121. ALDIZKARIA - 2001eko urriaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A Ñ O R B E

Behin betiko onespena, Herrilurretako larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzako aldaketari

2001eko 85. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 13koan, argitara eman zen Añorbeko Herrilurretako aprobetxamendua arautzen duen odenantzaren aldaketaren hasierako onespena, 1998ko maiatzaren 5ekoa, eta haren 1. eranskinarena, 1998ko apirilaren 1ekoa. Jendaurreko epea iraganik, alegazio idazkia aurkeztu zen, Añorbeko 11 herritarrek sinatua, eta Añorbeko Udalak osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez ebatzi ondoren, aipatu ordenantzako aldaketa eta haren eranskina behin betikoz onetsi zituen, hori guztia uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan eta Toki Araubideko Oinarrien Legearen 49. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Ordenantzaren eta haren eranskinaren testu osoa argitaratzen da, uztailaren 2ko 6/20 Foru Legearen 326. artikuluan eta aplikatzen ahal den Toki Araubideko legerian xedatutakoari jarraikiz.

Añorben, bi mila eta bateko irailaren zazpian. Alkatea, sinadura ulertezina.

HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Ordenantza honen xedea da Añorbeko herrilarreen esleipena eta aprobetxamendua arautzea. Herrilarreak ondoko bazkatokietan banatuak daude: El Pueblo, Larransus, Zalurdain, Bekaira, Olazari eta Monte. Hori guztia herri ondasunei buruzko maiatzaren 28ko 6/86 Foru Legearen III. kapituluan xedatutakoari jarraikiz.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Herrilarreak esleitzeko modua.

Herrilarreak ondoko modu eta ordenaren arabera esleituko dira:

a) Herritarrendako zuzeneko esleipena.

b)Enkante bidezko esleipena, herriko antzinako ohitura baita.

II. KAPITULUA

Herritarrendako zuzeneko esleipena

1. artikulua. Herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak.

Esleipen modu honetako onuradun izanen dira halako famili unitateak, ondoko baldintzak betetzen badituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabe burujabea nahiz judizialki gaitua izatea.

b) Añorbeko erroldan biztanle gisa inskribatua egotea guttienez bi urteko antzinatasunez.

c) Añorben urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki bizi izatea.

d) Añorbeko Udalarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

e) Azienda Añorbeko katastroan inskribatua izatea.

2.art. Herritarrendako zuzeneko esleipenaren prozedura.

Udalaren erabakiaren bitartez 15 eguneko epea ezarriko da, eskubidea dutela uste dutenek beren eskabidea aurkez dezaten.

Eskabidean honako hau adierazi beharko da.

a) Herritarra dela, eskatzen den antzinatasunarekin.

b) Zor fiskalak eguneratuak dituela.

c) Añorbeko katastroan inskribatutako buru kopurua.

d) Adingabe burujabea dela edo, hala balitz, judizialki gaitua dela frogatzen duen agiria.

e) Zein bazkatokitarako egiten den eskaera, lehentasunaren ordenan.

Eskabideak aztertuta, Udalak iragarki oholean emanen du argitara esleipenerako onartu direnen zerrenda, eta 8 eguneko epea zabalduko du interesatuek, nahi izanez gero, erreklamazioak aurkez ditzaten.

Epea amaiturik, Udalak ebatziko ditu erreklamazioak eta behin betiko zerrenda argitaratuko, hori ere iragarki oholean ikusgai jarriko baita. Zerrenda horretan zehaztuko da zein egun, ordu eta tokitan egin zen larreen behin-behineko esleipena.

Bazkatokien behin-behineko esleipena abeltzain bakoitzaren buru kopuruaren arabera eginen da. Osoko bilkurak kontuan har ditzake abeltzain bakoitzak eskatutako bazkatokiak.

Ekitaldi hori jendaurrean eginen da.

Behin-behineko esleipena eginda, Udalaren iragarki oholean argitaratuko da eta argitalpen horretatik 10 eguneko epea emanen. Epe hori inolako erreklamaziorik egin gabe bukatzen bada behin-betikoz onetsitzat joko da. Bestela, alegia, erreklamaziorik egiten bada, Nekazaritza Batzordeak ebatziko ditu eta berriz ere argitaratuko da behin betiko zerrenda. Zerrenda horren kontra ezin izanen zaio Udalari erreklamaziorik egin.

3. art. Abere kopurua.

Bazkatoki bakoitzak jasan dezakeen abere kopurua esleipen bakoitzerako erabakiko du Nekazaritza Batzordeak eta horixe adieraziko da ordenantza honetako eranskinean.

4. art. Larreen balorazioa.

Bazkatoki bakoitzerako eginen da, har dezakeen abere kopuruaren arabera.

Balorazio hori larreen egiazko balioaren % 80tik % 90era bitarte izanen da, betiere. Hori ere eranskin batean agertuko du Nekazaritza Batzordeak.

5. art. Esleipenaren epea.

Esleipena 10 urtetarako izanen da eta epe hori bukatzean berriz ere eginen da esleipena, ordenantza honetan zehaztutakoari jarraikiz.

6. art. Abere mota.

Ardi azienda nahiz azienda larria bazkatzen ahal dira, salbu eta ahuntz azienda.

7. art. Fidantzak.

Esleipen hartzaile bakoitzak, bere gain hartzen dituen betebeharrei erantzuteko, fidantza pausatu beharko du Udalaren alde, hamabost eguneko epean pausatu ere, behin betiko esleipenaren egunetik aitzina. Fidantza hori esleipenaren lehenbiziko urteari dagokion zenbatekoaren % 8 izanen da.

8. art. Ordaintzeko modua eta eguneratzea.

Bazkatoki bakoitza baloratzen eta esleitzen den prezioa urtero eguneratuko da, alegia, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeei jarraikiz.

Esleipenaren prezioa Udalari ordainduko zaio hiruhilabeteka, hiruhilabetea iragandakoan, eta mugaegunaren ondoko hilabetearen lehenbiziko hamar egunetan, salbu eta azkeneko hiruhilabetea, hori aitzinetik ordainduko baita.

Dagokion zenbatekoa ordaintzeko hogei egun igaro badira, % 20 aplikatuko zaio, eta % 40, 40 egun iragandakoan. 60 egun ordaindu gabe igaro badira esleipena bertan behera gelditzen dela ulertuko da eta horrelakoetan fidantza galduko da; hori guztia ezertan ukatu gabe Nafarroako Toki Administrazioaren erregelamenduan zehazten diren erantzukizunak edota egozten ahal zaizkion bestelakoak.

9. art. Zergak.

Esleipen hartzaileak ordaindu beharko ditu urtero ezartzen diren zergak edota bazkatokia duen bitartean ezar daitezkeenak.

10. art. Esleipen hartzailearen eskubideak.

Azienda babesteko tegiak gaur egungoak dira eta ez daiteke gehiagorik eskatu. Halaber, errentamendua hartu zen garaian zeuden egoeran itzuli beharko dira, eta konponketak egin behar badira, esleipen hartzailearen kontura izanen dira.

Hobekuntzarik egiten bada bazkatokiaren onurarako geldituko da errentamendua bukatzen denean, eta horren aldera Udalak ez du inolako kalte-ordainik ordaindu beharko.

11. art. Debekuak.

Debeku da oso azienda sartzea mahatsondoak edota zernahi arbol mota dituzten lurretan, horretarako jabeen baimen idatzia ez bada. Esleipen hartzailea izanen da egindako hutsegitearen erantzule, baita egindako kalte guztiena edo bazkatokiaren eremu osoan daudenena ere. Lurrak azpikatzeagatik eragindako kalteei buruz, eurek izanen dira erantzule, nahiz eta alegatuko balute barrenera sartzeko behar den denbora gorde dutela. Horrelakoetan ezin izanen dute alegatu ez direla eurek eragindakoak.

Esleipen hartzaileek ez dute inolako erreklamaziorik egiteko eskubiderik izanen uztondoei su emateagatik, edota lurrak laboratu nahiz uztondoak iraultzeagatik edo zuhaitzak landatzeagatik, herrilurrak izanik ere.

Debeku da orobat, basoberritze guztietan azienda bazkatzea horretarako baimena ez bada, baita landaketetan eta ereindako lurretan bazkatzea ere, uzta bildu eta 15 egun igaro arte. Debeku da halaber, su hartutako lurretan bazkatzea hori egiteagatik kalterik edo arriskurik ez dagoela ziurtatu arte.

12. art. Kalteen tasazioa.

Egindako kalteak Udalak tasatuko ditu berak izendatuko duen peritu baten bidez. Horren gastuak esleipen hartzailearen kontura izanen dira.

13. art. Osasun neurriak.

Herri larreak aprobetxatzen dituzten Azienden Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/84 Foru Legean galdatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen osasun ziurtagiria beharko du herrilarreak erabiltzen dituen aziendak. Aipatu Legean eta bere Erregelamenduetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu aziendak.

14. art. Betebeharrak.

Esleipen hartzailearen betebeharrak:

a) Azienda Añorbeko katastroan inskribatua izatea, esleipenak iraun bitartean.

b) Esleitutako lurrak errentan ez ematea edo eskualdatzea.

c) Eragindako kalteen aurrean erantzule izatea.

d) Halako momentu batean larreak ez baditu erabili nahi Udalari idatziz jakinaraztea esleipenari uko egiten diola, eta lurrak Udalari itzultzea, berriz esleitu ditzan.

15. art. Arau-hausteak.

Honako egitate hauek dira arau-hauste:

a) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasun babesari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoa ez betetzea.

b) Hildako abereak behar bezala lurperatu gabe uztea.

c) Esleitu zaion bazkatokian azienda sartzea.

d) Ordenantza honek debekatzen dituen toki eta denboran azienda sartzea, herrilurretako laborantzen edo landaketa berrien kaltez.

e) Esleipenaren epeak ez errespetatzea.

f) Belarren tasak edo ezar daitezkeen bestelako tasak edo lur-sariak behar den epeetan ez ordaintzea.

g) Esleitutako bazkatokia errentan ematea edo eskualdatzea.

