121. ALDIZKARIA - 2001eko urriaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

229/2001 FORU DEKRETUA, abuztuaren 13koa. Honen bidez aldatzen da 273/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Bakuneko Jarraipidea onesten duena.

Martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak, Nafarroako toki ogasunei buruzkoak, ezartzen du toki entitateen eta beren erakunde autonomoen kontabilitatea zein ildo nagusiri egokitu behar zaien, eta Nafarroako Gobernuari ematen dio arauak Toki Administrazioko Departamentuaren proposamenez garatzeko eskumena.

Foru Lege horren 235. artikuluak ezartzen du lehen esandako entitateen kontabilitatearen antolamenduak jarraitu beharko dituen kontabilitate arau orokorrak onesteko premia.

Gorago aipatutako artikuluak aipatzen duen mandatua oinarri hartuz, 1998ko irailaren 21ean onetsi ziren 270/98, 271/98 eta 272/98 Foru Dekretuak, Aurrekontu eta Gastu Publikoari buruzkoa lehena, Aurrekontuaren Egiturari buruzkoa hurrena eta Kontabilitate Bakuneko Jarraipideari buruzkoa azkena.

Mandatu horri jarraikiz, bitarteko aldiaren bukaera hurbil izan arren toki entitateek beren kontabilitatea euro kontu unitatera egokitu ez dutenez, beharrezkotzat jotzen da eurora bihurketa egiteko kontabilitate arau zenbait prestatzea.

Toki entitateentzat aurrekontuak badu balio juridiko bat, beste enpresa-subjektu publikoetan ez duena. Zentzu honetan, aurrekontuko kredituak espezialitate bai kuantitatibo bai kualitatiboaren printzipioaren menpe daude, alegia, mugatzaile eta lotzaile izatea dute ezaugarri, lehen aipatutako Nafarroako Toki Ogasunen Legeko 206 eta 207 artikuluetan ezartzen denaren arabera.

Kontuan hartuz aurrekontuaren garrantzia Kontabilitate Bakuneko Jarraipidera bildutako entitateentzat, logikoa dirudi entitate hauek egin behar dituzten kontabilitate idazpenen kontu unitatea beren aurrekontuetan onartutakoa bera izatea. Horregatik arau honek betebehar hau ezartzen du: entitateek beren aurrekontuak onestean erabilitako kontu unitate bera erabiltzea kontabilitateko idazpenetan.

Foru Dekretu honen bitartez Nafarroako Toki Administrazioko kontabilitate arauei jarraibide orokorrak eransten zaizkie errazago egiteko, alde batetik, toki entitateen kontabilitate antolamendua eurora egokitzea, kontu unitate bakarra izanen baita 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta, bestetik, pezetaren eta euroaren elkarraldia, biak legezko ordainbide izanen baitira aldi horretan.

Foru Dekretu honen edukiak bi interesgune ditu: kontabilitatea 2002ko urtarrilaren batean euro kontu unitatean irekitzea eta data horretatik aurrera agertzen diren biribilketa-diferentzien kontabilitate trataera.

Kontabilitatea irekitzeari dagokionez, kontabilitateko dokumentuen bihurketak ez du sortuko eragiketarik. Hala ere, moneta berrira bihurtzen dena dokumentuen saldoa osatzen duten elementuak badira, hasierako saldoak aldatzeko eragiketa bat beharrezkoa izanen da, kontabilitatearen itxieraren Emaitza Ekonomikoan agertuko dena. Bestalde, inbentarioaren osagaien bihurketak Inbentario Aldaketen Egunerokoko epigrafeen zifra bihurtua aldatzen ahal du. Ohar zuzen batez doituko da, eta Emaitza Ekonomikoan eta Itxierako Balantzean jaso beharko da.

2002ko urtarrilaren 1etik aurrera biribilketa-diferentziak ager daitezke: batzuetan kobrantzen kudeaketa bateratuak eraginik, beste batzuetan bitarteko kontzeptuak dituzten frogagiriak daudelako, beste batzuetan 2002ko urtarrilaren 1a baino lehen erregistraturiko banku eragiketengatik eta, azkenik, pezetaren eta euroaren elkarraldian kutxan pezetatan eskudirua edukitzearen ondorioz. Arrazoi horietakoren bat dela medio sortzen diren diferentzia guztiak kutxako kontaketa egitean agerian paratuko dira eta izaera iraunkorreko banku berdinkatzeen bidez konponduko. Gero, ekitaldia ixtean Diruzaintzako Egoera-orrian jasoko dira.

Doikuntza hauek egin ahal izateko aldatzen da, hain zuzen ere, Foru Dekretua.

Lehen xedapen gehigarriaren bidez Kontu Orokorrari zenbait txosten eransten zaizkio, zeinetan ekitaldi bakoitzean eurora egokitzeak duen eragina bildu nahi den.

Bigarren xedapen gehigarrian Diruzaintzako Egoeraren eredu berria ezartzen da.

Azken xedapenean Foru Dekretu honek indarra nola hartuko duen arautzen da.

Foru Dekretuaren proiektua Nafarroako Kontseiluak aztertu zuen eta horren aldeko txostena eman zuen 2001eko uztailaren 30ean, eta bertan ateratzen den ondorioa da antolamendu juridikoarekin ados dela.

Horiek horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko abuztuaren hamahiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Laburtuko Instrukzioa onesten duen irailaren 21eko 273/1998 Foru Dekretuko 24, 97, 98, 99, 104 eta 133. arauak aldatzen dira.

24. araua.-Liburuak eramatea.

Lerroalde berri bat eransten da honako testu honekin:

Kontabilitateko idazpenak aurrekontua onartu den unitate kontu berean balioak adieraziz egin behar dira. Dena dela, 2002eko urtarrilaren 1etik aurrera euroak pezeta ordezkatzen du kontu unitate gisa.

97. araua.-Emaitza Ekonomikoaren egoera-orria.

Parrafo berri bat eransten da, honela dioena:

Jasoko du, gainera, azken emaitzan, eurorako bihurketak sortutako diruzaintzako diferentzien emaitza metatuaren zenbatekoa.

98. araua.-Egoera ekonomikoaren egoera-orriko Zorra.

6. puntua honela geratzen da idatzirik:

6. D84-Aurrekontu itxietako galerak eta aurrekontuz kanpokoetakoak. Sarreren aurrekontu itxietako beheranzko aldaketak, ezeztapenak, preskripzioak eta ordainezintasunak baturik jasoko ditu, baita gastuen aurrekontu itxietako goranzko aldaketak ere eta berdin aurrekontuz kanpoko gastu eta sarreretan; betiere sartu behar dira eurora egokitzeak eragindakoak, hori guztia ixten den ekitaldiari buruz.

99. araua.-Emaitza ekonomikoaren egoera-orriaren Hartzekoa.

5. puntua honela geratzen da idatzirik:

5. H84 - Aurrekontu itxietako irabaziak eta aurrekontuz kanpokoak. Gastuen aurrekontu itxietako beheranzko aldaketak eta preskripzioak baturik jasoko ditu, bai eta sarreren aurrekontu itxietako goranzko aldaketak ere, eta berdin aurrekontuz kanpoko gastuetan eta sarreretan; betiere sartu behar dira eurora egokitzearen ondoriozkoak; hori guztia ixten den ekitaldiari buruz.

104. araua.-Diruzaintzaren egoera-orria.

Bigarren lerroaldea honela geratzen da idatzirik:

Hiru zati izanen ditu bere egituran:

Lehena.-Diruzaintzako Laburpen Orokorra, non azalduko diren, laburturik, egindako kobrantza eta ordainketak, aurrekontukoak eta aurrekontuz kanpokoak bereizirik, hala nola Diruzaintzako hasierako eta bukaerako izakinak.

Bigarrena.-Banku berdinkatzeak, non jasoko diren ekitaldia ixtean egindakoak; bereizi egin behar dira denboraren joanarekin doitzen direnak alde batetik eta iraunkorrak bestetik, zeinak izanen baitira, besteak beste, gauzazko konbrantzek eta euroa sartzeak diruzaintzan sortzen dituen diferentziek sortutakoak.

Berdinkatze iraunkorretan, etorkizuneko ekitaldietara eraman behar den banku izakina izakin berdinkatua izanen da, eta ez kontabilitatekoa.

Hirugarrena.-Diruzaintzako izakinen egoeraren azalpena, bukaerako kontabilitate izakinak, banku berdinkatzeak, dauden kontuetako izakin berdinkatuak eta benetako izakinak jasotzen dituena.

133. araua.-Ondasun higigarri ez-inbentariagarriak.

1. puntua honela geratzen da idatzirik:

1. Gastu arruntzat hartuko dira, eta horrexegatik ez dira inbentariagarri izanen, 150 eurotik beherako unitate balioa dutenak. Irizpide horren salbuespen gisa inbertsiotzat hartuko dira, eta horrexegatik inbentariagarritzat, 30 eurotik gorako unitate balioa izan eta denek batera (erosten diren unitateen kopurutzat harturik) 150 eurotik gorako balioa egiten dutenak, baldin eta honako ondasun higigarriak izateaz gain:

A) Berdinak eta eraikin bakarrean erabiltzekoak badira.

B) Multzo koordinatuak badira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-2002.eko Kontu Orokorrari erantsiko zaio, gainera, bihurketa prozesuaren adierazle den egoera-orri bat, zeinak justifikatuko dituen, 2001eko abenduaren 31ko saldoak abiapuntu hartuz, 2001eko urtarrilaren 1eko kontabilitateko irekiera-saldoak; bertan jasoko dira elementu bakoitzean gertatzen diren biribilketa-diferentziak.

2002 ekitalditik aurrera, Kontu Orokorrari erantsiko zaio ekitaldian gertaturiko biribilketa-diferentzia esanguratsuei buruzko informazioa, eta, gutxienez, haien arrazoia eta zenbatekoa zehaztu beharko dira.

Bigarrena.-Irailaren 21eko 273/1998 Foru Dekretuko III. Eranskina aldatzen da, Kontu Orokorraren Diruzaintzako Egoerari dagokionez, Foru Dekretu honen eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean izanen du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko abuztuaren hamahiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

E R A N S K I N A

Iragarkiaren kodea: A0108879