II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
- L E D E A
Ordenantza behin betiko onestea
ORDENANTZA FISKALA, JARDUERA SAILKATU ETA KALTEGABEETAN ARITZEKO LIZENTZIAK EMATEKO ETA JARDUERAK ESKUALDATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 180. artikuluan eta hurrengoetan, hala nola Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.
Zergagaia
2. art. Industriako edo merkataritzako establezimenduek, osasun, lasaitasun eta osasungarritasun baldintzak, hala nola haien funtzionamendu normala erregulatzeko indarra duten bertzelako arauetan ezarritako gainerakoak betetzen dituzten ala ez egiaztatzeko, irekitzeko eta jarduteko lizentzia eman aurretik Udalak egiten dituen jarduera tekniko eta administratiboen ondorioa da zergagaia.
3. art. Aitzineko artikuluan aurreikusitako ondorioak bete daitezen, irekitzetzat hartuko dira ondoko hauek:
a) Jarduerak hasteko edo establezimendua berritik paratzea edo legeztatzea.
b) Establezimenduko jarduera aldatu edo handitzea, titularra aldatzen ez bada ere.
c) Establezimendua handitzea eta bertan ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzetan eragina duen bertze edozein aldaketa egitea, horren ondorioz baldintzak berriz egiaztatu beharko direla.
d) Eskualdatzeak eta titular aldaketak, bertan egiten diren jarduera aldatu gabe eta handitu gabe.
e) Lizentzia berraztertzea, titularraren zein administrazioaren jarduketak direla.
f) Jarduera lizentzia.
4. art. Industriako edo merkataritzako establezimendutzat hartuko dira, bakarrik, etxebizitza ez izateaz gain, ondoko baldintza hauek betetzen dituzten eraikin edo instalazio guztiak, jendearendako irekiak izan edo ez:
a) Enpresa, fabrikazio, artisautza, eraikuntza, merkataritza edo zerbitzuetako jarduera bati lotua egotea.
b) Aipatu jarduera horiek egin gabe ere, haien lagungarriak edo osagarriak izatea, edo haietatik etekinak edo probetxamenduak ateratzea.
5. art. Zergadun diren aldetik, tasaren subjektu pasiboak hauek dira: ordenantza honen 4. artikuluan aipatutako establezimenduren bat zuzenean ustiatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat osatzen duten entitateak.
6. art. Zergadunaren ordezkoak izanen dira establezimendu edo lokal horien jabeak, eta horiek, behar balitz, egiten den edo egiteko asmo den jardueraren titularrei pasatzen ahalko dizkiete kuotak.
Zerga-oinarria
7. art. 3. artikuluko a), b) eta c) kasuetako obra lizentzia lortzeko aurkezten den eraikuntza aurrekontuak zenbat jotzen duen, huraxe izanen da tasaren zerga- oinarria.
Tributu-kuota
8. art. Tributu-kuota kalkulatzeko, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera dagokion tarifa aplikatuko zaio zerga-oinarriari.
9. art. Tributu-kuota zehazteko, ondoko tarifa hauek aplikatuko dira:
1. 3. artikuluko a), b) eta c) kasuetan: obra lizentzia lortzeko aurkezten den eraikuntza aurrekontuko ehuneko 1 ordainduko da, 31.000 pezeta gutxienez jarduerak jarduera lizentzia behar baldin badu, eta 25.000 pezeta gutxienez, irekitzeko lizentzia behar duen jarduera kaltegabea baldin bada.
-3. artikuluko d) ataleko kasuetan: kopuru finkoa ordainduko da, 15.000 pezeta.
-3. artikuluko e) eta f) ataletako kasuetan: kopuru finkoa ordainduko da, 31.000 pezeta.
Sortzapena
10. art. Tasa eta ordaintzeko obligazioa sortuko dira zergagaia osatzen duen udal jarduera egiten denean.
11. art. Establezimendua behar den lizentzia eskuratu gabe irekitzen baldin bada, tasa sortuko da establezimenduak behar diren baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko udal jarduera egiten denean. Hori guztia, establezimendua irekitzeko baimena eman edo, irekiera baimendu ezina balitz, hura ixteko dekretatzeko ireki litekeen administrazio espedientea deusetan ukatu gabe.
Behin sortuta, ordaindu beharrari ez dio inola ere eraginen eskatutako lizentzia ukatzeak edo onartzeak, establezimenduaren ezaugarriak aldatzeko baldintzapean, ezta, lizentzia emandakoan, eskatzaileak uko edo atzera egiteak ere.
Kudekaeta arauak
12. art. Lizentzia erdiesteko interesa duenak behar den eskabidea aurkeztuko du Herriko Etxean, egin beharreko jarduera(k) eta dagokion lizentzia fiskalaren epigrafea zehazten dituela; eskabidearekin batera, lokalaren alokairuaren kontratua edo erosketaren titulua, hala nola tributu-kuotaren likidazioa egiteko behar duen informazio guztia aurkeztuko du.
Arau-hausteak eta zehapenak
13. art. Iruzurtzat hartuko dira arau-hauste berezi hauek:
a) Lokalak irekitzea behar den lizentzia erdietsi gabe.
b) Zerga-oinarria zehazteko behar diren datuak gezurrezkoak izatea.
Bertzelako arau-hausteetarako ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, edo bertzenaz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari eta harekin bat datozen arauei.
14. art. Arau-hausteei dagozkien zehapenak, ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat datozen arauetan erregulatzen dira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Aurreikusi ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.
Bigarrena.-Ordenantza honek 2000 urteko urtarrilaren 1ean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.
Iragarkiaren kodea: