75. ALDIZKARIA - 2000ko ekainaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

55/2000 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak emana, unibertsitateko garraiorako laguntzen 2000-2001 ikasturterako deialdia eta zerbitzu horren Hitzarmena onesten dituena.

Goi Mailako Ikasketen atalburuak unibertsitateko garraiorako laguntzen 2000-2001 ikasturteko deialdiari buruzko txostena aurkeztu du. Batetik, antolamenduko alderdiak eta Nafarroako unibertsitarioei ekar diezazkiekeen onura ekonomikoak aztertu ditu, eta, bestetik, kasuan kasuko autobus zerbitzuen administrazio kontzesioen jabe diren enpresekin sinatu beharreko garraio hitzarmenak arautuko dituzten baldintza pleguak.

Kontuan harturik Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean aurreikusitakoa.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren irailaren 30eko 342/1999 Foru Aginduak ematen dizkidan ahalmenak eta eskuordeturik ditudan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Unibertsitateko garraiorako laguntzen 2000-2001 ikasturteko deialdia", Ebazpen honen eranskinean agertzen dena, onestea.

2. Unibertsitateko garraio horretarako baldintzen pleguak, horiek ere eransten baitira, onestea.

3. Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuaren gain uztea espedientea tramitatu eta burutzeko behar diren kudeaketa eta tramite guztiak egitea bai eta enpresa adjudikatzaileekin sinatu beharreko hitzarmenak ere.

4. Deialdi honen finantzazioa indarra duen Hezkuntza eta Kultura Departamentuko aurrekontuko "Unibertsitateko zentroetarako eskola garraioa" izeneko 40300-2230-4224 kontusailaren 15640-5 lerroaren kargura eginen da eta 2001eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako gaitzen den lerroaren kargura.

5. Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari agintzea unibertsitateko garraioaren kudeaketak dakartzan faktura eta gastuak ordain ditzan, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak adostasun txostena eman ondoren. 2000ko abenduaren 31 bitarteko gastuak "Unibertsitateko zentroetarako eskola garraioa" izeneko 15640-5 lerroaren kargura izanen dira eta 2001eko urtarrilaren 1etik ekainaren 31 bitartekoak 2001ko Aurrekontuetan horretarako gaitzen den lerroaren kargura.

6. Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

7. Ebazpen honen berri ematea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontuhartzaile delegatuari, garraio enpresa interesatuei, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuari, Goi mailako Ikasketen Atalari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Goi mailako Ikasketen Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi milako maiatzaren hemezortzian.-Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Pegenaute Garde."

2000-2001 IKASTURTEKO UNIBERTSITATEKO GARRAIOA AURKEZPEN EPEAREN BUKAERA: URRIAREN 16A GARRAIOAREN HASIERA: URRIAREN 2A

Antolamenduko arauak

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak 2000-2001 ikasturterako antolatu duen unibertsitateko garraioa honako arau hauek zuzenduko dute:

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da Iruñerritik kanpora bizi diren unibertsitateko ikasle nafarrek egunero ikastokiraino egin behar duten bidaia erraztea eta zerbitzu horren kostua jaistea. Halaber, ez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren Beka eta Laguntzen Deialdiaren bidez, ez Hezkuntza eta Kultura Ministeriokoaren bidez, garraiorako bekarik lortu ez duten ikasleen garraio gastuak finantzatzen lagundu nahi du.

Hauek dira lortu nahi dituen helburu zehatzak:

-Eskola guztietara joateko moduko zerbitzua eskaintzea.

-Garraio publikoan toki bat bermatzea.

-Eskolak bukatutakoan ohiko bizilekura bueltatzeko aukera ematea.

-Zerbitzu hori unibertsitateko zentroetara hurbiltzea, goizean goiz eta arrats partean.

-Garraioaren kostua jaistea, lehiatilan baimenduriko prezioaren gainean hobariak eskainiz.

-Nafar ikasleek unibertsitatera joateko dituzten garraio gastuak finantzatzen laguntzea.

Deialdi honen ondorioetarako egun hauek hartuko dira kontuan: 2000ko urriaren 2aren eta 2001eko ekainaren 30aren arteko aldia, bazter utzirik larunbatak, jaiegunak eta oporraldiak.

2.-Ikasketak.

