112. ALDIZKARIA - 2001eko irailaren 14a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

M I L A G R O

Administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdia

Milagroko Udalak administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdia onetsi zuen, 2001eko ekainaren 29an egin bilkuran.

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea administrari-ofizial izateko lanpostu bat betetzea da, Milagroko Udalaren zerbitzuan egonik deialdian eskatzen diren baldintzak dituzten plantillako funtzionarioen artean eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan aurreikusita dagoen oposizio-lehiaketa murriztua erabiliz.

1.2. Deialdiko lanpostuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Zerbitzuko Langileen Estatutuaren C mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu, baita dagozkion ordainsari osagarriak ere.

1.3. Urteko lanaldia udal bulegoetako gainerako funtzionarioek duten bera izanen da.

1.4. Izendatuak deialdiko mailari eta kategoriari eta eskatutako ikasketei dagozkien lan eta funtzio administratiboak betez eginen du zerbitzua, ekimen eta erantzukizun murriztuan eta bere menpean langileak izanik nahiz halakorik gabe. Aurreikusten da lan eta funtzio horien artean ordenagailuak, pantailak eta terminalak testuen tratamenduan ere erabiltzea izanen dela, bai eta, oro har, Udalaren administrazio zerbitzuetako arduradunak adieraziko dizkion eginbeharrak, bere funtzioen barnean badaude.

Errate aldera eta zerrenda agortu gabe, hona egiteko batzuk:

-Oro har, betearazpen, tramite eta lankidetza lanak Udalekoen administrazio zerbitzuen arduradunarekin.

-Ematen dizkieten espedienteetan diren agiriak zehazki laburtu eta horren berri ematea, funtsez eman ere, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari, baita kudeaketa organoei ere.

-Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunari biltzen diren agirien berri ematea.

-Tramiteko eginbide eta ofizioak prestatzea, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunak adierazten dizkioten jarraibideei loturik.

-Bere ardurapean badaude, enkanteei, jarduera sailkatuei, obra, zerbitzu eta horniduren kontratazioari, eta abarri dagozkien espedienteen kudeaketaz, jarraipenaz eta kontrolaz arduratzea, baita espedienteen tramite administratiboak gauzatzea ere, behar diren agiriak erantsiz.

-Zailtasun juridikorik gabeko txosten eta ebazpen proposamenak prestatzea Udalaren eskumeneko espedienteen gainean, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunaren zehaztapenei jarraikiz.

-Modu berariazkoagoan manatzen ahal zaizkion lan alorretan, txosten, proposamen, espediente eta mota ezberdinetako lanetan datuak lortzera eta eranstera laguntzea.

-Zerbitzuak horrela behar duenean, Udalaren administrazio zerbitzuei atxikitako administrazio eta menpeko langileen artean lanak banatzea, Udalaren administrazio zerbitzuetako arduradunaren jarraibideekin bat.

-Jendeari harrera egitea eta argibideak ematea, gaien tramitazioan parte hartu badu edo espedienteen egoeraren berri badu.

2. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Txanda murriztuko hautapen probetan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Milagroko Udaleko D mailako funtzionario edo lan- kontratudun finkoa izatea.

b) Eskatutako titulazioa edukitzea, hau da, Goi Mailako Batxilergoa, Lanbide Heziketako 2. maila edo parekoa, eta D mailan bortz urte ari izana frogatzea.

Titulazioaren baldintzaren ordez Nafarroako administrazio publikoaren zerbitzuan egiazki egindako zortzi urte froga daitezke.

Baldintza horiek eskabideak aurkezteko unean frogatu behar dira.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Milagroko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, 30 egun naturalen barnean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio.

3.2. Eskabideari 2.1 oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direlako egiaztagiriak erantsiko zaizkio, baita lehiaketaldian baloratuko diren agiriak ere.

4. oinarria.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Milagroko Udaletxeko iragarki oholean argitaratuko da. Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Jesús María Barrado Pardo jauna, Milagroko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Santos Cerdán León jauna, Milagroko Udaleko lehen alkateordea.

Mahaikidea: José Luis Unzué Ruiz jauna, Nafarroako Udaletako Idazkarien Elkargo Ofizialeko lehendakaria.

Ordezkoa: Juan José Inibarraen Laita jauna, Villafrancako Udaleko idazkaria.

Mahaikidea: José María González Sesma jauna, Nafarroako Udaletako Idazkarien Elkargo Ofizialeko batzarkidea.

Ordezkoa: José Miguel Sanz Sanchez jauna, Valtierrako Udaleko idazkaria.

Mahaikidea: Carlos García Laplaza jauna, Cortesko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Ramón Muruzábal Ruiz jauna, Arguedasko Udaleko idazkaria.

Mahaikide idazkaria: Alfredo Fernández Oscoz jauna, Milagroko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da ez eratu ez aritu, gutienez kideen gehiengoa ez badago.

5.3. Epaimahaiak deialdi honen arauak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen gorabehera guztiak gehiengoz ebatziko ditu.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izaten ahalko du proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haien gainean soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketa nola eginen.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi urratsetan eginen da, lehenbizi lehiaketaldia eta gero oposizioaldia, oinarri hauek dioten bezala.

