121. ALDIZKARIA - 2001eko urriaren 5a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A R I B E

Behin betiko onespena, Aezkoako Batzarre Nagusiaren herri ondasunen aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzari

Aezkoako Batzarre Nagusiak, maiatzaren 24an egindako osoko bilkuran, jendaurreko epean aurkezturiko alegazioak ebatzi eta behin betikoz onetsi zuen Aezkoako Batzarre Nagusiaren herri ondasunen aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Testua osorik eman da argitara Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Ariben, bi mila eta bateko ekainaren batean. Batzarreburua, Martín Aróstegui Inda.

AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIAREN HERRI ONDASUNEN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Aezkoako Batzarre Nagusiaren herri ondasunen aprobetxamenduak arautzea.

2. art. Herri ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Ondasunei buruzko Erregelamendua (280/90 Foru Dekretua); Aezkoako Batzarre Nagusiaren ordenantza orokorra; ordenantza hau eta arloaren gainean aplikatzen ahal diren gainerako xedapen orokorrak.

3. art. Ordenantza honetan sartzen diren aprobetxamenduak ondoko hauek dira:

-Herrilarreen aprobetxamendua.

-Etxerako egurraren aprobetxamendua

-Herri ondasunen beste aprobetxamendu batzuk.

4. art. Aprobetxamenduen onuradunak.

Aprobetxamenduen onuradun izateko, oro har, famili unitatearen titularrak ondoko baldintza hauek bete beharko ditu:

1. Adinez nagusia izatea edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua izatea.

2. Aezkoako bederatzi Udaletariko bateko erroldan herriko biztanle gisa inskribatua izatea, gutxienez urtebeteko antzinatasunaz.

3. Kasuan kasuko udalerrian urtean bederatzi hilabetez, bederen, egiazki eta jarraian bizitzea, usadioko artzain trashumanteak izan ezik.

4. Ibarreko ordainketak eguneratuak izatea. Larreen aprobetxamenduak direnean Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren ordainketa ere eguneratua izan beharko du. Pertsona juridikoa edo elkartea bada, haren kide guztiek bete beharko dituzte baldintza hauek.

5. art. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Edonola ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, betiere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino baxuagoak baldin badira.

II. TITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

6. art. Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoren, Aezkoako Batzarre Nagusiak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honetako 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei, betiere Batzarreak urtero zehaztuko duen epean aurkeztu badute eskabidea.

7. art. Arautegi honetako 4. artikuluko 1, 2 eta 4. lerroaldetan ezarri baldintzak betetzen dituzten famili unitateei, nahiz eta Aezkoako Udaletako batean urtean bederatzi hilabetez jarraian bizitzeko baldintza ez bete, egur lote bat markatuko zaie, hain zuzen ere ohiko lotearen % 50aren adinakoa.

8. art. Aurreko artikuluetan xedatutakoa deusetan galarazi gabe, egur lotea esleitzeko beharrezkoa izanen da aurreko urtekoa hartua izatea.

Egur lotea aprobetxatzeko epea urtebetekoa izanen da, gehienez ere, Nafarroako Gobernuko Mendi Atalak baimena ematen duenetik. Epea bete ezean, aipatu egur lotea hartzeko eskubide guztiak galduko dira eta hurrengo urtean famili unitate horri ez zaio loterik markatuko.

9. art. Esleipena zein etxetarako egin den, hartantxe ez beste inon erabili ahalko da egurra. Egur hori saldu nahiz doan emateak hurrengo bost urteetako aprobetxamendurako eskabiderik egiteko eskubidea galtzea ekarriko du.

10. art. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondoan hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira utzi ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Debeku da egurra arrastaka eramatea pistetan barrena. Halaber, bildu egin behar dituzte lanen ondorioz sortutako hondarrak (bidoiak, plastikoak eta abar). Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei, etxerako egur aprobetxamenduaren esleipena ukatuko zaie urtebeteko epean.

III. TITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

11. art. Belagaien deskripzioa

Aezkoako Batzarre Nagusiaren herrilurretan alde hauek daude belagaitako:

1.-Larre hesi gabeak:

Ez dute itxitura berezirik eta azienda mota guztiek dute harako sarbidea, horretarako zehazten diren aroetan eta baldintzetan. Kategoria honen barnean dermio hauek daude: Nabala, Azpegi, Idopil, Sobar, Orion, Mendizar, Iron, Egurgio eta Abodi.

