96. ALDIZKARIA - 2000ko abuztuaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

270/2000 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako III. mailako lehenbiziko zikloa emateko gaikuntza lortzeko baldintzak ezartzen dituena.

Uztailaren 6ko 255/1999 Foru Dekretuak pertsona helduen oinarrizko hezkuntza arautzen du eta Nafarroako Foru Komunitatean irakaskuntza horietan erabiliko den berariazko curriculuma ezartzen. 5. artikuluaren arabera, hiru prestakuntza maila bereizten dira pertsona helduen irakaskuntza prozesuan: Hasierako Prestakuntza (I. maila), Oinarrizko Prestakuntza (II. maila) eta Pertsona Helduen Bigarren Hezkuntza (III. maila).

Aipatu Foru Dekretu horren arabera, III. maila, "Pertsona Helduen Bigarren Hezkuntza", bi ziklotan banatua dago, lehenengoa eta bigarrena. Ziklo horiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bi zikloekin bat egiten dute.

Arau horren 16. artikuluak urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 20. artikuluan aurreikusitako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako jakintza arloen eta Helduen Bigarren Hezkuntzako III. mailako curriculumak dituen esperientzia eremuen arteko baliokidetza ezartzen du.

Bestalde, Pertsona Helduen Bigarren Hezkuntzako III. mailari dagozkion irakaskuntzak ematen ahal dituzten irakasleei dagokienez, uztailaren 6ko 255/1999 Foru Dekretuaren 30. artikuluak Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan bildutako aurreikuspenetara jotzen du, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten irakasleez den bezainbatean.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Pertsona Helduen Bigarren Hezkuntzako III. mailako irakaskuntzen arteko baliokidetzak ezartzeko uztailaren 6ko 255/1999 Foru Dekretuan finkatutakoa aintzat harturik, Nafarroako Foru Komunitatean Helduen Hezkuntzako maisu-maistrak Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako III. mailako lehen zikloari atxikitzeko prozesurik egin ez denez, bidezko da behar diren neurriak hartzea irakasle horiek irakaskuntza horretako lehen zikloa ematen jarraitu dezaten bermatzeko, betiere esperientzia eremu bakoitzerako gaikuntza lortzeko eskatzen diren beharkizunak betetzen baldin badituzte.

Horrenbestez, apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuak eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzari atxikita dauden Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek, uztailaren 6ko 256/1999 Foru Dekretuaren III. Eranskinean azaltzen diren horiek, Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako III. mailako lehen zikloari dagozkion irakaskuntzak eman ahalko dituzte, esperientzia eremu bakoitzerako gaikuntza lortzeko eskatzen diren beharkizunak, ondotik heldu diren hauek, betetzen baldin badituzte:

Komunikazioaren eremua:

Filologiako gaikuntza, Gaztelania

Filologiako gaikuntza, Gaztelania eta Ingelesa

Filologiako gaikuntza, Gaztelania eta Frantsesa

Euskal Filologiako (Nafarroa) gaikuntza

Matematikaren eremua:

Matematika eta Natur Zientzietako gaikuntza

Natur Ingurunearen eremua:

Matematika eta Natur Zientzietarako gaikuntza

Gizarte Ingurunearen eremua:

Gizarte Zientzietako gaikuntza

Komunikazioaren edo Natur Ingurunearen eremua emateko gaikuntzarako baldintzak betetzen dituzten maisu-maistrek Gorputz Heziketa eman ahalko dute, nork bere eremuan, betiere Gorputz Heziketako gaikuntza ere baldin badute.

Era berean, Komunikazioaren edo Gizarte Ingurunearen eremua emateko gaikuntzarako baldintzak betetzen dituzten maisu-maistrek Musika eman ahalko dute, nork bere eremuan, Musika Hezkuntzako gaikuntza ere baldin badute.

2. Foru Agindu honetan xedatutakoaren arabera, Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako III. mailako lehen zikloa ematen duten maisu-maistrek Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioei ezartzen zaien irakaskuntzako osagarri berariazko berbera jasoko dute, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 4. Xedapen Iragankorrean zehaztutakoari jarraikiz.

Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako III. mailako lehen zikloko irakaskuntzak halabeharrez ematen dituzten maisu-maistrek ezin izanen dute aurreko lerroaldean aipatu osagarria jaso. Horrelako kasuetan, III. mailako lehen zikloan ematen duten eskola ordu bakoitzeko ordu bat eta erdi konputatuko da, betiere astean hemezortzi eskola ordu baino gehiago ematen baldin badituzte, Hasierako eta Oinarrizko Prestakuntzan eta Pertsona Helduen Oinarrizko Hezkuntzako lehen zikloan benetan ematen dituenak kontatuta.

3. Foru Agindu honen aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko dute Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru Agindu hau igortzea Idazkaritza Teknikora, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura eta Giza Baliabideen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako ekainaren hogeita bederatzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0006485