Iragarkia
9. ALDIZKARIA - 2000ko urtarrilaren 21a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
- L E D E A
Ordenantza behin betiko onestea
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 326. artikuluarekin bat etorriz, Ledeako Udaleko herrilurretako probetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren testu osoa jendaurrean paratzen da. Ordenatza hau 1999ko azaroaren 26an onetsi zen behin betiko, osoko bilkuran, jendaurrean paratuta egon eta gero eta alegazioak ebatzi eta gero.
Hau guztia argitara ematen da orok jakin dezan eta bere lege ondorioak sor ditzan.
Ledean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren bederatzian. Sinadura ulertezina.
HERRILURRETAKO PROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Ledeako udal mugapeko herri ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskurapen eta probetxamendu egintzak erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.
2. art. Herri ondasunak herri honetako bizilagun guztiek probetxatu eta erabil ditzaketenak dira.
3. art. Herri ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek probetxatu edo erabiltzeko era.
4. art. Herri ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/90 Foru Legea eta haien erregelamenduzko xedapenak, ondasunen erregelamendua (urriaren 18ko 280/90 Foru Dekretua), Nafarroako Administrazio Zuzenbidea, honako herrilurrei buruzko ordenantza eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatua, beti ere ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalak xedatutakoa.
II. TITULUA
Herri ondasunen probetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
5. art. Ordenantza honek arautzen dituen probetxamenduak honako hauek dira:
a) Laborantzako herrilurren probetxamendua.
b) Udal mugapeko herrilurretako larreen, bazkatokien eta belarren probetxamendua.
6. art. .1. Orokorrean, herrilurretako probetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua izatea.
b) Ledeako Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea hiru urteko antzinatasunez.
c) Ledean urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bizi izatea.
d) Ledeako Udalarekin inolako zor fiskalik ez izatea.
2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira.
Edonola ere, famili unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, beti ere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino baxuagoak baldin badira.
3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Ledeako Udalak osoko bilkuran batzarturik.
II. KAPITULUA
Laborantzako herrilurren probetxamendua
7. art. Ledeako laborantzarako herrilurren probetxamenduak hiru modu desberdinetan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
a) lehentasuna duten herritarrendako probetxamenduak.
b) Herritarrendako esleipen zuzeneko probetxamenduak.
c) Enkante irekian esleitzea edo Ledeako Udalak zuzenean ustiatzea.
d) Bestelako probetxamenduak.
Ledeako Udalak laborantzarako herrilurren probetxamendua esleitzeko hiru modu hauek aplikatuko ditu, bata bertzearen ondotik, emandako ordenaren arabera.
Lehorreko lurretan uzta bildu eta gero, onuradunek ezin izango dituzte lursailak arrastelu edo lasto biltzailearekin landu, uzta bildu bitartean erori diren aleak herrilurretako larreak eraman dituen aziendak bazkatzen ahal ditzan
Urte guztietako urriaren 1 baino lehen esleipenduna ezin izango da lehorreko herrilurrean laborantzan ari.
LEHEN SAILA
Lehentasuna duten herritarrendako prebetxamenduak
8. art. 1. Probetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek Ondasunen Erregelamenduko 154. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren % 30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.
2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren % 60ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.
3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz bertze edozein tituluren bidez edukitzea, landalur, abere eta industri kontribuzioen kapital zergagarria, hirilur kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen bertze edozein datu ere.
9. art. 1. Udalak zehaztuko du ereduko lotearen zein azalera behar den lanbidearteko guttieneko soldataren erdia irabazteko adina dena, eta hori erantsiko dio ordenantza honi, eraskin gisa, geroan behar diren aldaketak egin ahal izateko.
2. Ondasunen Erregelamenduko 158. artikuluan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz onuradun suertatzen direnei entregatuko zaizkien loteak aterako dira ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuz:
Hiru kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea.
Lau kidetik seira bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea.
Zazpi kidetik bederatzira bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea.
Bederatzi kide baino gehiagoko famili unitateak, 5 koefizientea.