2.-Garazirekiko partzuergoaren aldean dauden larreak:

Garaziko Sindikatarekin sinatutako belagaikidetasun hitzarmenaren barnean sarturiko larreak daude eta horietara dute sarbide Garaziko Sindikata osatzen duten hogei udalerrietako aziendek, delako hitzarmenean edo, bertzenaz, bi ibarren arteko belagaikidetasun historikoan zehaztutako kuotetan eta heinetan. Halaber, Aezkoako aziendak Garaziko lurretara sartzeko baldintzak agiri beretan zehazten dira.

Abodiko zerrakura:

Dermio horretan larretako bereziki mugatutako lurrak dira. Zerrakura horretara aziendak nola sartu aitzinago zehaztuko da.

4.-Belardiak:

Hesitutako lurrak, larreen aberastasuna hobetzeko jarduketak izan dituztenak. Kategoria honetan sartzen dira, hasiera batez, ondotik azaltzen diren hiru alderdiak. Batzarreak belardiaren kategorian sartu ahal izanen ditu beste dermio batzuk, larre gehiago egokitzen den neurrian:

4.1. Nabala: 344 hektarea. Bertan sartzen dira 1997-1998 urteetan larreak hobetu diren lurrak.

4.2. Nabala: 34 hektarea. Bertan sartzen dira 1987an Behi Azienda Kudeatzeko Institutu Teknikoari 12 urterako lagatutako lurrak, 1999an Aezkoako Batzarreari itzuli zitzaizkionak.

Belardi hau hiru zerrakuratan banatzen da, azienda hobe sailkatzeko geratuko direnak, kanpaina bakoitzeko beharren arabera.

4.3. Sariozar: 584 hektarea, 1998-1999 urteetan larreak hobetu diren lurrak.

12. art. Aprobetxamenduen modalitateak

Larreen aprobetxamendua ondoko modalitate eta lehentasunaren arabera eginen da:

a) Herritarren arteko zuzeneko esleipena.

b) Antzinako ohitura.

c) Enkante publikoaren bidezko esleipena

13. art. Herri larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko. Hori horrela, famili unitateko titularrek azienda Udaleko abere aberastasunaren katastrotik ateratzen dutenean, herri larreak ez direla zuzenean erabiltzen ulertuko da.

14. art. Aezkoako Batzarreak urtero iragarriko die herritar guztiei abeltzainek aziendak larre ezberdinetan sartzeko eskabidea aurkezteko epea. Bertan adierazi beharko dute zenbat abelburu eta zein espezietakoak eraman nahi dituzten, eta zein aldetan sartu nahi dituzten. Epe hori, hasiera batez, apirilaren 15ean bukatuko da.

Azienden izen-ematea ezarritako epetik kanpora egiteak ekarriko du eskatutako aldetik baztertua izatea, epearen barnean izen-emate nahikoa izan bada. Kasu horretan eskari baxuagoa izan duten aldeetara eraman ahal izanen da.

15. art. Kanpainan zehar larreak aprobetxatu behar dituen azienda orok eduki beharko du Batzarreak zehaztutako ezaugarria, edo hori ezean, Aezkoako antzinako su-marka, salbu eta belaigaikidetasuneko lurretan larratzen bada. Kasu horretan dagokion domina eraman beharko du. Behar den beste denborarekin adieraziko dira markatzeko datak, eta ezarritako egunetan abeltzainek azienda bildu eta Batzarreko langileen eskura eduki beharko dute.

16. art. Aziendak larreetara sartzeko, ezinbesteko betebeharra izanen da dagokion ustiapen liburuan jasoa izatea, horrelakorik eskatu behar denean, eta urteko saneamenduaren ziurtagiria eguneratua edukitzea.

17. art. 4. artikuluan ezarritako betebeharrak bildu eta beren izenean azienda dutenek, baina haien jarduera nagusia abeltzaintza ez denean, ibarreko larreetara, gehienez ere, 10 UGM eraman ahal izanen dituzte.

4. artikuluan ezarritako 2 eta 3. puntuetan ezarritako betebeharrak biltzen dituzten jubilatuek, gehienez ere, 20 UGM sartu ahal izanen dituzte. Gainerako abeltzainendako ezartzen den muga honakoa da: 100 UGM, guztira. Muga horiek famili unitateei dagozkie, eta bazkide bakoitzari abeltzainen elkarteak direnean.

Muga horiek gainditu dituzten abeltzainak badaude, Batzarreak mugak handitu ahal izanen ditu, eskariaren inguruabarrak kontuan hartuz.

18. art. Eritasun kutsagarri bat hartu duten animaliak ahalik laisterren kendu beharko dituzte, mendizainak horretarako emandako oharra jaso eta 24 orduko epean, gehienez ere. Edonola ere, osasuneko albaitariaren eskumena izanen da, animalia aztertu ondoren, larreetatik ateratzeko agintzea, diagnostikatutako eritasunaren arabera.

