112. ALDIZKARIA - 2001eko irailaren 14a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E R R O I B A R

Auto-taxien zerbitzu publikoaren erregelamendua

Erroibarko Udalak, 2001eko uztailaren 17an egin bilkura arruntean, Erroibarko auto-taxien zerbitzuaren erregelamendua onetsi zuen. Hona hemen:

ERROKO AUTO-TAXIEN ZERBITZU PUBLIKOAREN ERREGELAMENDUA

Atariko xedapena

1. artikulua. Indarra duten xedapenek ematen dizkioten eskurantzak erabiliz, Erroibarko Udalak taximetroa duten alokatzeko ibilgailu arinetan bidaiariak garraiatzeko zerbitzua antolatu du, erregelamendu honetako eta indarra duen legediko aginduei jarraituz.

I. KAPITULUA

Erregelamenduaren xedea

2. art. Erregelamendu honen xedea da Erroibarko udal mugapean gidaria eta taximetroa dituzten alokatzeko ibilgailu arinetan bidaiariak garraiatzeko zerbitzua oro har arautzea.

3. art. Taximetroa izeneko kontagailua duen turismo motako ibilgailuari erraten zaio auto-taxia. Taximetroa delako kontagailuak eginiko bidearen luze-laburraren eta geldirik eginiko denboraren balioaren berri emanen du, automatikoki eta bidaiariek ikusteko moduan, indarra duten unean uneko tarifei jarraikiz.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak, haien jabetza eta zerbitzu egiteko baldintzak

4. art. Ibilgailu guztiek balio izanen dute gidariaz eta taximetroa delako kontagailuaz hornitutako ibilgailuak alokatzeko zerbitzu publikorako, baldin eta arauz ezarritako baldintzak betetzen badituzte (Udalaren baimena, segurtasuna, 9 Hp baino potentzia handiagoa, itxura egokia eta gutxienez 5 pertsonendako eta gehienez ere 10endako gaitua badago, gidaria barne).

Aipatu ibilgailuek karrozeria itxia izan beharko dute, baita sarrera erraza ere. Ateek segurtasun sistemaz gain argitasun eta aireztapenerako lehiatilak izanen dituzte.

5. art. Autoek honako agiri hauetaz horniturik egon beharko dute:

1.-Ibilgailuaren eta gidariaren agiriak.

2.-Erregelamendu honen ale bat.

3.-Indarra duten tarifak.

4.-Aseguruen poliza (ibilgailuak eta bidaiariak).

5.-Ordainagirien taloitegia.

6.-Indarra duen legediak eskatu adina agiri.

6. art. Urtero, auto-taxi ibilgailuen azterketa bat eginen da nahitaez, bai eta Udalak eskatu edo Alkatetzak xedatzen dituen guztiak ere.

Karrozeriaren aitzinaldian nahiz gibelaldean, plaka bat eramanen dute, "S.P." letrak agerian dituena.

Ibilgailuak desinfektatu eta desintsektatu egin beharko dira, gutienez, urtean behin eta Alkatetzak hala agintzen duenean.

Lizentziak

7. art. Auto-taxien lizentziak Udalaren eskumenekoak dira. Lizentziak lehiaketa publikoaren bitartez emanen dira, Udalak hartarako prestatuko duen baremoari jarraituz.

8. art. Lizentzien eskabideak Alkatetzari zuzenduko zaizkio idatziz. Haietan eskatzaileak adieraziko du Erregelamendu honen xedapen guztien berri duela eta onartzen dituela. Horrekin batera agiri hauek aurkeztuko ditu:

1.-Behar den motako ibilgailuen gidabaimena.

2.-Udal Erroldako ziurtagiria. Gutxienez urtebeteko antzinatasuna izan beharko du.

3.-NANaren fotokopia.

4.-Zinpeko aitorpena, prozedura penal edo administratiboaren bitartez gidabaimena kendu dion zehapenik jaso ez duela adierazten duena.

5.-Portaera oneko ziurtagiria, alkatetzak luzatua.

6.-Beste edozein agiri, indarrean dagoen legediari jarraikiz.

Lizentziaren onespena lortuz gero, onuradunak zerbitzua eginen duen ibilgailua eta hari buruzko agiriak aurkeztuko ditu, gehienez ere hilabeteko epean. Ibilgailuaren antzinatasuna ezingo da bost urte baino handiagokoa izan. Horretaz gain, hirugarrenei edo garraiatutako pertsonei egindako kalteengatiko mugarik gabeko erantzukizunaren aseguru poliza ere aurkeztu beharko du.

Aipatu epean agiri horiek eta ibilgailua auzkeztu ezean, kontzesioaren gaineko eskubide guztiak galduko ditu zuzenean.

9. art. Auto-taxien plazak edo lanpostu hutsak betetzeko, deia eginen da ediktua paratuz Udaleko iragarki oholean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta herriko prentsan. Ediktu horretan bertan zehaztuko dira deialdiaren baldintzak.

10. art. Udalak honako hauei buruzko idatzizko azterketa eginen die lizentziaren izangaiei:

-Erregelamendu honen ezagutza.

