61. ALDIZKARIA - 2000ko maiatzaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

166/2000 FORU DEKRETUA, apirilaren 25ekoa, Olloibarko Udalerriko Saldiseko Kontzejua desagertzea ebazten duena.

Saldiseko Kontzeju irekiak 1997ko irailaren 18an egin bilkuran gehiengoaz erabaki zuen Kontzejua desagertzeko eskaera berrestea. Prozedura udal erroldan inskribaturik dauden hogeita hamazazpi herritarretatik hogeiren sinadura bilduta hasi zen.

Olloibarko Udalak, bestalde, 1999ko urtarrilaren 8ko bilkuran aho batez erabaki zuen Saldiseko Kontzejuak desagertu eta Udalean sartzeko hartutako eskaera berrestea.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak abenduaren 1ean emandako 772/1998 Ebazpenaren bidez (1998ko abenduaren 25eko 154. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), Olloibarko Udalari eta Saldiseko Kontzejuari entzutea ematea erabaki zen eta Saldiseko Kontzejua desagertzeko espedientea jendaurrean jartzea.

Urtarrilaren 20an Olloibarko Udalak Toki Administrazioko Departamentura idazki bat bidali zuen, non ziurtatzen baitzen 1999ko urtarrilaren 8an egindako bilkuran aipatu Udalak aho batez erabaki zuela Saldiseko Kontzejuak desagertu eta Udalean sartzeko egindako eskaera berrestea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, bere 44.1 c) artikuluan, ezartzen du kontzejuak desagertu ahalko direla, beste arrazoi batzuen artean, baldin bertako herritar egoiliarren gehiengoak idatziz eskatzen badu, Udalari entzunaldia eman ondoren beti ere.

Lurraldea Mugatzeko Batzordeak, 2000ko martxoaren 17an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 44.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Kontzejua desagertzearen aldeko txostena eman zuen.

Horiek horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako apirilaren hogeita bostean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Olloibarko Udalerriko Saldiseko Kontzejua desagertzea.

2. artikulua. Desagertze honetan urriaren 25eko 287/1990 Foru Dekretuan ezarritako prozeduraren arauei jarraikiko zaie. Foru Dekretu horrek Kontzejuen desagertzeari buruzko Foru Legearen Lehenbiziko Xedapen Gehigarriaren 1. araua betearazten du.

3. artikulua. Toki Entitateen Erregistroa sortu, antolatu eta haren funtzionamendua arautzen duen otsailaren 10eko 382/1986 Errege Dekretua hein batean aldatzen duen azaroaren 23ko 1499/1990 Errege Dekretuak xedatutakoa betetzearren, Toki Administrazioko Departamentuak desagertze horren berri emanen dio Estatuko Administrazioari.

4. artikulua. Foru Dekretu honen berri Olloibarko Udalari eta Saldiseko Kontzejuari ematea eta adieraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezaketela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, Foru Dekretua jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako apirilaren hogeita bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0004243