11. ALDIZKARIA - 2001eko urtarrilaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

483/2000 FORU AGINDUA, abenduaren 15ekoa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Agiritegi Orokorrean lanbide praktikak egiteko bi bekaren deialdia onesten duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren bidez, Nafarroako Agiritegi Orokorrean lanbide praktikak egiteko bi bekaren deialdia egin du, Filosofia eta Letretako lizentziadunendako, beren prestakuntza akademikoa osatu ahal dezaten agiritegi historikoen antolamendu nahiz funtzionamenduaren ezagupen teoriko eta praktikoarekin, oinarri hauei jarraikiz:

O I N A R R I A K

1.-Eskaria egiteko epea.

Deitutako bekak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta ondoko hamabost egun naturalen barrenean eskatzen ahal dira.

2.-Betebeharrak.

2.1. Bekak eskuratu ahal izateko baldintza da nafarra izatea edo deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman baino lehen helbidea Nafarroan edukitzea. Gainera, Filosofia eta Letretako Lizentziadun tituluaren jabe izan behar da eta titulu hori 1996an edo geroago lortua izan. Ez dute aukerarik izanen aurretik Liburutegi, Museo eta Agiritegietan praktikak egiteko Nafarroako Gobernuak emandako bekez baliatu direnek.

2.2. Eskatzaileek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein eratan agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide-orria.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta/edo helbidea Nafarroan duela egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria edo haren fotokopia konpultsatua, ikasturte bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin.

d) Izangaiaren "curriculum vitae-a", ikasketa osagarriak, ikastaroak, argitalpenak, lortutako bekak, egindako ikerlanak, eta izangaiak egoki iruditzen zaizkion gainerako jarduera edo merezimendu guztiak adierazten dituena. Agertutako merezimenduak agiri egokien bidez behar dira egiaztatu.

3.-Hautapena.

3.1. Hezkuntza eta Kultura kontseilariak horretarako izendatuko duen Batzordeak hautatuko ditu bekadunak. Batzorde horrek aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu, eta bekak puntu gehien ateratzen dutenei ematea proposatuko du, ondoko baremoan oinarrituz:

a) Ikasketa-espedientea: gehienez ere 10 puntu.

b) Bertzelako ikasketak, ikastaroak, etab.: gehienez 5 puntu.

c) Argitalpenak, bekak, etab.: gehienez ere 5 puntu.

b) eta c) atalek aipatzen dituzten ikasketa, ikastaro, argitalpen, beka etab.ek nahitaez artxibistika, dokumentazio, paleografia edo diplomatikari buruzkoak izan beharko dute puntuak lortu ahal izateko.

3.2. Bekak Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren Foru Aginduaren bidez emanen dira.

3.3. Edozein arrazoi dela-eta emandako bekari uko egiten bazaio, "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari eman behar zaio aditzera.

3.4. Norbaitek bekari uko eginez gero, Batzordeak bekak emateko ezarri duen puntuazio ordenari jarraikiz beteko da haren lekua.

4.-Diru zenbatekoa eta ordainketa.

4.1. Beka bakoitzaren zenbatekoa 1.125.000 pezetakoa da.

4.2. Bi hilabetero ordainduko da, Agiritegi eta Dokumentu Ondarearen atalburuak aldeko txostena eman ondoan.

5.-Iraunaldia.

Bekek hamabi hilabete iraunen dute praktikaldian Nafarroako Agiritegi Orokorrean.

6.-Bekadunen eginbeharrak.

6.1. Bekadunek txandaka beteko dute beren jarduera Nafarroako Errege Agiritegiaren eta Agiritegi Orokorraren atal eta zerbitzu ezberdinetan. Gisa horretan, fondoak antolatzen eta atal bakoitzeko aurkibideak prestatzen, eta laguntzako liburutegiko eta hemerotekako fondoen kontrolerako kudeaketa teknikoan parte hartuko dute, baita ikertzaileei harrera egiten eta aretoko zerbitzuan ere.

6.2. Praktika hauek Nafarroako Agiritegi Orokorrean eginen dira, astean hogeita hamar ordu eginkizun horretan emanez. Bekadunek, praktikaldia irauten duen bitartean, hogeita hamar egun opor izanen dituzte.

6.3. Bekadunek ez dute lan harremanik izanen Nafarroako Agiritegi Orokorrarekin.

6.4. Praktikaldia bukaturik, bekadun bakoitzak Ondare Historikoaren Zerbitzura igorriko du egindako lanei buruzko memoria, bai eta eskuratutako ezagupen eta teknikei buruzko balorazioa ere.

7.-Praktiken ziurtagiria.

7.1. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, bekadunaren memoria eta agirizain nagusiaren txostena ikusirik, asistentzia eta probetxamenduaren ziurtagiria luzatuko du, onuradunak eskuratutako ikasketa eta ezaguera mailaren arabera.

8.-Gorabeherak.

8.1. Oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor litezkeen gorabeherei buruzko ebazpena Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

8.2. Deialdi honetan aurreikusitako eginbeharrak ez betetzeak beka kentzea ekarriko du berekin.

9.-Helegiteak.

Deialdi honen aurka eta bere oinarri eta aplikazio egintzen aurka gora jotzeko helegitea jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barruan.

Iruñean, bi milako abenduaren hamabostean.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0100244