39. ALDIZKARIA - 2000ko martxoaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

- SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Behin betiko onespena, Sakanako Mankomunitatearen Euskararen Ordenantzari

1999ko abenduaren 29an Sakanako Mankomunitateko Batzar Orokorrak egindako ohiko bilkuran Sakanako Mankomunitatearen Euskararen Ordenantza behin betikoz onetsi zuen. Aipatutako testua hitzez hitz ondoren argitaratutako honako hau da.

Lakuntzan, bi milako otsailaren hogeita bederatzian. Mankomunitateburua, José Manuel Leitza Razkin.

SAKANAKO MANKOMUNITATEAREN EUSKARAREN ORDENANTZA

Sarrera

Historikoki, euskara, Sakanako biztanleen berezko hizkuntza izan da, nahiz eta orain egoera zailean egon.

Sakanako Mankomunitatearen helburua euskara, hiritarrentzako zerbitzu-hizkuntza ezezik, lan hizkuntza ere bihurtzea da.

Ordenantza honekin, Sakanako Mankomunitateak tresna egokia hartzen du euskararen erabilera sustatu eta normalizazeko. Ordenantza honek forma juridikoa hartzen du.

I.-Jarduera esparrua

1. artikulua. Ordenantza hau Sakanako Mankomunitatean eta honen menpeko erakunde eta zerbitzuetan aplikatuko da.

II.-Hizkuntzen erabilpen orokorra

2. art. Sakanako Mankomunitateak, era orokorrez, euskara edota gaztelania erabiliko ditu bere harremanetan, honako artikuluetatik ondorioztatzen den moduan.

III.-Barne erabilpena

3. art. Izaera administratiboko barne jarduerak euskaraz edo elebiz egingo dira, euskarari lehentasuna emanez eta ahal den guztietan euskaraz.

4. art. Mankomunitateko organo ezberdinek erabilitako barne inprimakiak euskaraz edo elebiz egingo dira.

5. art.

5.1. Mankomunitateko bulego, lan gela edo tokietako errotulu edo antzeko adierazle guztiak euskaraz eta gazteleraz egongo dira.

5.2. Paperen idazpuruak, gomazko zigiluak, tinbre zigilatuak edo antzeko elementuak euskaraz eta gazteleraz egongo dira.

6. art. Programa informatikoak eta Sakanako Mankomunitateko dependentzietan erabiltzeko eskuratutako material guztiak, ahal den neurrian, euskaraz edo elebiz egongo dira.

7. art. Mankomunitateak hirugarrenekin kontratatutako ikasketa, proiektu edo antzeko lanak euskaraz edo elebiz aurkeztuko dira.

IV.-Erakundeekiko harremanak

8. art. Euskara ofiziala den eremuko Administrazio Publiko nahiz erakunde ofizial guztietara Sakanako Mankomunitateak bidaltzen duen dokumentazioa euskaraz edo elebiz egingo da.

9. art. Euskara ofiziala den eremuko Administrazio Publiko nahiz erakunde ofizialetatik jasotzen den dokumentazioa euskaraz edo elebiz egiteko eskatuko du Sakanako Mankomunitateak.

V.-Administratuekiko harremanak

10. art. Sakanako udalerrietan nahiz euskara ofiziala den edota euskara bizirik dagoen eremutan bizi diren pertsona fisiko nahiz juridikoei zuzendutako komunikazio eta jakinarazpenak elebiz egingo dira. Erabiltzaileren batek, Sakanako Mankomunitatearekin harremanak euskaraz izan nahiko balitu, Mankomunitateak eskubide hori bermatuko lioke.

11. art. Sakanako Mankomunitateak, euskaraz nahiz gaztelaniaz, bidaltzen zaizkion pertsona fisikoen komunikazioak onartuko ditu.

12. art. Inprimakiak euskaraz edo elebiz eskainiko zaizkie herritarrei.

13 art. Sakanako Mankomunitateko langileak normalki euskaraz zuzenduko zaizkie hiritarrei beren ahozko harreman ofizialetan. Hala ere, herritarrek ondoren egiten duten ahozko hizkuntzaren aukera librea errespetatuko da jarraitzerakoan.

VI.-Ohar, argitalpen eta jarduera publikoak

14. art. Sakanako Mankomunitatearen eta bere menpe dauden erakunde edo zerbitzuen xedapen, aldizkari, kartel, ohar, eta abarretan euskara eta gaztelera erabiliko da.

15. art. Sakanako Mankomunitateak eta bere menpeko erakunde edo zerbitzuek egindako iragarki edo publizitate guztietan euskara eta gaztelera erabiliko da.

16. art. Sakanako Mankomunitateko kargudunen jarduera publikoa, ahal den neurrian euskaraz egingo da.

VII.-Erregistroak

17. art. Sakanako Mankomunitateko Erregistroan inskripzioak agiriaren hizkuntzan eginen dira eta erregistrotik luzatutako ziurtapenak elebiz idatziko dira, edo euskaraz bakarrik.