10. art. Lehentasuna duten herritarrendako prebetxamendurako finkatu baldintzak betetzen dituzten famili unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Ledeako Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 8 eta 9. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.
11. art. Probetxamendua erabiltzeko epea gutxienez 8 urtekoa izanen da, laborea lantzen denean, eta laborantza-urteei egokitzeko, 2000ko urtarrilaren 1etik 2007ko irailaren 30era zenbatuko da. Mahastien kasuan, mahastiak zenbateko bizitza erabilgarri, beste hainbeste izango da probetxamendu erabiltzeko epea, eta etxeko baratzen kasuan hamabost urte.
12. art. Herrilurretako onuradunek ordaindu beharreko lur-saria, probetxamendu honi dagokionez, Udalak epe bakoitzerako erabakitzen duen huraxe izanen da eta, hala balitz, ordenantza honi eraskin gisa itsasiko zaio.
13. art. Herrilurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dute errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez. Familia bakoitzari lote bakarra esleituko zaio.
Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek Ondasunen Erregelamenduko 158. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
14. art. Ordenantza honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 6. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Ledeako Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Udalari, behar den baimena eman dezan.
Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 15. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
15. art. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleitzeko momentuan edo probetxamenduaren epearen barrenean, Ledeako Udalak esleitu eginen ditu hurrengo probetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko probetxamenduaren bidez. Ledeako Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.
Ledeako Udalak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzkatzen dituen agiriak eskatuko ditu.
Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek lur banaketa edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte udalaren gordailuzaintzan. Lurzatiak kenduko dira beti ere Udalak irekitako espedientearen bidez, interesatuari entzutea eman ondoren.
16. art. Ezintasun fisikoa edo bestelako bat izateagatik, onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, esleipen hartzaileak baliabiderik ez duelako (alargunak, umezurtzak, langabezian daudenak, eta.) hala dela egiaztatzen badute eta bakarkako dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino % 60tik beherakoak badira, edota famili unitatearen dirusarrera guztiak aipatu soldata eta erdi baino txikiagoa bada. Udalak esleituko ditu kapitulu honetako 2. eta behar balitz 3. atalean ezartzen den moduan, Udalak lurzatien titularrei esleipenetik ateratako dirusarrerak, lur-saria kenduta, ordainduko dizkie.
17. art. Ledeako Udalak egoki juzkatzen dituen egiaztaketak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Lurrak zuzen eta pertsonalki lantzen ez direla, eta beraz lehentasunezko probetxamendua izateko eskubiderik ez dutela kontsideratuko da:
a) Nekazaritzako makineria izanik, berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.
b) Nekazaritza Batzordearen ustetan, esleitu herrilurretako lurzatiak, ordenantza honetako 13, 14, 15 eta 16. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzen eta pertsonalki lantzen ez direnean.
c) Lurra landu, lehengaiak erosi eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkeztea eskatu ondoan, Ledeako Udal honek agindu epean aurkezten ez dituztenean.
d) Jarduera nagusitzat nekazaritza ez duten eskatzaileak, erran nahi baita, beren errenten ehuneko 50 baino gehiago nekazal jardueratik jaso ez eta arlo horretan beren lan guztiaren ehuneko 50 baino gehiago ematen ez dutenak. Xehetasun hauek egiaztatu egin beharko dituzte, azkeneko ekitaldiko Errenta Aitorpenaren kopia baita Nekazaritzako Gizarte Segurantzako kartilaren kopia ere aukeztuz.
Alabaina, lurzati ttikiak eskatzen dituztenak, hau da baratze ttikiak, mahastia edota bestelako laboreak lantzeko asmoz, kontsideratuko da lurra zuzenean eta pertsonalki landatzen dutela eta beraz herrilurren probetxamendurako eskubidea dutela, nahiz eta jarduera nagusitzat nekazaritzakoa ez izan.
e) Esleitutako lurzatiaren % 80, gutxienez, lantzen ez denean, ezinbesteko kasuetan izan ezik.
f) Landalurren jabeak izanik, hirugarrenei errentan utzita dituztenean.
BIGARREN SAILA
Herritarrendako esleipen zuzeneko probetxamenduak
18. art. Lurzatiak 1. sailean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira Ondasunen Erregelamenduko 154. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.
