112. ALDIZKARIA - 2001eko irailaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

FORU AGINDUA, 2001eko abuztuaren 13koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana. Eratzen ditu, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, arrantza eta akuikultura alorretako laguntza estrukturalak.

Kontseiluko abenduaren 17ko 2792/1999 EE Erregelamenduak (zehazten du zer modalitate eta baldintza izanen dituzten helburu estrukturala duten arrantzaren alorreko esku-hartzeek) lege-barrutia ematen die arrantza eta akuikultura alorretako esku-hartze estrukturalei Europako Batasunaren Estatuetan, eta horrez gain finkatzen du Batasunak zenbateraino parte hartu behar duen finantzazioan, Arrantza Orientatzeko Finantza Tresna, Estatu kidea eta partikular onuradunak bitarteko direla.

2792/1999 EE Erregelamenduak aipatzen dituen sustapen neurrien artean, sektore horrek Nafarroako Foru Komunitatean zer ezaugarri dituen ikusirik, iduri du honako gai hauei buruzko neurriak direla aproposenak: akuikultura, arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzea eta merkaturabide berriak bilatu eta sustatzea. Hartarako, kontuan hartuko da neurri horien eduki berariazkoa, 2000-2006 Programazio Dokumentu Bakar (PDB) delakoan zehazten dena Espainian arrantza sektoreko esku- hartzeak egiteko, 1. helburuaz landarako eskualdeetarako.

Foru Agindu hau idazteko kontuan hartu dira arrantza eta akuikulturaren sektoreko laguntza estatalak ikertzeko jarraibideak (2001/C19/05) eta bai 3448/2000 Errege Dekretua, abenduaren 22koa, zeinak oinarrizko arauak ezartzen baititu arrantza sektoreko laguntzak emateko, eta Europako Batasunaren Ituneko 88.3 artikuluan aipatzen den tramitea bete baita, Batzordeak, 2001eko maiatzaren 17ko Erabakiaren bidez, juzgatu du laguntza araubide hau batera daitekeela Itun harekin.

Horiek horrela, eta Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa Arautzeari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Helburua.

Foru Agindu honen helburua da arrantza eta akuikulturaren sektoreko laguntzak Nafarroako Foru Komunitatean eratzea, Kontseiluko 2792/1999 EE Erregelamenduaren barrenean eta 1. Helburuaz landara IFOParen laguntzarekin aplikatzen diren neurrietarako programazio dokumentu bakarraren osagarriarekin bat.

2. artikulua. Laguntzen eremua.

Laguntzak akuikulturaren eta arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzearen arloetan inbertsio materialak sustatzeko erabiliko dira.

Sustapenerako eta merkaturabide berriak bilatzeko talde ekintzek ere zilegi izanen dute laguntzak hartzea.

3. artikulua. Akuikultura nola sustatu.

1. Foru Agindu honi dagokionez, akuikultura esatean hauxe aditzen da: uretako organismoak haztea, inguruneko gaitasun naturalaz goragoko produkzioa lortzeko teknikak erabiliz eta organismo horiek, hazkuntza aldi osoan eta bilketa egin arte pertsona fisiko edo juridiko batenak direla.

2. Akuikulturaren arloan inbertsio materialak sustatzeko neurriak honako helburuak egiteko inbertsio materialak egin dituztenentzako laguntzak izanen dira:

a) Instalazioak eraiki, zabaldu, modernizatu eta hobetzea.

b) Osasun eta higieneko edo ingurumeneko baldintzak hobetzea.

3. Laguntza horiek hartu ahal izateko, inbertsio horiek luzaroko ondorioa izan beharko dute asmotan den hobekuntza estrukturalean, teknikaz eta ekonomiaz bideragarriak izateko behar adinako bermeak eman, eta ondorio kaltegarririk gabekoak izan, bereziki gehiegizko produkzio gaitasuna sortzeko arriskurik gabekoak. Horrez gain, asmotan diren obrak egin eta abian jartzeko behar diren baimen edo eraukipenak edukiko dira.