Laguntza hauek jaso ditzakete, honako ikasketaren bat egiten ari diren Nafarroako ikasleek:

-Doktoretza.

-Lizentziatura.

-Diplomatura.

-Arkitektura eta ingeniaritza.

-Turismoa.

-Musikako goi mailako ikasketak (1966ko plana).

-Titulu soilak edo graduatuondokoak

3.-Ikasketak non egin behar diren.

Nafarroan kokaturik dauden ikastetxe hauetariko batean:

-Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

-Nafarroako Unibertsitatea.

-Nafarroako Turismo Ikasketen Institutua.

-Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala (Iruñeko eta Tuterako Zentro Elkartuak).

-Iruñeko "Pablo Sarasate" musikako kontserbatorioa.

Nafarroan baimendutako Goi mailako Ikasketetako beste zentro batzuk

4.-Ezaugarriak.

Deialdi honetako laguntzak bi motatakoak izan daitezke:

-Antolamendu mailakoak: Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak garraio enpresekin hitzarmena eginen du, unibertsitario nafarren beharren araberako zerbitzua eman dezaten, deialdi honen baldintzak betetzen diren tokietan.

-Laguntza ekonomikoak:

-Bidai txartelaren prezio baimenduaren gainean, %20ko deskontua eskaintzea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren laguntzaren ondorioetarako.

-Garraioaren kostua finantzatzen laguntzea, bi bide hauetariko bat dela medio:

-Unibertsitateko garraioaren karneta.

-Unibertsitateko garraiorako laguntzaren kredentziala.

-Era horretan, Nafarroako Gobernuaren laguntza, Unibertsitatera dagoen distantziaren arabera, garraioaren kostu osoaren %34etik %76ra artekoa izan daiteke.

5.-Laguntzak eskatzeko beharkizunak:

Deialdi honetan parte hartzeko, ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Famili egoitza Iruñerritik kanpora izatea eta, hortaz, ikastokira joateko egunero garraioaren beharra izatea.

-Deialdi honetako 2. eta 3. arauetan adierazitako ikastetxeetan aritzea.

-Izena ematen duten momentuan, aurreikusita dauden bi onura-mota horien artean bat aukeratzea, hau da:

-Unibertsitateko garraioaren karneta.

-Unibertsitateko garraiorako laguntzaren kredentziala.

6.-Unibertsitateko garraioaren karneta.

Eskola egun gehien-gehienetan bidaia egiten duten ikasleei zuzendurik dago, bidaia gehienak unibertsitateko garraio zerbitzuak erabiliz egiten badute, beti ere.

Unibertsitateko garraioaren karneta pertsonala eta utziezina izanen da. Titularrari eskubidea ematen dio 2000-2001 ikasturteko eskola egun guztietan, astelehenetik ostiralera, joan-etorriko bidaia bat egiteko plaza izateko, linea jakin bateko unibertsitateko garraiorako hitzartzen diren zerbitzuetan. Eserlekua erreserbaturik izanen du goizeko lehen bidaian eta, itzulirako, arratsaldeko azkenekoan.

Aurretik leihatilan txartela erosi behar izan gabe, Iruñerako autobus zerbitzu erregularrak dituen geltokietan bere famili bizilekutik hurbilen dagoenean igo ahalko da eta lehentasunezko eskubidea izanen du Iruñera goizeko 8:00etan joaten den autobusean eta Iruñetik 20:30etan ateratzen denean. Bi autobus zerbitzu horiek unibertsitateen ingurura hurbilduko dira.

Deialdi honen helburu nagusia ikasleak goizeko klaseetara garaiz iristea da. Hortaz, enpresak konpromisoa hartzen du behar adina autobus paratzeko eta unibertsitario guztiendako ordu egokian gainera. Unibertsitarioek, berriz, antolamendu horretarako erraztasunak emanen dituzte, eskabidean adieraziz enpresek paratutako autobusak normalean zer ordutan hartuko dituzten eta emandako hitza betez. Baldintza hori betez gero bakarrik eska diezaioke ikasleak enpresari klasera garaiz ez iristeagatik izan lezakeen erantzunkizuna.