19. art. Herritarren artean zuzenean esleituko diren loteen azalera Ledeako Udalak zehaztuko du, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondoren. Esleipena gelditu diren lurren azalera eta sarturiko eskabideen arabera eginen da.
20. art. Esleipen epea 11. artikuluan adierazitako berbera da.
21. art. Herrilurretako lurzatien onuradunek probetxamendu modu honetan ordaindu beharreko lur-saria Udalbatzak ezarriko du aldi bakoitzerako eta eraskinean azalduko da.
22. art. Laborantza zuzenean eta pertsonalki eginen du esleipen-hartzaileak. Horretarako, 13, 14, 15, 16 eta 17. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
23. art. Ledeako Udalak laborantzarako herrilurren azalera osoaren % 5 gainditzen ez duen eremu bat gordetzen ahalko du, onuradun berriei esleitzeko. Erreserba hori Udalak eslei dezake behin-behinekoz enkante bidez uzta baterako, indarrik gabe geratuko delarik esleipena beste onuradun batzuk azaltzen diren une berean eta uztak biltzen direnean.
24. art. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehntasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.
Famili unitateen errenta mailak zehazteko, 8. artikuluan ezarritako irizpide berberei jarraituko zaie.
HIRUGARREN SAILA
Ledeako Udalak egindako ustiapen zuzena edo enkante irekia
25. art. Ledeako Udalak landaketarako lurra sobran baldin badago, Lehengo eta Bigarren Sailetan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, enkante irekian eginen du esleipena.
Erregu bakoitzeko hasierako prezioa Udalak finkatuko du eta eskualde horretan antzeko lurrentzat dauden errentamendu prezioen parekoa izanen da. Hasierako prezioa eta ustiapenerako epea eranskinetan azalduko dira.
Enkantea egin ondoren landaketarako lurra sobran geratzen bada, Ledeako Udalak zuzenean ustitatzen ahalko du.
LAUGARREN SAILA
Beste probetxamendu batzuk
26. art. Ledeako Udalak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten famili unitateetako titularrei erregu erdi bateko baratzak, baldintza hauekin:
a) Landaketa zuzenean eta pertsonalki egin behar da 13, 14, 15, 16 eta 17. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
b) Esleipena 15 urterako izanen da.
c) Lur-saria Udalak ezarriko du urtero eta behar denean eranskin gisa azalduko da.
d) Landaketak intentsiboa behar du izan, hau da, baratzetan egin ohi dena.
e) Landu gabe urtebete utziz gero, arrazoirik eman gabe, horretaz baliatzeko eskubida galduko da.
f) Lehentasuna emanen zaio 10 esleipen-hartzailek osatutako taldeari, proiektu bateratu bat burutzeko eratzen denari. Besteak beste hauek izan daitezke: ura ekartzea, drenajea, ubideak, haize-hesiak eta beste instalazio batzuk egitea.
g) Hobekuntzarako proiektuak Udalari aurkeztu behar zaizkio esleipen eguna baino 40 egun lehenago, honek onespena eman eta jendaurrean para ditzan, Nekazaritza Batzordeak txostena egin ondoren. 27. art. Ledeako Udalak, mahasti landaketa sustatzeko asmoz, inolako probetxamendurik hartu ez duten famili unitateei lurzati bat ematen ahal die, baldintza hauen barnean:
a) Landaketa zuzenean eta pertsonalki eginen da, 13 eta 14. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
b) Esleipena landaketak dirauen arte izanen da, titularra lehenago hilko balitz edo jubilatuko balitz haren ondorengoek hartuko lukete, 3. graduko ahaidetasuna arte.
c) Lur-saria Udalbatzak ezarriko du urtero, eta behar izanez gero, eraskin gisa.
d) Laborantza mahastia izanen da eta ez besterik, eta landaketa hori egiteko birlandaketa eskubideak izanen dira, EVENArenak alegia.