16. art. Tasazioak.

Aipatu arau-hausteei zehapen hauek dagozkie:

a) motako arau-haustearengatik kontzesioa kenduko da, nahiz horrek ez duen galarazten Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

b), c) eta d) arau-hausteengatik, 1.000 pezetatik 25.000 pezeta bitarteko isunarekin. e) eta g) arau- hausteengatik kontzesioa kenduko da eta f) arau- haustearengatik, dagokion atalean ezarrita dagoena dagokio.

Zehapen horiek guztiek ez dute inola ere galaraziko ondasun publikoei edo hirugarrenei egindako kalteen diru zenbatekoa, eta kalte egileek ordaindu beharko dituzte arauzko prozedurari jarraikiz.

17. art. Larreak esleitzea eta aprobetxatzea.

Egungo errentamendua iraungi ondotik, udal dermioan dauden larreen esleipena eta aprobetxamendua ordenantza honetan zehazten diren xedapenei jarraikiz eginen dira, eta 12 urtetarako esleituko dira lehenbizikoan (hori geroago larreak eta bazkatokiak batera esleitzeko asmoz), eta 10 urtetarako, hurrengoetan.

Epeak, azienda mota, azienda kopurua eta ezar daitezkeen gainerako baldintzak esleipen bakoitzerako arautuko dira.

18. art. "El Pueblo" bazkatokia

"El Pueblo" bazkatokia erreserban geldituko da badaezpada, beste onuradun gehiago agertzen ahal baitira, eta horren aprobetxamendua herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez eginen da. Bazkatoki hori urtero aterako da enkantean onuradunik izan arte, eta hala bada, falta den denborarako eginen zaio esleipena, 10 urteko epea bete arte, izan ere hori da beste bazkatokiendako ematen den epea.

19. art. Enkante bidezko esleipena.

Herritarren arteko banaketa egin ondotik gelditu diren larreak enkante publikoaren bidez esleituko dira 10 urtetarako, indarrean dagoen legeriari eta ordenantza honen xedapenetan aplikagarri direnei jarraikiz.

Eginbidea: neronek jartzen dut, idazkaria bainaiz, agertarazteko ordenantza hau hasiera batez onetsi zela 1998ko martxoaren 4an, eta jendaurrean egon ondotik, behin betikoz onetsi zela 1998ko maiatzaren 3an, erreklamaziorik jaso gabe. Legezko xedapen guztiak bete dira, argitalpen eta iragarkiei dagokienez.

Añorben, bi mila eta bateko maiatzaren bostean.

E R A N S K I N A

Añorbeko udal mugapeko larreak esleitu eta aprobetxatzeko, 1988ko uztailaren 1etik 1998ko ekainaren 30era bitarte.

Abere kopurua

Bazkatoki bakoitzak jasan dezakeen abere kopurua honako hau da:

Larransus: 200 buru.

Zalurdain: 200 buru.

Bekaira: 250 buru.

Olazari: 150 buru.

EL Monte: 300 buru.

El Pueblo: 300 buru.

Kopurua zenbatzeko ondorioetarako, azienda xeheko 8 bururekin, azienda larriko buru 1 egiten da.

Larreen balorazioa

Bazkatokien balorazioa honako hau da:

Larransus: 240.000 pezeta.

Zalurdain: 240.000 pezeta.

Bekaira: 300.000 pezeta.

Olazari: 180.000 pezeta.

El Monte: 360.000 pezeta.

EL Pueblo: 360.000 pezeta.

Herritarrendako zuzeneko esleipenean onuradun gelditzen direnek delako balorazio horren % 80 ordaindu beharko dute.

ERANSKINA, HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA, 1998

Abere kopurua

Bazkatoki eta larretoki bakoitzeko abere kopurua honako hau izanen da:

Larransus eta Zalurdain: biak batean, 400 buru.

Bekaira eta Olazari: biak batean, 400 buru.

El Monte: 300 ardi buru.

El Pueblo: 300 ardi buru.

Larretokia: 500 ardi buru.

Kopurua zenbatzeko ondorioetarako, azienda xeheko 8 bururekin, azienda larriko buru 1 egiten da.

Larransus eta Zalurdain: 600.000 pezeta urtean.

Bekaira eta Olazari: 600.000 pezeta urtean.

Monte: 500.000 pezeta urtean.

El Pueblo: 450.000 pezeta urtean.

Larretokiak: 700.000 pezeta urtean.

Herritarrendako zuzeneko esleipenean onuradun gelditzen direnek delako balorazio horren % 90 ordaindu beharko dute.

Eranskin hau Udalaren osoko bilkurak onetsi du 1998ko martxoaren 30ean.

Añorben, mila bederatziehun eta laurogeita zortziko apirilaren batean.

Iragarkiaren kodea: A0109654