Ikasketak direla-eta unibertsitateko garraioa larunbatetan erabili behar dutenek eskabidea betetzean adierazi egin behar dute. Goi mailako Irakaskuntzaren Bulegoak adierazitakoaren frogak eska ditzake Unibertsitatean edo ikasleak bere ikasketak egiten dituen Goi mailako Ikastokian. Onuradunek txartelak ordaindu eta bidali behar dituzte, hiruhilekoen buruan, Goi mailako Irakaskuntzaren Bulegora, zeinak erabakiko duen bakoitzari dagokiona itzultzea, lehialtilan txartelak duen prezioari % 30eko deskontua eginda.

Autobusera igotzeko unibertsitateko garraioaren karneta erakutsi beharko da. Bertan honako datuok agertuko dira:

-Titularraren argazkia.

-Nortasun datuak.

-Helbidea eta herria.

-Autobusa non hartzen duen.

-Garraio enpresa.

-Unibertsitatea edo ikasketa zentroa.

-Ikasketak eta ikasmaila.

Unibertsitateko karnetaren onuradunek diru-kopuru finko bat ordaindu beharko diote Foru Ogasunari eta Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak ordainduko die enpresei, zuzenean, 2000-2001 ikasturteko garraioaren kontratazioaren prezio osoa.

Karneta edo bidaien egiaztagiria ahaztu edo galtzeagatik ikasle onuradunek txartela ordaindu behar badute, Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegora igorriko dute txartel hori, behar den oharra erantsirik, Administrazioak ordain diezaien. Horrelakoetan, hiru hilabetetik behin enpresari ordaintzen zaionetik kenduko da aipatu zenbatekoa.

7.-Unibertsitateko garraiorako kredentziala.

Hasiera batean, egunero-egunero ikastokira joan beharrik ez duten ikasleei zuzendurik dago.

Unibertsitateko garraiorako kredentzialak eskubidea ematen dio titularrari 2000-2001 ikasturteko eskola egunetan, astelehenetik ostiralera, astero joan-etorriko lau bidaia egiteko, unibertsitateko garraiorako hitzartzen diren zerbitzuetan edo bidaiarientzako linea erregularren beste zerbitzu publiko batean.

Kredentziala aipatu eskubidearen aitorpena da Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren eta garraio enpresen aitzinean, eta ez da beste agiririk aurkeztu beharrik izanen, onuradunak leihatilan ordaindu beharko baitu garraioaren prezioa gainerako bidaiariek bezala eta, Deialdi honetan xedatutakoaren arabera, ondoren eskubidea izanen du eginiko gastuaren zati bat Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak itzul diezaion.

Garraio karneta eskatu bai, baina 25 eskaera baino gutxiago izanik, karnetik lortu ez duten ikasleak garraiorako kredentzialaren onuradun izan daitezke, eskaera aurkezten dutenean hori adierazi badute. Horrelako kasuetan, autobusa asteko bost egunetan erabili ahalko dute.

Karnetaren onuradun diren ikasleen kasuan bezala, Zerbitzua larunbatetan erabiltzen ahal dute, haientzat ezarritako baldintza berdinetan.

8.-Garraio lineak.

Unibertsitateko garraioaren antolamendua Nafarroako eskualdeetan dauden bidaiarien garraio lineetan oinarritzen da.

Horretarako, behin-behineko linea eta ibilbide hauek ezarri dira eta bakoitzean bidaiariak hartzeko tarteak zehaztu:

L I N E A HARTZEKO TARTEA

Altsasu Ziordia-Irurtzun

Agoitz Irunberri-Urrotz

Baztan Erratzu-Olague

Lizarra Lizarra-Legarda

Erriberri Erriberri-Tafalla

San Adrian San Adrian-Martzilla

Zangoza Galipentzu-Elo

Tutera Tutera-Caparroso

Bera Bera/Olague

Jendea hartzeko geltokiak eta baimendurik dauden ordutegi eta prezioak linea erregularretarako ezarritako berberak izanen dira.

9.-Enpresen hitzarmena.

Unibertsitateko garraioa antolatu eta, beraz, Nafarroako bidaiarien garraio enpresekin hitzarmena sinatuko da, beti ere linea erregularren ibilbide berbera egiteko, gutxienez 25 karnet eskaera aurkezten badira eta dagokion kontratua sinatzeko adostasuna lortzen bada.

Antolatzen diren ibilbide guztien jomuga Iruña izanen da eta abiapuntua kasuan kasuko linea erregularrak duen berbera.