BOSGARREN SAILA
Esleipena egiteko prozedura
28. art. Ledeako Udalak osoko bilkuran hala erabaki eta Udaleko iragarki oholean ediktua paratu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik, 10 egun balioduneko epea irekiko da, beren burua eskubideduntzat jotzen dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten.
29. art. Eskabideekin batera, honakoei buruzko zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da:
a) Ledeako herritar izatea, hiru urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabete herrian bizitzea.
b) Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.
c) Famili unitatea osatzen duten kideak.
Horietako baten batek adimen ezintasunik nahiz gabezia fisikorik izanez gero, eskatzaileek adierazi egin beharko dute.
d) Udal honetan edo beste edozeinetan zenbat erregu dituzten, dela jabe direlako, dela errentan dituztelako, edo beste edozein titulupean dituztelako, adierazi beharko dute, baita laborantza klasea zein den ere.
e) Famili unitateko kide bakoitzaren Hirilur Aberastasuneko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagozkionak salbu, Ledeako udal mugapean zein bertzetan.
f) Famili unitateko kide bakoitzaren Abere Aberastasuneko kapital zergagarriak, edo abelburuen kopurua eta espeziearena, mugape hauetan zein bertzeetan.
g) Famili unitateko kide bakoitzak nekazaritza, industri edo zerbitzu sektoretik jasotzen dituen dirusarrerak, bai eta Gizarte Segurantzako pentsionistenak eta bertze errentak ere.
Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Ledeako Udalak, 8.3 artikuluan adierazten denez, agirietan eta datu objektiboetan oinarriturik, errenta mailak onesteko beharrezko juzkatzen dituen agiriak eskatzeko eskumena izanen du.
30 art. Ledeako Udalak onetsiko ditu lehentasuna duten herritarrendako esleipenean nahiz zuzeneko esleipenean onartutakoen zerrendak. Zerrenda horiek behin-behinekoak izanen dira.
31. art. Modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrendak Herriko Etxe honetako iragarki oholean ezarriko dira hamabost egun naturaletan, egoki juzkatzen diren alegazioak egin daitezen. Alegaziorik aurkezten ez bada, bertzerik gabe, behin betikoz onetsitzat joko dira.
32 art. Alegazioak eginez gero, Udalak horiei buruzko ebazpena emanen du eta mota bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko. Aipatu behin betiko esleipenak Udalaren iragarki oholean emanen dira argitara.
33. art. Esleipena zozketa bidez eginen da, lehenbizi lehentasuna duten herritarrendako esleipenena eta ondotik herritarren arteko zuzeneko esleipenena. Honelaxe: zenbaki bat emanen zaie bi modalitateetan onartuak dauden guztiei, gero herrilurretako lurzatiei ere zenbaki bat emanen zaie, eta ondotik eta ohiko moduan, zakutik aterako dira zenbaki bat eskatzaileari dagokiona eta beste bat lurzatiari dagokiona; eta horrela bukatu arte.
34. art. Lurzatiak esleitu ondotik, Herriko Etxeko iragarki oholean jendaurrean izanen dira 15 egunetan onuradunen zerrendak eta dagozkien herrilurretako lurzatiak. Zerrenda horiek Udalak onetsi beharko ditu.
35. art. Herrilurretako lurzatirik sobran geldituko balitz, hau da eskatzaileen kopurua baino gehiago balitz, horiek enkante publikoaren bidez esleituko lirateke. Enkantea egin eta gero laborantzako lurrik sobran geldituko balitz, Ledeako Udalak ustiatzen ahalko du zuzenean, edo herri larreetara pasa.
III. KAPITULUA
Herri ondasunen bertze probetxamendu batzuk
36. art. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981ko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da hango ehizaren probetxamendua, baita Basa Fauna eta haren habitatak Babestu eta Kudeatzari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeari jarraikiz ere.
37. art. Ondareko uren esleipena, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den bertze edozein probetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Ledeako Udalak prestatzen dituen baldintza pleguek gobernatuko dituzte. Horrez landara, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.
IV. KAPITULUA
Herri larreen probetxamendua
38. art. Ledeako Udaleko herri larreek ustiapen unitatea osatzen dute beste finka partikularrekin batera, antzinako ohiturari, edo legeari nahiz hitzarmenari jarraikiz.