Animalia bat hiltzen bada, jabeak lurperatu edo erre beharko ditu hondarrak, betiere lurreko egoerak beraietara iristea galarazten ez badu. Betebehar horiek bete ezean, abeltzain arau-hausleak zehapena jasoko du, 43 eta 44. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

19. art. Abeltzainak izanen dira haien animaliek jasan edo sortzen ahal dituzten kalteen erantzuleak; beraz, haiek kudeatu beharko dituzte egon daitezkeen erreklamazioak edo kalte-ordainak.

20. art. Bota daitekeen aziendaburu kopurua zehazteko, azienda mota ezberdinen arabera, honelako baliokidetasunak paratuko dira:

Aziendaburu larria: 1,00 U.G.M.

Urte 1 baino gutxiago duen behia: 0 UGM

Urte 1 baino gehiago eta 2 urte baino gutxiago duen behia: 0,75 UGM

2 urte baino gehiago duen zaldia: 1,30 UGM

2 urte baino gutxiago duen zaldia: 0,75 UGM

6 hilabete baino gehiago duen ardia: 0,12 UGM

21. art. Zerrakuretan nola larre hesi gabeetan larratu ahal izanen da. Alderdi bakoitzean dagozkion arauak aplikatuko dira.

Ibarreko herrilurretan dauden lurren jabeek behar bezala itxi beharko dituzte lur horiek, eta horrek sortzen dituen gastuak haien kontura izanen dira.

II. KAPITULUA

Larre hesi gabeak

22. art. Abeltzain beraren azienda saldo edo taldeak, larre-aroaren hasieran halako alde baterako baziren, larratzeko alde horretan berean geldituko dira, saldoak bertze aldeetara mugitzeak bertan dauden aziendei kalte egin ez diezaien.

23. art. Artzain bakoitzak etxola baterako eskubidea izanen du. Mantenimendua edo eraikuntza haren kontura izanen da eta Batzarreak baimena eman beharko du lehenik. Erretiroa edo beste edozein arrazoi dela eta, jarduera uzten badu, Batzarreak etxola beste artzain bati uzten ahal dio. Kasu horretan, aurreko erabiltzailearen ondorengo edo jendakiek izanen dute lehentasuna bertzeen aitzinean, saldoarekin segitzen badute.

Artzain berri batek saldoa paratu nahi badu, Batzarreari etxola eskatzen ahal dio, librerik gelditzen bada, edo, bestela, paratzeko toki bat. Batzarreak bi toki proposatuko ditu, artzainak hauta dezan. Edonola ere, etxola Aezkoako Batzarre Nagusiaren jabetzara itzuliko da

24. art. Etxolak erabiltzeagatik ez da alokairurik bat ere kobratuko. Erabiltzaileek, berriz, zainketa egoera ezin hobean atxiki behar dituzte, eta artzantzan baizik ez erabili. Ez diote, beraz, beste inori errentan uzten ahal, ezta bestelako erabilerarik ematen ahal ere.

III. KAPITULUA

Abodi

25. Abodiko zerrakuraren barnean behiak eta behorrak larratuko dira, eta Batzarreak, urte bakoitzean ukituriko abeltzainekin batean, gehieneko behor kopurua ezar dezake izena emandako azienda guztien artean.

Abodiko zerrakurak, egoera normalean, izan dezakeen abelburu kopurua 120 UGM da. Batzarreak gehieneko muga ezartzen ahal du, kopuru hori baino handiagoa zein txikikiagoa, urteko belagaiak nola dauden eta horrela.

26. art. Abodiko zerrakura debeku izanen da martxotik ekainaren 1a arte, behar bezala identifikatutako aziendak sartuko baitira larratzera.

Urriaren 12tik aitzina, langak ireki eta alde honetan nahi adina azienda larratzen ahalko da, ardi latxak kenduta.

27. art. Abodiko lur hesi gabea haragitarako ardi txurrendako baizik ez da izanen, eta gehienez ere 1.500 ardi izanen dira. Batzarreak urtero erabakiko du sartzen diren ardien kopurua eta kopuru horretatik goiti egiten badute portzentaia beheititu zaio abeltzain bakoitzari. Kupoa betetzen ez bada, azienda larria sartzen ahalko da dagokion mugaraino.

IV. KAPITULUA

Belardiak

28. art. Belardietan, egungo egoeraren arabera, honako abelburu karga bota daiteke:

-Nabala: 2 UGM/ha.

-Nabala-K.I.T. finka: 2 UGM/ha.