4. Gastu orokorrak, adibidez arkitekto, ingeniari eta kontsultoreen lansariak, bideragarritasun azterlanak eta patenteak eta lizentziak erostekoak, aurreko ekintzek aipatzen duten gastuari erantsiko zaizkio, gastu horren 100eko 12 goiko muga dela.

5. Ez zaie laguntzarik emanen enpresa bat transferitzeko diren inbertsioei, eta ez ondasunak eskuratu edo exekutatzeagatik jasandako BEZa.

4. artikulua. Arrantza eta akuikulturaren sektoreko produktuak eraldatu eta merkaturatzen sustatzea.

1. Foru Agindu honi dagokionez, hauxe aditzen da "arrantza eta akuikulturaren sektoreko produktuak eraldatu eta merkaturatzea"az: eskukatze, tratatze, maniatze, produzitze eta banatze kateko operazio guztiak, hasi produktua lehorreratzen edo biltzen denetik harik eta txikika saltzen den arte.

2. Zilegi izanen da sorburuan eta helburuan handizka merkaturatzeko eta arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatzeko inbertsioak egin dituztenei ere laguntzak ematea.

3. Inbertsio horiek luzaroko ondorioa izan beharko dute hobekuntza estrukturalean, teknikaz eta ekonomiaz bideragarriak izateko behar adinako bermeak eman eta ondorio kaltegarririk gabekoak izan, bereziki gehiegizko produkzio gaitasuna sortzeko arriskurik gabekoak, eta helburu hauek izanen dituzte:

a) Produkzioa eta kudeaketa hobetzea; horren barne direla instalazioak eraiki, zabaldu, ekipatu, informatizatu eta modernizatzea.

b) Higiene baldintzak eta gizaki nahiz animalien osasun baldintzak hobetzea, hartarako elikagai segurtasuneko mekanismo eta sistemak garatu eta ezartzea eta osasun baldintza berrietara moldatzea bultzatuz.

c) Produktuen kalitatea hobetzea edo ingurumeneko kutsadura murriztea, hondakinengatik, ontziengatik eta enbalajeengatik sortzen dena, ingurumenaren gaineko kaltea ezeztatzeko eta azpiproduktuak aprobetxatzeko moduan, ur aurrezki energetikoa eta ingurumen-arrazoiengatik instalazioak tokiz aldatzea.

d) Produkzioa berretzea, hala behartzen bada.

4. Gastu orokorrak, adibidez arkitekto, ingeniari eta kontsultoreen lansariak, bideragarritasun azterlanak eta patenteak eta lizentziak erostekoak, aurreko ekintzek aipatzen duten gastuari erantsiko zaizkio, gastu horren 100eko 12 goiko muga dela.

5. Honako helburua duten inbertsioei ez zaie laguntzarik emanen:

a) Giza kontsumorako ez beste helburu baterako diren arrantza eta akuikulturaren produktuak, non eta ez diren arrantza eta akuikulturako produktuen hondakinak tratatu, eraldatu eta merkaturatzea beste helbururik ez duten inbertsioak.

b) Txikikako merkataritza.

c) Enpresen transferentziak.

d) Garraio elementuak, non eta ez dauden ezin bereizizko moduan loturik eraldatze prozesuekin. Ez zaie garraio elementuei laguntzarik emanen, halaber, hartan egindako inbertsioa osotara egindakoaren 100eko 50 baino gehiagokoa bada.

5. artikulua. Merkaturabide berriak sustatu eta bilatzea.

1. Zilegi izanen da laguntzak ematea arrantza eta akuikulturaren sektoreko produktuentzat merkaturabide berriak sustatu eta bilatzeko talde ekintzetarako, adibidez:

a) Kalitatea zertifikatu, produktuak etiketatu, deiturak arrazionalizatu eta produktuak normalizatzeko operazioak.

b) Sustapen kanpainak, kalitate faktorea azpimarratzekoak ere barne direla.

c) Kontsumitzaileek eta merkatuak zer erreakzio izan duten aztertzeko inkesta eta probak.

d) Feria, saloi eta erakustaldiak antolatu eta parte hartzea.

e) Mandataritza komertzialak edo ikertzekoak antolatzea.

f) Merkatu prospekzio edo sondajeak, hirugarren herrietan Batasuneko produktuak merkaturatzeko aukerak hartzen dituztenak ere.