39. art. Ledeako Udaleko herri larreen probetxamendua modu hauetako batean, eta lehentasunezko ordena horretan, eginen da:
a) Herritarrei zuzenean esleituz.
b) Antzinako ohituraren bidez.
c) Enkante publikoaren bidez esleituz.
40. art. Ordenantza honen 6. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako tilularrak izanen dira herri larreen probetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak.
41. art. Zuzenean probetxatuko dira larreak eta ez da zilegi izanen haien azpierrentamendua edo lagapena. Hori dela eta, Ledeako Udalak ulertuko du ez dituela larreak zuzenean probetxatzen:
a) Bere aziendari edo abeltzaintzako jarduerari toki entitateko zergapetzean baja ematen dionak.
b) Abeltzaintzako etekinak adierazten ez dituenak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean, hau egitera behartuta egonik.
c) Bazkalurren jabe izanik ere, hirugarrenei errentan ematen dituenak.
d) Zuzeneko probetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hots, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaiteroen ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak eskaturik, paratutako epean aurkezten ez dituenak.
42. art. Esleipena zortzi urtetarako izanen da.
43. art. Ledeako Udalak kalkulatu duenez, herri larrek azienda karga hau jasan dezakete: 1000 ardi buru bazkatokirako, eta larreetarako erabiltzen diren herri lurretako zein lursail partikularretako belarrek, esleipena ematen duenaren iritziaren arabera.
Ondorio hauetarako Ledeako Udalak baliokidetasun hau paratu du:
-Zaldi buru baten baliokidea behi azienda ale bat eta erdi da.
44. art. Kontuan hartuz abelburu kopurua, larreen aberastasuna eta ixtegirik dagoen ala ez, Ledeako Udalak bere belarrak erabiltzeko 2.900.000 pezeta jotzen duen lur-saria finkatu du, eta lur-saria honela banatzen da: bazkatokia: 2.500.000 pezeta, eta belarrak: 400.000 pezeta.
Zenbateko horiek jarri dira aipatu bazkatoki bakoitzeko juzkatzen den baloreagatik, eta herritarrendako zuzeneko esleipenaren urteko lur-saria zenbateko horien % 90 ezarri da.
45. art. Zenbateko hauek 2000ko urtekoari dagozkio eta urtero eguneratuko dira, epealdi horretarako ezartzen den nekazariek eta abeltzainek eskuratutako prezioen aldaketa aplikatuz, beti ere erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.
46. art. Urte bakoitzari dagokion lur-saria bi epetan ordainduko da:
-Lehenbiziko epea: urteko zenbatekoaren % 50ri dagokiona, esleipen urteko ekainaren 15a baino lehen.
-Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako % 50ri dagokiona, esleipen urteko abenduaren 15a baino lehen.
47. art. Ledeako Udalak herri larreen bostena gorde ahalko du, esleipen espediente bakoitzean, ager daitezkeen beste onuradun batzuentzat.
Edozein arrazoi dela, bazkatokiaren azalera gutxitzen bada, esleipendunak ordaindu beharreko lur-saria txikiagotuko da, gutxitzea gertatzen den egunetik eta gutxitu diren metro karratuen proportzioan, baina galdu diren larren kalitatea kontuan hartu gabe.
48. art. Herri larreak probetxatzen dituzten abereek beharko dute izan osasun ziurtagiri bat egiaztatzen duena herri larreak probetxatzen dituzten abereen Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla, eta horregatik bete behar dira aipatu Foru Legean eta haren Erregelamenduan zehaztutako baldintza guztiak.
49. art. Herriko ohituraren arabera eta nekazariei kalterik ez eragiteko, Udalak ondoko baldintzak finkatzen ditu:
a) Esleipen hartzaileen aziendak ezingo ditu inola ere larreak probetxatu olibondo, mahasti edo ureztalur finketan, hauen jabeen edo errentatzaileen baimen idatzirik ez badute. Baldintza hau betetzen ez badute, esleipen hartzaileak egindako kalteen erantzuleak izanen dira.
b)Errentariek ereintza eta laborantza mota guztiak errespetatu behar ditu. Ezingo ditu herrilurretako eta finka partikularretako belarrak erabili euria izan den egunetan, ezta ondokoetan ere, kalte nabariak sortzen ahal dituen heinean.