-Hauei buruzko ezagutza: Udalerriko herriak, baita inguruak ere; hurbileko toki edo herrietara joateko bideak; probintziako hiriburuko ospitaleetara, laguntza eta administrazio zentroetara eta intereseko beste zerbitzu batzuetara joateko bideena.

Probak egin ondoren, herriko osasun zerbitzuek osasun azterketa eginen dute.

11. art. Ematen diren lizentziek izaera pertsonal eta besterenduezina izanen dute eta debekatuta dago lizentzia eskuz aldatzea, lagatzea edo saltzea. Gainera, lizentziaren titularrak behartuta daude pertsonalki eta bertze edozein lan ordainduren gainetik dedikazio oso eta bakarraz ustiatzera.

Halaber, debeku da ibilgailua bertze bati gidatzera uztea, non eta Udalak, alkatetzak berariaz xedatuta, ez duen baimentzen, betiere zerbitzua egin aurretik.

Soilik 24 orduko zerbitzuan eta etengabeko lanaren beharra dela-eta, baimenduko da ordezko langile bat izatea, betiere titularraren kontura.

Noiznahi ordezkatzen ahal da auto bat bertze batekin, baldin eta Udalaren baimena izan eta erregelamendu honetako baldintza guztiak betetzen baditu.

Tarifak eta taximetroa.

12. art. Udalak zehaztuko ditu tarifak eta nahitaez begiratu beharko dituzte bai taxi gidariek bai erabiltzaileek ere.

Hiru tarifa mota ezarriko dira; ohikoa, goizeko 7etatik gaueko 21etara aplikatuko dena; gauekoa, gaueko 21etatik goizeko 7etara; eta jaiegunetakoa, jaieguneko goizeko 1etik gaueko 24etara.

13. art. Taximetroa delako kontagailuak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Indarra duen tarifa baimendua ekartzea.

b) Ibilgailuaren karrozeriaren barneko aitzinaldean ezarrita egotea, agerian egonen den tokian.

c) Zerbitzuak irauten duen denbora guztian funtzionatuko du.

d) Taximetroa delako kontagailuak egoki prezintaturik egon beharko du eta unean-unean eskatzen diren baldintzak bete beharko ditu.

III. KAPITULUA

Zerbitzu egitea

14. art. Erabiltzaileek lizentziaren titularrari horrela eskatzen diotenean hasiko da zerbitzua.

Zerbitzua iraunkorra izanen da egunaren hogeita lau orduetan, igandeak eta jaiegunak barne.

Titularrak, itxura fisikoari eta jantziei dagokienez, garbi, duin eta txukun egon beharko du.

Gidariak ez dio uko egiten ahalko zerbitzu bat egiteari, bidezko arrazoirik ez bada. Bidezko arrazoitzat joko dira:

-Ibilgailuak dituen plazak baino lagun gehiago egotea.

-Bidaiaria mozkorturik edo sorgorkarien eraginpean egotea, salbu eta bere bizirako arrisku larririk dagoenean.

-Bidaiarien arropek edo daramatzaten fardel, ekipaje edo animaliek ibilgailuaren barnealdea narriatu edo kaltetu badezakete.

-Zerbitzua ibilbide iraganezinetan barna egitea eskatzen zaionean, horiek erabiltzaile eta gidariaren nahiz ibilgailuaren beraren segurtasunerako arriskua badakarte.

IV. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

15. art. Erregelamendu honetako aginduen aurkako arau- hausteak honela sailkatuko dira: arinak, larriak eta oso larriak.

Hutsegite arinak dira:

-Zerbitzuan egonik, erabiltzaileak uzteko eskatuta ere, erretzea.

-Ibilgailua zikin egotea, bai barrutik bai kanpotik.

Hutsegite larriak dira:

-Urtebetean lau hutsegite arin egitea.

-Beharrik gabe ibilbide luzeagoak egitea.

-Zerbitzu egitea baldintza pertsonal txarretan.

-Zerbitzu egiteari uko egitea, frogatutako arrazoirik gabe.

Hutsegite oso larriak dira:

-Zerbitzu egitera mozkorturik agertzea, edo zerbitzua bera halako egoeran egitea.

-Erabiltzaileei gehiegi kobratzea.

-Urtebetean lau hutsegite larri egitea.

16. art. Hutsegite arin, larri eta oso larriak Alkatetzak zehatuko ditu. Hutsegite arinak mila pezetatik bost mila pezetara bitarte zehatuko dira; hutsegite larriak, hamar mila pezetatik hogeita bost mila pezetara bitarte; hutsegite oso larriak, berrogeita hamar mila pezetatik ehun mila pezetara bitarte.

Hutsegite oso larriak, gainera, lizentzia behin betiko kenduz zehatu ahalko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu hau egunen batean Nafarroako Foru Parlamentuak onetsiko dituen xedapenen menpe gelditzen da eta bertan berariaz arautua ez dagoen guztia martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuaren arabera arautuko da.

Erroibarren, bi mila eta bateko uztailaren hogeita seian. Alkatea, Francisco Almirantearena Juango.

Iragarkiaren kodea: A0108145