2. Laguntza eman ahalko zaie, bereziki, publizitate agentzien eta ekintza horiek prestatzen eta gauzatzen parte hartzen duten beste zerbitzu emaileen gastuei; informazio eremuak erosi edo alokatzea, ekintzen dirauten epean lemak edo martxamoak sortzea, eta materiala editatzeko gastuak.

3. Ez zaie laguntzarik emanen onuradunaren jardunbide gastuei.

4. Ez da zilegi izanen kontsumoa sustatzeko helburua duten neurriak marka komertzialen arabera orientatzea, eta bertan ez da eskualde edo herri jakinik aipatuko, salbu eta Kontseiluko uztailaren 14ko 2081/92 EE Erregelamenduak aipatzen dituen kasu konkretuetan (nekazaritza eta elikagai produktuetan deitura geografikoak eta jatorrizko deiturak nola babestu finkatzen duen erregelamendua), eta delako izendapena Europa-arau horrek agintzen duen erregistroan inskribatu ondoren.

6. artikulua. Lokalak erostea.

Lehendik eraikitako lokalak eta haien oinarriko terrenoak erosiz gero, tasatzaile independiente eta gai baten zertifikatua erantsiko da, baieztatzeko prezioa ez dela merkatuko balioaz goragokoa eta eraikina araudiaren araberakoa dela. Tasazio horretan lokalaren prezioa eta terrenoena banakaturik agertuko dira. Eraikinari eman zaizkion dirulaguntzen deklarazioa ere erantsi behar da.

7. artikulua. Errentamendu finantzarioa.

Makinak eta ekipoa errentamendu finantzarioko operazioen bidez eskuratzen badira, erosteko konpromiso bat ere aurkeztuko da, zeinean aurreikusten baita onuraduna noizbait kasuko makina eta ekipoen jabe eginen dela. Kontratuaren gehieneko zenbatekoa ez da izanen merkatu aktibo errentatuko balio garbia baino gehiagokoa. Errentamendu finantzarioko kontratuak berekin dakartzan beste gastu batzuek, errentatzailearen margenak, birfinantzazio gastuek, gastu orokorrek edo aseguruek, ez dute laguntza hartzeko eskubiderik izanen.

Ez dute laguntzarik izanen atzerako indarrez saldu eta errentatzeko sistema baten barneko ondasun eskurapenek.

8. artikulua. Laguntzarik gabeko gastuak.

Laguntza arlo bakoitzean aipatu diren gastu lagundu ezinez gain, hauek ere ez dute izanen, oro har, laguntza hartzeko eskubiderik:

a) Eratze eta lehen ezartze gastuak.

b) Diharduten instalazioetako titulartasuna aldatze hutsa.

c) Talde bereko enpresek edo titularrarekin hirugarren graduraino (hirugarrena ere barne) ahaide diren pertsonek instalazio hutsak edo ustiatu gabeak eskuratzea.

d) Lurreratu beharreko eraikinak erostea.

e) Makina eta ekipo erabiliak erosi eta instalatzea.

f) Lorazaintza lanak.

g) Konpontze eta mantentze gastuak.

h) Lehengo ekipo eta makinak birjartzea, salbu eta horrekin bat bestelako ekipo eta makinak eskuratzen badira, dela erabiltzen duten teknologiagatik edo errendimendua handiagoa dutelako, absolutua edo ordukakoa.

i) Urtebetean amortizatzeko moduko materiala erostea, eta ez kontabilitatean gastutzat ageri diren inbertsioak.

j) Bulegoko ekipoak eta bestelako altzariak, salbu eta telefono instalazio finkoak, telekopiagailuak eta ordenadoreak, programak eta inpresorak.

k) Bere esku lana, eta jatorri bereko materiala.

l) Kapital sozial gisa egindako ondasun ekarpenak.

