91. ALDIZKARIA - 2000ko uztailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

619/2000 EBAZPENA, ekainaren 28koa, Herrilan zuzendari nagusiak emana, "NA-5340 errepideko zorua, Venta de Judas-Oibar-Zarrakaztelu-probintziako mugaren artean (0,200 k.p.tik 3,000 k.p.ra) egokitu eta sendotzeko obrak" izeneko proiektuari buruz egindako alegazioak ebatzi eta proiektua behin betikoz onesten duena.

Martxoaren 29ko 282/2000 Ebazpenaren bidez onespen teknikoa eman zitzaion "NA-5340 errepideko zorua, Venta de Judas-Oibar-Zarrakaztelu-probintziako mugaren artean (0,200 k.p.tik 3,000 k.p.ra) egokitu eta sendotzeko obrak" izeneko proiektuari, eta jendaurrean jarri zen ukituriko ondasun eta eskubideen zerrendarekin batean, 2000ko apirilaren 17ko 47. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta tokiko prentsan argitaratu ondoren.

Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak jakinarazi du jendaurreko aldian lau alegazio jaso direla. Labur emanda honako hauek dira eta hauxe dute erantzuna:

1. Angel María, José Javier eta Ignacio Irigoyen Turrillas jaunek egina. Alegatu dute 1. poligonoko 153. lurzatian, non 397 mý ukitzen diren, harrizko horma bat dagoela errepide bazterrean, lurra desnibelagatik behera ez etortzeko. Proiektuan horma berri bat agertzea eskatu dute.

Erantzuna: lurzati zedularen arabera, 397 mý-ko ukipena duen finka 3. poligonoko 153. lurzatiari dagokio. Horma berria egitea ez da beharrezkoa, errepideari ezponda eginen baitzaio, garaiera txikikoa baita eta proiektuan jabari publikoko hiru metro ageri baitira.

2. Urraulbeitiko Udalak egina: 1+450 k.p.an estolda eta hodia jartzea eskatu du; horretaz gainera, bidea asfalta dadila, materialak errepidera herrestan eraman ez daitezen.

Erantzuna: proiektuan aurreikusita dago finkei berriz ere sarbideak egitea eta asfaltatzea.

3. Oibarko Udalak egina: aditzera ematen du ukituriko 3-474 eta 4-231 finkak, ondasun eta eskubideen zerrenda argitaratuan Nafarroako Foru Komunitatearen izenean ageri direnak, Oibarko herrilurretakoak direla, lurzati berrantolamenduko prozesuan esleitu baitzitzaizkion.

Erantzuna: aurkeztutako agiriak ikusirik eta beharrezko ikerketak eginik, bidezkoa da alegazioko finken titulartasuna zuzendu eta Oibarko Udalaren izenean jartzea.

4. Irunberriko Udalak egina: ukituriko abeltegiak abeltzainari egiten dion zerbitzu bera eginen duen beste bat eraiki dadila eskatu du.

Erantzuna: aurreikusita dauden berrezartze bakarrak ukituriko zerbitzu hauenak dira: sarbideak, linea elektrikoak, telefonikoak, ur kondukzioak, etab., baina ez eraikinak. Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen arabera, ukituriko ondasunaren kaltea dirutan ordaindu behar da. Abeltegiaren kasuan, desjabetzapen espedientea formalizatzen denean finkatuko da balio justua.

Horrenbestez, aurrekoarekin bat eta Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuak proposaturik, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 7ko 3912/99 Foru Aginduaren bidez esleitutakoez ere baliaturik, Zuzendaritza Nagusi honek

EBATZI DU:

1. "NA-5340 errepideko zorua, Venta de Judas-Oibar-Zarrakaztelu-probintziako mugaren artean (0,200 k.p.tik 3,000 k.p.ra) egokitu eta sendotzeko obrak" izeneko proiektuari buruz egin alegazioei erantzuna ematea, azalpen zatian adierazitakoaren arabera.

2. Proiektua behin betikoz onestea. Kontrata bidezko exekuzio aurrekontua 247.863.294 pezetakoa da.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

4. Ebazpen honen berri ematea alegatzaileei, Oibar, Irunberri eta Urraulbeitiko Udalei, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko Desjabetzapen Atalari eta Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako ekainaren hogeita zortzian.-Herrilan zuzendari nagusia, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: a0006497