91. ALDIZKARIA - 2000ko uztailaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

724/2000 FORU AGINDUA, ekainaren 27koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendueta Etxebizitza kontseilariak emana, Nafarroan hartz arrearen presentziaren ondoriozko konpentsazio araubidea eta kalteordainen baremoa ezartzen dituena, abeltzaintzaren betiko jarduerak eta hartz arrearen babesa bateragarri izan daitezen.

268/1996 Foru Dekretuaren bidez Nafarroan hartz arrea ugaltzeko plana onetsi zen. Plana onetsi eta handik lau urtera plana aztertu beharra aipatzen zuen Foru Dekretuak. Epe hori 2000ko abuztuan beteko da.

Zenbait arrazoik ikusarazten dute planean aurreikusitako neurriak eta planaren aplikazio eremua bera eguneratu beharra dagoela. Hauek dira arrazoiak: Plana onetsi zenetik pasatako denbora eta Pirinioan hartz arrea gaur egun nolako egoeran dagoen, hau da, egun duen jokamodua eta egon ohi den lekua.

Bestetik, Pirinioan espezie hau kontserbatzea bi estaturen, Espainiako hiru autonomia-erkidegoren eta Frantziako zenbait departamentuaren ardura denez, hartz arrea ugaltzeko plan berria koordinaturik egin behar da. Horretarako pausoak eman badira ere, ez da posible oraindik plan bat behar adinako bermeaz definitzea.

Behin-behineko egoera honi aurre egiteko eta Nafarroan hartz arreak abeltzaintza estentsiboari egiten ahal dizkion enbarazuei kaso egiteko asmoz, konpentsazio araubide bat ezarriko da, plantigradoaren aztarnak dauden eremuetara zabaldua. Osagarri moduan, hartz arrea ugaltzeko planean sartu gabeko tokietan egindako kalteetarako ordainen baremoa ere ezarriko da.

Konpentsazio hauek berriak direnez gero, eta konpentsazioak abian direnez hartza ugaltzeko plan berria egin baino lehenago, zalantzakoa da neurri horiek plan horretan sartu behar diren ala ez.

Hori horrela, Basa Fauna eta haren Habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 2. Artikuluari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroan hartz arrea ugaltzeko plana onetsi zuen 268/1996 Foru Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo hartz arreak egindako kalteek aipatu planaren 1. eranskineko baremoaren araberako kalteordainak izanen dituzte.

2. Konpentsazio-araubide bat ezarriko da, Nafarroan abeltzaintzaren betiko jarduerak eta hartz arrearen babesa bateragarri izan daitezen.

Araubidea Foru Agindu honen eranskinean dago eta 2000. urtean zehar izanen du balioa.

3. Foru Agindu honetan aurreikusitako konpentsazioei aurre egiteko zenbatekoak 2000ko gastuen aurrekontuko "Animaliek egindako kalteetarako aseguru eta kalteordainak" 31200-4809-5331 kontusailaren kargura ordainduko dira (13450-9 lerroa).

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta ondorioak 2000ko urtarrilaren lehenaz geroztik izanen ditu.

Iruñean, bi milako ekainaren hogeita zazpian.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

ERANSKINA

Nafarroan abeltzaintza hartz arrearen babesarekin bateragarri egiteko konpentsazioen araubidea

a) Araubide honetan ezartzen diren konpentsazio ekonomikoak jaso ahal izateko, artzainek eskaera egin behar dute, eta baldintza hauek bete:

-Gutxienez ardi-aziendako 100 buru izatea, hurrengo atalean zehazten den hartzaren eremuan larratzen direnak urtero.

-Udalaren azienda-erroldan izena ematea izatea, baliabide publikoak erabiltzen dituenean.

-Abeltzaintzako ustiategiaren zenbakiaren jabe izatea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak emana.

-Erronkaribarko Batzar Nagusiaren ziurtagiria aurkeztua, adierazten duena eskatzaileak hartzaren eremuan aritzen dela artzantzan. Deklarazio horretan buru kopurua aipatuko da, baita aziendak nora eta noiz eraman ohi dituen larrera.

Denbora berean irailaren 7ko 265/1998 Foru Dekretuaren ondoriozko dirulaguntzarik ez izatea. Foru Dekretu horren bidez, lurraldea eta naturguneak babestearekin zerikusia duten nekazaritza eta ingurugiroaren arloko laguntzak ezarri ziren.

b) Konpentsazio araubide hau aplikatu behar den hartzaren eremuak muga hauek ditu:

Iparraldean: Ernazko lepotik Frantziako muga Zaraitzu ibarreko mugaraino (Betzulako lepoa).

Mendebaldean: Frantziako mugatik (Zaraitzu ibarreko mugatik), Uztarrozeko udalerriko mugari segituz, muga eginez Otsagabiarekin, Bidankoze eta Izabarekin, Uztarroze errekaraino. Gero Uztarroze errekari segituz Eska errekarekin bat egin arte, eta handik aurrera Eskak eta Gardalar errekak bat egin arte.