m) Lokalak erostea, dirulaguntza hartu badute, non eta jasotako laguntzak osorik itzultzen ez diren.

n) Maileguak formalizatzeko gastuak eta onuradunak bere kontu dituen gastu finantzarioak.

o) Gastu orokor aurreikusi gabekoak, lansariak eta azterlanak, laguntza har dezaketen kostuen % 12az goragokoak direnean.

p) BEZa.

q) Eskaerak aurkeztu baino lehen hasi diren inbertsioak, salbu eta proiektuaren lansariak, bideragarritasun azterlanak eta eraikuntza baimenekin lotutako gastuak.

9. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

1. Laguntza har dezaketen gastuekiko, ez da zilegi izanen emandako laguntza osotara (IFOPena gehi Nafarroako Gobernuarena) % 40 baino gehiagokoa izatea.

Portzentaje horretatik:

a) IFOPen ekarpena ez da izanen gastu lagungarrien % 15 baino gehiagokoa.

b) Nafarroako Gobernuaren ekarpena kasuko gastu lagungarrien gutxienez % 5ekoa izanen da.

2. Onuradunaren ekarpena kasuko gastuen gutxienez % 60koa izanen da.

3. Enpresa txiki eta ertainen inbertsioen kasuan (enpresa horiek Batzordearen 96/280/EE gomendioak definitzen dituen bezala) IFOPen ekarpena gehitzea zilegi izanen da zuzeneko laguntzez bestelako finantzazio moduetarako, baina gehitze hori ez da izanen osotara lagundu daiteken kostuaren 100eko 10 baino gehiagokoa. Onuradun pribatuaren partizipazioa proportzionalki murriztuko da.

4. Enpresek jasotzen dituzten laguntzak ez dira izanen kapital sozial eskrituratua eta desenbolsatua baino gehiagokoa.

10. artikulua. Eskaerak.

1. Laguntza hartzeko eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak agintzen duenaren arabera zilegi diren administrazio erregistroetako edozeinetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen moduan).

2. Eskaerarekin batera honako dokumentazioa aurkeztuko da:

A) Enpresaren deskripzioa, negozio bolumena, zenbateraino dagoen beste enpresa batzuen mende eta zer plantilla duen, kategoria eta kontratu moten arabera xehekatua.

B) Enpresaren Plana, enpresa bideragarria dela frogatzen duena, hartarako haren egoera finantzarioaren eta haren perspektiben ebaluazio bat oinarri harturik.

C) Hala tokatzen den kasuetan, horrekin batera ingurumen gaiei buruzko adostasun txostena edo baimena ere aurkeztu beharko da nahitaez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emana, eta bai ere, hala bide denean, udalaren zabaltze lizentzia edo halakorik ezean, jarduera sailkatuarena baldin Ingurumena Begiratzeko Jarduera Sailkatuei buruzko Foru Legearen menpeko jarduerak badira.

D) Fiskoarekin eta Gizarte Segurantzarekin egin beharrak eguneraturik edukitzearen frogagiria.

E) Inbertsio proiektua eta lortu asmo diren helburuak azaltzen dituen memoria, gutxienez honako elementuez hornitua:

a) Ondasun higiezinetan, makinetan eta ekipoetan egin asmo den inbertsioa, aurrekontuak xeheturik.

b) Proiektu, kontsultoria eta bideragarritasun azterlanetako gastuak.

c) Hala bide denean, eraldatze prozesuaren xehetasunak eta produkzio gaitasunaren deskripzioa, bai proiektua gauzatu baino lehen eta bai ondoren ere.

d) Inbertsioaren bideragarritasunaren azterketa.

e) Inbertsioaren plan finantzarioa.

f) Egoeraren balantzea eta itxi diren azken hiru ekitaldietako ustiatze kontuak.

g) Urteko kontu sendotuak, enpresa talde batekoa bada.

h) Emaitzen kontua eta behin-behineko funtsen jatorri eta aplikazioaren egoera, proiektua abiatu ondorengo hiru ekitaldietarako.

i) Inbertsioa zein terrenotan eginen den, haien jabetza frogatzen duen eskrituraren kopia, eta eskritura hori jabetzaren erregistroan inskribaturik dagoela frogatzeko agiria eta hala bide denean eraikitzea zilegi dela frogatzen duen hirigintza ziurtagiria.

j) Udalaren obra lizentzia, hala bide denean.

k) Inbertsioei buruzko proiektu teknikoa, teknikari gai batek idatzia, inbertsioen ezaugarriek hala eskatzen dutenean.