-Sariozar: 2 UGM/ha.

Horiek horrela, zerrakura horietan, egoera normalean, guztira bota daitekeen abelburu karga honakoa da:

-Nabala: 68 UGM.

-Nabala-K.I.T. finka: 68 UGM.

-Sariozar: 116 UGM 170 UGM.

29. art. Belardi bakoitzerako eskarietan zenbat abelburu dagoen ikusi ondoren alde bakoitzak ezarrita duen karga baino handiagoa bada, azienda hori banatzeari ekinen zaio, ondoko irizpide hauei jarraikiz:

1. Zerrakura batendako eskaria handiegia bada, eta beste batean edo batzuetan kupoa bete gabe gelditu bada, abeltzainei eskatuko zaie, borondatez, belardi batetik bestera aldatzeko. Aldaketa egiteko boluntariorik ez balego, zozketa bidez eginen litzateke.

Urte batean aldaketa egitera behartua izan den abeltzainak, hurrengo bost urteetan, azienda esleitutako belardian uzteko aukera izanen du. Behin kanpaina bat iragan eta gero, berriro sartuko litzateke zozketan gainerako abeltzainekin, horren beharra balego.

2. Gehiegizko eskaria belardi guztietan gertatzen bada, onartuak izanen dira, dagokion kupoa bete harte, honako ordenaren arabera.

1.-Behiak kumeekin.

2.-Potto eta txahalak, urte 1etik 2 urte bitartekoak

3.-Behorrak kumeekin.

4.-Jezteko ardiak.

5.-Behiak eta behorrak, kumerik gabe.

6.-Gainerako ardi-azienda.

3. Ibarreko beharrak bete ondoren, belardi batean edo batzuetan karga osoa bete ez bada, 12. artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

30. art. Zezenek belardietan sartzea izanen dute, ondoko baldintzekin:

1. Eskabide idatzia aurkeztuko da Batzarreko idazkaritzan. Bertan azalduko da eskatzen den belardia, arraza eta sartu nahi den eguna.

2. Zein belarditan sartu nahi den, bertako abeltzainen gehiengoaren adostasuna beharko da.

3. Txahalak badaude, zezenekin gurutzatu nahi ez dituztenak, beste zerrakura batera eramanen dira, urtero zehaztuko dena, ukitutako abelburu kopuruaren arabera. Txahalaren kategorian, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, 6 hilabetetik 2 urte bitartekoak sartzen dira.

31. art. Kanpaina hasteko eta bukatzeko data orokorrak izanen dira maiatzaren lehen hamabostaldia eta urriaren 30a, hurrenez-hurren. Halere, Aezkoako Batzarre nagusiaren eskumena izanen da urtero zehaztea, belagaien egoeraren arabera, animaliak sartu eta ateratzeko egun zehatzak. Batzarreak bestelako datarik argitaratu ezean, artikulu honetan adierazitakoek izanen dute indarra.

32. art. Belardiak debeku izanen dira aziendarako martxoaren 30etik kanpaina hasteko eguna arte.

33. art. Neguko larreak.

Langak irekitzen direnetik, eta belardiak debeku izan arte, beraietan larratzen ahalko dira neguko larreetarako aldez aurretik izena emandako aziendak, Batzarreak urtero eginen duen deialdiaren ondoren.

Batzarreak aziendak ateratzeko agindu ahal izanen du, belagaien egoerak larratzeko aukerarik ematen ez badu. kasu horretan oharra emanen zaie abeltzainei, behar adina denborarekin, eta ordaindutako saria itzuliko.

IV. KAPITULUA

Larre-sariak

34. art. Bizirik itzultzen diren animaliengatik ordainduko zaizkie larre-sariak Aezkoako Batzarre Nagusiari. Animalia bat ibarreko belagaietan hiltzen bada, buru horri dagokion dirua itzuliko zaio jabeari.

Amarekin dauden potto eta aretxengatik, eta arkazteengatik ez da saririk ordainduko.

35. art. Hasiera batez, eta alderdi bakoitzeko, ondoko zenbatekoak izanen dira:

Larre hesi gabeak:

-Behiak: 2.000 pezeta -UGM 1-.

-Zaldiak: 2.600 pezeta -1,3 UGM-.

-Ardiak: 250 pezeta.

Abodiko zerrakura:

-Behiak: 3.500 pezeta -UGM 1-.

-Zaldiak: 4.550 pezeta -1,3 UGM-.

Belardiak:

a) Udako larreak:

-Behiak: 6.000 pezeta -UGM 1-.

-Zaldiak: 7.800 pezeta -1,3 UGM-.

