11. ALDIZKARIA - 2001eko urtarrilaren 24a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

O R B A I T Z E T A

Ordenantzaren behin betiko onespena

Orbaitzetako Udalak, 2000ko azaroaren 22an egin osoko bilkura arruntean, behin betikoz onetsi du Orbaitzetako udal mugapeko herriko bideak eta mendiko pistak erabiltzeko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza fiskala, baita hura Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzea ere. Hasierako onespena 2000ko uztailaren 13an erabaki zen.

ORBAITZETAKO HERRIKO BIDEAK ETA MENDI PISTAK ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Ordenantza honen helburua tasa bat ezartzea da, Orbaitzetako udal mugapeko herriko bideak eta mendiko pistak erabiltzeagatik.

2. art. Udalak zaindu behar ditu herriko bideak eta mendiko pistak; hortaz, beharrezkoa da tasa bat ezartzea bideak eta pistak erabiltzeko. Tasa bilduz lortuko den diru guztia herriko bideen eta mendiko pisten egoera hobetzeko izanen da.

3. art. Partikularrek, edozein izaera juridiko duten sozietateek eta elkarte publiko nahiz pribatuek ordaindu beharko dute tasa, hurrengo artikuluetan ezarriko diren eran eta baldintzetan, eta Orbaitzetako Udala eta legezko salbuespena aitortua dutenak izanen dira salbuetsirik egonen diren bakarra.

4. art. Zergagaiak hauek dira:

a) Oihaneko gaiak bide eta pista horietatik ateratzeko egiten diren joan-etorriak, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira.

b) Eraikuntzarako materialak, ondasunak eta ekipoak bide eta pista horietan barna garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez garraiatzen badira.

c) Makina handiak bide eta pista horietan barna ibiltzea.

Mendi eta pista horietan barna nahiz udalerriko karriketan, oihaneko gaiak eta eraikuntzarako materialak herrestatzea debeku da arras. Debeku hori ez betetzeak zehapena ekarriko du, eta egindako kalte-galera guztien ordaina eskatuko da, baita ehun mila (100.000) pezetako isuna ezarriko ere.

Bide edo pista bakoitzerako ezarritako pisu eta karga mugak errespetatuko dira. Eginbehar hori betetzen ez bada, egindako kalte-galera guztien ordaina eskatuko da, baita berrogeita hamar mila (50.000) pezetako isuna ezarriko ere.

5. art. Zura garraiatzen denean, zenbaterainoko tasa ordaindu behar den zehazteko, Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuaren markaketa-orrietan idatzita dagoen bolumena hartuko da aintzat, hau da, dagozkion oihan aprobetxamendu partikularren kontzesio erabakietan jasorik dagoen bolumena.

Eraikuntzarako gaien, makina handien, ondasun eta ekipoen joan-etorrietan, berriz, zenbat tona pisatzen duten, hainbertzeko tasa ordainduko dute.

6. art. Honako hauek izanen dira tasa ordaindu behar dutenak:

a) Zura denean, oihan gaiak zer menditatik heldu diren, haren jabea.

b) Eraikuntzarako materialak, makina handiak, ondasun eta ekipoak direnean, obraren sustatzailea.

7. art. Ordaindu beharra duten subjektuek ordaindu behar duten tasa berrehun (200) pezeta da tona bakoitzeko, zura izan nahiz eraikuntzako materialak, makina handiak, ondasun eta ekipoak izan.

Egiten ahal diren kalte-galeren ordaina bermatzeko, joan- etorria hasi aitzin, mila eta bortzehun (1.500) pezetako fidantza pausatuko da tona bakoitzeko, garraiatu beharrekoa zura izan nahiz eraikuntzako materialak, makina handiak, ondasun eta ekipoak izan.

8. art. Aipatu bideak eta pistak erabiltzeko asmoa dutenek aldez aurretik gaztigatu beharko dute beren asmoa Orbaitzetako Udalean, eta garraiatu beharreko zurak nahiz eraikuntzako material, makina handi, ondasun eta ekipoek zenbat tona egiten duten, harexen frogagiria ekarri beharko dute.

Baimena erdiesteko, nahitaezko baldintza izanen da fidantzaren eta tasaren zenbatekoaren dirusarrera.

Tasa ez ordaintzea arrazoi aski izanen da pasaera eragozteko Orbaitzetako bide eta pistetan barna, zor diren zenbatekoak kitatzen ez diren bizkitartean, Udalak, zordunen kontra, premiamendu bidez jo ahal izatea ukatu gabe.

9. art. Euri edo elur egunetan pistetan barna ibiltzea gaiztoa denean, baimena espreski eman beharko da, egun zehatz horietan zura nahiz eraikuntzako material, makina handi, ondasun eta ekipoak garraiatzeko, kalte larriak egitea eragozteko.

Asteburuetan, jaiegunetan, zubietan eta Aste Sainduan debeku da kamioiak pasatzea.

Uztail-abuztuetan, turismo handia izaten baita, kamioiek eta makineria handiak espreski Udal honen baimena beharko dute pasatzeko.

10. art. Espreski debekaturik gelditu da lur orotako ibilgailuak eta motoak modu antolatuan pasatzea.

11. art. Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aplikatuko dira.

Orbaitzetan, bi milako azaroaren hogeita bian. Alkate udalburua, Jorge Eginoa Txapar.

Iragarkiaren kodea: A0011014