VIII.-Langilegoaren birziklaia

18. art. Sakanako Mankomunitatearen helburua da, bere zerbitzu edo atal guztiek euskaraz edo elebiz lan egin ahal izatea.

19. art. Aurreko helburua lortzeko, Sakanako Mankomunitateak, bere lanpostuen hizkuntz eskakizunak zehaztuko ditu. Honela beraz, Euskara Zerbitzuak proposatu eta Euskara Batzordeak jasoko ditu hizkuntz eskakizunak, Batzarre Orokorrak onar ditzan, eta indarrean egongo dira Ordenantza honen legezko onespena egiten denetik hasita bost urteko epean. Hizkuntz eskakizunak onartutakoan, eranskin gisa gaineratuko zaizkio ordenantza honi.

20. art. Langileek euskara maila egokia eduki dezaten, euskarazko ikastaroetara joateko baimena emango die Sakanako Mankomunitateak.

21. art. Hizkuntz eskakizuna betetzen duten langileek, euskaraz ere egingo dute beren lana eta gainontzekoek, euskalduntze plangintzaren barruan, euskalduntzen doazen heinean, beren lana pixkanaka euskaraz egiten hasiko dira, dagozkien hizkuntz eskakizunak eskuratzean, erabat euskaraz lan eginez.

22. art. Sakanako Mankomunitatean, lekualdaketaz, igoeraz, transferentziaz nahiz beste edozein bidez lanpostu berri batera heltzeko, ezinbesteko baldintza da lanpostuari egokitutako hizkuntz eskakizuna betetzea. Horretarako, Mankomunitateko lanpostu guztien zerrendan jasoko da lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntz eskakizuna. Eta urteko lanpostuen erlazioa jaso dezaten, urte horretan egingo den lanpostuen eskaintza epe barruan aurkeztuko da, Batzarre Orokorrak onar dezan.

X.-Langile berriak kontratatzea

23. art. Sakanako Mankomunitateak etorkizunean kontratatuko dituen langileek beren jarduera euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko gai izan beharko dute. Beraz, Mankomunitatean eta Mankomunitatearen menpeko erakundeetako lanpostuetan definitutako hizkuntz eskakizunak bete beharko dituzte, lanpostuetan jardun ahal izateko.

24. art. Hizkuntz eskakizunak betetzen dituen pertsonarik ez balego, hutsik utziko da plaza, berriro deialdia egiteko, inork mailarik gaindituko ez balu.

X.-Euskararen erabilera Sakanako Udalerrietan

25. art. Euskara gizarte esparruan erabil dadin, eta orohar, gizarte bizitzan euskararen presentzia gehi dadin, neurri egokiak hartuko ditu Sakanako Mankomunitateak. Beraz, euskararen ezagutza eta erabilera ziurtatu, bultzatu eta gizartearen erabilpen esparru guztietan orokortzeko xedez, ahalegin berezia egingo du Sakanako Mankomunitateak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Sakanako Mankomunitateko Euskara Batzordeak, Euskara Zerbitzuaren bidez, eskumena edukiko du ordenantza hau betetzen ote den segimendua egiteko eta, hura bermatu beharrez, edozein gairen gainean proposamenak egiteko.

Bigarrena.-Sakanako Mankomunitateak onartutako gainontzeko Ordenantza eta xedapenek, Ordenantza honetan jasotakoak bereganatu beharko dituzte.

XEDAPEN DEROGATZAILEA

Baliorik gabe geratzen dira Ordenantza honen maila berekoak edo txikiagoak izanik, Ordenantza honetan xedatutakoarekin bat ez datozen edo kontrajarrita dauden erabaki guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.-Ordenantza honen aplikazio eta garapenerako beharrezkoak diren xedapen eta programa berezi xehetuak erabaki eta bultzatuko dituzte Sakanako Mankomunitateko Organo Exekutiboek.

Bigarrena.-Ordenantza honek behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hamabost egun iraganda hartuko du indarra.

HIZKUNTZ ESKAKIZUNA

LANPOSTUA MAILA EUSKARA MAILA

Idazkaria A Ahoz eta idatziz

Kudeatzailea A Ahoz eta idatziz

Euskara teknikaria B EGA

Euskara teknikaria B EGA

Arkitekto teknikoa B Ahoz eta idatziz

Eskualdearen garapenerako agentea B Ahoz eta idatziz

Administrari-ofiziala C Ahoz eta idatziz

Administrari laguntzailea D Ahoz eta idatziz

Garbitzailea E Ahoz eta idatziz

Euskara maila: ahoz eta idatzizko euskara maila lanpostuaren eginkizun eta ezaugarriei egokitua.

EGA: EGA agiria aurkeztea ezinbestekoa da.

Iragarkiaren kodea: A0002590