112. ALDIZKARIA - 2001eko irailaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

860/2001 FORU AGINDUA, uztailaren 19koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 1999ko haizeteen ondorioz kaltetuak izan ziren toki entitateentzako laguntza araubide berezi bat ezartzen duena.

1999. urtearen amaieran Frantzian izandako haizeteen ondorioz egurraren merkatuan gertaturiko gorabeherek zenbait toki entitateren ekonomian izan dezaketen eragin negatiboa gutxitzeko asmoz, beharrezkoa da laguntza araubide berezi bat ezartzea oihangintzaren jarduerari eusteko.

Nafarroako Gobernuak 2001eko uztailaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, egurra ez saltzeagatik toki entitateei dirulaguntzak emateko gastu konpromisoaren mugak finkatu ziren, hots: 10.000.000 pezeta 2001. urterako eta 15.000.000 pezeta 2002. urterako.

Ikusirik Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren proposamena eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren kontu- hartzaile delegatuaren adostasun txostena, eta Nafarroako Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluaren c) eta d) ataletan eman zaizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 1999ko haizeteen ondorioz kaltetuak izan ziren toki entitateentzako dirulaguntza araubide berezi bat onestea. Oinarriak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko idazkari teknikoak behar bezala eginbidetu ondoren, espedienteari erantsi zaizkio.

2. Laguntza horiek finantzatzeko gastua honako kontusail hauetatik egin dadila agintzea: 10.000.000 pezeta 2001eko Gastuen Aurrekontuko "Haizeteen ondoriozko kalteetarako laguntza bereziak" izeneko 330100-31200-4600-533500 zenbakiko kontusailetik, eta 15.000.000 pezeta, 2002ko aurrekontuan dagokion kontusailetik.

3. Foru Agindu honen aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

4. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko hedabideetan argitara dadila agintzea.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren hemeretzian.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

1999KO HAIZETEEN ONDORIOZ KALTETUAK IZAN ZIREN TOKI ENTITATEENTZAKO LAGUNTZA ARAUBIDEAREN OINARRIAK

Lehena.-Xedea.

Deialdiaren xedea hauxe da: 1999. urtearen amaieran Frantzian izandako haizeteen ondorioz, egurra saldu gabe gelditu ziren edo merkeago saldu behar izan zuten toki entitate guztientzako dirulaguntzak ematea.

Bigarrena.-Onuradunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunak honako hauek izan daitezke: baso-lurren titularra izanik eta haien aprobetxamendua egiteko enkante publikoa eginik, aprobetxamendu hori eman gabe utzi edo % 10eko eta % 20ko beherapena egin ondoren saldu duten Nafarroako toki entitateak.

Hirugarrena.-Dirulaguntzen iraupena eta zenbatekoa.

Laguntzak eman aurretik finkatuko da zenbat diru banatuko den. Urtero 40.000 pezeta emanen dira mailegaturiko 1.000.000 pezeta bakoitzeko, betiere mailegu horren finantza kostua aipatu kopurua baino handiagoa baldin bada. Dirulaguntza kalkulatzeko aintzat hartuko den gehieneko kapitala tasazio ofizialaren balioaren aldean egurrak galdutako balioaren adinakoa izanen da. Tasazioa Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak 1999rako finkatutako prezioen arabera eginen da. Tasazio ofizialaren balioaren aldean galduriko dirua berdintzeko eskatutako maileguei aipatu diru-kopurua emanen zaie, hots, laugarren oinarriko 2. puntuan aipatutakoaren arabera, aprobetxamenduen % 10, % 20 edo % 100, enkantearen emaitza zein izan den.

Dirulaguntzen iraupena, gehienez, 2002ko abenduaren 31ra artekoa izanen da.

Laugarrena.-Eskaerak eta dokumentazioa.

1. Epea.

Dirulaguntza hauek baliatu nahi dituzten toki entitateek 2002ko irailaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren Erregistroan edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 34.4. artikuluan adierazi beste bide bat erabiliz. Eskaerak ebazteko epea bi hilabetekoa izanen da.

2. Eskatzaileek bete beharrekoak:

-Nafarroako toki entitatea izatea.

-Salgai jartzeko baimena duten oihan aprobetxamenduak edukitzea eta haien balorazioa 5 milioi pezetatik gorakoa izatea.

-Aprobetxamendu horien enkante publikoa egina izatea, eta bertan honelako kasuren bat gertatu izana:

a) Lizitazio prezioa Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak egindako tasazio ofizialaren araberakoa jarriz egindako enkantea eman gabe geldituta, bigarren enkantean aprobetxamendua % 10 merkeago saldu izana.

b) Bigarren enkantea eman gabe geldituta, aprobetxamendua % 20 merkeago saldu izana hirugarren enkantean.

c) Azkeneko enkante hori eman gabe geldituta, aprobetxamendua saldu gabe gelditu izana.

3. Onuradunen beharkizunak:

-Adierazitako betekizun eta baldintza guztiak egiaztatzea, honako agiri hauen bitartez:

a) Egur enkantearen emaitza islatzen duen toki entitatearen akta.

b) Eskaturiko kredituaren eta ordaindutako kuoten banku- agiria.

-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari adieraztea dirulaguntzaren xede den egurra noiz saltzen den, edo, saldu gabe ere, kreditua noiz kitatzen den.

-Jasotako dirua mendian inbertitzea, egurra saldu izan balitz bezala.

4. Bermerako neurriak. Banaka emanen diren laguntzen zenbatekoak ikusirik eta kontuan harturik onuradunak, kasu guztietan, toki entitateak izanen direla, ez da beharrezkoa bermerako neurririk ezartzea.

Bosgarrena.-Dirulaguntzak ordaintzeko bidea.

Dirulaguntza urtean bi zatitan ordainduko da, aurkeztu beharreko agiriak egiaztatu ondoren. Ordainketa bakoitza urte horretan ordaindutako maileguaren kuoten araberakoa izanen da.

Dirulaguntza hauek Nafarroako Foru Administrazioak edo beste administrazio publiko batek ematen dituen beste guztiekin bateragarriak dira.

Seigarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita oinarri eta egintzen aurka ere, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamanetik hasita hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: A0108614