Garraiobidea hartu ahalko da linea erregularrak finkatuta dituen geltokietatik edozeinetan, kasuan-kasuan zehaztu diren tarteetan beti ere.

25 eskaera edo gehiago egiten ez badira, ezin izanen da hitzarmenik sinatu linea horretarako eta, hortaz, ez da garraio karnetik luzatuko. Dena den, ikasle horiek garraio linea hori erabili ahalko dute, gainerako bidaiariek bezala, enpresak finkatutako ohiko zerbitzuetan, garraiorako kredentzialaren onurez baliatuz, edo, besterik gabe, unibertsitarioak ez diren gainerako erabiltzaileendako baldintzetan.

Garraio enpresek konpromisoa hartzen dute garraio karneta duten unibertsitarioak adierazitako geltokietan hartzeko, lehenbiziko klasea hasi baino lehen Iruñean egon daitezen, eta beti ere goizeko 8:00ak baino lehen, eta euren herrietara 20:30etan itzul daitezen.

Enpresek zerbitzu berezi hau antolatu ahal izan dezaten, unibetsitarioak haiek laguntzera beharturik daude. Horretarako, eskabidean adierazitako goizeko lehen zerbitzuan erabiliko dute, eta enpresak beraientzako espresuki paratutako autobusak hartuz.

Ikasle guztiendako tokia egon beharko du autobusetan, bai joanean bai etorreran, eta, hortaz, ezin izanen da ikaslerik utzi zerbitzurik gabe.

Iruñera doan lehenbiziko zerbitzuan eta itzultzeko arratsaldeko azken zerbitzuan, autobusak unibertsitateetatik hurbil gelditu beharko dira, ohiko geltokietan. Tokia erreserbatuko da bakar-bakarrik muturretako bi zerbitzuotarako. Garraio zerbitzuko gainerako orduetan, deialdi hone onuradunek zerbitzu publikoaren gainerako bidaiarien eskubide berdinak izanen dituzte.

Bidaiarien derrigorrezko asegurua eta aseguru osagarria garraio enpresa adjudikazio-hartzailearen kontura izanen dira eta, hortaz, huraxe izanen da kontratatzen den zerbitzuaren ondorioz gerta litezkeen kalteen erantzule zibil bakarra, dela zuzenean, dela subsidiarioki.

Ikasturtea hasita, komenigarria ikusten bada joan-etorrietako derrigorrezko zerbitzuen ordutegia aldatzea, egin, egin ahalko da, aldez aurretik Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuari jakinarazten baldin bazaio. Halaber, adjudikazio-hartzaileak baimena eska diezaioke Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari lineen ordutegietan behar diren aldaketak egiteko, unibertsitarioendako ezarrita dauden ordutegiei egokitzearren.

10.-Laguntzen zenbatekoa, motaren arabera.

Karneta ateratzea erabakitzen duten ikasleek 41.000 pezeta ordaindu beharko dituzte aldez aurretik Nafarroako Foru Ogasunean, astelehenetik ostirala arteko zerbitzua eskura izateagatik, zerbitzu hori zein egunetan erabiliko duten kontuan hartu gabe.

Horrenbestez, laguntza honen zenbatekoa honela kalkulatuko da: ikaslearen herritik Iruñera joan eta itzultzeko eguneko bidai txartelaren kostu erreala bider ikasturteko eskola egunen kopurua, ken goian aipatu dugun zenbatekoa.

Unibertsitateko garraiorako kredentziala duten ikasleek egunero ordaindu beharko dute txarteldegian bidai txartelaren prezioa eta hiru hilabetetik Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak dagokien dirua itzuliko die, agiri honen 16. arauan ezartzen duenaren arabera.

Modalitate honetako kostu erreala, ikasturte osorako, hauxe izanen da:

-30.750 pezeta, astelehenetik ostiralera bitarteko zerbitzua, astean, gehienez, lau aldiz erabiltzeko, zerbitzu hori zein egunetan erabiliko duten kontuan hartu gabe.

-41.000 pezeta, unibertsitateko karneta eskatu eta, nahikoa eskaera ez izategatik, lortu ez duten ikasleentzat, zerbitzua, astelehenetik ostiralera arte, astean bost egunez, erabili ahal izateko, zerbitzu hori zein egunetan erabiliko duten kontuan hartu gabe.

