51. ALDIZKARIA - 2000ko apirilaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

- Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

153/2000 FORU DEKRETUA, apirilaren 3koa, Esteribarko Udalerriko Zuriaingo Kontzejua desagertzea ebazten duena.

Zuriaingo Kontzeju Irekiak, 1999ko maiatzaren 9an egin bilkuran gehiengoaz erabaki zuen Kontzejuko bizilagunei beren iritzia eskatzea Kontzejua desagertzearen eta Esteribarko Udalerrian sartzearen gainean. Bozketa egin zen eta horren alde hogeita lau boto izan ziren eta zazpi kontra, beraz, bertan bizi direnen gehiengoa alde azaldu zen.

Esteribarko Udalak 1999ko maiatzaren 17ko bilkuran aho batez erabaki zuen Zuriaingo Kontzejuak desagertzearen alde eginiko eskaera tramitatzea eta Nafarroako Gobernuari Kontzejua desagertzeko eskaera egitea.

1999ko irailaren 1eko 109. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen Toki Administrazioko kontseilariaren abuztuaren 16ko 318/1999 Foru Aginduaren bidez erabaki zen Esteribarko Udalari eta Zuriaingo Kontzejuari entzutea eta desagertzeari buruzko espedientea jendaurrean jartzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, bere 44.1 a) artikuluan, ezartzen du Kontzejuak desagertu ahalko direla, besteren artean, bertan bizi diren bizilagunen gehiengoak idatziz eskatuta eta Udalari entzun ondoren.

Lurraldea Mugatzeko Batzordeak, 2000ko martxoaren 17an, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 44.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Kontzejua desagertzearen aldeko txostena eman zuen.

Horiek horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi milako apirilaren hiruko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44. artikuluaren arabera, Esteribarko Udalerriko Zuriaingo Kontzejua desagertzea ebaztea.

2. artikulua. Urriaren 25eko 287/1990 Foru Dekretuan ezarritako prozeduraren arauei jarraikiko zaie desagertze honetan. Foru Dekretu horrek, Kontzejuen desagertzeari buruzko Foru Legearen Lehenbiziko Xedapen Gehigarriaren 1. araua betearazten du.

3. artikulua. Toki Entitateen Erregistroa sortu, antolatu eta funtzionamendua arautzen duen otsailaren 10eko 382/1986 Errege Dekretua hein batean aldatzen duen azaroaren 23ko 1499/1990 Errege Dekretuak xedatutakoa betetzearren, Toki Administrazioko Departamentuak desagertze horren berri ematea Estatuko Administrazioari.

4. artikulua. Foru Dekretu honen berri Esteribarko Udalari eta Zuriaingo Kontzejuari ematea eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, aurkez daitekeela adieraztea, Foru Dekretua jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi milako apirilaren hiruan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0003333