112. ALDIZKARIA - 2001eko irailaren 14a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

E D I K T U A

Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitzako Zinegotzi delegatuak, honako ebazpen hau eman zuen 2001eko ekainaren 26an, bertzeak bertze:

"Ikusirik Iruñeko Navarreria karrikako 27ko etxea aztertu ondotik Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoko Udal Zerbitzu Teknikoek egindako ikuskapen txostena, haren bidez frogatu da honako hondaketa hauek dituela:

-Navarreria karrikako 27ko patiotik atzeko fatxadaren atal batek erorikoa izan duela ikusten da, Carmen karrikako 8ko higiezinera jotzen duen aldean.

Murru horrek Navarreriako higiezinaren segurtasunari eragiten dio, eta horren ondorioz itaxura anitzen eta hezetasun iragazketen gunea da.

Eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 224. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

Ebatzi dut:

1.-Iruñeko Carmen karrikako 8ko etxearen jabeei, hiruretan hogei eguneko epean, honako lan hauek egin ditzaten agintzea:

-Nabarreriako 27ko etxearekin muga egiten duen murrua eraitsi eta sendotzea.

Lan horiek teknikari eskudun batek zuzendu beharko ditu, eta lanak hasi baino lehen obra zuzendariaren kontratazioaren ziurtagiria ekarri beharko dute.

2.-Etxe horretako jabeei ohartaraztea ezen, lan horiek aipatu epean egiten ez badituzte, Udalak epea bukatu eta biharamunean obrak subsidiarioki egin ahal izanen dituela eta, hori gertatuz gero, behar diren tasak, hau da, sortzen diren gastuen % 125, igorriko zaizkiela.

3.-Era berean, jabeei ohartaraztea ezen, aipatu epean obrak egiten ez badira, zehapen espedientea abiaraziko dela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 248.5 artikuluan sailkatutako hutsegite arinaren ustezko erantzule izateagatik. Hutsegite hori 50.000tik 1.000.000 pezeta bitarteko isunarekin zehaturik dago.

4.-Jabeei ohartaraztea, orobat, konponketa obra horiek eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnetarik direla. Egokitzapen hori etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko indarra duen Foru Dekretuan zehazten da.

5.-Obra horiei ekiteko zaharberritzeko dirulaguntzak eskura daitezke, betiere eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnekin batera egiten badira; horretarako, Etxebizitzak Zaharberritzeko Udalaren Bulegoan, Eslava kaleko 1.ean, argibideak eska daitezke".

Ebazpen honen aurka errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

-Berraztertzeko errekurtsoa, organo egileari berari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik, edo bertzenaz,

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpen honen jakinarazpen egunaren ondoko hilabetean.

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) atalean (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen bertze interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, bi mila eta bateko abuztuaren bian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A0108405