11. ALDIZKARIA - 2001eko urtarrilaren 24a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

E D I K T U A

Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi delegatuak, 2000ko azaroaren 8an, besteak beste, honako ebazpen hau eman zuen:

Ikusirik, Iruñeko Descalzos karrikako 47-49-51 zenbakiko etxea aztertu ondotik, Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoko Udal Zerbitzu Teknikoek egindako ikuskapen txostena, 2000ko urriaren 27koa, haren bidez frogatu baita honako matxura hauek dituela 3. solairuko ezkerreko etxebizitzan:

-Sukaldeko sabaizunaren erorketa, itoginaren eta hezetasunaren ondorioz.

-Sukaldeko paretaren ondoko egurrezko gapirioaren burua oso usteldua dago eta sendotasuna galdu du fatxadako muroarekin bat egiten duen tokian.

-Patioko galeriaren sabaizunean hezetasuna dago; ezkutuko narrio handiagoen seinale edo zantzua izan daiteke.

-Etxeari eginiko bisitan ezin izan da estalkiarteko lokaletara sartu. Egun erabiltzen diren guneak kaltetuta daude eta horrek etxebizitzaren erabiltzaileak arriskuan jartzen ditu.

Eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 224. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ebatzi dut:

1.-Iruñeko Descalzos kaleko 47-49-51 zenbakiko etxearen jabeei, lan hauek egin ditzaten agintzea:

-Berehala: kaltetutako aldea zurkaiztea.

Hamabost eguneko epean: egitura indartu eta finkatzeko proiektua aurkeztea, beharrezkoak baitira kaltetutako aldean. Bertan sartuko dira eraikinaren gainerako egituraren analisiak, neurriak eta, beharrezkoa bada, egin beharreko obrak (estalkiak, patioko galeriak eta abar).

Obra horiek teknikari eskudunak zuzendu beharko ditu, eta lanak hasi aurretik ekarri beharko du obra zuzendaritzarako kontratatu dutela egiaztatzen duen agiria.

2.-Etxe horretako jabeei ohartaraztea ezen, lan horiek aipatu epean egiten ez badituzte, epea bukatu eta biharamunean Udalak obrak subsidiarioki egin ahal izanen dituela eta, hori gertatuz gero, behar diren tasak, hau da, sortzen diren gastuen % 125, igorriko zaizkiela.

3.-Era berean, jabeei ohartaraztea ezen, aipatu epean obrak egiten ez badira, zehapen espedientea abiaraziko dela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 248.5 artikuluan sailkatutako hutsegite arinaren ustezko erantzule izateagatik. Hutsegite hori 50.000tik 1.000.000 pezeta bitarteko isunarekin zehaturik dago.

4.-Jabeei ohartaraztea, orobat, konponketa obra horiek eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnetarik direla. Egokitzapen hori etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko indarra duen Foru Dekretuan zehazten da.

Obra horiei ekiteko zaharberritzeko dirulaguntzak eskura daitezke, betiere eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnekin batera egiten badira; horretarako, Etxebizitzak Zaharberritzeko Udalaren Bulegoan, Eslava karrikako 1.ean, argibideak eska daitezke.

Ebazpen honen aurka, eta aukeran, errekurtso hauetatik bat paratzen ahal da:

-Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik; edo

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta hilabeteko epean.

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 a) idatz-zatian (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen beste interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, bi milako abenduaren batean. Hirigintza eta Etxebizitzako idazkari teknikoa, Esther Azanza Fernández.

Iragarkiaren kodea: A0011359