11. ALDIZKARIA - 2001eko urtarrilaren 24a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Iruñean animaliak edukitzea arautzen duen osasungintzako 13. ordenantzako aldaketa

Iruñeko Udalak, 2000ko azaroaren 16ko osoko bilkuran, ondoko erabaki hau hartu zuen:

"Ikusirik Iruñean animaliak edukitzea arautzen duen osasungintzako 13. ordenantzako aldaketa, Udalak 2000ko abuztuaren 3ko osoko bilkuran hasiera batez onetsi zuena; ikusirik, halaber, jendaurrean egon den denboran ez dela haren aurkako alegaziorik aurkeztu, eta azaroaren 26ko 30/1992 legeko 105.2 artikuluarekin bat,

Erabaki da:

1.-Zuzentzea hasiera batez onetsi zen testuko akats materiala, 24. bis dioen lekuan 28. bis behar baitu.

2.-Behin betikoz onestea Iruñean animaliak edukitzea arautzen duen osasungintzako 13. ordenantzako aldaketa, espedientean dagoena.

Iruñean, bi milako azaroaren hogeita bian. Ikus-onetsirik: alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

I. KAPITULUA

5. artikulua (oraingo lehenbiziko eta bigarren lerrokaden artean):

.xedapenak bete beharko dituzte.

Udalerrian aldi baterako bizitzen jarrita daudenek, dituzten animaliak identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz inmunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta udal zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

Albaitariek.

8. artikulua (bukaeran)

.ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

Iruñeko Udalak, hartarako udal zerbitzuen bidez, behar diren neurriak hartuko ditu, baldin eta herritarren salaketarik iristen bazaio, eremu publikoan nahiz leku pribatuetan dabiltzan animaliek eragindako beldur, estres, jazarpen edo bestelako arrazoiren batengatik.

9. bis artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, "animalia abandonatu"tzat hartzen da ez jabe ez bizileku ezagunik ez duen hura, jatorri edo jabeari buruzko identifikagarririk ez daramana, edo jabea dela egiazta dezakeen pertsona batekin ez doana. Halaberean, abandonatutzat hartuko da, behar bezala identifikaturik egonik eta jabeari abisua eman ondotik, jabe hori animalia hartzera agertzen ez den kasuan, betiere etortzeko ezartzen zaion epearen barrenean.

III. KAPITULUA

28. bis artikulua. Debekaturik dago animaliei zuzenean edaten uztea erabilera publikoko ur-txorrotetatik. Debeku honi kasurik ez egitea hartuko da osasungintzako udal-ordenantzaren aurkako arau-hauste arintzat, eta 15.000 pezetatik 80.000ra bitarteko isuna ezartzen ahalko da.

IV. KAPITULUA

37. artikulua. (.) 3. lerrokada: Jarduera hauek Erregistro Liburu bat izanen dute, bertan zehazteko animaliaren sarrera eta irteera datak, haren espeziea, adina eta sexua, eta nondik datorren jakiteko behar diren datuak, bai eta legezko xedapenetan eskatzen den bestelako edozein gauza. (.)

Beste kapitulu bat eranstea osasungintzako 13. udal-ordenantzari.

VI. KAPITULUA

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak

44. artikulua. Definizioa.

Arriskugarri gerta daitezkeen animaliatzat hartzen dira, 50/1999 legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

1.-Izatez basa direnetakoak izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak direnak, eta ondasunetan kalteak eragiten ahal dituztenak, erasokorrak izan edo ez.

2.-Honako arraza hauetako zakurrak: american staffordshire terrier, pitbull terrier, staffordshire bull terrier, Mallorcako harraparia, Kanarietako harraparia, fila brasileiro, mastin napolitarra, dogo argentinarra, rottweiler, bullmastiff, dobermann eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoak izanik, haien ezaugarri etnikoak dituztenak.

3.-Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

4.-Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso diotenak.

45. artikulua. Animalia arriskugarri bat edukitzeko lizentzia pertsonala.

1.-Ordenantza honetan oinarriturik, arriskugarri gerta daitekeen animalia baten jabe edo edukitzaileak hartarako lizentzia bat izan beharko du.

Lizentzia eskatu beharko da animalia eskuratu baino lehen, aurreko artikuluko 1, 2 eta 3. ataletako kasuetan, eta 4. ataleko kasuan berriz, 5 eguneko epearen barrenean, animaliak pertsonaren bati eraso egin dionetik hasita.