Horrenbestez, laguntzaren zenbatekoa honakoa izanen da: herritik etortzeko eguneko bidai txartelaren prezioa bider baimenduriko/justifikaturiko egunen kopurua, ken goian adierazitako kopurua.

Laguntzen finantzazioa Hezkuntza eta Kultura Departamentuko aurrekontu indarduneko "Unibertsitateko zentroetarako eskola garraioa" izeneko 40300-2230-4224 kontusailaren 15640-5 lerroaren kargura eginen da eta 2000ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako gaitzen den lerroaren kargura.

11.-Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Interesatuek deialdi honen eranskinean agertzen den ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, "Laguntzaren karnet edo kredentzialaren eskaera" izenekoa. Eskabide hori honako tokietako argibide zerbitzuetan har daiteke: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko Nafarroako zentro elkartua, Iruñeko "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorioa eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentua, eta baita Bigarren Hezkuntzako Institutuetan Ere. Horrekin batera, honako dokumentazioaaurkeztu beharko da:

a) Karnetaren eskabidean:

-Eskatzailearen bi argazki, karnet neurrikoak (atzean izen-deiturak jarri behar dira).

-Udalak luzaturiko erroldatze agiria.

-Karnetaren zenbatekoa 2054/0000/46/910124955.6 (Nafarroako Aurrezki Kutxako bulego nagusia) kontu zenbakian ordaindu izanaren egiaztagiria.

-2000-2001 ikasturteko matrikularen fotokopia.

b) Kredentzialaren eskabidean:

-Eskatzailearen bi argazki, karnet neurrikoak (atzean izen-deiturak jarri behar dira).

-Udalak luzaturiko erroldatze agiria.

-2000-2001 ikasturteko matrikularen fotokopia.

12.-Aurkezteko tokia eta epea.

Eskabidea bete eta, gainerako agiriekin batean, 2000ko urriaren 16ko 14,30ak baino lehen aurkeztu beharko da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoren batean.

Epe hori luzaezina da, beraz, eskabidea epe hura bukatu baino lehen aurkeztu beharko da nahiz eta 2000/2001eko ikasturteko matrikularen agiria eskura ez izan, gero aurkeztu ahal izanen baita.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. artikuluan xedatutakoarekin bat, eskabidea behar bezala aurkezten ez bada, dela gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, eskatzaileari egindako akatsen berri emanen zaio, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzendu ditzan. Zuzentzen ez badu, eskaera artxibatuko da, besterik gabe.

13.-Eskaeren tramitazioa.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak, berehalakoan, eskabideen kopurua eta ezaugarriak aztertuko ditu, garraio enpresekin hitzarmena sinatzearen ondorioetarako.

Deialdi honetako 8. arauan ezarritako linearen baterako edo, bidaiarien garraiorako Nafarroan dagoen beste linea erregularren baterako, 25 eskaera edo gehiago aurkezten badira, enpresa kontzesio-hartzailearekin behar diren kudeaketak eginen dira, dagokion hitzarmena sinatu, garraio karnetak prestatu eta interesatuei igortzeko.

Enpresa horiekin hitzarmena sinatzeko gutxieneko kopuru horretara iristen ez bada, aldiz, karneta eskatzearekin batera ordaindutako dirua itzuliko du Zerbitzuak. Ondoren eskaera bertan behera utziko da edo laguntzaren kredentziala emanen zaio eskatzaileari, horrek eskabidean hautatutakoaren arabera.

Eskatzaileak kredentziala aukeratu badu, modalitate horretako onuradunekin bezala jokatuko da berarekin eta karneta eskatzeko ordaindu zuen diru-kopurua itzuliko zaio; kasu honetan, asteko egun guztietan bidaia egiteko eskubidea izanen dute, astelehenetik ostiralera.

Laguntzaren kredentziala lehenbiziko aldiz eskuratzen duten ikasleek Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuan aurkeztu beharko dute "Transferentzia bidezko ordainketaren eskaera-orria", behar bezala betea, lehenbiziko hiruhileko txartelekin batera. Eskaera-orri hori aipatu Zerbitzuan jaso daiteke.

14.-Laguntzak emateko ardura duen organoaren osaketa.