F) Hala bide denean, laguntza hartu duten ondasunak gutxienez bost urtez edo bizi arteko guztian ez eskualdatu, ez errentatu edo hirugarrenei erabil ditzaten ez lagatzeko konpromisoa.

G) Sozietate bat denean, eratze eskrituraren kopia, zeinari erantsita joanen den bere kapital sozialaren bilakaera, oraingo sozioen zerrenda izen eta helbideduna, eta parte- hartzearen zenbatekoa, eta bai Administrazio Kontseiluaren osakideak.

3. Eskaerak eskatu den dokumentazio eta informazioa bere ez badu, edo beste osagarrizko batzuk behar direla juzgatzen bada, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak interesatuari eskatuko dio eskaera zuzendu edo osatzeko gehienez hilabeteko epean, eta adieraziko hala egin ezean eskaerari utzi diola ulertu eta espedientea beste tramiterik gabe artxibatuko dela.

11. artikulua. Eskaerak nola tramitatu eta nola ebatzi.

1. Behin behar den dokumentazioa osatu ondoren, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak konprobatuko du eskaerek laguntzak jasotzeko behar diren baldintzak betetzen dituzten, eta txostena emango, hala bide denean proposamena eta eman beharreko laguntzen zenbatekoa ere barne direla.

2. Administrazio Ebazpenean finkatuko da eskatzaileak zer baldintza bete behar dituen laguntzak egitez hartu ahal izateko. Baldintza horiek, besteak beste, proiektuen aurreikuspenak betetzearen gainekoak eta hartarako jarri diren epeen gainekoak izanen dira. Salbuespenez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zilegi izanen du luzapen bat ematea, aurrez eskaera arrazoitua egiten bada.

3. Ebazpena formalki jakinaraziko zaio eskatzaileari, eta hark, jakinarazi eta biharamunetik luzeenez hilabeteko epean, idatziz adierazi beharko dio Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuari ebazpenaren eduki osoa onartzen duen. Bestela, ulertuko da uko egin diola emandako laguntzari eta gehiagoko tramiterik gabe espedientea artxibatuko.

4. Kasuko administrazio ebazpena jakinarazteko luzeneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaera kasuko erregistroan sartu den egunetik kontatuta.

Epe hori iragan eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, interesatuak zilegi izanen du eskaera ukatu dela ulertzea.

5. Zilegi izanen da ebazpenaren kontra gora jotzeko helegitea jartzea Nafarroako Gobernuan, ebazpena jakinarazi eta gehienez hilabeteko epean.

12. artikulua. Laguntzak nola pagatu.

1. Laguntza hartu duten jarduerak bukatu ondoren, laguntza hartzaileak hala adieraziko dio Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuari, eta hark behar adina kontrol egingo ere arau indardunak eta hartzaileak hartutako konpromisoak bete diren ala ez konprobatzeko, eta bai inbertsioa aurkeztu proiektuaren araberakoa den ere.

2. Laguntza hartzaileak, halaber, Zerbitzu horri adieraziko dio ea helburu bereko beste laguntzarik eskatu den ala ez.

3. Kontrolen emaitza eta hartzaileak emandako informazioa ikusirik, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak laguntzak pagatzeko ebazpen proposamen eginen du, eta harekin batera bai txosten bat aurkeztuko ere frogatzeko bete direla laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuak, eta bai laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak ere.

4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, ebazpen proposamena ikusirik, laguntzak pagatzeko ebazpena emanen du. Ebazpen horren kontra zilegi izanen da gora jotzeko helegitea jartzea Nafarroako Gobernuan, ebazpena jakinarazi denetik luzeenez hilabeteko epean.

5. Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak behar adinako abala eskatuko du, laguntzak pagatu baino lehen, inbertsioak ez badira oraindik osorik pagatu.

Errentamendu finantzarioko operazioak direnean, laguntza pagatzeko abal bat eskatuko da osotara emandako laguntza adinakoa. Abal hori, laguntza hartu duen enpresak operazioa bururatu eta errentatutako ondasunen jabe bihurtu arte balioduna izanen da.

13. artikulua. Laguntza hartzaileen eginbeharrak.

Foru Agindu honetan aurreikusten diren laguntzen hartzaileek honako betebeharrak izanen dituzte:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari bide ematea, inbertsioak gauzatu ondoko bost urteetan, eskatzen zaion adina ikuskatze, datu, eta irizpen gaiak egiteko, espedientea tramitatu eta aurkeztu proiektua benetan gauzatu dela eta hartutako konpromisoak bete direla konprobatu ahal izateko.

b) Bere kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasota laguntza kobratu dela erregistratzea.

c) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan frogatzea jasotako funtsak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, jarritako epe eta moduan.

14. artikulua. Laguntza emateko ebazpenaren aldaketa eta errebokazioa.

1. Aurreko artikuluak aipatu duen bost urteko epe hartan agertzen bada desbideratze handiak izan direla kontu, balantze eta egoera finantzarioetan, hasierako aurreikuspenetatik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak zilegi izanen du emandako laguntzen zenbatekoa errebisatzea.

2. Negozioa ixteagatik enpresaren jarduera eteten bada, lana sei hilabete baino gehiagoan gelditzen, enpresa Nafarroatik lekutzen, krisi espedientea sortzen, lanpostu edo lanaldi erregulazioa egin edo enpresak pagu etena edo kiebra egiten badu, zilegi izanen da emandako laguntzak erabat edo partez murriztea, eta hala bide denean Nafarroako Ogasun Publikoari lehendik jasotako diru guztia itzularaztea gehienez hilabeteko epean, betiere egoera horiek laguntzak emateko ebazpena eman ondorengo bost urteetan gertatzen badira. Nolanahi ere, enpresa beharturik dago Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari aipatu gorabehera horiek guztiak idatziz adieraztera, gertatzen diren orduko.

15. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Foru Agindu honetan aipatzen diren laguntzei buruzko administrazio arau-hauste eta zehapenak gobernatzeko, Nafarroako Foru Komunitate Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 27, 28 eta 30. artikuluek agintzen dutena hartuko da aintzat.

2. Arau-hausteak finkatu eta zehapenak ezartzeko administrazioak segitu behar duen prozedura, abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuaren araberako izanen da (Onesten du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura gaietan zehapenak jartzeko Administrazioak segitu behar duen prozedura).

16. artikulua. Informazioa nola artxibatu.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak jatorrian altxatuko du eskuratu behar duen informazioa, Europako Batasunak jarraipen, ebaluazio eta kontrol eginkizunetarako jartzen dituen baldintzak betetzeko, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari bidaliko dio Batasuneko instituzioenganako eginkizunak betetzeko behar den informazioa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Ez zaie laguntzarik emanen eskaera aurkeztu baino lehenagotik hasita zeuden inbertsio edo ekintzei.

Bigarrena.-Foru Agindu honen indarrez laguntza ematen zaien inbertsioak Nafarroan egin beharko dira.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek sortzen duen gastua 721000-72210-7701-716104, "IFOP laguntzak" delako kontusailetik eta 721000-72210-7701-716100 "kooperatiba araubideaz landara nekazaritza industrializatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko dirulaguntzak" delako kontusailetik eginen da, kasuan kasuan IFOPen eta Nafarroako Gobernuaren kontu diren ekarpenetarako 2001. urtean, eta ondorengo urteetan tokatzen diren kontusailetatik.

AZKEN XEDAPENAK

Bakarra.-Foru Agindu honek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko abuztuaren hamahiruan.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0109028