2.-Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, talde armatuarekin edo droga-salerosketarekin lotura. Ildo beretik, ez izatea zehapenik arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko araudiaren aurka.

c) Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat jotzen duten erakunde ofizial batek luzatua.

d) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarren batzuei egindako kalteengatik, gutxienez ere urtebeteko iraupena eta 30 milioiko kaltea hartzen duena.

e) Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.

3.-Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek, baldin eta Iruñean bizi badira edo merkataritzako edo hezteko jarduera Iruñean egiten bada. Era berean, lizentzia hau eskatu beharko dute animalia arriskugarrien jabe edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez bederen Iruñean egon behar badu.

Aipatu jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Iruñeko Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, eta Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak emanen ditu.

4.-Lizentziak 4 urteko iraupena izanen du eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Aurrekoa ukatu gabe, Iruñeko Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta behar diren legezko ekintzei hasiera emanen zaie.

46. artikulua. Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:

a) Arriskugarri gerta daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honetan zehazten den epean.

b) Ordenantza honetako 45. artikuluko 2. atalean aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea arriskugarri gerta daitezkeen beren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen den epearen barrenean.

d) Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bost eguneko epean, bai eta hura besteri utzi edo saldu zaiela ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

f) Erregistroko datuetan gertatzen den bestelako edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko dituzte, urte bakoitzeko azken eguna baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta aseguruaren nahiz mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat Iruñera ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskugarri gerta daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik edo hiritarren segurtasunerako behar diren neurriak hartu beharko ditu.

j) Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak kunplitu beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egunekoa izanen da.

47. artikulua. Erregistroa.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek, Erregistroan sartu nahi badituzte, Iruñeko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Erreseina edo erreseina erdia.

f) Jaiotze data.

g) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

h) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

i) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

j) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskugarria bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

k) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

l) Eraso kasuak.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak horren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.

48. artikulua. Animalia arriskugarriak erregistratzeko liburua.

Albaitaritzako klinika, kontsultategi eta ospitaleek erregistro-liburu bat eduki beharko dute, zeinetan paratu beharko baitituzte 47. artikuluko a, b, c, d, e, f, g eta h puntuetan aipatzen diren datuak, arriskugarri gerta daitekeen animaliak udal erregistroan duen zenbakiarekin batera.

49. artikulual Debekuak

Abenduaren 24ko 50/1999 legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debekaturik daude:

1.-Arriskugarritzat hartzen den animalia muturrekorik gabe edo adin txikiko batek daramala eremu publikoan barna ibiltzea.

2.-Uztea, esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, arriskugarri gerta daitekeen animaliak eraso egin diezaien pertsonei edo beste animalia batzuei, edota kalte, bestela, edozein ondasun motari, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, aldez aurretik edo erasoa gertatzen denean halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

3.-Iruñeko Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

4.-Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta ez-betetze hori ez den hartzen 50/1999 legearen aurkako arau-haustetzat.

50. artikulua. Zehapenak.

50/1999 legean ezarritako zehapenez gain, aurreko artikuluko 1, 2, 3 eta 4. ataletan aipatzen diren arau-hausteak, Ordenantza honen aurkako arau-hauste oso larritzat hartuko dira eta, ondorioz, 165.000 pezetatik 250.000ra bitarteko isuna paratuko da, eta erantzulea izanen da arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea.

Zehapenaren isunik handiena paratuko da, baldin eta urte naturaleko epearen barrenean berriz ere arau-hauste bera egiten bada.

Berriz ere araua hautsi dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

51. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 lege organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

Fitxategia eginen da Iruñeko Udalak bete ditzan 50/1999 legeak udalei ematen dizkien obligazioak. Fitxategia Iruñeko Udalak bakarrik erabiltzen ahalko du.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentzia espedientea.

Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek aukera izanen dute sartu, zuzendu, deuseztu eta aurka egiteko eskubideak erabiltzeko.

Datuak deusezteko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskugarria edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

Datu pertsonal hauen arduraduna Elikagaien Ikuskatzailetza eta Zoonosiko Zerbitzuko kudeatzailea izanen da, Iruñeko San Saturnino kaleko 2an (Seminario etxea).

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat lehendik dutenek sei hilabeteko epea izanen dute, Ordenantza honetako VI. kapituluak indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENA

Osasungintzako 13. ordenantzako aldaketa honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 15 egunen buruan hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: A0011013