94. ALDIZKARIA - 2000ko abuztuaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

241/2000 FORU DEKRETUA, ekainaren 27koa, familientzako diru laguntzak arautzen dituena erditze berean bi haur edo gehiago izan dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen dituena.

Urtarrilaren 14ko 1/2000 Legegintzako Errege Dekretuak, Gizarte Segurantzak familia babesteko dituen neurriak hobetzeari buruzkoak, dirulaguntza bat ezarri zuen, pagamendu bakarrean egitekoa, erditze anizkunaren kasuan ordaintzeko.

Aipatutako Errege Dekretuan, arrazoiak azaltzean, Espainiako Konstituzioa aipatzen da, zeinak, 39. artikuluan, ezartzen baitu botere publikoek familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa ziurtatu behar dutela. Deklarazio hori bat dator, besteak beste, Europako Gutun Sozialarekin. Gutun horrek familia gizartearen funtsezko elementutzat hartzen du, eta, orobat, behar den bezal garatzeko babes juridiko eta ekonomiko egokia izateko eskubidea duela aipatzen du.

Familiari laguntzea, Konstituzioak ezarritakoa betetzeaz gain, lehentasunezko politika da herritarren bizi-kalitatea hobetu nahi duen gobernu ororentzat.

Erditze anizkunen kasuetarako dirulaguntzak hauxe du xedea: jaiotze anizkunaren ondorioz haur bat baino gehiago batera zaindu behar dituzten familiek dituzten gastu handiak neurri batean konpentsatzea.

Horri dagokionez, Nafarroako 2000. urterako aurrekontu orokorrei buruzko lege proiektuaren eztabaidan, zuzenketa-proposamen bat onetsi zen erditze anizkuna duten familiei laguntzeko. Horretarako, beraz, kontusail bat sortu eta hornitu da aurrekontuetan, erakunde publikoek elkartasunez jokatu behar baitute, are gehiago orain, jaiotzak babestu eta jaiotza-tasa igotzeko premia dagoela esaten duten unean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako ekainaren hogeita zazpian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DU:

1. artikulua. Hilean 12.000 pezetako dirulaguntza ezartzea bizkiak izan dituzten familientzat, haurrek urte bete egin arte.

2. artikulua. Hilean 30.000 pezetako dirulaguntza ezartzea hirukiak izan dituzten familientzat, haurrek hiru urte egin arte.

3. artikulua. Hilean 40.000 pezetako dirulaguntza ezartzea laukiak izan dituzten familientzat, haurrek hiru urte egin arte.

4. artikulua. Boskiak eta handik goitikoak izan dituzten familientzat, dirulaguntza gehigarri bat ezartzen da, 10.000 pezetakoa haur bakoitzeko, jaiotzen diren haurren kopuruaren arabera. Dirulaguntza hori haurrek hiru urte bete arte ordainduko da.

5. artikulua. Foru Dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Familiako kide guztiak, azkeneko bi urteotan bederen, Nafarroan bizi direla egiaztatzea.

b) Erditze berean bi seme-alaba edo gehiago jaio direla egiaztatzea.

6. artikulua. Dirulaguntza eskaerak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan edo Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan aurkeztuko dira, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari zuzenduak, honako agiri hauekin batera:

a) Erroldatze-agiria, 5.a) artikuluan eskatutakoa egiaztatzen duena.

b) Famili liburuaren fotokopia.

6. artikulua. 1. Eskaerak ebaztea Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari atxikitako Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua erakunde autonomoari dagokio.

2. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak arrazoibidez ebatziko ditu eskaerak eta dagokion ebazpena bidaliko dio eskatzaileari, eskaera Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan aurkezten denetik bi hilabeteko epean.

3. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada edo jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko da.

8. artikulua. Laguntzaren ondorioak jaiotza-datatik beretik aurrerakoak izanen dira.

Ordainketa hilabete bakoitza amaitutakoan eginen da, eskatzaileak aukeratzen duen kontu korrontean edo aurrezki kontuan dirua sartuz.

Laguntza emateko eskatutako baldintzaren bat betetzeari uztearekin batera, dirulaguntza ere bertan behera utziko da.

9. artikulua. Laguntza emateko oinarri hartu ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatuz gero, laguntzaren onduradunek hura gertatu eta 15 eguneko epea izanen dute Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari horren berri emateko.

Laguntza eskuratzeko eskaturiko baldintzak bete gabe ere, norbaitek laguntza lortu edo jasotzen baldin badu eta hori onuradunari leporatu beharreko arrazoiengatik gertatu baldin bada, jasotako dirua oso-osorik edo zati bat itzuli beharko du eta, halaber, berandutzako korrituak eskatuko zaizkio, laguntza desegoki kobratu zenetik kontatuta, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluak ezarritako kopuruan.

10. artikulua. Foru Dekretu honetan araututako dirulaguntzak beste Administrazio Publiko batzuek helburu berbererako ezartzen dituztenekin batera jaso daitezke, baita Gizarte Segurantzak erditze anizkunetarako ematen dituzten laguntzekin batera ere.

11. artikulua. Foru Dekretu honek arautzen dituen dirulaguntzak Foru Komunitatearen aurrekontuetan ekitaldi bakoitzerako ezartzen diren kontusailen kargura ordainduko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.-2000ko urtarrilaren lehena baino lehenago erditze anizkuna izan duten familiek ere eska ditzakete Foru Dekretu honetan ezarritako dirulaguntzak.

Kasu horietan, 2000ko urtarrilaren lehenetik haurrek urtebete egin bitarteko epeari dagokion dirulaguntza emanen da bizkien kasuan eta haurrek hiru urte egin bitarteko epeari dagokiona hirukien eta handik goitikoen kasuan.

AZKEN XEDAPENA

Lehena.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra. 2000ko urtarrilaren lehenaz geroztiko ondorioak izanen ditu.

Iruñean, bi milako ekainaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

Iragarkiaren kodea: A0006475