118. ALDIZKARIA - 2001eko irailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2001eko irailaren 10ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua. Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialtzat deklaratzen du "Iruña-Logroño autobiaren trazadura, 2. tartea: Lizarra-Logroño" delako proiektua, bere alternatiba guztiekin, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua; espedientea jendaurrean jartzen du, uztailaren 4ko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legeak agintzen dituenak bete eta ingurumenaren gaineko eragina ebalua dadin.

2001eko uztailaren 31n, Herrilanetako zuzendari nagusiak "Iruña-Logroño autobiaren trazadura, 2. tartea: Lizarra-Logroño" proiektuari dagokion dokumentazioa aurkeztu du, ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egin eta Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial gisa onetsi dadin.

I.-Aurrekariak.

Bidali den dokumentazioan ageri denez, denboraz Errepide Plan Zuzentzailearen gaineko ebazpen proposamen bat aurkeztu zen Nafarroako Parlamentuan, Herrilan Batzordean eztabaidatzeko, eta ondoren onetsi. Hiru puntuok hartzen zituen:

"a) Iruña-Logroño trazaduraren proiektu osoa itxuratzea.

b) Iruña-Logroño ardatza emari handiko bide laster bihurtzea.

c) Proiektuan Azketako tunela kendu beharra eta 232 nazionalarekin eta Autobidearekin El Sequero poligonoko Agoncillo delako zubiaren bidez lotu beharra sartzea.

Ebazpen proposamen hartako arrazoiak honela zehaztu ziren:

"Osotarako proiektu bat egiten bada hobeki antz ematen zaio garraioak eta zirkulazioak Iruña-Logroño ardatzak zeharkatzen dituen eskualdeetan zer garapen izanen duen geroan. Bestalde, ardatz horrek lotura lasterra ematen dio Nafarroari Errioxan, El Sequeroko poligonoan agian eginen den salgai-transferentziako geltokiarekin. Bide emanen luke, bestalde, gero batean Logroño-Burgos-Madril ardatzarekin lotzeko (emari handiko bidearen programa nazionalean aurreikusten dena)."

Ebazpen hori gauzatzeko, Iruña-Logroño korridorea proiektuan bi zatitan zatitu zen: Iruña-Lizarra lehenbizikoa eta Lizarra-Logroño bestea, eta zatiketa horren premia behar zen garaian frogatu zen.

2000ko urriaren 16an, Nafarroako Gobernuak "Iruña-Logroño autobiarako hautatu den alternatiba, 1. Tartea: Iruña-Lizarra" delako Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zuen (2000ko azaroaren 6. NAO). Txosten honen helburu den espedientea orain bigarren sektoreari dagokio, hau da, bigarren tarteari: Lizarra-Logroño.

II.-Azpiegituraren onura publikoa.

Azpiegituraren onura publikoa baloratzeko irizpideak (azpiegitura bere osoan hartuta, hau da, Iruña eta Logroñoko hiriguneen arteko lotura den partez) Nafarroako Parlamentuaren Herrilan Batzordean aurkeztu ebazpen proposamenaren arrazoietan ageri dira, arestian aipatu baita aurrekarien atalean.

Horrela, bada, beharrezkoa delarik aipatu bi hirigune horien arteko bide komunikazioak hobetzea hartarako bai trazaduraz eta bai gaitasunez egokia den bide bat eginik, zeinak bestalde berretuko lizkioke Lizarraldeari garapen aukerak, eta komeni delarik Iruña-Logroño ardatza Espainiako bide sare nazional oinarrizkoarekin lotzea, aski den adina justifikaturik dago aipatu azpiegituraren onura publikoa.

Lehen biziko tartearentzako UPSa onetsia delarik, orain osatu behar dira administrazioaren ekintzak, oraingoan Lizarra-Logroño bigarren tarteari buruzkoak, Iruña-Logroño autobia gauzatu aurreko prozesua bururatzeko.