-Ardiak: 750 pezeta.

b) Neguko larreak.

-Behiak: 1.150 pezeta.

-Zaldiak: 1.495 pezeta.

-Ardiak: 144 pezeta.

36. art. Larrazkenean zerrakurak ireki aitzin, abeltzain batek aninaliak alde hesi gabera ateratzen baditu, bi larre-sariak ordaindu beharko ditu.

37. art. Ez da herrilarreetan onartuko Aezkoako Batzarre Nagusiaren zordun diren abeltzainen aziendarik.

38. art. Aezkoako Batzarre Nagusiak urtero berrikusiko ditu larre-sariak. Enkante publikoaren bidezko esleipena egiten bada, Batzarreak, aldez aurretik egindako bilkuran, zehaztuko du hasierako prezioa, kontuan hartuz zenbat hektarea eskeini den, zein lurzati izanen den eta zenbat abelburu onartuko den.

39. art. Batzarreak urtero berrikusiko du larreen egoera, eta behar diren hobekuntzei ekinen, aurrekontuko mugak kontuan hartuz. Txostena eskatuko zaio Kudeatzeko Institutu Teknikoari edo tekniko eskudun bati, ondoko hauen gainekoa: zenbat ongarri bota behar den eta zein formulatan, noiz bota behar den, eta belardien aberastasuna mantendu eta hobetzeko izan daitezkeen gainerako auziak.

IV. TITULUA

Herri ondasunen beste aprobetxamendu batzuk

40. art. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean 1981-3-17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko arauan eta xedapen osagarrietan xedatutakoari jarraikiz eginen da ehizaren aprobetxamendua.

Gibelean dauden usategiak enkante publikoaren bidez esleituko dira, Batzarreak ezarritako eperako eta baldintzetan.

41. art. Herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan ezarri asmo den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Batzarreak prestatzen dituen baldintza pleguei lotuko zaizkie. Gainera, aldez aurretik gutxienez 15 egunez jendaurrean jartzea eta Nafarroako Gobernuak onestea beharrezkoa izanen da.

42. art. Aezkoako Batzarre Nagusiak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

Proiektu hauek Batzarreak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute. Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

1. Aezkoako Batzarre Nagusiaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

2. Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta entitatearen erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

3. Nafarroako Gobernuaren onespena.

V. KAPITULUA

Zehapenak

43. art. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke eta dagozkien zehapenak dakartzate:

-Arau-hauste arintzat hartzen da: azienden izen-ematea epeetatik kanpora egitea eta aziendak markatzeko ez edukitzea Batzarreko langileen eskura adierazitako datetan; loteetako zuhaitzak pistetan barrena arrastaka eramatea.

-Arau-hauste larritzat hartzen da: debekuen datak ez errespetatzea; aziendak larratzen aritzea markatu gabe edo mendizainari adierazi gabe; arau-hauste arinak metatzea; zakurren bidez edo bertze nolanahi bertze abeltzain baten aziendari traba egitea, horren ondorioz kalte larririk egiten ez bazaio; animalia hilak edo hondarrak lurperatu gabe uztea; aziendak larreetatik ez ateratzea, Batzarreak horretarako oharra eman duenean; kalte arinak sortzea artzainen etxoletan.

-Arau-hauste oso larritzat hartzen da: arau-hauste larriak behin eta berriz egitea; animaliei kalte egitea nahitara tratu txarrak emateagatik; artzainen etxoletan kalte larriak sortzea eta ordenantza honetako 24. artikuluan xedatutakoa ez betetzea.

-Batzarreak arau-hauste gisa kalifikatu ahal izanen du herri ondasunen aprobetxamendu zuzenaren aurkako edozein egintza, eta dagokion zehapena ezarriko du, gertakariaren larritasunaren arabera, ordenantza honetan azaldutako zehapen prozedurari eta arau-hauste mailaketari jarraikiz.

44. art. Arau-hauste horiengatik honelako zehapenak ezarriko dira:

-Arau-hauste arinetarako: 1.000tik 10.000 pezeta bitarteko isuna.

-Arau-hauste larrietarako: 10.000tik 100.000 pezeta bitarteko isuna, eta ohartaraziko zaio aziendak ez zaizkiola ibarreko larreetara onartuko hurrengo kanpainian.

-Arau-hauste oso larrietarako: 100.000 pezetatik goitiko isuna eta larreetatik eta/edo bertzelako aprobetxamenduetatik baztertua izatea 1etik 5 urte bitartean.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek arautzen ez duen orotan, Foru legerian herri ondasunen gainean aurreikusitakoari jarraikiko zaio.

Iragarkiaren kodea: a0109062