71. ALDIZKARIA - 2000ko ekainaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Beste Xedapenak

215/2000 FORU AGINDUA, maiatzaren 25ekoa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, erdiko eta goiko mailetako ikasketak egiteko, 1999/2000 ikasturteari dagozkion beka eta laguntzetarako deialdi orokorra behin betiko ebazten duena.

Uztailaren 30eko 95. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutako ekainaren 4ko 178/1999 Foru Aginduaren bidez onetsi zen, erdiko eta goiko mailetako ikasketak egiteko, 1999/2000 ikasturteari dagozkion beka eta laguntzetarako deialdi orokorra.

Hezkuntza zuzendari nagusiak urtarrilaren 26an eman 77/2000 Ebazpenaren bidez (2000-02-16ko 21. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) behin-behinekoz ebatzi zen deialdi hori, eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak behar diren kudeaketak egin ditu hartan emandako beka eta laguntzen ordainketa-aginduak prestatzeko.

Behin-behineko Ebazpena berrikusteko eskaera aurkezteko interesatuei eman zitzaien epea 2000ko martxoaren 16an amaitu zen.

Aipatu deialdiko 14.3.1 eta 14.3.2 arauak betez, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposamena egin du aldaketen behin betiko ebazpena eman dadin, 2000ko apirilaren 17an bildu zen Beken Batzordeari kontsulta egin ondoren.

Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak bere 36.2 artikuluaren c) eta d) idatz-zatietan ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 1999/2000 ikasturtean erdiko eta goiko mailetako ikasketak egiteko, Hezkuntza zuzendari nagusiaren urtarrilaren 26ko 77/2000 Ebazpenaren bidez behin-behinekoz eman eta ukatu ziren beka eta laguntzak behin betikotzat hartzea, Foru Agindu honen I. eta II. eranskinetan, hurrenez hurren, eman eta ukatutako beka eta laguntzei dagokienez, sartu diren salbuespenak izan ezik, horiek aldatu egiten baitituzte aipatu behin-behineko ebazpen hartan heldu zirenak.

2. Era berean, Foru Agindu honen I. eta II. eranskinetan ageri diren zerrendak, eman eta ukatu diren laguntzenak, behin betikoak dira. Eranskinak ikusgai egonen dira honako bulego hauetako iragarki-oholetan:

-Nafarroako Gobernuko Jendearendako Argibide Bulegoa, Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña.

-Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoa, Santo Domingo kalea, z.g., Iruña.

3. Foru Agindu hau dela eta, beren eskubideak kaltetuak gertatu direla uste dutenek gora jotzeko helegitea aurkez dezakete Nafarroako Gobernuari zuzendua, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

4. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari baimena ematea Ekonomi eta Ogasun Departamentuan behar diren kudeaketak egin ditzan eta onuradunei dagozkien diru-kopuruak ordaintzeko behar diren ordain-aginduak luza ditzan.

5. Ekonomi eta Ogasun Departamentuari eskatzea, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuaren txostena jaso ondoren, behar diren libramenduak luza ditzan, indarra duen Gastuen Aurrekontutik, "Irakaskuntzako erdiko eta goiko mailetako beka eta laguntzak" izeneko 41620-4800-4251 kontusailaren 14840-2 lerroaren kargura.

6. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

7. Foru Agindu hau igortzea Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza eta Kultura Departamentuan duen kontuhartzaile-delegatuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura eta Beka eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoetara.

Iruñean, bi milako maiatzaren hogeita bostean.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A0005076