III.-Proposamenaren eta eraginpeko udal mugapeen deskripzio laburra.

Aurkeztu den dokumentazioak hasierako datu guztiak aurkezten ditu Lizarra-Logroño ardatzari dagokionez (hala nola helburuak, trafiko azterlanak, sarbideak eta gaitasuna eta bai egin beharreko ekintzak ere); trazadura alternatiboen planteamendua; aurkeztu diren alternatiba guztien azterketa, hainbat balorazio parametro eta osagairen arabera egina, besteak beste ingurumen azterlana, alternatiba bakoitzerako egina; alternatiba guztien balorazio konparatua; eta horren guztiaren araberako ondorioak, hau da, egokienak diruditen alternatiben gomendio.

Aztertu diren trazadura guztiek oro har Lizarrako saihesbidea dute abiaburu, eta handik Los Arcosko herriaren hegoaldean bat egiten dute, zeina ezinbesteko pasagunea baita autobiarentzat hainbat errepideren lotunea delako. Los Arcostik Logroñorako ere trazadura bat baino gehiago aztertu dira, oraingo NA-314 errepidearekin lotura egiten dutenak (errepide hori aipatu trazaduretatik bikoiztea proposatzen da), N-232 errepidearekin, zeinaren saihesbidea Agoncillotik Logroñora arteko tartean orain aztergai baitago, eta bai A-68 autobidearekin ere.

Egindako lanari begira, Lizarra-Logroño ardatza bi tartetan zatitu da: "Lizarra-Monjardín" delako tartea, Lizarratik Los Arcosera bitarte, eta "Elizagorria" delako tartea, Lor Arcostik Logroñora.

"Lizarra-Monjardín" tartean bi korridore posible hartu dira kontuan. Lehenbizikoa Lizarrako saihesbidetik abiatu eta Villamayor de Monjardín eta Barbarin herrien artetik pasatzen da; honetarako hiru trazadura alternatibo aztertu dira (Lizarrako saihesbidea-Lukin-San Jorge; Lizarrako saihesbidea- Santa María-Iruso; eta Lizarrako saihesbidea-Urbiola-Iruso), eta bigarren korridore bat ("Deikaztelu alternatiba" ere deitua); bigarren hau Lizarrako saihesbidetik atera, Villatuertaren parean, eta Montejurra mendialdearen hegoaldetik pasatzen da, Deikaztelu eta Alloren artean, Los Arcosko herriraino.

"Elizagorria" delako tartean bi korridore alternatibo aztertu dira: lehenbizikoa Los Arcostik Agoncillora bitarte; honetarako bi trazadura alternatibo hartu dira gogoan (El Charcal eta Linares); bigarrena ("Viana alternatiba ere deitua) Los Arcostik atera eta lehengo korridoretik mendebalerago doa, zuzenean Logroñora buruz N-232 saihesbidearen ipar alternatibarekin lotuta (gaur aztergai).

Tartez tarte aurkeztu diren alternatiba guztien balorazio konparatua egiteko, honako parametroak erabili dira:

-Funtzionalitatea.

-Trazadura.

-Obraren tamaina; obra bereziak.

-Geologia; geoteknia.

-Ingurumenaren gaineko eragina.

-Hirigintza eta lurraldearen gaineko eragina.

-Ekonomia.

Lizarra-Monjardin tartea.

a) Lizarrako Saihesbidea-Lukin-San Jorge alternatiba.

Alternatiba honek Azketako saihesbidea abiaburu hartu eta oraingo errepidearen hego-ekialdetik pasatzen da; Lukindik iparraldera Urbiolako lotunea deituko litzakeena egin asmo dago, eta beste lotune bat ere NA-129 errepidearen gurutzegunean, Los Arcosen hegoaldean.

Alternatiba honen eraginpeko udal eta kontzeju mugapeak hauek dira: Azketa (Iguzkitza), Villamayor de Monjardín, Urbiola (Iguzkitza), Lukin, Barbarin eta Los Arcos.

b) Lizarrako Saihesbidea-Santa María-Iruso alternatiba.