Esleipen hartzaileak uzta egin den finkak errespetatu behar ditu, uzta egin eta 15 egun iragan arte.
c) Nekazariek uztondoak erretzen ahalko dituzte irailaren hamabostetik (edo Foru Komunitateko erakunde eskudunek ezarritako datatik) aurrera, aldez aurretik erregelamenduzko baimena izanik.
d) Belarren probetxamendutik kanpo geratzen da, berariaz, "Granja de Cortés" deritzon lursail partikularra.
50. art. Prozedura. Udalaren erabakiaren ondoren, hamar egun naturaleko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek herri larreen probetxamendua eska dezaten. Erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udalaren ediktu oholean argitaratuko da.
51. art. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, ordenantza honen 6. artikuluan aipatzen diren puntuak bilduz.
Zinpeko aitorpen horren baieztapen, Ledeako Udalak egoki jotzen dituen agiriak eskatzeko eskubideari eusten dio, errenta-mailak baieztatu ahal izateko agirien eta datu objektiboen bidez.
53. art. Udalak behin-behineko esleipena eginen du ondoko inguruabar hauek kontuan harturik:
a) Lehentasuna izanen dute dirusarrera ttikienak dituzten famili unitateek.
b) Esleipena azienda kargaren arabera egingo da, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.
c) Probetxamendu bera abeltzain batzuei esleitzen ahal zaie, beti ere abelburuek, guztira, azienda karga gainditzen ez badute. Kasu honetan lur-saria abelburuko kalkulatuko da.
53. art. Behin-behineko esleipena egindakoan, Udalaren ediktu oholean argitaratuko da eta hamabost eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko; epea halakorik gabe bukatzen baldin bada, behin-betikoz onetsitzat joko da; bestelakoan toki entitateak ebatziko ditu aurkeztutako erreklamazioak eta behin betiko esleipenari dagokion erabakia hartuko du.
54. art. Herritarren arteko banaketa egin ondotik gelditu diren larreak enkante publikoaren bidez esleituko dira 8 urtetarako, indarrean dagoen legeriari eta ordenantza honen xedapenetan aplikagarri direnei jarraikiz.
V KAPITULUA
Herri ondasunen hobekuntzak
55. art. 1. Ledeako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu probetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:
a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.
b) Herrilurra hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
2. Proiektu horiek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.
3. Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:
a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren probetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.
b) Hilabete batez jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sortarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
5. Probetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak baizik ez ditu onetsi beharko, aldez aurretik 15 egunez jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.
56. art. Herrilurretan laborantzarako goldatu nahi denean, aldez aurretik baimena eman beharko du Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak.
II. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
57. art. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:
a) Erabilpena zuzenean eta pertsonalki ez egitea (esleitutako bazkatokia errentan berrematea edo eskualdatzea, esaterako).
b) Probetxamenduaren lur-sariak ez ordaintzea Udalak finkatzen dituen epeetan.
c) Herrilurraren probetxamendua nabarmen gaizki edo osoki ez egitea.
d) Ordenantza honek debekatzen dituen toki eta denboran azienda sartzea, herrilurretako laborantzen kaltez.
e) Eskortetan eta aziendendako idoietan kalte egitea.
f) Landaketa iraunkorrak edo esleipeneko garaia baino erabilgarritasun luzeagoa dutenak (frutarbolak, zainzuriak..) egitea, horretarako Udalaren baimena izan gabe.
g) Esleipenetako garaiak ez errespetatzea.
h) Herrilarretan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko Foru Legean eta Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.
i) Hildako abereak lurperatu gabe uztea.
j) Larratze eremuak ez errespetatzea.
k) Ordenantza honetan xedatutakoaren kontrakoa den beste edozein gertaera edo egintza.
58. art. Aipatu arau-hausteek zehapen hauek izanen dituzte:
-a), b), c), f) eta h) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz horrek ez duen galarazten Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.
