75. ALDIZKARIA - 2000ko ekainaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

FORU AGINDUA, 2000ko ekainaren 5ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, nekazaritza-abeltzaintzako langileen lojamendurako egoitzak prestatzeko laguntzei buruzkoa.

Nafarroako Parlamentuak onetsi zuen 1999ko urriaren 28an mozio bat, Nafarroako Gobernuari eskatzen ziona berehalako Plan bat presta zezala denboraldiko langileei laguntzeko. Plan horretan arreta berezia eman nahi zitzaion alokatzeko etxebizitza eta lojamendu sare bat sortzeari, denboraldiko langileek egoitza gisa erabil zezaten.

Nafarroako Parlamentuaren borondatea betetzeko, Nafarroako Gobernuak berehalako Plan bat prestatu eta bidali zuen nekazaritzako porduktuak biltzeko kanpainetan diharduten denboraldiko langileei lojamendua emateko.

Planak ezartzen dituen proposamen zehatzen artean arau bat onestea dago, nekazaritza-abeltzaintzako denboraldiko langileei lojamendua emateko egoitzak behar bezala prestatzeko laguntzak emateko. Laguntza horien onuradun izan daitezke pertsona fisiko nahiz juridikoak, publiko (toki entitateak salbu) nahiz pribatuak, ondasun higiezinen jabe direnak, beren titulu juridikoa edozein dela ere.

Bidezko da, beraz, nekazaritza-abeltzaintzako denboraldiko langileei lojamendua emateko egoitzak behar bezala prestatzeko laguntzen araua ematea.

Horiek horrela eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1.-Foru Agindu honen xedea honako hau da: Nafarroako nekazaritza-abeltzaintzako ustiategietan denboraldiko zerbitzuan diharduten langileei lojamendua emateko egoitzak behar bezala prestatzera bultzatzea.

2.-Foru Agindu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, denboraldiko langiletzat hartuko da Langileen Estatutuko 15.1.a) artikuluaren babesean kontrataturik, kanpainetan zehar nekazaritza-abeltzaintzako jardueretan bere zerbitzuak ematen dituena, enpresari bati edo zenbaiti, aldi berean edo jarraian, beti ere bere ohiko egoitza lantegia(k) dagoen (dauden) udalerritik kanpo baldin badu.

2. artikulua. Onuradunak.

1.-Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke ondasun higiezinen jabeak diren pertsona fisiko nahiz juridiko, publiko nahiz pribatuak, beren titulu juridikoa edozein dela ere, denboraldiko langileei lojamendua emateko erabili behar dituztela-eta, haiek prestatzeko premiazkoak diren obrak egiten badituzte.

2.-Nafarroako toki entitateak Foru Agindu honen aplikaziotik kanpo geratzen dira.

3. artikulua. Diruz lagungarriak diren egintzak eta zenbatekoa.

1.-Egintza lagungarriak honako hauek dira: ondasun higiezinen berritzeak, egokitzeak edo handitzeak. Lojamenduek legeria indardunak ezartzen dituen bizigaitasun baldintza egokiak bete behar dituzte.

2.-Dirulaguntzen zenbatekoak ez du guztira egindako inbertsioaren % 50 gaindituko eta, inola ere ez 5.000.000 pezeta (30.050,61 euro), eta inondik ere ezingo da izan 5.000.000 pta baino gehiago egoitzak prestatzeko laguntza eskatzen duen onuraduneko, ez eta 250.000 pta. Baino gehiago (1.502, 53) euro lojamendu plaza bakoitzeko.

4. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunaren betebeharrak honako hauek dira:

a) Egoitza denboraldiko langileen lojamendurako erabiltzea, bost urtez gutxienez, eta bizitzeko modu egokian. Horretarako egoitza denboraldiko langileentzako Etxebizitza eta Lojamenduen Sarean sartuko da. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak kudeatuko du eta onuradunak Departamentu horrek lojamenduari buruz adierazten dizkion konpromiso zehatzak hartu beharko ditu.

b) Zerga betebeharren ordainketa eguneratua izatea, bai Gizarte Segurantzarekin bai Nafarroako Foru Komunitatearen adminstrazioarekin, laguntzaren ordainketa jaso baino lehen.

c) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea ondasun higiezinaren jabetza aldaketa.

d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten dituen ebaluazio, kontrol eta jarraipena onartzea.

5. artikulua. Prozedura.

1.-Eskaera.

Eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari zuzenduko zaizkio, arlo eta eskualdeko bulegoen edo bulego zentralen bidez, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guzientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusitako gainerako bitartekoen bidez.

2.-Dokumentazioa.

Eskabideari honako dokumentazio hau erantsi behar zaio:

a) Eskatzailearen nortasunaren ziurtagiria (N.A.N. edo I.F.Z.).

b) Ondasun higiezinaren jabetza ziurtatzen duen agiria eta, behar izanez gero, egin nahi den obrarako egoitzaren jabeak emandako baimena.

c) Egin nahi den obraren txosten baloratua, behar izanez gero fakultatibo eskudunak sinatua.

3.-Instrukzioa.

Eskabidea jaso eta beharrezkoa den dokumentazioa osorik badago, Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuak espedientea bideratuko du eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari igorriko dio, bere ebazpena eman dezan.

4.-Ebazpena.

Eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren Ebazpenez erabakiko dira.

Ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa da, eskabideak aurkezteko epea betetzen denetik. Epe hori betetzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaerari ukoa eman zaiola ulertuko da.

Foru Agindu honen indarrez hartutako ebazpenen aurka, interesatuak jartzen ahal du, hilabeteko epean, jakinarazpen egunaren biharamunetik kontatzen hasita, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guzientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legean ezarri bezala.

6. artikulua. Frogantza eta ordainketa.

1.-Frogantza.

Frogagiriak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztu behar dira, ebazpen honetan adierazten den epean.

2.-Frogagiriak.

Frogagiriei honako dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Obra egin duen enpresak edo kontratistak luzatutako faktura jatorrizkoa, zer lan egin diren azaltzen duena edo, bestela, egindako obraren azken ziurtapena.

b) Obrarako exekuzio proiektu teknikoa beharrezkoa bada, hori erantsi behar da udalaren obra baimenarekin batera.

c) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete izanaren ziurtagiria.

3.-Egiaztapena eta ordainketa.

Frogagiriak jaso ondoren, dirulaguntza ordainduko da, inola ere onartutako dirulaguntza baino handiagoa izanen ez dena.

7. artikulua. Behar gabe jasotako diruaren itzulketa, arau-hausteak eta zehapenak.

1.-Foru Agindu honetan ezarritako laguntzetan aplikatzen ahal diren diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenak ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21, 27 eta 28. artikuluek arautuko dituzte, Lege horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

2.-Arau-hausteak zehaztu eta zehapenak ezartzeko administrazio prozedura zehatzaileak nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta nekazaritzako elikagaien arloko zehapenetarako prozedura onesten duen 369/1997 Foru Dekretuaren 4. artikuluari jarraituko dio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-1. Foru Agindu honek sortzen duen gastua 2000.eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren 71240-7700-7131 kontu-sailaren kargura egingo da, "Nekazaritza-abeltzaintzako denboraldiko langileentzako egoitzak prestatzeko laguntzak" izeneko 10003 Proiektua, 30605-9 lerroa, eta hurrengo ekitaldien kargura.

2. Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzak aurrekontu erabilgarritasunaren menpe egongo dira.

Bigarrena.-Foru Agindu honetan xedatzen ez direnentan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean izango du indarra.

Iruñean, bi milako ekainaren bostean.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0005340