Alternatiba honek aurrekoaren puntu beretik abiatu eta oraingo errepidearen ipar-mendebaletik joaten da, Urbiolako herriaren iparreko ertzetik. Herri horretan lotune bat aurreikusita dago. Oraingo errepidea Los Arcosen ekialdean gurutzatzen da eta puntu horretan erdi-lotune bat izanen da.

Alternatibaren eraginpeko udal eta kontzeju mugapeak aurreko alternatibarenak berak dira.

c) Lizarrako Saihesbidea-Urbiola-Iruso alternatiba.

Alternatiba hau aurrekoaren aldaera soila da, trazaduraren parte handi bat berdina baitute. Diferentzia bakarra da hasierako tartea oraingo errepidearen hego-ekialdetik pasatzen dela, Lukin eta Urbiolaren artetik eta ondoren errepide hori gurutzatu eta aurreko alternatibaren trazadurari lotzen zaio atzera.

Alternatibaren eraginpeko udal eta kontzeju mugapeak, lehengo alternatibarenak berak dira.

d) Deikaztelu alternatiba.

Alternatiba hau, besteetatik aldendua, Montejurra mendiaren hegoaldetik pasatzen da, arestian esan bezala, Deikaztelu eta Allo bitartean, Los Arcosko herria jo arte. Alternatiba honetan Villatuertako lotunea aurreikusten da eta Tafalla, Deikaztelu-goiti eta Los Arcoskoak ere bai.

Alternatibaren eraginpeko udal eta kontzeju mugapeak hauek dira: Villatuerta, Aberin, Morentin, Deikaztelu, Arellano, Arroitz, Barbarin eta Los Arcos.

Aurreko alternatiben puntuazioa eginik, Lizarrako Saihesbidea-Santa María-Iruso delako alternatibak izan du puntuaziorik handiena (51 puntu), eta Deikaztelu alternatibak txikiena (34,5 puntu). Hortaz, egindako azterlanean, Lizarrako Saihesbidea-Santa María-Iruso delako alternatiba gomendatzen da Lizarra-Monjardín tarterako.

Elizagorria tartea.

a) El Charcal delako alternatiba.

Alternatiba hau NA-112 errepidearen ekialdetik pasatzen da, Los Arcos eta Elizagorriaren artetik, eta gehienbatean Odrón ibaiak egiten duen korridorea hartzen du. Elizagorria pasatuta, trazadurak Odrón eta Linares ibaien bakuratik gurutzatu, ekialde aldera kurba zabal bat eman, NA-134 errepidea gurutzatu eta Agoncilloko lotunerantz jotzen du (N-232 eta A-68 autobidearen arteko lotunea). Ibilbide horretan hegoaldeko erdi-lotunea (edo hala bide bada lotunea) aurreikusten da Los Arcosen eta Mendaviako lotunea, trazadura NA-134arekin lotzen den tokian.

Alternatibaren eraginpeko udal eta kontzeju mugapeak hauek dira: Los Arcos, Elizagorria eta Mendavia.

b) Linares alternatiba.

Alternatiba honen trazadurak aurrekoaren puntu bera abiaburu hartu eta NA-6310 errepidearen bidearekin bat doa, zenbait puntutan gurutzatuz. Elizagorriako herriaren ipar mendebaletik pasatu ondoren, eta NA-134 errepidea gurutzaturik errepide hori eta NA-6310 batzen diren tokian, aurreko alternatiba bezala Agoncilloko lotunerantz jotzen du, N-232 eta Alternatiba-68 autobidearen artekoa. Aurreikusten diren lotuneak El Charcaleko alternatibakoak berak dira.

Alternatibaren eraginpeko udal eta kontzeju mugapeak hauek dira: Los Arcos, Piedramillera, El Busto, Sansol, Elizagorria eta Mendavia.

c) Viana alternatiba.