-g) arau-haustearengatik, herrilur edo larreak probetxatzeko debekuarekin zehatuko da.
-Gainerako arau-hausteen zehapena, egindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordainaraziz. Balio hori zehazterik ez badago, zehapena ezarriko da, gehienez ere berrogeita hamar mila pezetakoa.
59. art. Arau-hausteak bi hilabeteren buruan preskribituko dira, egintzak burutu diren egunetik kontatzen hasita.
LABORANTZAKO HERRILURREN PROBETXAMENDUETARAKO LUR-SARIEN TARIFEN ERANSKINA
Nekazaritza herrilurren probexatmenduetarako, ondoren aipatzen diren lur-sariak ezarriko dira, erreguko eta urteko:
a) Laborea sekain-lurretan: 1.200 pezeta/erreguko.
b) Etxeko baratzak: 1.375 pezeta/ erreguko
c) Mahastiak. Lehen kategoriakoak: 1.075 pezeta/erreguko.
-Bigarren kategoriakoak: 975 pezeta/erreguko.
-Hirugarren kategoriakoak: 825 pezeta/erreguko.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek xedatzen ez duen orotan aplikagarria izanen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamenduan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) eta Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboko gainerako arauetan nola Foru Zuzenbide Pribatuko arauetan ezarritakoa.
HIRIGINTZA LIZENTZIA EMATEKO ETA ERAIKITZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA
Oinarria
1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28., 12.1, 100. artikuluetan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da.
Zergagaia
2. art. Hona tasen zergagaia: edozein hirigintza-jarduketa tramitatzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintza-jarduketa udal mugapearen edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.
3. art. Tasa hauen menpe dagoen udal jarduera hurrengo hirigintza-jarduketetan gauza daiteke:
a) Arau subsidiarioen aldaketa puntualak tramitatzea.
b) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.
c) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun azterlanak tramitatzea.
d) Unitateen mugaketak eta erabileren aldaketak tramitatzea.
e) Lur-banantzeak tramitatzea.
f) Birzatiketak edo bestelako kudeaketa-tresnak tramitatzea.
g) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.
h) Hirigintza kontsultak.
i) Urbanizagarria ez den zoruan erabilera baimengarriei eta jarduerei baimena ematea.
j) Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den edozein hirigintza-tramitazio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak babestua baldin bada, obra lizentzien tramitazioa ere barne.
Tasa ordaindu beharra
4. art. Dagokion hirigintza-tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.
Subjektu pasiboa
5. art. Dagokion hirigintza-tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute.
Tarifak eta karga tasa
6. art. Ordenantza honen eranskinean ageri diren tarifa, karga-tasa eta karga-oinarriak aplikatuko dira.
Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa, eta dagokion osoko bilkuran emanen dio horren berri udalari.
Tramitazioa
7. art. Hirigintza-tramitaziorako eskari orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak aipatzen dituen edukia eta xedapenak.
Kudeaketa arauak
8. art. Planeamendurako espedienteak izapidatzeko arduradunek, udal teknikarien adostasun txostena hartu ondoren, likidazio-bulegoari igorriko dizkiote espedienteak. Bulegoak likidazioa eginen du, eta hurrengoak aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.
9. art. Tasen likidazioa onetsi ondoren, interesatuari jakinaraziko zaio, eta arauek ezarritako epean ordaindu beharko ditu.
Salbuespenak eta onurak
10. art. Edozein onura eskuratu ahal izateko, ezinbesteko baldintza da hirigintza-tramitaziorako eskaria erregelamenduzko betebehar guztiekin egitea, eta dagozkion egiaztagiriak ere ematea. Zein onuratarako eskubide izan, hartarako eskaria ere egin beharko da, noski.
Baldintza honek ez du indarrik izango etxebizitzetako fatxadak zaharberritzeko obra lizentzien kasuan, ez eta etxebizitzan berogailua paratzeko tramitaziorako ere, bi hauek ez dutelako ordaindu behar ordenantza honek arautzen duen tasa, ez eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga ere.
