9. ALDIZKARIA - 2000ko urtarrilaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- ERRONKARIBARKO BATZAR NAGUSIA

Deialdia, Erronkaribarko Batzar Nagusiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko famili langile izateko lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez, lanaldi erdian eta lan araubide finkoan

1.-Arau orokorrak

1.1. Erronkaribarko Batzar Nagusiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko famili langile izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa bidez, lanaldi erdian eta lan araubide finkoan, betetzeko deialdia iragarri da.

1.2. Izendatuak hamabost eguneko frogaldia bete beharko du, kontratua sinatzen denetik aitzina.

1.3. Ordainsariak D mailari dagozkionak izanen dira, arauzko igoerarekin, aparteko ordainsariak eta oporrak barne.

1.4. Lanaldia astean 20 ordukoa izanen da eta organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera ezartzen duten ordutegian.

1.5. Izendatuaren eginkizuna izanen da, euren egoera dela kausa, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren premia duten pertsona nahiz familiez arduratzea eta haien etxeko lanak egitea.

1.6. Izendatuak Erronkaribarko zazpi udalerritatik batean izan beharko du bere bizilekua.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, ondoko baldintzak bete beharko dituzte izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espaniar nazionalitatea izatea.

b) 18 urte beteta izatea.

c) Eskola graduatua izatea, gutxienez ere.

d) Eginkizun horiek betetzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, ez eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztetua ere.

f) Zerbitzu honek zazpi udalerri hartzen dituenez, izendatuak ibilgailua izan beharko du, baita gidatzeko baimena ere.

3.-Eskabideak

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Erronkaribarko Batzar Nagusiko idazkaritzan, Erronkarin baitago, aurkeztu beharko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira eta, bestetik, baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten beharrezko agiri guztiak gehituko zaizkie, halaber, lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituztenak.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, batzarburuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du. Zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egin ahalko dituzte eta, okerrik egin badute, zuzendu.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzitakoan, batzarburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

5.-Epaimahaia

5.1. Epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:

a) Erronkaribarko Batzar Nagusiko burua.

b) Gizarte Ongizateko Zerbitzu Erregionaleko ordezkari bat.

c) Gizarte laguntzaile bat.

d) Erronkaribarko Batzar Nagusiko bi kide.

5.2. Hautapen probak hasi aurretik eratuko da epaimahia. Epaimahaia eratzeko kideen gehiengo osoak egon beharko du bertan.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

6.-Oposizio-lehiaketaren garapena

6.1. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpenarekin batean probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren ere zehaztuko da.

6.2. Lehiaketaldia:

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dira eta gehienez ere hogeita hamar punturekin baloratuko dira ondoko baremoari jarraikiz:

-Esperientzia: 8 puntu etxez etxeko zerbitzuan lan egindako urte bakoitzeko, gehienez ere hiru.

-Ikastaroak: lanpostuko eginkizunekin zerikusia duten ikastaroengatik, iraupena hogei orduko baino luzeagoa bada, 2 puntu ikastaro bakoitzeko, gehienez ere 6 puntu.

6.3. Oposizioaldia.

a) Proba teoriko-praktikoak: deialdi honi erantsitako gaitegitik aukeratu gai bat garatu beharko da idatziz; gehienez ere hogeita hamar punturekin baloratuko da. Epaimahaiak etxez etxeko laguntzari buruz prestatutako kasu praktikoari irtenbidea eman beharko zaio; gehienez ere hogeita hamar punturekin baloratuko da.

b) Buruz buruko elkarrizketa epaimahaikoekin; gehienez ere hamar punturekin baloratuko da.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agiriak aurkeztea

Probak amaituta, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako azken puntuazioa argitaratuko du Ibarreko udaletako iragarki oholetan; puntuazio hori izanen da proba bakoitzean lortutako puntuazioen batura. Horrekin batera puntuaziorik altuena lortzen duen izangai onartuaren izendapen proposamena agertuko da. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

7.1. Izendapen proposamenean sartutako izangaiak hogeita hamar egun naturaletan, zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aurrera, deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dizkio Erronkaribarko Batzar Nagusiari.

8.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea

8.1 Hautaketa prozesua bukatu eta aurreko oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Erronkaribarko Batzar Nagusiak, erabaki baten bidez, famili langile lanpostuan, lanaldi erdian, aritzeko izendatuko du. Aipatu izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Izendatzen den izangaiak hilabeteko epea izanen du, izendapena jakinarazten zaionetik aurrera, karguaren jabe egiteko. Epe horretan jabetza hartzen ez badu, Erronkaribarko Batzar Nagusiko lanaldi erdiko lan kontratudun izateko eskubidea galduko du, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Epaimahaiak izen zerrenda bat osatuko du, puntuazio hurrenkeraren arabera, etxez etxeko zerbitzuan egon daitezkeen ordezpenetarako. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako kasuan, hutsunea probak gainditu dituztenen zerrendan haren ondotik heldu den izangaiarekin beteko da.

9.-Errekurtsoak

Deialdi honen aurka, baita bere oinarri eta ekintzen aurka ere, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Sailari edo Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiari zuzendua, erabakia jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Berraztertzeko errekurtsoa, Erronkaribarko Batzar Nagusiari zuzendua. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintzak edo erabakiak jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Gaiak

1. gaia.-Gizarte zerbitzu oinarrizkoak Nafarroan.

2. gaia.-Etxez etxeko laguntza zerbitzua gizarte zerbitzu oinarrizkoen ingurumarian.

3. gaia.-Famili langileak etxez etxeko laguntza zerbitzuan. Definizioa. Egitekoak. Bertze profesionalekiko harremanak.

4. gaia.-3. adinaren ezaugarriak eta arazo nagusiak gorputzaren, adimenaren nahiz gizartearen aldetik.

5. gaia.-Osasuna. Ohitura osasungarriak. Nutrizioa eta elikadura. Soinketa. Eritasunei eta istripuei aurre hartzea. Errehabilitazioa. Lehen sorospenak. Osasun laguntza eta medikazioa.

II. ERANSKINA

Izena ................., adinez nagusia. N.A.N. zenbakia ..........., sorteguna ................, sorlekua ................., helbidea ..............., zenbakia ......., posta kodea ........, herria ................, telefonoa .........

Azaltzen du: Erronkaribarko Batzar Nagusiko famili langile izateko lanpostu bat, lanaldi erdian, betetzeko deialdian, ........ eguneko ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko epea agortzen den egunean.

Horrenbertzez, eskatzen du famili langile izateko lanpostua betetzeko hautaprobetan onartua izatea.

Erronkarin, 2000ko .....aren ...(ea)n.

Erronkarin, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko abenduaren hogeian. Batzarburua, Agapito Boj.

Iragarkiaren kodea: A9912626