118. ALDIZKARIA - 2001eko irailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

243/2001 FORU DEKRETUA, irailaren 10ekoa, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko egitura organikoa aldatzen duena.

Maiatzaren 14ko 814/1999 Errege Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esku utzi ziren aseguru artekarien arloan Estatuko Administrazioak zituen zerbitzuak.

Uztailaren 6ko 254/1999 Foru Dekretuak Ekonomi eta Ogasun Departamentuari esleitu zizkion, oro har, zerbitzu haiek.

Esleipen horiek zein administrazio unitateri egiten zaizkien zehazteko irailaren 13ko 352/1999 Foru Dekretua aldatu beharra dago. Foru Dekretu horrek Ekonomia eta Ogasun Departamentuko egitura organikoa ezartzen du.

Beste aldetik, uztailaren 2ko 178/2001 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Birjarpenezko Errekurtsoei eta Aurkaratze Ekonomiko-Administratiboei buruzko Erregelamendua onetsi zuenak, bere Eranskinaren 20. artikuluan eta hurrengoetan Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Forala arautzen du. Foru Dekretu horren Xedapen Gehigarriak, berriz, ezartzen du tributuen arloan txostenak eta ebazpenak emateko organoaren izena Nafarroako Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Forala izanen dela.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko irailaren hamarrean egindako bilkuran hartu zuen erabakiarekin bat eginik,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.-Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 13ko 352/1999 Foru Dekretuan ondoko aldaketak egin dira.

Lehenbizikoa.-1.1 artikuluaren idazketa berria.

"1. Ekonomi eta Ogasun Departamentua, bere titularraren zuzendaritzaren menpean, zerbitzu hauetan egituratu da:

-Ekonomia.

-Kontuhartze Orokorra.

-Ondarea.

-Aurrekontuak eta Diruzaintza.

-Kanpo Ekintza.

-Nafarroako Estatistikaren Institutua.

-Idazkaritza Teknikoa.

-Nafarroako Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Forala."

Bigarrena.-1.4 artikuluaren idazketa berria.

"4. Departamentuko Idazkaritza Teknikoa eta Nafarroako Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Forala haren titularrari atxiki zaizkio."

Hirugarrena.-6. artikuluaren idazketa berria.

"6. artikulua. Aurrekontu eta Diruzaintza Zerbitzuak eginkizun hauek beteko ditu:

-Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektuak prestatzeko koordinazio lana egitea.

-Nafarroako Aurrekontu Orokorren jarraibide teknikoak prestatzea.

-Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuari eransten zaizkion agiriak prestatzea.

-Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta aurrekontuen arloko xedapenak betetzen diren begiratu eta bete daitezen bultzatzea.

-Departamentuen esku, beraien aurrekontuen gainean izaera orokorrez utzitako eginkizun arruntak.

-Ordainketak egitea, organo eskudunek ezartzen duten arautegiari jarraikiz.

-Nafarroako Zor Publikoa eta bertze mailegu batzuk administratzea eta haien jaulkipenean parte hartzea gainerako organo eskudunekin.

-Foru Komunitateko Diruzaintzaren fondo likidoak kudeatzea.

-Diruzaintzak aurrekontualdian izan ditzakeen beharrak kalkulatzea.

-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan aurkeztutako moneta ez diren abal eta bertze berme batzuk gordailatu, kontrolatu eta haiei jarraipena egitea.

-Urte anitzetarako inbertsio publikoen programak prestatzen parte hartzea.

-Foru Komunitateko Administrazioari dagokion finantza arloko politika, oro har, bai haren beraren finantzazio aferetan, bai haren eskumenak bertze entitate batzuetan erabiltzeari buruzkoan.

-Estatuko eta Europako Batasuneko finantza politikekin koordinatzea.

-Aseguru artekaritzan jarduteko baimena ematea eta hura kentzea.

-Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak."

Laugarrena.-24. artikuluaren idazketa berria.

"24. artikulua. Diruzaintza Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

-Foru Komunitateko Administrazioaren ordainketa guztiak kontrolatu eta betetzea, indarra duen arautegian ezarrita dauden edo etorkizunean ezar daitezkeen sistemen bidez, "Justifikatu beharreko fondo igorpenduak" bezala tramitatzen direnak salbu.

-Foru Komunitateko Administrazioaren diruzaintzako aurrekontuen jarraipena egitea.

-Foru Komunitatearen izenean finantza entitateetan irekitako kontu korronteak eta Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa zentro eta erakunde autonomoek baimena izanik irekitakoak kontrolatu eta zaintzea, bai eta, beraz, horien kobrantza eta ordainketa jarioak ere.

-Foru Komunitateko Administrazioari maileguan emandako moneta ez diren berme mota oro administratu eta zaintzea.

-Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak."

Bosgarrena.-25. artikuluaren idazketa berria.

"25. artikulua. Finantza Politikarako Atalak eginkizun hauek beteko ditu:

-Zorduntze eta finantzaketarako gainerako alternatibei buruzko politika prestatu eta aztertzea, gai honetan eskudun diren bertze organo batzuekin batera lanean.

-Nafarroako Zor Publikoa eta bertze mailegu batzuk administratzea.

-Foru Komunitateak Aurrezki Kutxen, Kreditu Kooperatiben eta Aurreikuspen Sozialeko Mutualitateen arloan dituen eskumenak betearaztea.

-Estatuko eta Europako Batasuneko finantza politikekin koordinatzea.

-Artekaritzaren kudeaketa, baimenak eman eta kentzeko erregimena, eta artekarien erregistroa.

-Artekaritzaren kontrola, zehapen prozeduraren izapidaketa eta kautelazko neurriak hartzea.

-Aseguru Artekarien Elkargoarekin eta aseguruen munduko bestelako erakundeekin harremanak izatea.

-Oro har, finantza politikaren arloan, Foru Komunitatearena izan daitekeen bertze edozein eginkizun eta indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerakoak."

Seigarrena.-IV. Kapitulua sartu 32. artikuluaren ondotik.

"IV. KAPITULUA

Nafarroako Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Forala"

Zazpigarrena.-33. artikuluaren idazketa berria.

"33. artikulua. Nafarroako Auzitegi ekonomiko- Administratibo Foralaren eskurantzak uztailaren 2ko 178/2001 Foru Dekretuaren 20. artikuluak esleitzen dizkionak izanen dira, haren presidenteak Foru Komunitateko Administrazioaren Zerbitzuko zuzendariaren maila izanen du eta kideek eta idazkariak Foru Komunitateko Administrazioaren atalburuen maila."

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honekNafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko irailaren hamarrean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: a0109720