11. art. Eraikuntza, etxebizitza eta lokal katalogatuak zaharberritzeko tramitazioei dagokien tasak ehuneko 50eko onura izanen du. Dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko da horretarako.
12. art. Hirigintza-tramitazioa ukatzen zaien eskatzaileek ehuneko 50eko onura izanen dute aipatu tramitazioari dagokion tasan.
13. art. Tasak ehuneko 25 jaitsiko dira baldin eta hirigintza-tramitazioa eskatzen dutenek uko egiten badiote tramitazioari, txosten teknikoak eman baino lehen. Idatziz eta propio eman beharko diote uko egitearen berri alkatetzari.
AZKEN XEDAPENAK
Bakarra.-Behin betiko onespena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.
TARIFEN ERANSKINA, HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALARI DAGOKIONA
I. epigrafea.-Antolamendurako plan partzial edo bereziak tramitatzea.
Espedienteak tramitatu eta ebazteko tasak plan bakoitzean hartutako lurzoruaren zabaleraren arabera likidatuko dira, ondorengo eskalaren arabera likidatu ere:
Azalera.-5.000 metro koadrora arte: 10 pezeta azalera metro koadroko.
Azalera.-5.000 metro koadrotik goitikoak, 10.000 metro koadrora arte: 9 pezeta azalera metro koadroko.
Azalera.-10.000 metro koadrotik goitikoak, 25.000 metro koadrora arte: 8 pezeta azalera metro koadroko.
Azalera.-25.000 metro koadrotik goitikoak, 50.000 metro koadrora arte: 8 pezeta azalera metro koadroko.
Azalera.-50.000 metro koadrotik goitikoak: 7 pezeta azalera metro koadroko.
II. epigrafea.-Arau subsidiario, plan partzial edo berezien aldaketak, unitateen mugaketak, erabilera aldaketak eta xehetasun azterlanak tramitatzea.
Aplikatzeko tarifak I. epigrafekoen % 100 izanen dira.
III. epigrafea.-Birzatiketak tramitatzea.
III-A.-Birzatiketa espediente bakoitza tramitatu eta ebazteagatiko tasak guztira erabiltzen den azalera edo bolumen eraikigarriaren arabera likidatuko dira, tarifa hauei jarraikiz:
Metro kuadro eraikigarri bakoitzeko: 10 pezeta.
III-B.-Birzatiketak aldatzeko tramitazioa. Tarifak, III-A epigrafean ezarritakoen % 50 izanen dira.
IV. epigrafea.-Eskatzaileak egindako urbanizazio proiektua tramitatzea.
Tasak proiektuaren kostuaren arabera likidatuko dira, eta karga tasa % 1,5 izanen da.
V. epigrafea.-Urbanizagarria ez den zoruan baimengarriak diren erabilerak eta jarduerak baimentzeko tramitazioak, obra lizentziak, eta, orokorrean, aurrekoetan biltzen ez den edozein hirigintza tramitazio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeak bere baitan hartzen duenetakoa, obra lizentzien tramitazioa ere barne.
Espediente bakoitzak behar duen txostenek zenbat jotzen duten, horren arabera likidatuko dira tasak. Txostenok udal arkitektoak prestatuko ditu, eta txosten bakoitzeko 21.000 pezeta ordainduko dira.
VII. epigrafea.-Gutxieneko eskubideak
Aurreko epigrafeengatik ordaindu behar diren tasak gutxieneko kopuruetatik beheitikoak badira, gutxienekoak ordaindu beharko dira, alegia:
Arauak aldatzea, plan partzial edo bereziak idaztea: 60.000 pezeta.
Plan partzial edo berezien aldaketak tramitatzea: 30.000 pezeta.
Xehetasun azterlanak: 35.000 pezeta.
Lur-banantzeak (lurzati bakoitzeko): 21.000 pezeta.
Lerrokaduren azterketak, unitate-mugaketak, erabileren aldaketak: 25.000 pezeta.
Kudeaketa tresnen tramitazioa: 50.000 pezeta.
Hirigintzako kontsulten tramitazioa: 21.000 pezeta.
Iragarkiaren kodea: A9912605
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