Ebazpen proposamena egiteko ardura duen organoan ondoko hauek egonen dira:

-Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.

-Goi Mailako Ikasketen atalburua.

-Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuari atxikitako funtzionario bat, gutxienez.

15.-Ebazpena.

Laguntzak Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren Foru Aginduaren bidez emanen dira, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak eman beharreko txostena harturik.

Laguntza horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuko iragarki-oholean argitaratuko dira eta zerrendak unibertsitate eta ikastetxe interesatuetara igorriko, ikasleei jakitera eman diezaieten; era berean, igorriko dira Hezkuntza eta Kultura Ministerioko Ikasketetarako Laguntzen eta Beken Zuzendariordetza Nagusira. Ukatu diren laguntzen berri interesatuei idatziz emanen zaie.

16.-Dirulaguntzen eta garraio gastuen ordainketa.

Laguntzen eta gainerako garraio gastuen ordainketa deialdi honetako arauak onesten dituen Foru Agindu honetan xedatutakoari jarraikiz eginen da, Unibertsitateko Irakaskuntza Zerbitzuaren txostena jaso eta honako ziurtagiriak aurkeztu ondoren:

-Unibertsitateko garraiorako kredentziala ateratzen dutenei, hiruhileko bakoitza bukatutakoan, ezarrita dauden arauei jarraikiz egindako bidaien autobus-txartelak, egun eta hilabeteen arabera ordenatuak, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuan aurkeztuta.

Kredentzialei dagozkien lehen 30.750 edo 41.000 pezeten justifikazioa, onuradunen kredentzialeko eskubidea ordaintzeko izanen dira. Zenbateko horietatik aurrera, onuradunek astelehenetik ostiralera bitartean egiten dituzten bidaiei dagozkien diru-kopuruak, oso-osoan itzuliko zaizkie onuradunei. Bidaiak, behar bezala justifikatu beharko dira.

-Garraio karneta duten ikasleendako zerbitzua egin duten garraio enpresei ordainduko zaie hiru hilabetetik, enpresak hiruhileko bakoitzean egindako zerbitzuari dagokion faktura aurkeztu ondoren.

17.-Onuradunen betebeharrak.

2000-2001 ikasturterako, unibertsitateko garraio karneta edo garraiorako kredentziala eskatzeagatik, eskatzaileak arau hauek guztiak ezagutu eta onartu beharko ditu.

Onuradunak unibertsitateko garraioaren antolaketa eta funtzionamendu egokirako Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak ematen dituen jarraibideei men egin beharko die.

Halaber, laguntzen onuraduna behartuta dago Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuari jakitera ematera laguntza errefusatzen duela, arau hauen arabera, laguntzaren bateraezintasuna dakarkion beste zerbait baldin badu.

Onuradunak deialdi honetako baldintzaren bat betetzen ez badu, dokumentazioa faltsutzen badu edo bidezko ez den autobus-txartelen bat aurkezten badu, karnet edo kredentzial horri baja emanen zaio berehalakoan eta itzuli beharko du. Gainera, emandako laguntza galduko du eta horren bidez eskuraturiko dirua itzuli beharko dio Gobernuari, deusetan galarazi gabe legozkiokeen lege- egintzak eta zehapenak. Diru kopuru horiek dirusarrera publikotzat hartuko dira, lege ondorio guztietarako.

Behin unibertsitateko garraio karneta edo kredentziala emanik, hura ukatu edo itzultzen baldin bada, Administrazioak ez du inolako diru konpentsaziorik emanen, salbu eta ezinbesteko kasuetan, behar bezala egiaztatzen bada eta beti ere Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzua ados badago.

18.-Bateraezintasunak.

Unibertsitateko garraio laguntzak bateraezinak dira izaera bereko laguntzekin, baita egoitza laguntzekin ere, jakina, Nafarroako edozein organismo publikok zein entitate pribatuk emanak badira.

Beraz, ez dute bide bererako laguntzarik eskuratuko Hezkuntza eta Kultura Deparmentuko Beken Deialdi Orokorretik, deialdi honen bidez lortu dituztenek.

19.-Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27 eta 28. artikuluetan ezarritakoari lotuko zaio.

Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa izanen da.

20.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta bere aplikazio oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, aurkatutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epearen barrenean.

Iragarkiaren kodea: A0004911