Alternatiba honen trazadura aurrekoak baino mendebalerago pasatzen da, eta NA-134arekin lotzen da Vianara sartzeko NA-632 errepidearekin lotzen den puntutik hurbil. Puntu horretatik aurrera, nondik pasatzen baita N-232 errepideko saihesbidearen ipar alternatiba (gaur aztergai), Logroñoraino tartea saihesbide horren azken tartearekin bat joaten da. Ibilbide horretan hegoaldeko erdi lotunea aurreikusten da (edo hala bide bada lotune osoa) Los Arcosen, eta Vianako lotunea, Viana alternatiba, N-232 errepideko saihesbidearen ipar alternatiba eta NA-134 errepidea batzen iren tokian.

Alternatibaren eraginpeko udal eta kontzeju mugapeak hauek dira: El Busto, Sansol, Torres del Río, Armañanzas, Bargota eta Viana.

Aurreko alternatiben puntuazioa eginik, Viana delako alternatibak puntu gehiago izan ditu (52,3 puntu) beste biek baino (47,1 puntu El Charcalek eta 47,7 Linaresek). Beraz, Viana alternatiba hobetsi da Elizagorria tarterako.

IV.-Aurretiazko gogoeta espedientearen tramitazioaren gainean.

Honekin batera aurkeztu diren aurretiazko azterlanak (aintzat hartu diren trazadura alternatiba guztiak besarkatzen baitituzte), aurreko atalean deskribatuak, uztailaren 4ko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legeko 64. Artikuluak Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialetarako eskatzen duen gutxieneko edukiaren araberako zehaztapen maila batean garatu dira. Hau da, proposatu diren soluzio horietako edozein deklara liteke Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialtzat.

Bestalde, eta azterlan horietan agertzera eman den moduan, gomendatzen da egokienak diruditen soluzioak hartzea, nahi gomendio horrek ez duen nahitaez behartzen azken buruan soluzio horiek onestera, horretarako besteak beste espedientearen jendaurrealditik eta kasuko Departamentuen txostenetatik zer ondorio ateratzen diren ere kontuan hartu behar baita.

Horregatik bada, eta kontuan harturik halaber UPS bat onesteko behar den lehenbiziko administrazio egintza, 10/94 Legeko 65. Artikuluak agintzen duenaren arabera, kasuko proiektua Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialtzat deklaratzea dela (hartarako proiektuaren edukiak Foru Lege horren 64. Artikuluak agintzen duenaren araberakoa behar du baina oraingo kasuan aztertu diren alternatiba guztiak halakoak dira), horrenbestez arrazoi da deklarazio hori espediente osorako egitea, aztertutako alternatiba guztiak UPSko osagaitzat harturik eta espedientea bera jendaurrean jartzea ondoren Ingurumenaren gaineko Eraginaren deklarazioa egiteko eta bai, espedientea jendaurrean edukita azkenean hautatzen den alternatiba UPStzat onesteko.

V.-Lurralde, hirigintza eta ingurumen gaien gaineko gogoetak.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak aztertu du espedientea eta 2001eko abuztuaren 31ko txostena Nafarroako Lurraldearen Antolamenduko Batzordeari bidali dio, zeinak, 2001eko irailaren eko bilkuran onetsi baitu delako txostena bilkurako aktan agertzera ematen den moduan.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren txostenak, zeina espedienteari erantsi zaion jendaurrean jartzeko, hainbat gogoeta dauzka lurralde, hirigintza eta ingurumen gaien gainean.

Txosteneko lurralde eta hirigintza gogoeten atalean airatzen diren kontuak ikusirik, eta bereziki hor aipatzen diren eraginak kontuan harturik, bidezko da edozein soluzio hartu baino lehen honako erakundeek txostena egitea soluzio horien gainean:

-Hezkuntza eta Kultura Departamentua, proiektuaren eraginpeko Ondare historikoaren gainean.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua eremu ureztagarrien gaineko eraginen gainean.