7. oinarria.-Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak baremo honen ariora baloratuko ditu alegatu eta behar bezala egiaztatutako merezimenduak:

a) Milagroko Udalean administrari laguntzaile ari izanagatik, urte bakoitzeko 0,75 puntu eta gehienez ere 15 puntu.

b) Toki administrazioan betetako lanpostuko eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza eta hobekuntza ikastaroetan parte hartzeagatik, partaidetza egiaztagirien bidez frogatuta, 20 irakastordutik 0,75 puntu, eta gehienez ere 15 puntu. Egiaztagirietan zenbat irakastordu izan diren jasotzen ez bada, puntu 1 emanen da.

7.2. Baremoa interpretatzeko arau orokorrak

Zerbitzu urteak osoak ez badira, puntuazioa modu proportzionalean banatuko da.

Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

Ez dira baloratuko alegatutako bertze batzuekin batean egindako zerbitzuak.

8. oinarria.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek eginen dira:

-Ariketa teorikoa.

Deialdi honen II. eranskineko zerrendan dauden gaietatik zozketan ateratzen dena idatziz azaltzea.

Ariketa honengatik gehienez ere 45 puntu bil daitezke, eta gutienez ere 22 puntu eskuratu behar dira gainditzeko. Epaimahaiak erabakiko du ariketak zenbat denbora iraunen duen.

-Ariketa praktikoa.

Bete beharreko lanpostuan egin beharreko zerbitzuekin ikusteko duten gaien gaineko kasu praktikoak idatziz argitu beharko dira. Gaiak epaimahaiak erabakiko ditu.

Ariketa honengatik gehienez ere 45 puntu bil daitezke, eta gutienez ere 22 puntu eskuratu behar dira gainditzeko. Epaimahaiak erabakiko du ariketak zenbat denbora iraunen duen.

-Buruz buruko elkarrizketa.

Epaimahaiak eginen du, lanpostuarekin ikusteko duten gaien gainean, eta gehienez ere 20 minutu iraunen du. Puntuazioa, gehienez ere 12 puntu.

Oposizioko ariketa guztiak baztergarriak izanen dira, buruz buruko elkarrizketa salbu.

9. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

Alegaturiko merezimenduen balorazioa egindakoan eta oposizioko ariketak puntuatu ondotik, epaimahaiak gainditu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari.

10. oinarria.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Hautaketa-prozesua amaitu ondoan, Udalak izendapen proposamenean adierazitako izangaia izendatuko du osoko bilkuran.

10.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaia izendapena jakinarazi eta ondoko 10 egun naturaletan jabetuko da lanpostuaz.

10.4. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturiko ezinbertzeko kasuetan salbu, lanpostuaz jabetzen ez bada, lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatzen bada, hutsunea gainerako oposizio egileekin beteko da, halakorik bada, eta erdietsitako puntuazioaren ordenan.

11. oinarria.-Deialdiaren aurkako errekurtsoak.

Deialdi osoaren edo oinarrietako baten aurka ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira:

a) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, bi hilabeteko epearen barrenean, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epearen barrenean, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik aitzina. Aldez aurretik eta nahi bada berraztertzekoa ere para daiteke.

I ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ......., adinez nagusia, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ........., sorteguna: ......, sorlekua: ........ (.......), bizilekua: ............ (.........), karrika: .......... zenbakia: ..........., posta kodea: ........, telefonoa: .........

Zure aitzinera agertu eta ahalik egokien diot:

Milagroko Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdiko probetara onartua izatea eskatzen dudala.

Errandako deialdiko oinarri guztien berri dudala eta onartzen ditudala.

Horretarako, deialdi horretan eskatzen diren agiri guztien egiaztagiriak aurkezten ditudala.

Horrenbertzez,

Aipatu oposizio-lehiaketako probetan parte hartzera onar nazazun eskatzen dut.

(Tokia, data eta sinadura)

Milagroko Udaleko alkate udalburua.

II. ERANSKINA

Kudeaketa administratiboa eta Zuzenbidea

1. gaia.-Nafarroako toki entitateak. Antolaketa eta administrazioa. Errekurtso administratiboak.

2. gaia.-Nafarroako toki entitateetako kontratuak. Xedapen orokorrak. Prestatzeko jarduketa administratiboak. Prozedurak eta esleipen moduak.

3. gaia.-Jarduera sailkatuak. Lege honen xedea. Menpeko jarduerak. Baimenen araubidea. Jarduera lizentzia. Irekitzeko lizentzia. Ikuskapenen eta funtzionamenduaren araubidea. Zehapenen araubidea.

4. gaia.-Toki administrazioko organoak. Bakoitzaren eskumenen laburpena. Organo kolegiatuen funtzionamendua: osoko bilkura. Informazio batzordeak.

5. gaia.-Bilkura motak: osoko bilkura. Informazio batzordeak. Bilkura mota bakoitzaren deialdietarako baldintzak. Erabakiak hartzeko baldintzak. Akten idazketa.

Oharrak: gaiak eta kontzeptuak honela emanik, epigrafe orokorren bidez, bakoitzak dakiena ezagupenak libreki eta modu irekian sistematizatu eta antola daiteke. Izangaien lanetan, epaimahaiak baloratuko du alderdi garrantzitsuenen hautapena, bai eta edukien eskematizazioa eta egituraketa ere, betiere udal ikuspegitik eta lanpostuaren ezaugarriak eta maila kontuan hartuz.

Milagron, bi mila eta bateko uztailaren hogeita hamarrean. Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: A0108247