanpo aldetik edertzen eta apaintzen laguntzea.

Etxebizitza eta eraikinak edertu eta apaintzeko partikular jabeen ekintzak bultzatzearren, Miranda-Argako Udalak, ordenantza honen bitartez, mota horretako obrak egiten dituztenei urtero sariak ematea arautzen du, baldin eta obra horiek eraikinak eta interes historiko-arkitektonikoa duten multzoak benetan mantendu eta aberasten badituzte.

1. artikulua. Miranda-Argako Udalak urtero hiru sari emanen dizkie herriko arau subsidiarioetako I. eremu homogeneoaren (hirigune historikoa) barruan sartzen diren etxebizitza eta eraikinak, bai eta eremu horretatik kanpo egonagatik arauetan katalogatuta daudenak ere, kanpo aldetik edertzeko eta apaintzeko obren sustatzaileei, baldin eta obra horiek eraikinak eta interes historiko-arkitektonikoa duten multzoak benetan mantendu eta aberasten badituzte.

2. art. Hauek dira hiru sari horien zenbatekoak. Dena den, hurrengo urteetan Udalak zenbateko horiek eguneratu ahalko ditu.

-Lehenengo saria: 200.000 pezeta.

-Bigarren saria: 100.000 pezeta.

-Hirugarren saria: 50.000 pezeta.

3. art. Eskabideak. Sarien urteroko lehiaketan parte hartzeko interesa duten jabeek hartan parte hartzeko eskabidea egiten ahalko dute Udaleko bulegoetan emanen zaien eskabidea aurkeztuz. Eskabide hori obra lizentziaren eskabidearekin batera edo zein bere aldetik aurkez dezakete, urte bakoitzeko uztailaren 1a arte.

4. art. Agiriak. Ordenantza honetan ezarritako sariak eskuratu nahi dituztenek edertu nahi den fatxadaren argazkia aurkeztu beharko dute, bai eta edertu ondokoa ere, obrak bukatutakoan. Zein urteko lehiaketan parte hartu, urte horretako abuztuaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira argazkiak.

Obren sustatzaileak Udalari jakinarazi beharko dio obrak zein egunetan jotzen diren bukatutzat.

4. art. Sariak eskuratu ahal izateko ezinbesteko baldintza izanen da obrak dagokien obra lizentziarekin egitea eta urte bakoitzeko abuztuaren 1a baino lehen bukatzea.

5. art. Sariak urtero emanen dira, ohiko bideak erabiliz ezagutaraziko dira eta urtero herriko festetan emanen dira, jendaurrean.

6. art. Ordenantza honetan ezarritako sarien lehiaketan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Miranda-Argako Udalari egindako obrak behar den guztietan ikuskatzeko eta saritutako eraikinen argazkiak Udalaren Informazio Aldizkarian argitaratzeko.

7. art. Hauek osatuko dute hiru sariak emanen dituen epaimahaia:

-Udaleko alkatea.

-Udalaren Hirigintza Batzordeko burua.

-Udaleko arkitektoetako bat.

8. art. Epaimahaia, urtero, abuztuaren 1etik herriko jaiak hasi arte bilduko da, instruitutako espedienteak eta lehiaketako obrak aztertu eta behar diren epaiak emateko.

Epaimahaiak eskubidea du edertu eta apaintzeko sariak emateko urteroko lehiaketako sari guztiak edo sarietako bat eman gabe uzteko.

Sarietako bat eman gabe gelditzen bada, sari horri dagokion zenbatekoa beharagoko kategoria batean sarituta gertatzen direnen artean banatu ahalko da, saria bi lehiakide edo gehiagoren artean banatu behar den kasuetan.

9. art. 2001ean sariak eskuratu ahalko dituzte 2000ko urtarrilaren 1etik 2001eko uztailaren 31 bitartean hasi eta bukatutako obren sustatzaileek.

Aldiz, hurrengo urteetan sariak eskuratu ahalko dituzte abuztuaren 1etik uztailaren 31 bitartean hasi eta bukatutako obren sustatzaileek, baldin eta eskabidea 3. artikuluan ezarri bezala egin badute.

10. art. Ordenantza honek indarra izanen du 2001eko ekitaldian eta hurrengo urteetan.

Iragarkiaren kodea: A0109348