-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak aztergai diren soluzioak Departamentuak eskualdeko industri lurzorurako aurreikuspenen arabera egokiak diren ala ez neurtzeko.

Ingurumen gaiei dagokionez, ordea, txostenetik segitzen da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana osotua dela eta behar den informazioa ematen duela alternatiba hautatzeko. Hortaz, bide da espedientea jendaurrean jartzea Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluaziorako prozedura egiteko, nahiz eta behin betiko onespena baino lehen sustatzaileak zilegi izanen duen osagarrizko informazioa aurkeztea egindako zarata azterlanaren gainean eta errepidearen eta herri haietako hirigintza Planeamenduko aurreikuspenen arteko harremanen gainean. Orobat, kendutako landare mota bakoitzak azken buruan izanen duen azaleraren gaineko informazioa osatuko da, 92/43/EE zuzentarauko tipifikazioa aplikatuta.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2001eko irailaren 5ean jaulkitako txostena gogoan, eta uztailaren 4ko Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legeak eta kasurako diren beste arauek zer agintzen duten ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak hala proposaturik,

ERABAKI DUT:

1. Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialtzat deklaratzea "Iruña-Logroño autobiaren trazadura, 2. tartea: Lizarra-Logroño" delako proiektua, bere alternatiba guztiekin, hurrengo lerroaldean aipatzen den dokumentazioaren arabera, arestian aipatu Foru Lege horretan agintzen dena betetzeko.

Hartarako, espedientea honako dokumentuez osaturik dago:

a) Lizarra-Logroño ardatzaren (N-111) aurretiazko azterlana eta Epe Ertainera Egin beharreko ekintzen Plana, 1999ko apirilean egina.

b) Aurrekoaren osagarri, Deikazteluko alternatiba" delakoaren aurretiazko azterlana, "Lizarra-Monjardín deitu autobia tarterako, 2001eko uztailean egina.

c) "Iruña-Logroño autobiaren trazadura, 2. tartea: Lizarra-Logroño" Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala, 2001eko uztailekoa: alternatiba azterlana, sintesi dokumentua.

2. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari aditzera ematea aurkeztutako dokumentazioan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren abuztuaren 31ko txosteneko VI. atalean (ingurumenaren gaineko gogoetak) nahitaezko ezartzen diren alderdiak sartu behar dituela, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa baino lehen eta hala bide denean alternatiben eraikuntza proiektuan ere.

3. Aditzera ematea Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari UPS onetsi baino lehen aurkeztu beharko dituela Erabaki honen azalpen zatian aipatu diren Departamentu txostenak.

4. Aditzera ematea, halaber, gero batean hautatzen diren alternatiben eraikuntza proiektuan behar diren neurriak hartu behar direla Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren 2001eko abuztuaren 31ko txostenaren V. atalean (Lurralde eta Hirigintza gaien gaineko gogoetak) aipatzen diren gorabeherak konpontzeko.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean espedientea jendaurrean eta aldi berean proiektuko trazadurek ukitzen dituzten toki entitateen entzunaldi tramitean jartzea.

6. Beste hainbeste denboran espedientea jendaurrean jartzea Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egin dadin, lege arau indardunek agintzen dutenaren arabera.

7. Hartarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Iruñeko Alhondiga kaleko 1-2 zenbakietan) eta zilegi izanen da epe horretan, idatziz, nahi adina alegazio aurkeztea.

8. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio, Hezkuntza eta Kultura, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuei jakinaraztea, eta bai Azketa eta Urbiolako kontzejuei (Iguzkitzako udalekoak) eta Iguzkitza, Villamayor de Monjardín, Lukin, Barbarin, Los Arcos, Villatuerta, Aberin, Morentin, Deikaztelu, Arellano, Arroitz, Elizagorria, Mendavia, Piedramillera, El Busto, Sansol, Torres del Río, Armañanzas, Bargota eta Vianako udalei ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko irailaren hamarrean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkari gisa, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: a0109621