Hegoaldean: Eska eta Gardalar errekek bat egiten duten tokitik, Gardalar errekan goiti, Nafarroaren eta Aragoiren arteko mugaraino (Matamachosko mendateraino).

Ekialdean: Nafarroaren eta Aragoiren arteko mugatik (Matamachosko mendatetik), Frantziako mugaraino eta Frantziako mugan Ernazko leporaino.

1. esparrua

Hartzaren eremuaren barrenean diren Garde, Erronkari eta Urzainkiko parteak, eta Izabako udalerria eremu honen iparraldeko mugaraino, hau da, Izabako herritik Belagua errekan barna Asolatzeraino. Handik Donexoroko muinoan barna 1.500eko kotaraino, eta kota horretatik atera gabe Txamantxoiako hegitik Nafarroaren eta Aragoiren arteko mugaraino.

2. esparrua

Izabako udalerria, 1. esparrutik iparraldera marra jakin bateraino. Marra hori, ekialdetik mendebaldera, Belagua errekak egiten du, Arrako errekarekin bat egiten duen arte, eta handik zuzen Lapatiako leporaino, eta handik Erroizuko errekatik beheiti Mintxateko errekaraino.

3. esparrua

Izabako udalerria, 1. eta 2. esparruan sartutako eremuak kenduta.

4. esparrua

Uztarrozeko udalerria.

c) Konpentsazioak, betiere, hartzaren eremuko esparru bakoitzean pasatako denboraren araberakoak izanen dira. Bi kontzepturengatik jasoko da dirua, bata aziendako buru bakoitzeko, eta bestea artaldea zaintzeagatik. Honelaxe:

c.1.-1. esparrua

-2 pezeta egunean ardi aziendako buru bakoitzeko. Gehienez 210 egunez aziendarekin bertan gelditzen diren artzainei, eta 90 egunez gehienez transhumantzia egiten duten artzainei.

-6.000 pezeta egunean, artzain bakoitzari, zaintzagatik. Gehienez 210 egunez, aziendarekin bertan gelditzen diren artzainei, eta 90 egunez gehienez, transhumantzia egiten duten artzainei.

c.2.-2. esparrua

-1,32 pezeta egunean ardi aziendako buru bakoitzeko. Gehienez 210 egunez, aziendarekin bertan gelditzen diren artzainei, eta 90 egunez gehienez, transhumantzia egiten duten artzainei.

-3.960 pezeta egunean, artzain bakoitzari, zaintzagatik. Gehienez 210 egunez, aziendarekin bertan gelditzen diren artzainei, eta 90 egunez gehienez, transhumantzia egiten duten artzainei.

c.3.-3. eta 4. esparruak

-0,66 pezeta egunean ardi aziendako buru bakoitzeko. Gehienez 210 egunez, aziendarekin bertan gelditzen diren artzainei, eta 90 egunez gehienez, transhumantzia egiten duten artzainei.

-1.980 pezeta egunean, artzain bakoitzari, zaintzagatik. Gehienez 210 egunez, aziendarekin bertan gelditzen diren artzainei, eta 90 egunez gehienez, transhumantzia egiten duten artzainei.

Artzain batek azienda, denboran zehar, hartzaren eremuko esparru desberdinetan banatzen badu, konpentsazioaren zenbatekoa esparru bakoitzean pasatako denboraren araberakoa izanen da.

d) Konpentsazioa jasotzeko eskaerak erregistroan aurkeztuko dira, eskabide orokor baten bidez, honako dokumentu eta datuokin batera:

-Eskatzailea eta NANa.

-Abeltzaintzako ustiategiaren zenbakia, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak emana.

-Udalaren azienda-erroldan izena emana izatearen ziurtagiria.

-Hartzaren eremuan eta esparru bakoitzean larrean ibiliko diren azienda-buruen kopurua eta azienda mota, baita larreratze aldia zenbatsukoa izanen den ere.

-Erronkaribarko Batzar Nagusiaren ziurtagiria, adierazten duena eskatzaileak aziendak nora eraman ohi dituen larrera hartzaren eremuaren barrenean.

-Eskaerak aurkezteko epea Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta handik hilabetera bukatuko da.

e) Dokumentazioa azterturik, Ingurugiroko Zuzendaritza Nagusiak, zuzendari nagusiak emandako ebazpen baten bidez, konpentsazioa eman edo ez eman erabakiko du. Zuzendari nagusiak, noiznahi, egoki iruditzen zaion informazioa eskatzen ahalko dio onuradunari espedientea osatzeko.

f) Larreratze-aldia bukaturik, eta esparru bakoitzean benetan aziendak larrean emandako denboraren arabera, behin betiko konpentsazioa erabakiko da. Konpentsazioa 2000ko aurrekontuaren ekitaldian ordainduko da.

g) Titular bakar batek, konpentsazio moduan, diru kopuru hauek hartzen ahalko ditu gehienez:

-1. esparrua: 1.500.000 pezeta.

-2. esparrua: 1.000.000 pezeta.

-3. eta 4. esparrua: 500.000 pezeta.

Iragarkiaren kodea: A0006809